AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Herrialde Katalanetan gorpuzten ari den mugimendu sozialistak bere adierazpenerako bitartekoa aurkeztu zuen aurreko astean Bartzelonan eta Valentzian: Horitzó Sozialista. Eztabaidarako eta hausnarketa politikorako bitartekoak publikatzeko espazioa aurkeztearekin batera, prozesu sozialista Herrialde Katalanetan lurraldetzeko konpromisoa ere azaldu zuten. Eztabaida zintzorako eta jardun politikorako borondate horren atzean, Herrialde Katalanetako militante komunistak daude, oraintsu antolatzen eta gorpuzten hasiak direnak. 

Krisi testuinguru batean, non austeritate politikak halabeharrezkoak diren eta elite ekonomikoak berarentzako estrategikoak diren esparruetako inbertsioak murriztea ekiditen duen, sozialdemokraziaren ongizate estatuaren promesa paper errea da. Bere proiektu politikoa garatzeko duen ezintasuna nabarmena da, baita betetzen duen funtzio antikomunista ere. Sozialdemokraziak etengabe gutxiesten eta irrigarri uzten ditu iraultzarako aukerak eta hura gauzatzeko borondatea duten proiektu politikoak; zeharka, behin eta berriro estatuaren aparatuak indartzen dituenean, eta, zuzenean, komunismoaren aurkako kanpainak egiten dituenean. Langile-klasearen bizimodua hobetzeko aukerak marko instituzionaletan mugetan sartzen direla defendatzen dute, baina instituzioak kapitalaren dinamika eta beharrizanak ordenatzeko eta sistematizatzeko egiturak dira. Defendatzen dute langileriaren politika eredu emankorrena alderdi ezkerkoiak bozkatzea eta haien mobilizazioetara joatea dela, baina horrek langileriaren antolakuntza independentearen beharra ukatzen du, eta, hortaz, baita haren interesen aldeko politikak egitea.  

Izan den garapen teknologikoaren, logistikoaren eta intelektualaren dimentsioek, produkzioa, eta, era berean, gizartea, beste modu batera egituratzeko eszenatoki posiblea eraiki dute. Hori dela eta, momentu honetan proletalgoak zer prestutasun duen komunismoaren hautua egin eta proiektu horren aldeko lan politikoa egiteko, horren araberakoa izango da komunismoa proiektu erreal bilakatzeko aukera. Bestela esanda, proletalgoak bere burua askatzeko aukera ukatzen duen momentuan bilakatzen da komunismoa ezinezko, ez bestela. Hain justu, horregatik tematzen dira kapitalaren alderdiak behin eta berriro komunismoa deabrutzeaz. 

Arrazoi horiengatik guztiengatik, zinez itxaropentsua da sozialismoaren eraikuntzarako konpromisoa gero eta lurralde gehiagotara hedatzen ari dela ikustea, gero eta jende gehiagok erakusten duela borondate komunista. Izan ere, bera da basakeria honetatik ateratzeko aukera bakarra, eta horregatik defendatzen dugu sozialismoaren bidea dela Herrialde Katalanetan zein Euskal Herrian den nazio-ukapenari egiaz modu askatzailean erantzuteko bidea.