ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2021/10/05

[Paperean 2021eko urrian argitaratutako testua]

Donetskeko Herri Errepublikako gutxienez lau miliziano hil ziren pasa den uztailaren 23an Ukrainako Armadak Petrovskoe inguruan egindako erasoan. Hori bezala, duela bost urtetik gatazka horrek eragindako tentsio belikoa murriztu ez dela erakusten duten hainbat eta hainbat egoera aurki ditzakegu une oro iristen diren berrietan (abuztu amaieratik gogortu egin dira bi herri errepubliken aurka egindako erasoak: Yasinovatayaren bonbardaketa, Zoloteko erasoa, Gorlovkako bonbardaketa luzea, Staromykhailivka herrixkako erasoa…). Pasa den martxoaren 26an, adibidez, egun bakarrean, indarrean dagoen su etenaren 493 urraketa erregistratu zituen Europar Batasunak (EB). Adibide argiena dugu martxoaren amaieratik Errusiak Ukrainaren mugara bideratutako tropen kontzentrazioa: 4.000 militar baino gehiago, artilleria astuna eta kanpamendu logistikoak. Adituen arabera, Ukrainaren mugetan 2015etik egin den tropa mobilizazio handiena da. Horiek ez dira gertaera isolatuak, izan ere, Minskeko su etenetik, Ukrainako Gobernuak etengabe bonbardatu eta erasotu ditu ekialdeko lurralde «errebeldeak». Ondorioz, Mendebaldeko berrietan gerra 2015arekin amaitu bazen ere, errealitatean, Donbasseko herriaren zauriak eta ondorioz tentsioa handitu besterik ez dira egin ordutik. Desinformazioaren eta egia-ostearen garai hauetan, komeni da, gizarte kapitalistak eragiten dituen gainerako gatazkekin bezala, guda latz eta luze horren jatorria eta ibilbidea argitzen saiatzea.

Horretarako, lehenik gertatutakoa jakin behar dugu, ondoren, jokoan dauden indar sozialen eginkizuna laburki baldin bada ere aztertzeko: Ukraina bertako zein kanpoko burgesiena, alegia. Esan gabe doa auzi honetan falta den edo argitaratu ez den informazioa ugaria dela, eta horrek auzia iluntzen duela. Hala ere, xehetasun zikinak jakin gabe ere, erraz ikusten da Kapitalaren itzala gertaera lazgarri hauetan.

GERTAERAK

Egoera honetara iritsi arte egon den gertaeren kateak zazpi urte bete berri dituen Krimea eskualdearen auzian du jatorria. Khrustxov(1) izan zen XVIII. mendetik Errusiaren parte zen lurralde hori Ukrainan integratu zuena. SESBen(2) disoluzio prozesuan Ukrainako estratu politiko agintari berriek erreforma sakonak egin behar izan zituzten: prezioen liberalizazioa, pribatizazio masiboak, independentzia-deklarazioa, Belavezha Ituna(3)… Aldaketa gatazkatsu horien guztien buruan sektore soziopolitiko ezberdinen arteko talkak areagotu egin ziren. Ukrainako Estatuko hainbat lurraldetan, azken hamarkadetako ibilbideari eta etorkizunean hartu beharreko bideari buruzko desadostasunak azaleratu ziren iritzi eta joera politiko ezberdinen artean. Hala ere, era horretako gatazketan gertatu ohi den modura, dimentsio oso anitzeko arazo bat izan arren, uneko konfrontazio nagusiak lortu du ikusgarritasuna.

Hain zuzen ere, SESBekoak izandako gainerako errepubliketan bezala, Errusiaren eta EBren eraginen arteko talkak politika nazionala determinatu zuen. Are gehiago, banaketa sozial hori lurraldekoa ere bilakatu zen hein handi batean; ekialdeko biztanleriaren artean SESB izandako herrialdeekin harremanak estutzearen aldeko iritzia orokortu zen. Kutxma(4) lehendakariak ordezkatutako burgesia nazional berriak bi bandotara murriztu ohi den banaketa konplexu hori erabili zuen, bien arteko oreka bat bilatuz, boterean mantentzeko. Kanpo zein barne politikarako balio zuen posizio anbibalente horrek are gehiago sakondu zuen Ukrainako bi bando horien arteko amildegia, eta testuinguru horretan sartu zen Ukraina XXI. mendean.

