Euskara borrokan bizi da. Aldarrikapen horrekin Euskal Herriko hainbat txoko betetzen ari dira azken astean. Mugimendu Sozialistak, milaka euskal herritarrekin batera, bere egin du korrikan parte hartzeko hautua eta baita ekimen hau aldarrikapen politizatzailez betetzekoa ere. Erakundeek eduki politizatzaile oro ezabatu nahi dute Korrikatik, tartean presoen argazkiak eramatea. Alderdi horiengatik balitz, euskara azpiratua legoki aspaldi. Debeku saiakera eta kriminalizazio kanpaina horiek guztiak arbuiatzen ditugu.

Euskarak hizkuntza gutxitua eta zapaldua izaten jarraitzen du. Egoera horri buelta eman nahi diogunok euskararen inguruko kontzientzia politikoa sortzeari ekin behar diogu. Bilakaerak azken hamarkadetan bezala jarraituz gero, euskararen erabilerak gainbeheran jarraitzea aurreikusten da. Geroz eta jende gehiago moldatu daiteke euskaraz, baina hizkuntzaren kaleko erabilera jaisteko joeran dago. Instituzio, lantegi zein zerbitzuetan euskarak eskubide guztiak bermatuta eduki beharko lituzke, eta egun ez da hori gertatzen. Gainera, hainbat alderdi zein erakunde espainolistaren aldetik euskararen aurkako eraso sistematikoak abian dira. Euskarak berme juridiko guztiak izatea premiazkoa izanagatik, euskararen inguruko eztabaida ez genuke instituzio eta erakundeetara soilik eraman behar. Esan bezala, eguneroko erabileraren jaitsierari begiratu behar diogu, eta horri konponbidea emateko gakoak aurkitu. Gure ustez, euskarak prozesu aktibo baten eroale izan behar du, hizkuntza politikoa eta politizatzailea izan aldi berean. Inor kanpoan uzten ez duena eta jendarte aske baten aldeko borrokari estuki lotua. Euskararen goraldi garai nagusiak gertakizun politizatzaileei eskutik emanda joan dira. Azkena, borroka antifrankistaren eta askapen (sozial zein nazional) mugimenduaren garaikoa da.

Sozialismoa zapalkuntza guztien aurkako mugimendua da. Auzi nazionalak konpondu gabe jarraitzen duen herrialdeetan, hori bukatzeko baldintzak jartzea lehen mailako eginbeharra da. Autodeterminazioa, batetik, eta euskararen aldeko borroka, bestetik, programa komunistaren parte dira. Korrikan egin bezala, aurrerantzean ere Mugimendu Sozialistak euskararen eroale izaten jarraituko du, jasotako eraso bakoitza salatzen eta elkarlana sustatzen. Euskarak bizi nahi badu, borrokaren bidez izango baita.