ARGAZKIA / Beñat Etxeberria
2024/02/01

Auzi ekologikoa, gaur egun egunkarietan eta telebistetan tarte handia hartzen duena, hondamendi moduan aurkezten zaigu: burgesiaren hedabide guztiek hondamendi ekologikoa saihesteko ahalegin txiki bat eskatzen diguten arren, denek onartzen dute ez dagoela ezer egiterik, ez baikaude prest ahalegin hori egiteko. Izan ere, komunikabide kapitalistetan, arazo ekologikoak helburutzat du langile-klaseari ahaleginak eskatzea eta zapalduei kontrolerako eta autokontrolerako neurriak ezartzea, eta ez kapitalistek planetari eragiten dioten degradazioari konponbidea bilatzea.

Hori argi geratzen da une honetan, non aztarna ekologikoa handitzen ari den, planetaren suntsipena gero eta handiagoa den eta albistegietako gertaerek une oro gogorarazten diguten gizakiak ez duela salbaziorik. Nola salbatuko du planeta gizabanako batek, bizi den ekosistema suntsitu izanaren erantzukizuna duen arduragabe gisa aurkezten bada etengabe? Nola sor liteke salbazioa, gaitza dela uste den horretatik?

Ez dugu auziaren izaera paradoxikoan gehiago sakonduko. Ezta ebidentziaren garapenean ere: Kapitalaren komunikabideek ez dituzte galdera horiek mahaigaineratzen, ez baita haien helburua horiei erantzutea. Kapitalistek ez dute uste planeta salba daitekeenik; egungo egoera politikoari lehia-baldintza eguneratuak ezartzeko aitzakia bezala erabiltzen dute, ez besterik. Baldintza horien bidez, lan-indarraren mundu-mailako esplotaziorako sarbidea erregulatzea bilatzen dute kapitalista talde ezberdinek.

Kapitalistek ez dute uste planeta salba daitekeenik; egungo egoera politikoari lehia-baldintza eguneratuak ezartzeko aitzakia bezala erabiltzen dute, ez besterik. Baldintza horien bidez, lan-indarraren mundu-mailako esplotaziorako sarbidea erregulatzea bilatzen dute kapitalista talde ezberdinek

Dena den: tranpa kapitalistak degradazio ekologikoa kontsumitzaile guztien ardura dela zabaldu nahi badu, erantzuna ezin da izan, inola ere, kontsumoari eta gai ekologikoarekin duen harremanari jaramonik ez egitea; bien arteko, hau da, ekoizpen kapitalistaren eta kontsumo kapitalistaren arteko harremana modu egokian ezartzea baizik.

Ohiko akatsa da kapitalismoan sortzen den arazo ekologikoa ekoizpen-prozesuan soilik ardaztea, hau da, fabrika barnean ematen den jardueran. Akats hori, batez ere, gizartearen gehiengoaren barruan kontsumo-ohiturak aldatzea eskatzen duen ikuspuntu kapitalistari aurka egin nahi diotenek egiten dute. Akatsaren arrazoi nagusia izan ohi da planeta zaintzearekin indibidualki konprometitzeari uko egin nahi izatea, gutxienez egoera aldatuko lukeen etorkizun hobe batera arte; hori, edo ekoizpen-modu sozial bat zer den ez ulertzea.

Lehenengoa etika burgesaren arazo bat da, militantziaren esparruan oso kaltegarria dena. Konpromiso indibidualak beti atzeratzea etorkizun hobe bat heltzen denera arte, etorkizun hori inoiz iritsiko ez dela dakienaren aitzakia usatua bihurtzen da. Bigarrena arazo estrategikoa da, gehienetan errebisionismora eramaten duena.

Bigarren auzi hori, laburbilduta, honela azaltzen da: ekoizpen kapitalista plusbalio ekoizpena denez, aberastasun “errealaren” ekoizpen guztia, hau da, beharrak asetzeko presto dauden objektuen ekoizpen guztia, etekin kapitalista handitzearen logika nagusiak azpiratzen du, eta horrek esan nahi du ekoizpen-indarren garapenaren bidez handitu egiten dela eraginkortasun ekonomiko handiagoko baldintzetan ekoitzitako ondasun kopurua eta, beraz, naturaren esplotazioa. Hortaz, komunisten lana izango litzateke ekoizpenari neurri berri bat ezartzea, hau da, beharraren neurri subjektiboa, edo esperientzia askotan gertatu den parekatze kaltegarri hau: komunismoa eta austeritatea gauza bera dira.

Naturaren suntsiketa Kapitalaren logika produktibistarekin erlazionatzen duen planteamendua zuzena bada ere, modu osatugabean baino ez da hala. Irabazi kapitalista handitzeko logikaren pean gertatzen den ondasunen ekoizpena handitzeak, zeinak balorizazioaren logikak ezarritako mugari baino ez dion erantzuten, natura higatzea eta suntsitzea dakar. Hori egia da; nahikoa da ikuspegi erreformista batetik, baina ez da nahikoa ikuspegi komunistatik.

Ekoizpen kapitalista ez da ekoizpenaren anarkia soilik, edo ekoiztu beharreko ondasun kopuruari buruzko neurri sozial kontzienterik eza, planetaren kontsumoa neurriz kanpo handitzea dakarrena. Horrez gain, lurraldearen antolaketa ere bada, subsumituta dagoena ekoizpen kapitalistarentzat egokiena den nazioarteko lan-banaketaren baitan; baita ekoizpen-gaitasunen zentralizazioa eta lurraldeen araberako espezializazioa ere. Horrek berekin dakartza logistika-sare handi bat, hornikuntza-ibilbide luzeak eta ekoizpena lurralde jakin batzuetan kokatzea; eta ez efizientzia ekologiko handiagoa eta lurraldeko baldintza naturalak kontuan hartuta, baizik eta langile-klaseari plusbalioa erauzteko efizientzia handiagoa bilatuta.