Sektore sozialen arteko oreka joko horrek bere muga jo zuen gobernua kudeatzen zuen politika neutralistaren ustelkeriaren eta autoritarismoaren aurrean. Azkenean, 2004an, eurofiloek gidatutako «iraultza laranja» delakoak gobernutik bota zuen Kutxma. «Iraultza» hori erreforma-aldarrikapen multzo bat eskatzeko protesta segida bat izan zen nagusiki (joera presidentzialista geratzea, prentsa askatasuna bermatzea…). Hala ere, koloretako iraultzen markoaren baitan eman zen errebolta hori; SESB izandakoaren aurkako erreakzio bat, beraz, Mendebalderako gerturapen bat eskatzeko. Une horretatik aurrera, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko orekak alderdi-bitasun moduko baten forma hartu zuen ukrainar politikan, Errusiaren aldeko Janukovitx eta EBren aldeko Tymoxenko tartean, besteak beste. Direnak eta ez direnak egin ziren arren botere aldaketak era «baketsuan» egin zitezen, herrialdeko arazoak metatzen joan ziren. Lehen esan bezala, Ukrainaren kasuan, gatazka ezberdin askoren eragina Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko gatazka horretan egikaritzen da. Horri gehitzen badiogu NATOko(5) kideek helburutzat zutela Errusiako Federazioaren inguruko sobietar izandako herrialdeetan beren eragina handitzea, 2013ko gertaeretara iritsiko gara.

Urte horretan, Errusiaren aldeko bere jarrerari jarraiki, Janukovitx lehendakariak uko egin zion EBrekin itun bat egiteari, hauteskundeetako bere konpromisoetako bat izan arren. Erabaki hori hartu eta berehala, ondo antolatutako eta hornitutako mugimendu politiko oso bat azaldu zen Kiev eta mendebaldeko beste inguruetan: Maidan edo Euromaidan. EBren elkartze-­hitzarmenaren aldeko protestak Euromaidanen estandarte bihurtu ziren. Janukovitxek, bere aldetik, Errusiaren aldeko burgesiaren tradizio politikoa jarraituz, autoritarismo hutsez erantzun zuen (protesten aurkako legeak). Hala ere, ordurako, manifestazio hutsetatik harago, gobernua desegiteko maniobra paramilitarra zen Euromaidan mugimendua: hainbat eremuren gaineko kontrola, eraikin publikoen okupazioa, funtzionarioen bahiketa… Metodo horien bidez lortu zuen Radan(6) hauteskunde berriak deitzeko indar korrelazioa. Bortizkeria egoera horretan, EBren aldeko indar parlamentarioak batu zituen plataformak hauteskundeak irabazi zituen, Petro Poroxenko hautagai gisa izanda.

Puntu honetan hasten da gehien nabaritzen Mendebaldeko demokraziak eredu dituen askatasun zibilen aldeko mugimendu bat baino gehiago dela Euromaidan. Osatu berri zen gobernuan bertan Svoboda alderdi neonaziaren hainbat kide ministro izan ziren, adibidez. Hala ere, eskuin muturrak Euromaidan blokean duen eragina parlamentutik kanpoko esparrutik eman da bereziki: Pravy Sektor bezalako taldeek, inpunitate osoa izateaz gain (Odesako Sindikatuen Etxeko sarraskia adibidez(7)), eragin erraldoia izan dute gobernu europeistaren politiken orientazioan. Horri Mendebaldeko potentzien eragina gehitu behar zaio, hasieratik jaso baitzituen Poroxenkoren gobernuak NDFren(8) eta EBren babesa haiek ezarritako neurriak aplikatzearen truke. Barne eta kanpo eragin horien emaitza erradikala izan da: errusiera hitz egiten duen populazioaren aurkako jazarpena, Maidan mugimenduaren oposizioaren aurkako errepresioa, alderdi komunistaren ilegalizazioa, figura eta errelato faxisten goraipamena, NATOren aldeko lerratzea… Horretarako Errusiaren ustezko injerentzia bat erabili zen aitzakia bezala, baina halakorik egon bazen ere –aurreko hamarkadetan baino gehiago ez behintzat–, hartutako neurriek zer ikusi gehiago zuten nazionalismo jakin baten hegemoniarekin eta Mendebaldeko potentzien interesak bermatzearekin.

