2022/02/01

Ez fida zientzia kapitalistaren neutraltasuna babesten duenaz; askotan gaitz baten adierazpen fisikoen sistematizazio egoki bat aurkez dezakeen arren, horien kausak ez dira inolaz ere bere diagnosian aurkitzen, eta helburu bakarra du: gaitzaren existentzia onartzea eta, behin hori norbanakoan adierazita, gaitzaren ondorioei eraso egitea. Bere posizio ideologikoa aurretiaz finkatuta dago, beraz: datorrena onartzea, bere horretan uztea. Finean, ezer ez aldatzea.

Gaitza eta bere adierazpena nahastu egiten ditu zientzia burgesak. Gaitzari eraso egitea deitzen dio bere adierazpenak borrokatzeari. Bere prozedura ere nahiko argia da: gaitza existitzen da soilik bere ondorioak azaleratzen direnean, eta beraz, gaitza ondorioetatik deduzitu behar da; prozesu fisiko bat izan behar da, haren adierazpenak hala diren neurrian.

Gaitzari eraso egitea deitzen dio bere adierazpenak borrokatzeari

Gaixotasun mentalen arloan bereziki argigarria da zientzia burgesaren ekinbidea. Horietako batzuk burmuinaren malformazioekin azaltzen ditu. Beste batzuk prozesu kimiko gisa aztertzen ditu –adierazpen fisikoa dutenak–, eta horiei aurre egiteko medikazio kimikoak eskaini. Eta arazo sozialekin elkarlotzeko saiakera minimo bat egiten duenean ere, guztiz antzu bilakatzen du testuinguru soziala, eta horren ordez pazientearen bizitza indibidualaz dihardu, bere gurasoek eskainitako hezkuntza urriaz edota inoiz izan omen zuen pasarte isolatuaz.

Gainera, gaixotasun mentalaren historizazio ezak gaixotasuna ez dena gaixotasun gisa hartzera ere badarama, modu horretan auzia indibidualizatzen delako eta hori gaitz sozial bilaka ez dadin, hots, gizartearentzat arazo bilaka ez dadin –benetako arazoa gizartea denean–, soluzioak eskaintzeko abagunea irekitzen delako. Gaixotasuna, bada, auzi indibiduala da eta zientzia burgesak auzi soziala bilaka ez dadin egiten du lan, norbanakoak arazorik izan ez dezan gizartearen parte izateko, edo gizarteari arazorik sor ez diezaion.

Prozedurak kontrakoa behar luke, ordea. Norbanako gaixoak daude gizartearen parte direlako, eta soluzio bide egoki batek gizarte honetatik kanpo nola utzi aztertu beharko luke, hau da, nola suntsitu gaixotasun mental anitzen jatorri den gizarte kapitalista. Gaixotasun-patologiak berak balio du azkeneko helburu hori ez lortzeko: gaixoa salbuespena baita, kasu arraro bat, nahiz eta gero eta ugariagoa izan.

Norbanako gaixoak daude gizartearen parte direlako. ¿Nola suntsitu gaixotasun mental anitzen jatorri den gizarte kapitalista? Gaixotasun-patologiak berak balio du azkeneko helburu hori ez lortzeko

Gaixotasunak balio du gaixoak patologizatzeko, identifikatzeko eta haien gaineko esku-hartze pertsonalizatu bat gauzatzeko. Eta estigmatizatzeko ere balio du. Patologizatze-moduak sarri baitakar estigmatizazioa. Gizarte burgesean gaixotasuna, norbait gaixo izendatzea, kontrol sozialerako mekanismoa da, gizabanakoa apaltzeko bidea. Gaixoak sendatu egin behar du eta ezarritako neurriak onartu behar ditu sendatzeko. Gaixoari bizitza diziplinatzen zaio eta esaten zaio jada bere bizia ez dela berea, sendatu behar duen zientziarena baizik. Gaixoari etengabe esaten zaio zein den bere jokabidearen kausa eta esaten zaio halakorik ez egiteko. Gaixoak beregan aurkitu behar du arrazoia eta bere esku dago sendatzea, obeditzen duen artean. Gaixoak, azken finean, gizartearen arauak bete behar ditu, gaixo izateari uzteko. Izan ere, gaixoa gatazka-­jatorria da gizarte kapitalistarentzat.

