Aurtengo Korrika ere arrakastatsua izan da parte-hartzeari begiratuta. Horrexegatik, agian, hainbat polemikaren objektu ere izan da. Horrela zerrendatu daitezke: 1. CCOO Korrikatik kanpo geratu izana, eta horrekin baita PSOE ere. 2. Presoen argazkien erabileraren harira eskuin mutur espainiarrak gidaturiko polemika. 3. Korrikaren amaierako ekitaldian ustez EH Bildukoak diren gazteek soilik parte hartu izana.
Lehenengoari dagokionez, CCOOko hainbat sektore euskararen aurkako erasoaldi judizialaren atzean daudela argitaratu da azkenengo asteetan. Hori guztia egin eta gero Korrikan parte hartu nahi izatea aurpegi-zuriketa baino ez litzateke, eta PSOE ofentsiba hori guztia gidatzen ari da. Nazionalismoak ikusi beharko luke zertan ari den beraien aliatua den alderdi hori. Bigarren polemikaren inguruan: hamarkadak eta gero kartzeletan gatibu jarraitzen duten militanteen ikurrak eramatea festa aldarrikatzaile baten parte da, baita oinarrizko eskubide politikoa ere. Faxistek horrelakoetan argi erakusten dute beren izaera antidemokratikoa, eta biktimen elkarteek horrelako polemiken bitartez beren buruari ikusgarritasuna ematen diote, estatutik ordainketak jasotzen jarraitzeko. EH Bilduko bozeramailearen hitzak, enegarrenez, otzanegiak izan dira, presoen argazkiak eramaten zituzten pertsonengandik distantzia hartzea bilatzen baitzuen. Azkenik, EH Bildu eta EAJren arteko lehiari erantzuten dio Korrikaren amaierako mezua eraman zuten gazteen inguruko polemikak.
Dena den, bada mahaigaineratu beharreko laugarren gai bat. Korrikaren azken aurreko kilometroa EAJ-EH Bildu-Geroa Bai-Sorturen artean eraman zuten, alderdi nazionalista euskaldunen batasuna irudikatzeko. Irudiok ez gaitzatela engainatu: Euskal Herriaren askatasuna ez da alderdi horien aliantzatik etorriko. Sobera frogatuta dago EAJren izaera autonomista, eta EH Bildu, aspalditik hona, bide berdina jorratzen ari da. Balizko estatus nazional berria, izatekotan, autonomismo espainiarraren gaurkotze bat baino ez da izango. Interklasismoak, haustura nazionalerako estrategia gisa, ez du inoiz arrakastarik izan eta akabatuta dago.
Mundu-gerra garai honetan haustura langileriaren bitartez eman daiteke soilik. Baita auzi nazionalari aterabide iraunkor bat emateko ere. Tartean hor egon dira milaka gazte, Euskal Estatu Sozialistaren alde Korrikan. Fartsa autonomistatik haratago, Euskal Herrian autodeterminazioa eta sozialismoa aldarrikatzeko garaia da.