Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) baieztapen indartsu bati eman dio azpimarra Abenduaren 3an, Euskararen Egunean: "Euskara borrokan bizi da". Eta ideia horrek "zentzu bikoitza" duela azaldu du.
Batetik, ohartarazi du euskara borrokan bizi dela "minorizazio gorrian" dagoelako, bai eremu formalean bai informalean: "Gizarteko funtzio formaletatik kanporatua dago oraindik Euskal Herriko hainbat zonaldetan, eta, koofiziala den tokietan ere, estatus hori ezbaian dago, azkenaldian hizkuntz eskakizunen inguruan atera diren sententziei erreparatuta. Gainera, funtzio sozial informalak ere galtzen ari da, emeki, bere arnasgune tradizionaletan, batik bat masa-kultura kapitalistaren nagusitasun erabatekoa dela medio". Bigarrenik, EHKSk dio euskara "borrokaren bidez bizi" dela, "euskal hiztunen (eta, oro har, euskaltzaleen) eragiletza kontzienteak iraunarazi" duelako; "euskalgintza sozialak", alegia.
Biziberritze-aroa eta borrokaren instituzionalizazioa
Denboran atzera eginda, antolakundeak gogora ekarri du euskarak "biziberritze-aro" deiturikoa izan zuela 1960tik 2000ra bitartean, "borrokari eta kontzientziari" esker. Eta horren hainbat elementu aipatu ditu, hala nola, "euskararen aldeko borrokak eta kontzientziak bertako eta migratutako langile-klasearen borrokekin eta klase-kontzientziarekin bat egin" izana; "langileen interesak defendatzen zituzten eragile eraldatzaileek eta iraultzaileek beren gain hartu" izana "euskara iraunarazteko aldarria"; eta, bestalde, "euskalgintza sozialeko eragile gehienek [...] hizkuntz auziez haragoko balio askatzaileekin jardun" izana. "Euskalduntasunaren ideia aurrerazalea eta inklusiboa itxuratuz joan zen", jakinarazi du.
"Urteen joanean", ordea, "eragile politiko eraldatzaileak marko instituzionalean integratzen joan" direla dio EHKSk. "Euskalgintza instituzionala gailentzen hasi zitzaion, pixkanaka, sozialari", laburbildu du: "Euskararen normalizazioaren aldeko borroka despolitizatuz joan zen eta euskalgintza instituzionalaren eskuetan geratu zen neurri handian".
Bigarren mailako herritarrak
Horrekin batera, "paradoxikoki", "euskararen ofizialtasun-maila lehengoratzeko joera judiziala indartzen ari den arren", EHKSk "hizkuntza gutxituen artean salbuespena den fenomeno" bat identifikatu du euskararen kasuan: "Ikerketek diotenez, oro har begiratuta, funtzio formaletan gorantz doa erabilera eta informaletan, berriz, beherantz". Hala ere, euskaldunak, "hizkuntz eskubideei dagokienez", "bigarren mailako herritarrak" direla salatu du antolakundeak, "desorekan" daudelako "Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako zonalde 'ez-euskaldunean' eta 'mistoan', eta Euskal Herriko gainontzeko lekuetan".
Joera erreakzionarioen arriskua
Bestalde, gaur egungo "geldotze-aroan" hedatu den beste fenomeno bat ere nabarmendu du EHKSk: "Euskalgintza sozial indartsu baten faltan, euskararen defentsa ikuspegi antiproletariotik, biltze identitariotik eta arrazakeriatik egiten duten ahotsak ugaritzen ari dira". Uste du diskurtso horiek "erreakzioaren gorakada internazionalaren euskal aldaera partikularraren adierazpenak" direla, eta ohartarazpen bat egin du horren aurrean: "Euskalgintzaren barruko joera erreakzionarioaren ernemuina izan daitezke".
Komunisten zereginak
Korapilo horiek guztiak mahaira aterata, komunistek hiru eginkizun nagusi dituztela ondorioztatu du EHKSk: hain zuzen ere, "hizkuntz-eskubideen defentsa, erreakzioaren aurkako borroka ideologikoa eta hizkuntz politika komunista". Banan-banan kokatu du zeregin horietako bakoitza, gainera.
Lehenengoari dagokionez, erreibindikatu du euskarak ofizial izan behar duela Ipar Euskal Herrian eta "zonakatzeak bukatu" egin behar duela Nafarroan, eta "euskaraz ikasteko eskubideak doakoa eta erreala" izan behar duela, "bereziki gazte langile migratuentzat". Hala sakondu du: "Euskara ofiziala den lurraldeetan, murgiltze-eredua eskasa da eta ez du euskalduntzen; gainontzeko tokietan, berriz, partziala eta minoritarioa da eta administratiboki ez da sustatzen edo zuzenean trabak jartzen zaizkio. Egoera horrek bertako langileen eta migratuen arteko segregazioa bultzatzen du, haien arteko tentsio linguistikoak areagotzen ditu eta hizkuntz eskubideen eta eskubide sozialen arteko kontraesanak eragiten ditu; finean, klase-batasuna eragozten du".
Erreakzioaren aurkako borroka ideologikoari buruz ere irmo hitz egin du: "Euskalgintzaren baitako joera erreakzionarioen adierazpenik txikienei ere ezin diegu normalizatzen utzi, [...]. Historiak aski frogatua du euskarak euskalgintza sozial inklusiboaren bidetik egin dezakeela aurrera, egitekotan; euskal hiztunen biltze identitarioak, ordea, euskararen diglosia-egoera larriagotu baizik ez du egiten, eta, horrez gain, langile-klasea politikoki unifikatzea oztopatzen du".
Eta hirugarrenik, "gure ahalaren neurrikoa eta gure estrategiarekin koherentea" izango den hizkuntz politika komunistari dagokionez, EHKSk erreibindikatu du helburutzat izan behar duela "langileen klase-batasuna eta euskararen indarberritzea uztartzea". Horretarako, "barne-mailan euskaraz jarduteko konpromisoa berretsi" du; eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetan duen jarduna, "langile-klasea sozialismoaren norabide estrategikoaren pean politikoki unifikatzea xedetzat duena", nagusiki euskaraz egiten jarraitzeko konpromisoari eutsi dio. Horrez gain, "zirkuitu instituzionaletik kanpoko euskarazko kultur eta arte ekimenak" sustatzen segituko du.
Euskara, borroka politikoa eta klase-kontzientzia
Azken ideia modura, euskararen gaur egungo "geldotze-aroaren" arrazoi nagusietako bat seinalatu du antolakundeak: "Euskara, borroka politikoa eta klase-kontzientzia bereiztea". Ezinbestekotzat jo du, beraz, "hiru elementu horiek berriz uztartzea", "Euskal Herriko langile-klasearen iruditeria kultural berri batean". Aldi berean, oroitarazi du sortzetik izan duela, "langile-batasunaren bidean, euskararen diglosia-egoeraren aurka egiteko konpromisoa". "Horretan ariko gara aurrerantzean ere; jakinda, euskarak egiturazko trabarik gabe funtzio sozial guztiak bete ahal izan ditzan, Euskal Estatu Sozialista dela nahitaezko ortzi-muga estrategikoa".