Gaixotasun mentala historikoki baldintzatuta dago, bi modutan azalduta, baina zentzu berdinarekin. Alde batetik, garai historiko zehatzetan garatzen diren patologia sozialak dira. Hau da, gaixotasun mentaletako asko gizarte garaikidearekin eta bere dinamika sozialekin agertu dira lehen aldiz. Bestetik, ordea, gizarte garaikideak gaixotasun mental gisa patologizatzen ditu aurretik hala ezagutzen ez zirenak ere, gatazka sozialak halako esku-hartze zientifikoak eskatzen dituelako baretua izan dadin. Bestela esanda: dinamika sozialak bere hedapenean sortzen dituen jarrera gatazkatsuetako asko dira gaixotasun mental gisa definitzen direnak. Antsietatea, depresioa… gizarte kapitalistak gero eta gehiago sortzen duen norbanako ereduaren osagaiak dira, hau da, kasik norbanako osasuntsuaren –normalizatuaren zentzuan– ezaugarriak dira, baina gaixotasun gisa soilik ondorioztatzen dira norbanakoaren dinamika soziala aurrera eramateko arazo bihurtzen direnean, hau da, adierazpen gatazkatsu bat eragiten dutenean dinamika sozialaren funtzionamendu normalizatua ezinezko eginez. Bada, gizarte kapitalistak sortzen ditu, bai norbanakoan eragiten duelako, baina baita lehen aldiz gaixotasun gisa izendatzen dituelako ere, horrek duen dimentsio sozial eta politikoarekin.

Dinamika sozialak bere hedapenean sortzen dituen jarrera gatazkatsuetako asko dira gaixotasun mental gisa definitzen direnak. Antsietatea, depresioa… gizarte kapitalistak gero eta gehiago sortzen duen norbanako ereduaren osagaiak dira

Aipatutako bi patologiak, ordea, sistema kapitalistak ekoiztutako hamaika gizabanako osasuntsuetan izaten dira, eta ez dira gaixotasunak, oraindik ere arazo bilakatu ez direlako, zentzu fisikoan. Hau da, gizarte eta zientzia burgesak gaixotasuna dinamika sozialaren azaleratze gatazkatsuari deitzen badio, hori salbuespena delako, nahiz eta gero eta ugariagoa izan, esan behar da, ordea, gaixotasuna ez dela gizarte burgesaren adierazpen indibidualizatua baizik, eta bere jatorria den gizartea suntsitu ezean ez zaiola gaixotasunaren oinarriari eraso egiten, gaixotasunari baizik, dinamika horren adierazpen partzial gisa.

Argi da, edozein gaixotasun mental prozesu fisiko-kimikoen arabera analizatu daiteke. Hala dihardu zientzia burgesak. Eta hala ere, halakorik dagoen arren, –hau da, norbanakook garapen desberdindua dugun arren eta ingurura moldatzeko gaitasun dibergenteak ditugun arren–, edonola ere, inguru egoki batek norbanakoon sozializazio askea bultzatu behar du, gatazka eta sufrimendua ekuaziotik kanpo utziz. Desberdintasunak desberdintasun, garapen desberdindu bat gaitz sozial bilakatzen da kolektiboa gizabanakoen sozializazio gatazkatsuaren ondorioa baino ez den gizarte batean; eta horregatik, zapalkuntza lehenengo bizi-bitartekoa bilakatzen da eta estigmatizazioa nahiz patologizazio indibiduala sistema bera salbatzeko ezinbesteko bilakatzen dira.

Garapen desberdindu bat gaitz sozial bilakatzen da kolektiboa gizabanakoen sozializazio gatazkatsuaren ondorioa baino ez den gizarte batean

EZ DAGO IRUZKINIK