AKTUALITATEA / Errepresioa

Epaitegiek uko egin diote Iker Arana foam-bala batekin zauritu zuen ertzainaren arduraduna ikertzeari

Justizia Aranarentzat plataformak seinalatu duenez, akusazioak dio ikerketa-lerro hori ezinbestekoa dela, "tiro egiteko agindua eman zuen arduradun zuzena delako". "Poliziak sistematikoki erabiltzen du indarkeria fisikoa, dagoen zigorgabetasun-testuinguruak babesten duelako eta botere judizialaren nahiz Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde politikoen babesa duelako".
2026eko irailaren 30 - 12:16
Epaitegiek uko egin diote Iker Arana foam-bala batekin zauritu zuen ertzainaren arduraduna ikertzeari

Gaur, lekuko gisa deklaratu du 2025eko apirilean Iker Arana mutilatu zuen ertzainaren arduradunak. Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxearen desalojoan, agente batek foam bala bat jaurtiz egin zuen tiro Aranaren kontra, eta larriki zauritu eta mutilatu zuen. Bada, agente horren buruak deklaratu du gaur, baina ez ikertu modura: epaitegiek uko egin diote polizia-arduradun horren erantzukizuna ikertzeari, Iker Aranak berak eta Justizia Aranarentzat plataformako kideek salatu dutenez. Akusazioak argi utzi du ikerketa-lerro hori ere ezinbestekoa dela, "tiro egiteko agindua eman zuen arduradun zuzena delako".

Epaileak, oraingoz, ez du Aranaren aurka tiro egin zuen ertzainaren arduraduna ikertzeko borondaterik erakutsi. Polizia-buru hori Gaztetxearen aurrean zegoen une hartan, eta, "bere irizpide soilari jarraituz", tiro egiteko agindua eman zien agenteei. Justizia Aranarentzat plataformak salatu duenez, horrek esan nahi du tiroaren egilea soilik dagoela ikerketapean, eta hortik harago doazen erantzukizunak ikertu gabe geratzeko arriskua dagoela. Bide horretan, plataformak erantzukizun guztiak argitu daitezela eskatzen du; "ez bakarrik tiro egin zuen ertzainarena, baita dispositiboa antolatu eta egun hartan aginduak eman zituzten agintari polizial eta politikoena ere".

Inpunitate poliziala agerian

Aranak eta plataformako kideek epaitegiaren aurrean egindako adierazpenetan, "Poliziak duen zigorgabetasunaren eta botere judizialaren eta erakunde polizialaren arteko lankidetza estuaren" barruan kokatu dute erabakia. Gaineratu dutenez, "jarduteko modu hori frogak ezkutatzera, kasua isiltzera eta luzatzera, eta, azken batean, arduradun guztiak ez azaleratzera bideratutako praktika-multzo baten parte da".

Akusazioak oraindik ez ditu ertzainen bodycam-etako irudiak lortu. Bertsio polizialak dio Gaztetxearen aurrean istiluak izan zirela eta Ikerrek Poliziari eraso egiteko asmoa zuela. Dena den, otsailaren 4an Instagram bidez zabaldutako bideo batek guztiz gezurtatzen du bertsio hori, ikusten baita egoera lasaia zela bertan.

Justizia Aranarentzat plataformaren esanetan, Poliziaren indarkeriak eragindako beste hainbat kasuren artean bat gehiago da hau, eta "Poliziak sistematikoki erabiltzen du indarkeria fisikoa, dagoen zigorgabetasun-testuinguruak babesten duelako eta botere judizialaren nahiz Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde politikoen babesa duelako". Horregatik, mobilizaziorako eta inpunitate polizialaren aurkako aktibazio sozialerako deia egin du, "horrela bakarrik lortuko baitugu etorkizunean antzeko kasu gehiagorik ez gertatzea".