Mendebaldetik gidatutako etnozidio horren aurrean, erasotutako kolektibo ezberdinek bat egin zuten beren burua defendatzeko: antifaxistek, SESBen oroitzapen ona zutenek, errusiar sentitzen zirenek… baina baita errusiar hitz egite hutsagatik jazarriak zirenek edo ekialdean bizitzeagatik pobrezia jasatea bidezkoa iruditzen ez zitzaienek ere. Hala, Ekialdeko herrialde gehienetan egin izan den bezala, klase estratu eta interes anitzeko auzi hori «Errusiaren aldekoen» eta «Europaren aldekoen» arteko norgehiagoka hutsera murriztu izan da. Hasierara itzuliz, Krimeako auzian, adibidez, pisu erraldoia hartu zuen Errusiara anexionatzearen aldeko aldarrikapenak. Azaldu dugun bezala, lurralde horretan ibilbide historiko luzea izan du errusiar izatearen sentimenduak, horregatik erabaki zuten Gobernu autonomoak eta Sebastopol hiriko Gobernuak autodeterminazio erreferendum baten bidez Ukraina utzi eta Errusian integratzeko erabakiaren kontsulta egitea, %97ko baiezkoarekin. Errusiak berehala defendatu zuen erabaki hori, Kieveko Gobernuaren aurrean defendatuz.

Mendebaldetik gidatutako etnozidio horren aurrean, erasotutako kolektibo ezberdinek bat egin zuten beren burua defendatzeko: antifaxistek, SESBen oroitzapen ona zutenek, errusiar sentitzen zirenek… baina baita errusiar hitz egite hutsagatik jazarriak zirenek edo ekialdean bizitzeagatik pobrezia jasatea bidezkoa iruditzen ez zitzaienek ere

Ekialdeko beste lurraldeetan ere Euromaidanen aurkako altxamendura batu ziren kolektibo ezberdinak beren burua defendatzeko. Kharkov, Donetsk edo Luhansk bezalako eskualdeetan, autodeterminaziorako aspirazio bat baino, tradizio sobietarraren defentsa eta faxismoaren aurkako jarrera izan ziren aldarrikapen nagusiak. Era batera edo bestera, mendebaldearen eta batasun nazionalaren aldeko jarrera indar erreakzionarioenekin nahastu zen bezala, bultzada atzerakoi horri aurre egin nahi ziona aurkako jarreran aurkitu zen. Modu horretan deklaratu ziren, aldeko autodeterminazio erreferendum bidez, Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepublikak. Gauzak horrela, gatazka armatuak gora egiteak eskala handiagoko gerra bat ekar lezakeela ikusita, su eten bat bultzatu zen Minskeko Akordioen bidez. 2015 hasieran, beraz, su etena indarrean zegoen, baina ordutik hona, Kieveko Gobernuak etengabe bortxatu du akordio hori sei urteko bonbardaketa eta bestelako erasoekin.

EKIALDEKO BURGESIA BERRIAK: SOBIETAR HERRIAREN ARPILATZEA

Ukrainako eta bereziki Donbasseko gerra pieza odoltsu bat besterik ez da izan potentzia kapitalista ezberdinen arteko tirabiretan. Gauetik egunera, Errusiaren eraginpeko estatu bat izatetik, NATOren zerbitzari leiala izatera igarotzea lortu du kapital handiak, barne gatazka historikoak bilatuz horretarako. Ukrainako aldaketa politiko erradikal hori, gainerako sobietar errepublika ohien paradigma politikoak bezala, Balkanetatik Baltikora, SESBaren deskonposizio prozesuaren ondoren hasitako zikloaren baitan ulertu behar dugu.

Altzairuzko oihala erori zenetik, kapital metaketarako eremu «birjin» eta zabal bat ireki zitzaion nazioarteko kapitalari, 70 urte baino gehiagoz itxita egon zena. Kapital finantzarioaren irrikak bultzatutako Mendebaldeko potentziek Ekialdeko merkatu erraldoi horiek ireki zituzten. Berez Gerra Hotza galdu berri zuen Kremlinaren(9) baitan apurkako irekiera baten ideia gaineratuta zegoen, glasnost eta Perestroika(10) bidez. Baina 70eko hamarkadatik irabazi tasa altxatu ezinik zeuden burgesia yankee eta europarrak berehala behar zuten beren irabaziak errentagarri egiteko inbertsio guneren bat.

Horregatik, EBtik eta AEBetatik berehalako erreforma sakonak inposatu nahi izan ziren populazio sobietarraren gainetik, eta hori era bortitzean soilik lortu zitekeen. Hala, Jeltsinek(11) erreforma horietarako nahikoa babes lortu ez zuenean, Mendebaldeko demokratek aho batez txalotu zuten Errusiako presidente horrek tankeen bidez parlamentua eta neurrien aurkako manifestazio zibila erasotzea.

