Ir al contenido
ACTUALIDAD / Violencia machista

2003tik, 137 emakume erail dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren eraginez

Gehienak bikotekideek, bikotekide ohiek edo ingurune hurbileko pertsonek erail dituzte, eta hilketetako asko etxebizitza partekatuaren edo familia etxearen barruan gertatu dira. Aurten, sei erailketa atera dira argitara Euskal Herrian.
2026eko azaroaren 25 - 06:42
2003tik, 137 emakume erail dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren eraginez
Itaiaren mobilizazio bat, iazko Azaroaren 25ean.

ACTUALIDAD

2003. urtetik hona, Euskal Herrian, gutxienez 137 emakume erail dituzte indarkeria matxistaren ondorioz. Horixe argitu du, hain justu, Berria-k bere web-orrian osatu duen mapak. Hilketa horietatik guztietatik bost urte honetan izan dira, 2026an, eta Itaiak bereziki horiek izango ditu gogoan gaurkoan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean.

Itaiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriki egin dute ikerketa bat indarkeria matxistak eta etxebizitza-arazoak duten lotura aztertzeko, eta txostenean jasotzen denez, aipatutako biktima gehienak euren bikotekideek, bikotekide ohiek edo inguru hurbileko gizonek erail dituzte. Hilketetako asko, hain zuzen ere, etxebizitza partekatuaren edo familia etxearen barruan izan dira. 

Sei erailketa aurten

2026. urtea hasi zenetik, sei erailketa matxista atera dira argitara Euskal Herrian. Otsailean, Sarrigurenen, 28 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak, 34 sastakada sartuta; martxoan, Zaragozan hil zuen 49 urteko emakume irundar bat bere bikotekide ohiak, lan egiten zuen tokira joan eta bere kontra tiro eginda; apirilean, Basaurin (Bizkaia) atxilotu zuten gizonezko bat, 44 urteko bere bikotekidea erailtzeagatik; eta Iruñeko (Nafarroa) Sanduzelai auzoan, eraikin bateko terrazatik erorita hil zen beste emakume bat, labana bat zeraman gizon batengandik ihesi ari zela; maiatzean, Arguedasen (Nafarroa), 44 urteko emakume bat erail zuen bere senarrak; eta irailean, bere buruaz beste egin zuen 19 urteko emakume batek Angelun (Lapurdi), bortxaketa bat jasan ondoren.