ACTUALIDAD
Joan den larunbatean, Baionako (Lapurdi) protestetan atxilo hartutako hamar pertsonetatik hiru aske eta kargurik gabe utzi ditu Baionako Auzitegiak, horiek identifikatzeko "nahikoa elementurik" ez zegoela iritzita. Gainontzeko zazpiak, ordea, auzipetu egin dituzte, eta "Poliziaren kontra bortizkeria" erabili izana leporatuta ari dira haiek ikertzen.
Hala, zazpi horietatik hiru kondenatu dituzte dagoeneko, egotzitako "delituak" aitortu ondotik: "interes orokorreko" lanak egin beharko dituzte horietako bik, eta manifestatzeko debekua ere ezarri diete. Hirugarrenak akusazioa onartu duen arren, bere burua defendatu zuela adierazi du, baina sei hilabeteko kartzela-zigorra bete beharko du espetxean, aurrekariak baititu. Hari, "Poliziaren aurka bortizkeria" erabiltzeaz gain, "ekintza bortitzak egin nahi zituen talde batean parte hartzea" ere leporatu diote.
Azken lau atxilotuei dagokienez, bat atzo bertan auzipetu zuten, eta beste hirurak epaiketaren zain daude. Artean, manifestatzeko debekua ezarri diete. Hiru horietako bat adingabea da.
Gauzak horrela, Baionako azken bi asteburuetako mobilizazioetan hemeretzi lagun atxilotu dituzte, denera: urriaren 17ko mobilizazioan bederatzi izan ziren; eta iragan larunbatekoan, hasiera batean adierazi bazen ere 11 izan zirela, itxuraz hamar lagun atxilotu zituen Poliziak. Horietatik guztietatik, hamabost auzipetu dituzte, eta oraingoz hiru lagun espetxeratu.