Ukrainaren kasua Errusiarena baino geldoagoa izan zen, baina emaitza berberak izan zituen. Bi kasuetan Washingtoneko kontsentsua(12) bete zen irekierari dagokionez; bi urte eskasetan kanpo merkataritza eta prezioak erabat liberalizatuak izan ziren. Horrek kapital fluxuei askatasun osoa eman zien ekialdean sartzeko, baina plusbalioa sortzeko sektore produktiboak hazi ordez, kapitalizazioaren zati handiena dibisa eta titulu ezberdinen merkatuetan kontzentratu zen. Burbuila inproduktibo horiek 1997an egin zuten eztanda, hego-ekialdeko Asiatik zetorren krisi finantzarioaren eraginez. Azken finean, epe laburreko inbertsioak bilatzen dituen arrisku handiko kapitalak prezioen hazkunde hutsa bilatu zuen, hamar urte lehenago Hego Amerikako zor publikoaren tituluekin egin zuen bezala. Errusiaren kasuan, plusbalioa ekoizten zuen egitura produktiboaren pribatizazio masibo bat egon zen kapital sarrerekiko modu paraleloan. SESBen bosturteko planetan denbora luzez garatutako industria astunarentzat bazkide kapitalistak bilatu ziren egun batetik bestera. Horrek jokoz kanpo utzi zuen inbertsio gaitasun handiena zuen burgesia ez zen oro, haietako gehienak klase politiko zaharreko kideak izanda, gainera. Are gehiago, Estatuaren «enpresa» horien salmentan pisu handia izan zuten konexio politikoek, sobietarrak izandako herrialdeetako demokrazia berrietan botere exekutiboak izan duen pisu handiagatik.

Ukrainan ere jabe gutxi batzuen artean banatu zen aberastasun nazionala, baina erreformak erdizka egin ziren. Ondorioz, jarduera gehienek Estatuaren babesean egoten jarraitu zuten (errentak subsidio publiko bidez mantenduz, sistema fiskal selektibo bat ezarriz…) irabaziak bazkideen artean banatzen baziren ere. Konbinazio horrek kontu publiko defizitarioak utzi zituen, inflazio bidez finantzatu behar izan zirenak. Era horretan errenta finkotik eta aurrezkitik bizi zen jabe txikia pobretu zen, lehiakorrak ez ziren kapitalista bizkarroiak bizirik mantentzearen truke. 1999ko ekoizpena 1991koaren –independentziaren urtea– %40 baino ez zen. Laburbilduz, Errusiako Federazio gaztearen antzera, burgesia artifizial moduko bat sortu zen hemen ere, ustelkeria politikoari esker errenta ekonomiko nagusien kontrola lortu zuena. Mende berriaren hasieran mundu mailako hazkunde orokorrak eta lehengaien prezio gorakorrak, lortutako oreka politikoarekin batera, baldintzen hobekuntza bat baimendu zuten. Hala ere, 2009an, bere errenten jatorria ziren erosleek erosteko ahalmena galtzean, munduko emaitza txarrenetako bat eman zuen, BPGaren %1eko galerarekin. Lurralde zigortuenak ekialdeko industriarenak izan ziren (altzairuaren eta kimikoaren industria batez ere), sobietar eredu zaharrari lotuago baitzeuden. Egoera jasanezina bihurtu zen, eta ordura arteko EBren eta Errusiaren aldekoen arteko oreka politikoa desegin zen. Beren errentak ziurtatzeko, jabe errentadun nazionalek Mendebaldeko erreforma proposamenak onartu, egonkortasuna lortzeko nazionalismo atzerakoia elikatu eta, Janukovitx alboratuz, EB lehentasunezko bazkide komertzial bihurtzeko apustua egin zuten. Ohikoa den bezala, burgesiak faxismoa hauspotu du egonkortasun bila, eta orain ez du askatu duen gaitzaren gaineko erabateko kontrola.

