EDITORIALA / Errepresioa
Ekainaren 20a eta aldarri argiak
2026/06/24

Larunbat arratsaldean milaka pertsonek Bilboko kaleak hartu zituzten Eusko Jaurlaritzaren kriminalizazio-kanpainari ezetz esateko eta Ertzaintzaren errepresioa amaitu dadila exijitzeko. Errepresioa pairatu duten hainbat eragilek deitu zuten mobilizaziora eta 200 elkartetik gora atxikitu ziren. Herri-mugimenduak erakutsi zuen eskubide zibil eta politikoak defendatzeko prest dagoela eta horrelako egoerei erantzuteko prestutasuna dagoela. Batasun-irudi hori, EAJren kriminalizazioaren aurka eta inpunitate polizialaren aurka, balioan jarri behar da. Are gehiago, haintzat hartuta deitzaileek bidezidorrik ez zutela hartu eta kontuan izanda ez zitzaiela abagunerik utzi Polizia zuritzeko saiakerei.

Jakinekoa den bezala, herri-mugimenduak gabezia nabarmenak ditu alderdi instituzionalekin alderatuz gero. Azkenengo horiek komunikabide nagusietan presentzia bermatuta dute, eta agenda politikoa zein mediatikoa markatzeko gaitasuna daukate. Instituzioetatik kanpoko eragileok bestelako formula batzuk behar ditugu gure aldarrikapenei lekua egiteko: kale-mailako agitazioa, hedabide propioak, militantzia ideologizatua eta mobilizazioa behar ditugu. Batasuna ere urrats bat gehiago da norabide horretan. Zergatik diogu hau? Larunbateko mobilizazioa jendetsua izan zen arren, bertan zegoena baino askoz ere jende gehiagok egiten duelako bat mobilizazioko aldarrikapenekin.

Jakinekoak diren arrazoiengatik, komunikabide nagusietan, batez ere EAJren eragina nabarmena den horietan, ez zitzaion jarraipen handirik egin mobilizazioari. Horrek deialdiaren zabalpenean negatiboki eragiten du, noski. Argi eduki behar dugu, ordea, instituzioen eta komunikabide nagusien jokoa pozoitsua dela: ez dira neutralak eta aurrez ezarritako joko-arau batzuk dituzte. Burgesiaren instituzioentzat zein komunikabideentzat, Polizia instituzio ukiezina da eta bere izateko arrazoiak ezin dira zalantzan jarri. Horra hor kontraesana: larunbateko mobilizazioak ez luke zentzurik izango bertan Polizia zuritu izan balitz. Poliziaren arazoa egiturazkoa baita, ez agintzen duen alderdiaren araberakoa. Polizia kapitalismoa sostengatzeko sortutako egitura bat da, eta ez da ez betierekoa ezta nahitaezkoa ere. Hauxe da antikapitalismoaren erronka zaila momentu honetan: nola eraiki hegemonia laburbiderik hartu gabe.

Bi elementuk balio erantsia daukate aipatzen ari garen guztian: batasuna eta edulkoratu gabeko mezua. Batasuna eraikitzea behar-beharrezkoa baita aipatzen ari garen guztiagatik, baina hori bezain garrantzitsua da zein edukiren baitan elkartzen garen. Edukiaren zuzentasuna ezinbestekoa da lehia politiko eta kulturalerako: izan faxismoa eta estatuen autoritarismoa borrokatzeko orduan, edo izan Poliziaren gehiegikeriak tratatzeko momentuan, besteak beste. Sozialdemokraziaren jokaera bestelakoa da: edukia minimoetara mugatzen dute, bere jardun instituzionalean kontraesanik eragin ez diezaion. Guztiontzat ezagunak diren aitzakiak erabiltzen dituzte horretarako: horrela jende gehiago elkartuko duela, bestela ez dela ulertzen, eta antzekoak. Bada, larunbat arratsaldeko mezua edonork ulertzeko modukoa zen: kriminalizazio-kanpainak amaitu egin behar du, Poliziaren gehigikeriak bukatu egin behar dira, eta mobilizazio-eskubidea, hainbat formatan, bermatu egin behar da. Hori ez dugu inolaz ere lortuko Jaurlaritza eta Polizia zuritzen baditugu.