AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Clarin
2024/02/15 13:13

Ukrainako soldaduak entrenatzeko eta trebatzeko zentro bat jarriko du martxan NATOk, berriki baieztatu dutenez. Oraindik ez dute zehaztu non kokatuko duten, baina bere burua eskaini du horretarako Poloniak. Aliantza Atlantikoko iturrien arabera, asmoa ez da militar ukrainarrei formakuntza militarra eskaintzea soilik: Ukrainari lagundu nahi diote "estrategian trebatzen" eta "defentsaren administrazioaren kudeaketa" lantzen. Modu horretan lortu nahi omen dute Ukraina alor militarrean indartzea, Errusiaren kontrako gerrak leher egin zuenetik bi urte igaro direnean.

Orain arte, NATOren parte diren kideek estatuka edo multzo txikika eman diote laguntza militarra Ukrainari, ofizialki behintzat. Espainiako Estatuak, esaterako, ehunka soldadu ukrainar entrenatzen ditu Toledon. Azken erabakiarekin, beraz, urrats bat gehiago egingo du Aliantza Atlantikoak, entrenamendu-zentroa nazioarteko erakunde gisa bermatuta. Eta ez hori bakarrik: "defentsari" lotuta aliatuek aurten egingo dituzten gastuek langa historiko guztiak gaindituko dituzte, aste honetan bertan NATOko iturriek esan dutenez.

NATOk 75 urte, eta Ukrainaren parte-hartzea zalantzan

Aliantza Atlantikoko Defentsa ministroek atzorako eta gaurko zeukaten jarrita hitzordu bat, Bruselasen. Besteak beste, Ukrainari eman beharreko laguntzari buruz eztabaidatzea zen asmoa, eta badirudi zentroari buruzko proiektu berria uztailean onartuko dutela, Washingtongo goi-bileran.

75 urte beteko ditu nazioarteko erakunde kriminalak, eta orduan ospatuko dute urteurrena ere. Gainera, posible da aurki zehaztea nor izango den aliantzako idazkari orokor berria, Jens Stoltenberg ordezkatuko duena. Hamar urte daramatza karguan norvegiarrak.

Gaur egun, 31 estatuk osatzen dute NATO, eta Ukraina ez da horietako bat. Aliantzako goi-karguek hainbatetan aipatu dute Ukraina ez dagoela erakundearen parte izateko prest, eta berriki gogorarazi du hori Stoltenbergek. Horretarako, bi arrazoi nagusi atera dituzte mahaira: Errusiaren aurkako gerra dela-eta ez dagoela baldintzarik Ukrainak NATOren "segurtasunari ekarpena egin" diezaion, eta Ukrainaren indar militarrek eta erakundeek ez dituztela Aliantza Atlantikoaren gutxieneko baldintzak betetzen. Orain martxan jarriko duten entrenamendu-zentro berriak, ustez, horretan lagundu beharko luke.

Gerra-hotsak

NATO eta bere parte diren herrialdeak mugimendu horiek guztiak egiten ari diren bitartean, argiak izaten ari dira agintarien adierazpenak. Errusiarekin kontrako "erabateko gerra" batez hitz egin du Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerrek, 20 urteko epea aipatuta. Eta, bestalde, armak "modu masiboan" ekoiztera deitu du Alemaniako kantziler Olaf Scholzek, "Errusiaren mehatxua" argudiotzat hartuta.

EZ DAGO IRUZKINIK