Ohikoa den bezala, burgesiak faxismoa hauspotu du egonkortasun bila, eta orain ez du askatu duen gaitzaren gaineko erabateko kontrola

Ukraina, bere kokapen geografikoagatik, bi merkatu erraldoiren artean egon da Sobietar Batasuna desegin zenetik. Dibertsifikatu gabeko industriak eta lehen sektoreak (sobietar nekazaritza-produktuaren laurdena Ukrainan ekoizten zen) soldata baxuekin lehiatu dute herrialdeko populazio altuari esker, Ekialdeko herrialdeen ohiko estiloan. Horrek ondorio argiak izan ditu; batetik, sobietar industriako adar ugariren desagerpena (armamentua, abiazioa, radio-elektronika, automozioa…) eta, bestetik, populazioaren pobretzea, gaur egun Kieveko institutu soziologikoaren arabera populazioaren %14,1ak ez du elikadura bermatzeko nahikoa diru sarrera, eta %38,2k beren errenta guztiak elikadura eta arropa bermatzeko gastatzen dituzte. Ukrainan irabazien pilaketa lotuago egon da gobernuan kontaktuak izatearekin plusbalio tasarekin baino. Horri natur baliabide aberatsen ustiaketa gehitzen badiogu, Errusia edo EB bezalako erosle handiekiko erabat menpekoa den burgesia nazional «errentadun» bat topatuko dugu. Kapital transnazionalek eta potentzia handiek mirabekeria hori aprobetxatu dute langile klaseko bestelako banaketak (banaketa etnikoak, politikoak…) beren alde baliatzeko. Horren guztiaren emaitza da 2014an hasitako gerra.

Zentzu horretan, gas naturalarena bezalako kontuek protagonismo izugarria hartu dute. Pertsiar golkokoa bezalako gerretan (Irak-Iran-Kuwait) petrolioak edo beste natur baliabideek pisu handia izan dute. Aztergai dugun honetan, aldiz, aipatu dugu gerraren arrazoiak lotuago daudela eragin politiko-militarren auziarekin, baina, hala ere, burgesia nazionalaren izaera estraktibista kontuan izanda, gasarena bezalako aferek herrialdeak kanpo interesekiko duen menpekotasuna erakusten dute. EBren eta Errusiaren arteko tentsioaren erdigunean egon da gas naturalaren hornidura. Alde batetik, Moskuk behin eta berriro igo du gasaren prezioa, eta ordaindu ezean hornidura hori mozteko mehatxua egin du askotan. Bestetik, EBk beste hainbatetan gogorarazi dio Errusiako Gobernuari bere diru sarreren erdia gas horren salmentatik lortzen duela. Tentsio horrek Ukrainan du erdigunea, hain zuzen ere, EBra esportatutako gasaren erdia hango gasbideen bidez garraiatzen baita.

2013an bertan, Euromaidanen kolpea baino urtebete lehenago, Ukrainari saldutako gasaren prezioa %81 handitu zuen Gazpromek(13), Europako merkatuko gas garestiena bihurtuz. Europako Batzordeak estrategia hori salatu zuen, eta Ukrainak gasa ordaintzeari utzi zion aurreko prezioa berrezarri bitartean. Era berean, horrek Mosku gas hornidura mozteko mehatxua egitera eraman zuen berriro ere (hirugarren aldiz 2006tik). Gertaera horien eta ondorengo urteetan gertatu zenaren artean lotura zehatzak eraikitzea zaila den arren (ziurrenik informazioa falta zaigulako bereziki), argi dago herrialde txiki horretako burgesiak inguruko bi bloke geopolitiko handien interesera saldu duela Ukraina, beren errentak babesteko. Era batera edo bestera, Ukrainak bere erosleekiko duen dependentzia erraldoiak bere barne politika (bere lurraldeko klase borroka, alegia) horien menpe jartzera eraman du, gerra zibil terminoetara eramateraino.

2013an bertan, Euromaidanen kolpea baino urtebete lehenago, Ukrainari saldutako gasaren prezioa %81 handitu zuen Gazpromek

DONBASSEKO ODOL ISURPENA, POTENTZIA KAPITALISTEN XAKE PARTIDA

Erosle horien arteko norgehiagokan Errusiak izan du lehentasuna azken hamarkadetan, sobietarrak izandako gainerako errepublikekin gertatu ohi den bezala (Bielorrusia adibide argia da). Moskuren «estrategia handia»(14) delakoan, Errusiako Federazioa egoera multipolar berrian botere zentroetako bat bihurtzea da elikatu beharreko helburua. Horretarako baliabide ugariren kontrola eskuratu behar du, Erdialdeko Asian eta Pazifikoan egiten ari den mugimenduen bidez bilatzen ari dena, hain zuzen ere.

