AKTUALITATEA
"Ertzaintzaren dispositiboko buruarekin hitz egin berri dut, eta ohartarazi dit istiluak izateko arrisku 'oso handia' dagoela Bilbon 19:00etako nire ekitaldiaren harira. ETAko kide ohiak, kaleko terroristak eta beste delitugile batzuk ari direnez protestak gidatzen, bertan behera geratu da hitzaldia". Hala zioen Vito Quilesek atzo iluntzean, 18:25ean, X sare sozialean. Dena den, gerora jakin da hori baino bi ordu eta erdi lehenago (gutxienez) hartua zuela Deustuko agerraldia bertan behera uzteko erabakia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan.

Segurtasun Sailak ohar labur bat argitaratu zuen beranduago, Bilboko erdigunean istiluak izaten ari zirenean, eta gutxienez bederatzi pertsona atxilo zeudenean. "Gogoratu behar da Vito Quilesek bertan behera utzi duela Bilbon egin behar zuen ekitaldia. Pertsona horrek Ertzaintzara deitu du 14:00etan, ekitaldia beste leku batera eramateko aukera aztertzeko. Argi jakinarazi zaio beste aukerarik ez zegoela. 16:06an, idatziz jakinarazi du uko egiten ziola ekitaldia egiteari".
Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, beraz, 14:00etan hots egin zien Quilesek agintaritzei (faxismoaren kontrako ikasle-mobilizazio historikoa bukatu bezain pronto), eta 16:06erako, behintzat, erabakia zuen ez zuela ekitaldirik egingo Bilbon. Hala ere, ez berak ez Segurtasun Sailak ez zuten publikoki jakinarazi hori, eta ez zuten argitu, azkenean, asaldatzaile faxista ez zela saiatuko Bilboko kaleetan bere diskurtso faxista zabaltzen. Horiek horrela, arratsalderako antolatuta zeuden protesta antifaxistek aurrera egin zuten 17:00etatik aurrera, eta milaka pertsona mobilizatu ziren berriz Deustun, Quilesen ustezko etorreraren kontra eta faxismoaren kontra.
Mobilizazio antifaxistak amaitu zirenean, liskarrak hasi ziren Bilboko erdigunean, eta zenbait orduz luzatu ziren. Hainbat hedabideren arabera, ia 20 pertsona atxilotu zituzten.