Frantziako Konstituzioa aldatzeko eta, ondorioz, hizkuntza gutxituen estatus legala aldatzeko proposamena egin dute Peio Dufau (EH Bai) eta Paul Molac (independentea) diputatuek. Asteartean aurkeztu zuten ekimena Parisko Asanblean; eta, orotara, bederatzi talde politikotako 80 diputatuk izenpetu dute. Hala ere, datozen asteotan ordezkari gehiagoren babesa lortzeari ekingo diote.
Bi eskaera barne hartzen ditu lege-proposamen horrek. Batetik, Konstituzioaren 2. artikulua aldatu dadila. Honelaxe dio hark: "Errepublikako hizkuntza frantsesa da". Eta zera gehitu nahi diote: "[…] eskualdeko hizkuntzen erabilpena, sustapena eta babesa errespetatuz". Bestetik, 34. artikulua ere aldatu nahi dute: Parlamentuak ebatzi dezakeen lege-esparrua xedatzen du horrek. Hala, zehaztapen hau gehitu nahi diote: "[Legeak arautzen du] eskualdeko hizkuntzen estatusa, bereziki administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen erabilpena". Gauzak horrela, Dufauk eta Molacek azaldu zuten haien xedea dela zuzenbideak "Konstituziogilearen borondatea" adieraztea, eta espero dutela urte amaiera baino lehen proposamena Frantziako Asanbleako gai-ordenan sartzea. Horretarako, hilabetean behin gutxiengo talde politikoentzako antolatu ohi diren saioetako bat baliatu nahi dute. Izan ere, saio horiek probesten dituzte ordezkaritza txikiko taldeek haien proposamenak mahaigaineratzeko.
Dena dela, Konstituzioa aldatzeko bidea luzea da: lehenengo, Frantziako Asanbleak aldaketa onartuko balu, etorkizunean hizkuntza gutxituen aldeko lege bat prestatuko lukete. Hori lortuko balitz, bigarren urratsa Senatuak eztabaidatzea izango litzateke. Ondoren, Kongresua bildu beharko da, eta Asanbleako diputatu eta Senatuko ordezkari guztiak elkartuta, kopuru osoaren hiru bostenek babestu beharko lukete lege-ekimena. Bestela, bada bigarren aukera bat: Frantziako presidenteak erreferenduma antolatu dezala, eta horrela onetsi daitezela aldaketok.
Konstituzioa aldatzeko, hainbat argudio eman dituzte bi diputatuek. Esaterako, "egoera hauskor" bati buruz aritu ziren asteartean. Izan ere, estatuko hizkuntza gutxituak lurraldeetako biztanleriari hertsiki loturiko "ondare bizitzat" jo badituzte ere, hiztun kopurua txikitzen ari dela ohartarazi dute, baita belaunaldi arteko transmisioa eteten ari dela ere. Hori dela eta, irakaskuntzaren beharra azpimarratu dute, eremu publikoan hizkuntza gutxitu horiek erabiltzeko aukera eman behar dela defendatuz.
Horrez gain, bat egin dute iazko urrian Frantziako Senatuak Molac Legearen bueltan ebatzitakoarekin. Ordu hartan, lege horren ondorioen azterketa bat egin zuen batzorde batek, Max Brisson (Les Républicains) buru zela. Lege hori 2021eko apirilean onartu zuten, eta hizkuntza gutxituen ondare immateriala gordetzea zuen xede. Are, murgiltze linguistikorako bide-orriak kontenplatzen zituen, hezkuntza-eremua barne. Alabaina, urte hartako maiatzean bertan beste lege bat onartu zuten, hizkuntza gutxituen eskualdeetan frantsesa ez zen beste hizkuntza oro irakastea debekatzeko. Hala, ondorioen artean, batzordeak aitortu zuen legeak berak hizkuntzon egoeran interbenitzeko gerorapenak eragin dituela, nahiz eta jasotzen zuen datuok ez zutela hiztun kopurua apaltzen edo transmisioa eten zenik adierazten. Dena dela, Senatuak onartu zuen hizkuntza gutxituekiko "politika anbiziotsuago" eta "koherenteago" bat behar zela. Bide horretan, gai honen bueltan Konstituzioa aldatzeko atea irekita utzi zuen Senatuak, "eskualdeko hizkuntzen lege-aitortza indartzeko".
Lege-aldaketarako proposamenak bat egin du, denboretan, kalean orokortzen ari diren ikasle eta langile protestaldiekin. Horietan, ikas-baldintzen eta ikasleen eskubideen aldeko aldarriak dira nagusi, eta, artean, hizkuntza gutxituetan ikasteko eskubidea aldarrikatu dute. Esaterako, Bernat Etxepare institutuko (Baiona) ikasleek "hezkuntza duin eta euskalduna" galdegin dute hilaren 1etik, eta egun horretako ikasle-mobilizazioetan Poliziak lau lagun eraman zituen atxilo.