Bide horretan, uneko potentzia handienen mailatik oso urrun dago (AEB eta Txina, azken honekin kooperazio sostengatua duen arren), baina inorekiko dependentziarik gabe bloke geopolitikoen artean toki bat egitea bilatzen du. Helburu horiek gauzatzen dituen bitartean, hala ere, eta tradizio diplomatiko-militar sobietarraren ondorengotzagatik, bere gertuko atzerria kontrolpean izateko beharra dauka. Bere mugen inguruko herrialdeen orbitan, aipatutako errepublika sobietarretan hain zuzen ere, bere eragina gaineratzeko ahaleginak egiten ditu une oro. Barne politika konplexu baten ondorioz, beraz, Errusiako oligarkia jaio berriarentzat eta horrekin estuki lotuta dagoen botere exekutibo pisutsuarentzat hil ala bizikoa da Ukrainan duten eragina, ekialdean zein mendebaldean dituzten potentzia handiagoen aurrean dike bat izateko. Joko-zelai internazionalean «autonomoak» izatea da horren guztiaren helburua, alegia.

Beste aldean, Mendebaldeko betiko estatuen inteligentzia militarra eta NATOren mertzenarioak ditugu, kapital finantzario handienaren esanetara. Ekialdeko Europan hasitako koloretako iraultzen(15) olatua kapitalismo demokrata liberalen sarbide nagusia izan da, une oro, herrialde horietan injerentziak egiteko. Errebolta horiek inpunitate osoz esku-hartze militar ezberdinak egitea (zuzenekoak zein zeharkakoak) baimendu diete EBri eta AEBei. Hain eraginkorra izan da metodoa, eskema berbera aplikatu dutela beste toki batzuetan ere; Udaberri Arabiarra kasu. Koloretako iraultzak CIA edo MI6(16) bezalakoen mugimendu soil bat baino fenomeno konplexuagoa badira ere, sortu berri zen Errusia gaztea ahultzeko baliatu dituzte sistematikoki.

Ekialdeko Europan hasitako koloretako iraultzen olatua kapitalismo demokrata liberalen sarbide nagusia izan da, une oro, herrialde horietan injerentziak egiteko

Bere interesak Errusiako Estatuaren bidez ordezkatzen dituen burgesiak nazioartean pisua izateko aipatutako estrategia handia gauzatu nahi badu, Mendebaldean kosta ala kosta helburu horiei sabotajea egin nahi die. Izan ere, Mendebaldearen hegemonia gainbeheran dagoen une honetan, joera gorakorra duten etsaien eragina murriztea da lehentasuna NATOren buru horientzat. Horretarako, gorago esan bezala, SESB izandakoak kontrolatzen zuen inguruaren gaineko eragina hil ala biziko kontua da. Horren guztiaren emaitza argia da: NATOk sistematikoki ezegonkortu ditu inguruko herrialde horiek, horietako populazioa gerra eta gosete lazgarrienetara kondenatuz. Gaur egun Afganistango edo Ukrainako kasuak ezagunak izan daitezkeen arren, egindako minaren zerrenda luzea da oso: Txetxenia, Jugoslavia (bereziki lazgarria Kosovoko Gerra), Georgia (Hego Osetia eta Abjasiarekin gerran), Armenia (ARTEKA honetan lantzen da kasu hau)…

Hala ere, Mendebaldeko blokea ez dago normalean irudikatu ohi den bezain bateratuta. Ez, behintzat, EB AEBen txotxongilo hutsa zen garaian bezainbeste. Zelensky, Ukrainako gaur egungo lehendakaria eta estatu-kolpe laranjaren zein Euromaidanaren ondorengo politikoa, Mendebaldeko potentzia horien atzetik ibili da azken hilabeteetan, laguntza erregutzen. Izan ere, 2015ean nazioarteko komunitateak (NATOren betiko lekaioek, alegia) babes osoa adierazi zien arren Ukrainako kolpistei, bost urteren ondoren, interesak dibergenteagoak dira. Potentzia iparramerikarrak kapitalismo liberal klasikoen blokearen buru izan nahi du berriro, are gehiago orain Bidenen agindupean, eta «baldintzarik gabeko babesa» adierazi dio Zelenskyri, Errusiako presidentea «hiltzaile» bat dela esateaz gain.

