ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/24 08:50

Bihar izango da Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta mobilizatzeko deia egin dute Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Ikasle Abertzaleakek eta campusetako emakume taldeek. Egun osoan zehar izango dira mobilizazioak.

IAk goizerako eta eguerdirako antolatu ditu elkarretaratzeak Indarkeria matxistaren aurrean antolakuntza komunista lelopean, "azken asteotan, indarkeria matxista eta horri aurre egiteko moduak lantzen" aritu ostean. Gasteizko (Araba), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa), Leioako (Bizkaia), Bilboko (Bizkaia) eta Iruñeko (Nafarroa) campusetako emakume taldeek ere goizean eta eguerdian egingo dituzte mobilizazioak, eta horietara batzera deitu du Unibertsitateko Indar Batasunak ere, Indarkeria matxistaren aurrean antolatu! aldarrikatuta.

Itaiaren deia

Itaiak, berriz, iluntzerako antolatu ditu mobilizazioak hainbat hiriburutan; hain zuzen, Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa). Azken asteetan indarkeria matxistaren auzia landu dute Itaiako kideek; besteak beste, eraso matxisten gorakadaren larritasunaz, indarkeria matxistak gaur egun hartzen dituen formez, eta horren guztiaren normalizazioa ahalbidetzen duten agenteez aritu dira. Indarkeria matxistak "gizarte kapitalista betikotzeko funtzioa" betetzen duela azpimarratu du Itaiak, eta hori guztia norma kultural bilakatzen dela masa komunikabideen eta erasoak gauzatzen dituzten figuren bitartez.

Horrez gain, argi utzi dute gizartearen gehiengoa ustez "berdintasunaren alde" lerratzen bada ere, eraso matxisten gorakada nabaria dela eta "emakume langileek ez daukatela inolako babes sozial, politiko edo juridikorik horren aurrean". Beraz, besteak beste "berdintasunaren aldeko" jarrera barne hartuko lukeen "kultura progresista" ezin da "iritzi feminista zabaltzearekin parekatu", Itaiak ohartarazi duenez. Horrekin lotuta, gogor salatu dute botere politiko eta ekonomikoek "emakumeen sexualizazioan sakontzen" dutela eta "indarkeria betikotzeko tresnak feminismoaren izenean" gauzatzen dituztela.

Ondorioz, Itaiako kideek nabarmendu dute beharrezkoa dela emakume langileak "azpiratzen dituen gizarte kapitalista gainditzea" eta "indarkeria matxistak inolako lekurik izango ez duen gizarte baterako bidea egitea". Zentzu horretan antolatu dituzte biharko mobilizazioak, Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki aldarripean.

Indarkeria matxistaren inguruan aritu da Itaia Oh Gu Hemen! egitasmoaren aurreneko saioan.

NO HAY COMENTARIOS