Azken urteotan, udarekin batera etorri dira turismoaren inguruko hausnarketak eta iritziak. Gehienak lausoak eta, turismoa bezala, azalekoak. Azalekoak turismoa ezaugarritzeko moduagatik, baina baita turismoa udarekin eta estetika jakin batekin lotzeagatik ere. Ez da ausazkoa, guk ere, garai hau hautatu izana turismoaz hitz egiteko: ez horrenbeste harekin lotzen dugulako turismoa, baizik eta garai honek uzten duelako agerian turismoari atxikitzen zaizkion ezaugarriak gizarte kapitalistari dagozkion ezaugarriak direla, eta ez turistari soilik. Eta turistari soilik badagozkio, orduan, nola esan: turistak gara gure herrian.
Mozkorra, bertako kulturaren ezjakina eta harekiko desinteresatua, lekuan lekuko ekosistemarekiko errespeturik gabea… Nekez esan genezake turistaren ezaugarri omen diren horiek ez direnik turista ez omen den horren ezaugarriak. Are gehiago, turismoaren bereizgarri nagusiena dena, hau da, aisialdi-arrazoiak medio beste herri edo herrialde batera denbora tarte jakin eta orokorrean labur batez bidaiatzea, gizarte kapitalistan gero eta bereizezinago egiten da bere dinamikak sustatzen duen eguneroko normalizatutik.
Turismoaren bereizgarri nagusiena dena, hau da, aisialdi-arrazoiak medio beste herri edo herrialde batera denbora tarte jakin eta orokorrean labur batez bidaiatzea, gizarte kapitalistan gero eta bereizezinago egiten da bere dinamikak sustatzen duen eguneroko normalizatutik
Akaso turista soilik da norbere kulturara txertatu ezin den hori. Baina turismoaren kultura delakoak gero eta antza handiagoa du norberaren kulturarekin. Inguru naturalarekiko eta sozialarekiko interes falta gero eta nabarmenagoa da espazio zehatz batean bizi direnengan ere. Akaso turistak, bere jarrera indibidualistan, topo egiten du gure indibidualismoarekin, eta hori da kezkatzen gaituena. Eta jarrera indibidualetan baldin badatza inguruarekiko balorazioa, orduan, zer esan bere testuinguruarekiko axolagabekeriaz bizi den sedentarioaz, nomada batek interes handiagoa erakutsi baldin badu tokiko historiarekiko eta kulturarekiko.
Zaila da, ezbairik gabe, turismoaren fenomenoa ezaugarritzea, hori irizpide gutxiko balorazio subjektiboen bidez gauzatu nahi bada. Turismoa egitea ez da bidaiatzea, lekuz aldatzearen zentzuan. Bistan denez, ez zaio turista deitzen migratzaileari, edota lan-kontuak medio kanpora joan behar duenari, denbora-tarte labur batez bada ere. Turista ez da postaletan irudikatu nahi izan duten hori ere, eta bere itxuraz baliatuta ere ezin zaio kritikarik egin, balorazio subjektiboetan erori gabe. Nekez hel geniezaioke turismoaren fenomenoari, gure abiapuntua turista bada, eta bera definitzeko erabiltzen ditugun adjektibo guztiz zalantzagarriak, guztiz estrapolagarriak direnak gure inguru hurbilera eta, gainera, abiapuntu bikainak direnak fikziozko komunitate bat eraikitzeko, zeinaren ezaugarri nagusia sektarismoa baino ezin daitekeen izan.
Horretan aritu da azken udetan gazteria sozialdemokrata: performanceak egiten, turismoa egiten zuten bitartean turistak seinalatzen eta, ondoren, baina modu subordinatu batean, turismoarekin lotutako ekonomiarekin identifikatzen zituzten negozioak seinalatzen. Burgesa gaiztoa baldin bada, turistek behartu dutelako da; lanean esplotazioa baldin badago, turistek behar dutelako da. Tourist go home.
Gauzak alderantziz dira, ordea. Zerbitzuetan eta aisialdian oinarritutako ekonomia bat garatu delako existitzen dira turistak, esfera horretako kontsumitzaile berezi bezala. Baina halako ekonomia batek ondorio nabarmenagoak ditu: proletalgoaren elkartzeko eskubide eta aukeren galera, haustura soziala, komunitate politikoen desegitea, indibidualizazioa eta kontsumo sareekiko subordinazioa… Eta horri guztiari lotutako kultura bat non oporrak −eta kontsumoa− bilakatu diren lanetik eta esplotaziotik ihes egiteko aukera bakarra.