EBk, aldiz, zailtasun handiagoak ditu duela bost urteko posizioa mantentzeko. Donbasseko populazioa sarraskitzearen inguruan ez dute zalantzarik, noski, ez dute arazorik munduko beste hainbat tokitan bezala herri errepublika horietako zibilak zein beren babeserako sortutako miliziak zapaltzeko. Errusiari dagokionean, berriz, interes talka bat nabariagoa da Krimea banatu zen garaitik hona. Egoeraren konplexutasuna jasotzea oso zaila den arren, gasaren adibidera itzuliz, duela gutxi amaitu dira Nord Stream 2 gas ubidearen eraikuntza lanak. Obra horrek lehendik Errusiatik Alemaniara esportatzen zen gas kopurua handituko du eta, beraz, EBk Ekialdeko potentziarekiko duen menpekotasun energetikoa handitu(17). AEBek gogor kritikatu zuten proiektu hori, baina EBk eta batez ere Alemaniak beren interes energetikoak lehenetsi dituztela dirudi. Edonola ere, Ukrainako auziarekiko politikan eman den dibergentzia horrek, AEBetako administrazioak kanpo politikan izandako biraketa handiekin batera, Kieveko Gobernua «babesgabe» utzi du Errusiaren aurrean. Babesgabetasun hori, baina, erabat erlatiboa da, gehiegikeria handienak Ukrainako Armadak egin baititu Donetskeko eta Luhanskeko zibil zein milizianoen aurka, bost urte luzez.

ONDORIOAK: EZ ATZERA EZ AURRERA

Intentsitate baxuko gerra egoera hori hainbat urtez luzatu izana azaldu ditugun interesen bateratzearen ondorio da. Donbasseko langile klasearen kezka bakarra eraso amaigabeen artean bizirautea da, Ukrainaren atzaparretan jarraitzen duen bitartean, behintzat. Kieveko Gobernuak, aldiz, ez du zalantzarik indarrez soilik konpondu dezakeela blokeo egoera: lurralde errebeldeak militarki garaitu eta Krimea inbaditu. Horretarako, duela bost urte bezala, Mendebaldeko laguntxoen inplikazio zuzena da bere aukera bakarra. Zelenskyk, atzera bueltarik ikusten ez duenez, Ukraina NATOn sartzeko eskaera ere egin berri du, Alemaniarekin eta AEBekin biltzeaz gain. Zalantzarik gabe, ez du arazorik Kosovo berri bat egiteko, horrek bere errentak ziurtatuko badizkie bere laguntxoei. Horri beste arazo bat gehitu zaio, izan ere, duela bost urte Janukovitx gobernutik botatzeko helburu bakarrarekin batutako indarren arteko batasuna ezin da mantendu. Talde atzerakoi horiek oso baliagarriak izan ziren 2013tik 2015era, baina ondoren karga bat bihurtu dira. Fronte militarrean erabiltzen saiatu ziren, baina ez ziren bat ere eraginkorrak: lapurretak, hilketak, tortura… inolako zentzu militarrik gabe. Gobernuaren aurka egon dira ordutik, eta beren politikarako indarra krimen antolatu bilakatu da hein handi batean, are gehiago okerragotuta gerra egoeran(18).

Hala ere, interesak jokoan dituzten potentzia handiek talka zuzen bat ekidin nahi izan dute, aldeetako batek esku-hartze zuzen bat egiten badu, besteak ere egin beharko baitu. Horrek nazioarteko gerra bat planteatuko luke Europaren bihotzean, XX. mendekoen estilokoa. Horren ordez, zeharkako guda bat nahiago izan dute (gaur egun hain ohikoa den moduan), lurraldean beren interesen aldeko fakzio ezberdinak finantzatuta. EBren eta AEBen apustua Euromaidan eta bere ondorengoak izan badira, demokrata liberaletatik faxistetaraino, horren aurkako erresistentzia armatzea eta prestatzea izan da Errusiaren aukera; bere mugetatik kontaktu erraza du ekialdeko indar horiekin, gainera. Minskeko itunak egoera horren erakusleiho argiak dira, hain zuzen ere. Ez zioten Kieveko Gobernuari nahi zuen erabateko garaipena eman, ez zuten gerrarekin amaitu eta ez zuten potentzia handien arteko interes gatazka askatu. Ondorioz, akordioaren bortxaketa sistematikoa orokortu da, Kieveko Gobernuaren partetik batez ere, horrek Mendebaldea gehiago inplikatuko duelakoan. Arazo hori akordioen jaiotzatik existitu da, are gehiago, akordioak «Minskeko bigarren akordioak» dira, hain justu, lehen saiakerak huts egin zuelako.