Hori guztia garraioari lotuta dago, hau da, ekoizpen-prozesuan gertatzen den merkantzien mugikortasun espazialari. Ekoizpen-prozesuen zentralizazio erraldoiak, ekoitzitako merkantziak urrunago eramateaz gain, lan-indar gehiago mobilizatzea ere badakar. Mobilizazio horrek energia-kontsumo handiagoa eskatzen du eta aztarna ekologiko handiagoa sortzen du; sistema kapitalistari berezkoa zaio hori, nahiz eta, kasu gutxi batzuetan eta muga jakin bateraino, norbanakoaren erantzukizunaren bidez murriztu daitezkeen.

Ekoizpen kapitalistak lanpostutik haratago eragindako gainkontsumo hori ez da energia berriztagarriekin konpontzen. Argi dago gainkontsumo energetikoa eta naturaren degradazioa produkzio-prozesu osoa berrantolatuz soilik konpon daitezkeen elementuak direla. Berrantolaketa hori, jakina, ezin da kapitalismoan egin, irabazia handitzeak zentralizazio kapitalistarako joera baitakar nahitaez, eta, horregatik, higadura ekologikoa handitzekoa. Ekoizpena mundu-mailan irizpide ekologiko baten arabera berrantolatzeko, ekoizpen-logika antolakuntza-printzipio komunista berri bat bihurtu behar da, non deszentralizazio kapitalista posible izango den eta ekoizpen-efizientzia handiagora egokituko den, jasangarritasun ekologikoaren irizpideak betez.

Ekoizpena mundu-mailan irizpide ekologiko baten arabera berrantolatzeko, ekoizpen-logika antolakuntza-printzipio komunista berri bat bihurtu behar da, non deszentralizazio kapitalista posible izango den eta ekoizpen-efizientzia handiagora egokituko den, jasangarritasun ekologikoaren irizpideak betez

Zentralizazioaren printzipio zaharrak, beraz, ikuspegi berri bat hartzen du gizarte komunistan. Kapitalismoaren pean gizarte-antolaketa berri baterako baldintza teknikoak eta sozialak sortzen baditu ere, horren gauzatzeak zentralizazioa birdefinitzea eskatzen du. Izan ere, zentralizazioak ez du esan nahi, nahitaez, industria- eta logistika-zentro erraldoiak eraiki behar direnik, mundu-mailako ekoizpena irizpide arrazionalen eta bateratuen arabera berrantolatu behar dela baizik; hau da, gizarte komunistaren mundu-mailako batasuna, antolakuntza-forman gertatzen dena.

Komunismoak ez du esan nahi autoak ekoizteko gaitasuna handitzen denik, baizik eta horien beharra murrizten dela, ekoizpen sozialaren antolaketaren arrazoi objektiboengatik. Komunismoak ez du esan nahi espezializazio-irizpideen arabera antolatuko denik ekoizpena mundu-mailan, irabaziak –eta ez inork kontsumituko ez dituen kontsumo-objektuak– ekoizteko eraginkortasuna handitzea helburutzat hartuta; baizik eta antolakuntza komunistak nazioartean birjabetutako gaitasunak artikulatzea –hau da, ekoizpen-bitartekoak sozializatzea–, modu eraginkorrean eta Kapitalaren despotismoak inposatu ez dituen eskala sozialetan. Horrek, beraz, esan nahi du ekoizpen-prozesuaren mundu-mailako antolaketa berri bat izango dela, honakoa dakarrena: gizarte komunistaren eta bere kideen premiei erantzuteko modurik onena hartzea aintzakotzat gaitasun sozialen antolaketak. Premia horien artean daude gure ingurunearekiko harreman arduratsua eta printzipio ekologiko arrazionaletara egokitutako jarduera.

Finean, kapitalismoa gainditzeak benetako aldaketak dakartza bizitza sozialeko baldintzetan. Baina ez, Kapitalaren propagandistek aldarrikatzen duten bezala –eskuinekoek zein ezkerrekoek–, sakrifizio indibidualen ondorioz –sakrifizio horiek sufritu beharreko errutinazko sufrimendu moralen aplikazio jarraitu moduan ulerturik–, baizik eta pertsonok bizi garen ingurune soziala, eta horrekin batera naturala, benetan iraultzen direlako; eta, horrela, beharrak eta horiek asetzeko behar diren baliabideak aldatzen direlako, bai eta, zalantzarik gabe, gure interes pertsonalak ere. Sakrifizio pertsonalak eskatzen dituzten interes pertsonalak dira horiek, baina ez Kapitalaren propagandistek eskatzen dituzten zentzuan.

Kapitalismoa gainditzeak benetako aldaketak dakartza bizitza sozialeko baldintzetan. Baina ez, Kapitalaren propagandistek aldarrikatzen duten bezala –eskuinekoek zein ezkerrekoek–, sakrifizio indibidualen ondorioz, baizik eta pertsonok bizi garen ingurune soziala, eta horrekin batera naturala, benetan iraultzen direlako; eta, horrela, beharrak eta horiek asetzeko behar diren baliabideak aldatzen direlako, bai eta, zalantzarik gabe, gure interes pertsonalak ere
EZ DAGO IRUZKINIK