AKTUALITATEA
Larunbatean, milaka lagun atera ziren berriro ere Baionako (Lapurdi) karriketara, Jaka Horien mugimenduaren Bigarren Ekinaldiko deialdiari erantzunez, bizitzaren garestitzea zein indarkeria polizialaren zigorgabetasuna salatzera eta justizia soziala eskatzera. 5.000 inguru izan ziren, aurreko asteburuan izandakoaren antzera. Hala, ostiralean bertan Pirinio Atlantikoetako Prefekturak argitaratutako debeku eta murriztapenei aurre egin zien jende andanak. Izan ere, ostiralean bertan, lurraldeko agintaritzak iragarri zuen ez zuela mobilizaziorik onartuko ez Baionan ez Paun, sindikatu batek deiturikoa ez bazen. Ostera, hasierako debekuak "arindu" eta langile nahiz ikasleei "babesteko materiala" debekatzeaz gain, bi hirietako zenbait eremutan "bakarrik" baimendu zituen mobilizazioak prefekturak: Baionan, hala nola, debekatu egin zuten prefektura-ordetzaren egoitzan eta Herriko Etxearen inguruan, A-63 autobidearen sarbideetan, komisarien inguruetan eta auzitegietan mobilizatzea.
Gauzak horrela, eguerdian Herriko Etxeko plazatik abiatuta, alde zaharreko kaleak gurutzatu eta Baionako kaleak hartu zituzten 5.000 manifestari inguruk. Bereziki, polizia-agenteen aurkako eta ikas- zein lan-baldintzen aldeko oihuak entzun ziren. Denbora bat igarota, eta hirigunearen kanpoaldean zela martxa, bitan banandu ziren protestan ari zirenak: sindikatuetako kideek prefekturarekin adostutako ibilbidearekin jarraitu zuten, baina ehunka gaztek eta ikaslek eta A-63ranzko bidea hartu zuten. Bertako sarbide batera heltzean, polizia-dispositibo handi batekin egin zuten topo. Egoera horretan, manifestariek eserialdia egin zuten, eta biribilguneak oztopatzeko debekuari aurre egin, baina ez zen kargarik egon momentu horretan. Minutu batzuk beranduago leku horretatik alde egin zuten protestan ari zirenek.

Arratsaldeko 16:00ak aldera, protestari ugari bildu zen berriro ere etorbidean; hain zuzen, prefektura-ordetzaren eta Herriko Etxearen artean. Orduan, Poliziak lehenengoz kargatu zuen: gas negar-eragilea eta LBD tiroketa-gailuz foam balak bota zituen. Konfrontazioak ugaritu ziren; Herriko Etxera eta Baiona Ttipira zabaldu, eta Poliziak zenbait lagun hartu zituen atxilo. Beste pare bat orduz, hainbatetan kargatu zuten polizia-agenteek manifestarien aurka, baita borra-kolpez ere. Zenbait momentutan manifestariak sakabanatzea lortu zuen, baina berehala batu ziren berriro ere protestan ari zirenak. Orotara, eta Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren arabera, 11 lagun atxilotu zituzten polizia-agenteek. Departamentu osoan, 47 lagun eraman zituzten polizia-etxeetara. Dena dela, manifestariek ez zuten soilik Polizia izan aurrean: hainbat lekukok adierazi eta Ziliporta proiektu komunikatiboak zabaldu eran, dozena bat faxista aritu ziren protestarien aurka, Poliziak kargatzen zuen bitartean. Ez zuten horietako bakar bat ere atxiki; eta, azkenerako, manifestariek ingurutik kanporatu zituzten faxistak.

Herenegungo borroka-eguneko balantze errepresiboa, tamalez, ez zen horretan gelditu: dozenaka lagun zauritu zituzten polizia-agenteek, adingabeak tarteko; jaurtitako gas negar-eragilea dela-eta, gutxienez lau lagunek arnasteko zailtasunak izan zituzten (horietako bi haurrak dira); lagun batek epilepsia-krisi bat izan zuen istiluetan zehar; burua zauritu zioten nerabe bati eta sudurra beste bati; eta, beste bi lagun, gutxienez, LBD jaurtigailuek jo zituzten, saihetsetan eta orpoan. Zaurituetako asko eta asko, gainera, adingabeak dira. Estatu-egiturek, beraz, bortizkeria izugarriz egin zuten ikas- eta bizi-baldintza hobeak, justizia soziala, eta Poliziaren zigorgabetasunarekin amaitzeko eskatu zuten ehunka lagunen aurka. Hori gutxi ez, eta atxilotutakoei zera ari dira ukatzen orain: haien konfiantzazko abokatua bertara dadin babes- eta defentsa-juridikoa ematera.
'Lehen Ekinaldiko' bi atxilotu, aske kargupean
Astebete lehenago, hilaren 17an, beste hainbeste lagun manifestatu ziren Lapurdiko hiriburuan barrena. Kaleak eta A-63 autobiderako sarbideak zenbait orduz blokeatu ostean, konfrontazioak izan ziren Pirinio Atlantikoko prefektura-ordetzaren egoitzaren aurrean. Ordu hartan, hala, polizia-agenteek bederatzi lagun eraman zituzten atxilo, eta horietako bik bista judiziala izan zuten joan den ostegunean, hilaren 22an. Saio horretan, zenbait kargu egotzita, aske utzi zituzten bi manifestariak: bost hilabeteko kartzela-zigorrarekin (gibelatuta), urtebetez hautesgarri ezin izatearekin, eta bi urtez "armak" eraman ezin izatearekin kondenatu dituzte. Atxilotutako beste zazpi lagunei dagokienez, bat aske utzi zuten, libre; bi lagun kargupean atera ziren kalera, eta beste bik atxilo jarraitzen dute, epaiketaren zain. Egun horretan atxilotu zituzten azken bi pertsonen inguruko informaziorik ez dago.