Minskeko itunen bortxaketa sistematikoa orokortu da, Kieveko Gobernuaren partetik batez ere, horrek Mendebaldea gehiago inplikatuko duelakoan

Baliteke azken hilabeteetan ikusi den bortizkeriaren hazkundeak berriro ere gerra piztea Donbassen, edo baliteke orain arteko blokeo egoera eta zibilen aurkako Kieven erasoak dauden bezala mantentzea. Era batera edo bestera, ziurra da Ukrainako burgesiak herrialdea potentzia handien anbizioari saldu diola lau sosen truke. Salmenta hori, baina, garesti ordaindu eta ordainduko du klase zapalduak: milaka hildako (zibil ugari horien artean, miliziano boluntarioak zibil gisa kontatu gabe ere), berezko pobreziaren areagotzea eta gerrak dakartzan mila oinaze gehiago.

Eta zein da Mendebaldeko «ezkerraren» erreakzioa horren guztiaren aurrean? Espainiako Estatuan, beste toki askotan bezala, Errusiaren aurkako posizioak lehentasuna izan du, Kieven aske dabilen faxismoaren edo ekialdeko bonbardaketen salaketaren aurretik. Hauteskundeetan arerioen aurka faxismoaz ahoa betetzen zaien berdinek NATOri jokoa egin diote Europaren bihotzean talde esplizituki nazietan babesturik boterera iritsi den gobernu bat defendatzean Errusia «gaiztoaren» aurrean. Bitartean, Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepubliketako miliziek NATOn sartzeko eskaera egin duen armada profesional bati egin behar diote aurre. Baliabide falta dela-eta hasieratik irabazteko ezintasuna duten gerra batean, eskura dutenarekin mugan erresistentzia planteatzea beste aukerarik ez dute, heriotza eta pobrezia eguneroko ogia bihurtu zaizkielarik.

Azkenik, aipagarria da Euskal Herrian bertan gatazka horren inguruko informazioa zabaltzeko egin den lana. EH-Donbass elkartasun komiteak lan nekaezina egin du gertatutakoaren kontakizuna zabaltzeko, politizatzeko eta, ahal den heinean, hara laguntza bidaltzeko. Nahi duenak eskuragarri du bere web orria: euskalherria-donbass.org

OHARRAK

1. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren idazkari nagusia 1953tik 1964ra.

2. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna.

3. SESB desegiteko errepublika sobietarrek sinatutako ituna.

4. Ukrainako lehendakaria 1992-1993 eta 1994-2005 tartean.

5. Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea, Mendebaldeko herrialdeen arteko aliantza militar nagusia.

6. Verkhovna Rada Ukraini edo Ukrainako Kontseilu Gorena Ukrainako kamera bakarreko legebiltzarraren izena da

7. Talde faxistek Maidan mugimenduaren aurkako oposizioko 30 kide baino gehiago hil zituzten Odesa hirian.

8. Nazioarteko Diru Funtsa.

9. Sobietar Batasuneko Gobernuaren egoitza.

10. Mikhail Gorbatxov politikariak diseinatutako SESBen irekiera politikorako eta ekonomikorako neurriak.

11. Boris Jeltsin Errusiako Federazio berriaren lehen presidentea.

12. Sobietar Batasunaren disoluziorako AEBetako altxorraren eta NDFren artean egindako proposamena. Polonian aplikatu zen lehen aldiz.

13. Errusiako petrolio eta gas merkatuko sozietate anonimoa da. Garaiko SESBeko energia ministerio pribatizatua da, bere aktibo guztiekin. Hala ere gobernuak kontrol zorrotza du bere gain (akziodun nagusia da) eta beraz honen estrategia jarraitzen du bere erabakietan.

14. Teoria militarrean erabilitako kontzeptua. Bitarteko eta pauso guztiak helburu zentral batera bideratzeari egiten dio erreferentzia. Bigarren Mundu Gerran adibidez Alemania garaitzea izan zen aliatuek adostutako estrategia handiaren helburua.

15. Koloretako iraultzak deitu zaie Ekialdeko Europan hasi eta balio liberalen defentsan beste lurralde batzuetara hedatu ziren protestei: Georgia, Jugoslavia, Kirgizistan, Libano, Tunisia…

16. Erresuma Batuko Inteligentzia Sekretuko Zerbitzua.

17. Ezin dugu sakondu, baina EBren segurtasun energetikoaren politikak are konplexuagoak dira. Izan ere, batasunak apustu argi bat egin zuen Errusiarekiko menpekotasuna gainditzeko (bereziki beste gas mota eta iturri batzuk bilatuz), baina prozesu horretan ere batasuneko kide ezberdinen arteko interes talkak eman dira.

18. Hau oso laburpen sinplea da, baina Ukrainako faxismoaren garapenak aparteko azalpen bat beharko luke, fenomeno konplexua izan baita.

EZ DAGO IRUZKINIK