ACTUALIDAD / Represión
Absoluzioa Berangoko ongietorriagatik epaitutako lagunentzat
Hamasei pertsona epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean Ibai Aginagari egindako harreragatik, "terrorismoari gorazarre egitea" leporatuta. Guztiak errugabetu ditu epaileak.
2026eko uztailaren 23 - 17:16
Absoluzioa Berangoko ongietorriagatik epaitutako lagunentzat

Albiste onak gaurkoan Berangoko (Bizkaia) ongietorriagatik irekitako prozesu judizialari dagokionez: Auzitegi Nazionaleko epaile batek absolbitu egin ditu judiziora eramandako hamasei pertsonak. "Borroka da bide bakarra", aldarrikatu dute berriz ere auzipetuek, sare sozialen bidez epailearen ebazpenaren berri ematean. Epaiketan zehar eta horren aurretik egindako kanpaina indartsuan, auzipetuek behin eta berriz onartu dute Berangoko ongietorrian parte hartu izana, eta eskubide zibil eta politikoen defentsan kokatu dute ekintza hori.

Joan den ekainean epaitu zituzten hamaseirak Madrilen. Izan ere, 2022an Ibai Aginaga preso politikoari herrian egindako harrera zela-eta, "terrorismoari gorazarre egitea" egotzi zieten denei: 36 urtetik gorako espetxe-zigorrak galdegin zituzten haientzat. Epaiketan, ordea, agerian geratu zen akusatuen aurkako txosten polizialen oinarri eta funts falta, ustezko "kolaboratzaile" ezezagunen testigantzekin osatutako informazioa tarteko. Auzipetuen defentsak hasieratik eskatu zuen absoluzioa guztientzat. Dignidad y Justicia, Vox alderdia eta Villacisneros Fundazioa aritu dira herri-akusazio modura prozesu judizialean, eta ikusteke dago zein jarrera hartzen duten orain. 

Epaiketaren aurreko hilabeteetan, zabala izan zen oso Berangoko auzipetuek jasotako babesa: maiatzaren amaieran, esaterako, mobilizazio jendetsu bat izan zen herrian bertan, absoluzioa exijitzeko eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko.