AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Larunbatean Kontseilu Sozialistek egindako mobilizazioek egun geure azalean bizi dugun bizitzaren garestitze gordinari aurre egiteko premia larria adierazi zuten. Banku eta kapital handiek proletalgoaren soldatak eta bereziki aurrezkiak irentsiz bizirauten dihardute; pobreziaren haziak ereiten soilik mantendu dezakete beren botere dekadentea. Baina mezu zentral horretatik harago aldarrikapen sakonagoen oihartzuna entzun zen lau hiriburuetan: «Kontseilu Sozialistek ekarpen bat egin nahi dute momentuko salaketak eta sozialismoaren eraikuntza uztartzeko».

Berebiziko garrantzia dauka manifestazioen amaierako ekitaldietan plazaratu zen hausnarketa horrek. Izan ere, komuniston betebeharra gizarte kapitalista honek eragiten duen miseria amaigabea agerian uzteko lehen lerroan egotea da: prezioen igoera, askatasunen murriztapena, autoritarismoaren eta militarismoaren gorakada, oinarrizko beharrizanen gabezia… Burgesiaren menpeko mundu honen erokerien etengabeko salaketak xurgatzen du askotan gure militantzia. Baina argi dago ezin dugula diktadura burgesaren bidegabekeriak testuingurutik aterata zerrendatzera mugatu, epaile ikusezin batek noiz esku hartuko zain bageunde bezala. Gure jardun osoaren aurrebaldintza dugu, beraz, ekintza bakoitzak planteamendu politiko orokorraren baitan jokatzen duen papera. Horrenbestez, egunerokoan bizi ditugun ankerkeria bakoitzaren aurkako borrokak programa komunistaren hedapenerako baldintzak ezarri behar ditu, salaketa itsu zentzugabe batean erori nahi ez badugu bederen.

Ez da huskeria koiunturaren trataeraz aritzea hemen, etorkizun hurbilean basakeria asko ikusiko baititugu. Lehen pandemiak eta orain gerrak diziplina hezurretaraino sartu dio sozialdemokraziari; Sanchezetik Scholzera dauden kapital handiaren interesek agintzen dute. Estatuetako barne politikei dagokienez, langabe eta pobreak azpiratuta edukitzeko prestatzen ari dira Segurtasun Nazionalerako Legearen modukoekin, eta nazioartean, beligerantziaren igoerarekin: Ukrainan oposizioa legez kanpo uztea justifikatu dezakete, baina Saharako etnozidioa bultzatzen dute. Hil ala bizikoa izango da horiek guztiek sortuko duten anabasaren erdian bandera gorriak astintzea. Bestela, Realpolitik ospetsuak herritarrak hautetsontziak betetzera bideratuko ditu, edo are okerragoak diren eskuineko populismoak elikatzera. Hain zuzen ere, pasa den asteburuan bi mobilizazio mota egon dira prezioen igoeraren harira: bata Kontseilu Sozialistena eta bestea Vox-ek deitua. Horrek adierazten du aurkakoak diren helburuetarako erabil daitekeela koiuntura. Ez da huskeria aste batetik bestera larunbatekoak bezalako mobilizazioak deitzeko gaitasuna izatea; horregatik merezi du militantziak egiten duen lan nekaezinak. Datorren gertaera bakoitzak, dagokion neurrian, mugimendu komunista ernamuinduko den lurra ureztatu behar du.

Aste honetan ere hitzordu garrantzitsua daukagu. Ikasleriak hamaika arrazoi dauka protesta egiteko, hezkuntzaren elitizazioa salatzeko, hezkuntza legeen aurka egiteko eta Europatik datozen berregokitzapen planen kontra mobilizatzeko. Hortaz, dei egiten dizuegu ostegunerako Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitu duen greba jarraitzera eta mobilizazioetan parte hartzera.