ACTUALIDAD
Aurreko larunbatean, astebeteko grebari ekin zioten Euskalduna Jauregiko garbiketako langileek, euren soldata baxuak Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenean kontratatutako beharginen soldatekin pareka ditzatela exijitzeko. Izan ere, Euskalduna aldundiari lotutako eraikin publiko bat izan arren, garbiketa-zerbitzua azpikontratatuta daukate: ISS Facility Services enpresaren esku dago. Horiek horrela, aldundiak kontratatutako langileek baino soldata baxuagoak dituzte Euskaldunan garbiketan aritzen diren pertsonek.
Diputazioak badu hitzarmen bat sektorerako, baina Bilboko Euskalduna hortik kanpo geratzen da (Palacio Euskalduna konpainiaren titulartasuna aldundiarena izan arren), eta bertan garbiketa-lanetan jarduten dutenei ez zaizkie ituneko baldintzak ezartzen. Hala, eraikin hori ere hitzarmenak barne har dezala eskatzen dute garbitzaileek, eta horrela parekatzea denen soldatak. Urtean 8.000 eurorainokoa da soldata-arrakala.
Astebeteko grebaldi honen aurretik ere egin dituzte mobilizazioak Euskaldunako langileek, baina, ELAren esanetan, blokeatuta jarraitzen du egoerak. Negoziazio-mahaia bertan behera utzi du ISS Facility Servicesek, eta ELAk salatu du Euskaldunako zuzendaritzak ere ez duela langileen eskaerak aintzat hartzeko borondaterik erakutsi.