ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Josep Borrell, Margrethe Vestager eta Thierry Breton. FOTOGRAFÍA / EFE
2024/03/12 08:54

Industria militarra indartu nahi du Europar Batasunak, azken hiletan behin eta berriz aditzera ematen ari den modura. Eta zenbakitan ere jarri du nahi hori Europar Batzordeak: aurreko astean proposatu zuen 1.500 milioi euroko diru-partida bat bideratzea industria militarra sustatzeko, 2025-2027 aldian, antza.

Ekoizpenari bultzada bat emateko, Europar Batasuneko herrialdeek erosketa bateratuak egitea edo industrian zerga-abantailak eskaintzea atera du mahaira Europar Batzordeak. Europako Inbertsio Bankuak (BEI) mailegu-politika aldatzea ere proposatu du, industria militarrarentzat onuragarriak izan daitezen. Gainera, funtsezkotzat jo du estatu kideek gastu militarra areagotzen jarraitzea.

"Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso basatiaren gerrak intentsitate handiko gerra bat ekarri du berriz Europara. Hamarkadetako gastu eskasaren ondoren, defentsan gehiago inbertitu behar dugu, eta elkarrekin eta hobeto egin behar dugu hori", esan zuen Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun gaietarako goi-ordezkariak.

EDIS eta EDIP

Horri guztiari lotuta aurkeztu dute Defentsarako Europako Industria Estrategia (EDIS) eta Defentsarako Europako Industria Programa (EDIP). Industria militarrari buruz Europar Batasunak sortzen duen aurreneko estrategia-plana da EDIS, eta "epe luzerako ikuspegi propio bat" ezarri nahi du alor horretan. Dena den, elkarlana ere aurreikusten du beste erakunde batzuekin; hala nola, NATOrekin berarekin.

Erosketa bateratuen garrantziari azpimarra egin zion aurreko astean Borrellek, estatu kideek "erantzuteko" modua "koordinatzearekin" lotzen baitu ariketa hori. Itxura denez, Europar Batzordearen helburua da, 2030. urterako, herrialdeek euren ekipo militarren %40 erostea, gainerako estatu kideekin batera.

Europar Batasunaren barruko industria militarra indartu nahi dute, gainera. Gastu militarrei buruzko aurrekontuetan, 2030erako, kontratuen %50 Europako enpresekin izatea bilatzen dute. 2035erako, ehuneko hori %60ra igo nahi dute. Inbertsioak justifikatzeko, batzordeak esan du ez dituztela Europar Batasunaren funtsekin zuzenean armak erosiko; batasunaren "industria- eta teknologia-oinarria hobetu" baizik.

Babesa Ukrainari

Bestalde, hainbatetan azaldu duen modura, Ukrainari babesa ematen jarraituko du Europar Batasunak; baina hura estatu kide bihurtu gabe. Ukrainari eman beharreko laguntzarekin ere lotu du, hain zuzen ere, Europako industria militarraren garapena. Horren isla da Europar Batzordeak Kieven bertan "berrikuntza-bulego bat" irekitzeko erakutsi duen asmoa.

Ukraina, oraingoz, NATOren parte ere ez da. NATOk berriki jakinarazi du, hala ere, Ukrainako soldaduak entrenatzeko eta trebatzeko zentro bat jarriko duela martxan laster. Baliteke zentroa Polonian kokatzea.

NO HAY COMENTARIOS