Ir al contenido
ACTUALIDAD / Fascismo

Azaroak 23: Jose Camio eta Jean-Pierre Haramendi BVEk erailak

Hendayais barrura metrailadore batekin egin zuen tiro talde paramilitarreko kide batek, hamar lagun zaurituz eta bi pertsona hilez. Ez dute inoiz inor kondenatu eraso horrengatik.
2026eko azaroaren 23 - 08:10
Azaroak 23: Jose Camio eta Jean-Pierre Haramendi BVEk erailak
— ARGAZKIA Euskal Memoria

ACTUALIDAD

Gaurko egunez, duela 46 urte, Jose Camio eta Jean-Pierre Haramendi erail zituen Batallón Vasco Español (BVE) talde parapolizial ultraeskuindarrak Hendaian (Lapurdi), atentatu bidez, 1980ko azaroaren 23an. Camiok 52 urte zituen ordu hartan, eta 68 urteko pentsioduna zen Haramendi.

Igande hartako arratsaldean herriko Hendayais hoteleko tabernan zeuden bi lagunak, karta jokoan, eta lokala leporaino zegoen. Une batetik bestera, auto bat taberna parean gelditu zen, eta tabernaren beiratea apurtu ondoren, metrailadore batekin barruko guztien aurka tiro-segidaka hasi zen BVEko kide bat. Gutxienez hamar pertsona zauritu zituen, horietako bost larri, eta Camio zein Haramendi erail. Lekuko baten arabera, beste bi lagun zeuden auto barruan.

Atentatuaren ostean, zenbait istilu sortu zituen auto berak, Hendaia eta Irun (Gipuzkoa) arteko mugako aduanetan barra bat kolpatu eta ihes egiten saiatu izanagatik. Orduantxe, Gilbert Perret, Mohamed Khiar eta Vittorio Aldo identifikatu zituzten, baina ez zituzten inoiz atentatu harengatik epaitu. Izan ere, ikerketan zehar Manuel Ballesteros polizia-komisarioak uko egin zion hiltzaileen izena emateari. Hori dela eta, ikertu egin zuten komisarioa, baina azkenerako kasua artxibatu eta Ballesteros absolbitu zuten, aitzakiatzat hartuta ez omen zekiela nortzuek erail zituzten Camio eta Haramendi.

Hendayais hoteleko taberna hura ezaguna zen garai hartan, ezker abertzaleko militanteen elkargune izateagatik.