Bi aste dira Kijera gaztetxea zeneko materialaren harira Ezker Abertzalea tentsioa handitzen hasi zela Mugimendu Sozialistaren eta haren Donostiako militanteen aurka. Azken egunetan sare sozialetan eta kalean intentsitatea apalduz joan da beharbada; ez, ordea, komunikabide handietan. Donostiako gertakariak abiapuntutzat hartuta Mugimendu Sozialistari buruzko hainbat iritzi artikulu, erreportaje eta albiste argitaratu baitira El Correo, Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa eta El Mundo egunkarietan, esaterako. Mugimendu Sozialistako hainbat kide pertsonalki seinalatuak ere izan dira erreportaje horietako batean, eta beren datu pertsonalak zabaldu dituzte. Hainbat astakeria idatzi dituzte Mugimendu Sozialistari buruz: Putinen jarraitzailea dela, ETAren amaiera akats modura ulertzen duela eta hirugarren batek finantzatua eta kontrolatua dela, adibidez. Badirudi aukera aparta aurkitu dutela beren irakurleen aurrean mugimendu berria seinalatu eta bere gainean gezurrez osatutako estereotipo bat eraikitzen saiatzeko. Komunikazio-enpresa handien jabeei agian ez die grazia handirik egiten Euskal Herrian, azken urteetan, milaka gazte komunismoarekin kidetu direla jakiteak.
Bien bitartean, kaleetan tentsioa baretzera eta egoera kudeatzera begira Mugimendu Sozialistak egindako elkarrizketarako gonbitari Sortuk eta EH Bilduk bizkar eman diotela dirudi. Izan ere, Ezker Abertzaleak gaiari lotuta egin duen adierazpen publiko eta ofizial bakarrean, Ernairen izenean Berria-n argitaratu zuten iritzi-testuan, negoziaziorako deia xantaia dela diote. Gainera, Hernanin, adibidez, Mugimendu Sozialistaren aurka Ezker Abertzaleak txosna batzordean jarritako betoak indarrean jarraitzen du (txosnagunean txosna jartzea galarazi dio horrela) eta, udalaren bitartez, EH Bilduk herriko beste edozein lekutan txosna jartzea debekatu dio. Ezker Abertzaleko buru politikoek komunistenganako estrategia berberaren aldeko apustuarekin jarraitzen dutela dirudi, ez elkarrizketa, ez eztabaida politiko eta ezta negoziaketa posiblerik ere: hura indarrez desagerraraztea dute helburu.