Zentzu horretan, turismo-ekonomia batez mintza gaitezke, hau da, aisialdian oinarritutako bidaien beharretara moldatutako ekonomiaz. Baina, esan bezala, hori ez da gure egunerokoan, aisialdian eta lanorduetatik kanpo, egiten dugun horrekiko desberdina; ez formari dagokionez behintzat. Jakina, berdintasun horren barnean berezitasunak egon badaude, ala ez: turista batek ibilbide bat zehazten du eta bere bisita toki estetikoetara mugatzen du, bai, eraikinak eta fatxadak bisitatzen ditu eta bertako historian interesatzen da, bi orduko free tour batean. Baina hori ere ez da bereizgarri, gure eguneroko aisialdia ere hala defini genezakeelako, hau da, gozamen estetiko moduan. Eta sakoneko zerbait baldin badago, hori tabernaren barrenean bilatu behar da.
Turista batek ibilbide bat zehazten du eta bere bisita toki estetikoetara mugatzen du, bai, eraikinak eta fatxadak bisitatzen ditu eta bertako historian interesatzen da, bi orduko «free tour» batean. Baina hori ere ez da bereizgarri, gure eguneroko aisialdia ere hala defini genezakeelako, hau da, gozamen estetiko moduan. Eta sakoneko zerbait baldin badago, hori tabernaren barrenean bilatu behar da
Egia da, gure ekonomia moldatu egin da zerbitzu horietara, eta horrek haustura sozial eta politiko nabarmenak eragin ditu. Prozesu horrek berberak bihurtu du bisitaria edo bidaiaria turista. Hain zuzen ere, egiten diren bidaiek ez dutelako norberaren indibidualtasuna asetzea beste helbururik; edo aukerarik. Izan ere, soldatapeko lanean oinarritutako gizarte kapitalistan, ehun sozial osoa lanaren arabera artikulatzen da, modu autoritarioan antolatzen den lanarena, eta kontsumoa indibidualtasuna baieztatzeko bide bakarra bihurtzen da. Kontsumoak funtzio hori bete dezan, ordea, ezinbestekoa da lana esplotazioan oinarritua izatea, hau da, bere antolaketa modua guztiz burokratikoa izatea eta, horregatik, antolaketa sozial kontzienterako ekoizpen-sare sozialak guztiz desegituratuta egotea, noraino eta bidaia bat egitean, bidaiariari turista izatea baino ez zaion geratzen, komunitate errealak −komunistak− existitzen ez direlako eta kanpokotasuna, ezinbestez, fikziozko komunitate batekiko irudikatzen delako.
Ekoizpen-komunitate errealen existentzia ezak, jakina, turismoaren oinarri den lanaren eta kontsumoaren arteko bereizketa dakar. Gu guztion arteko erlazio-aukerak diruan kondentsatzen diren gizarte kapitalistan, elkar erlazioa dirua bitarteko duen elkartruke indibidual eta indibidualistaren momentuan gauzatzen da, eta horrek esan nahi du gizartea bera, eta kultura, norbanakoen arteko elkar harremantze indibidual eta istripuzkoen emaitza direla.
Bada, turismoa merkantzia bilakatutako lan-indarraren mugikortasun abstraktua da, non batera edo bestera joateak ez duen inporta eta garrantzia duen bakarra bidaiatzea bera baita, hau da, batera eta bestera joatea. Helmugarekiko indiferentzia hori, alegia, bidaiaren eduki zehatzarekiko indiferentzia, lanarekiko eta gizartearekiko indiferentziaren beste aldea baino ez da, hau da, gure inguru sozialarekiko indiferentziaren berbera.
Turista izatea ez da, beraz, aukeratzen den gauza bat; akaso diruak ematen duen aukera bat baino ez da. Eta bere ezaugarria, nomada gisa, inguruarekiko desinteresatu eta ezjakin gisa, gure ezaugarria ere bada, gure inguruarekiko eta ekosistema sozialarekiko indiferentzia osoa, fikziozko komunitate −baina ez eraginik gabekoa− baten sorrerarekin estaltzen dena, baina oinarrian gorroto irrazionala duena, bestearekiko gorrotoa, bere jarrerak gu geu jartzen gaituelako ispiluaren aurrean. Agian gure inguruan arrotz izateari utziko diogu, harekiko arduraz jardungo dugulako etorkizuneko gizarte komunistan. Hor ez da turistarik egongo, ezta hemengoa ez denik ere, sozializazio-baliabideak denon esku egongo direlako, eta bidaiatzea integraziorako aukera bat izango delako.
Agian gure inguruan arrotz izateari utziko diogu, harekiko arduraz jardungo dugulako etorkizuneko gizarte komunistan. Hor ez da turistarik egongo, ezta hemengoa ez denik ere, sozializazio-baliabideak denon esku egongo direlako, eta bidaiatzea integraziorako aukera bat izango delako
HEMEN ARGITARATUA