Kapitalismoaren aurretik turismoa existitzen zela baieztatzea oso eztabaidagarria da. Bidaiatze hutsari turismo baderitzogu, esan genezake Paleolitoko gizakiek ere egiten zutela turismoa. Aldiz, ulertzen badugu bidaia eta bidaiatzearen esperientzia bera merkantzia bilakatzen direnean sortzen dela turismoa, berezkoa duen izaera kapitalista aztertu beharko genuke. Erreportaje honek, beraz, turismoaren bilakaera historikoaren gaineko ohar batzuk eskainiko ditu, eta arreta berezia jarriko du haren klase konposizioan eta historiako garai bakoitzean izandako funtzio sozial zehatzetan.
Logika horren baitan, turismoaren garapen historikoa hiru fasetan aztertuko dugu: 1) eliteen turismoa (XVIII-XIX. mendeak), 2) masen turismoa (XX. mendea) eta 3) turismoa krisian (XXI. mendea). Oso ohikoa da turismoari egindako kritiken aurrean sententzia sinplistekin ixtea eztabaida: «Denok egiten dugu turismoa, betidanik egon da eta betiko egonen da». Bada, historiak gisa horretako aurreiritziak gezurtatzen dituela ikusiko dugu, bi arrazoirengatik nagusiki: 1) pertsona orok ez dugulako turismoa egiteko aukera berdintasun errealik, ez lehen eta ez orain, eta 2) gaur egun turismoa deritzogun jarduera hori berri samarra eta prozesu historiko jakin baten emaitza delako.
TURISMOAREN EZAUGARRIAK EZTABAIDAGAI
Turismoaren kontzeptu modernoa, gaur egun ulertzen dugun gisara (aisialdian eta plazeragatik bidaiatzekoa), kapitalismoaren asmakuntza bat da, eta Industria Iraultzaren garaian sortu zen. Lehenago, baziren bestelako funtzio sozialak zituzten bidaiatzeko eta lekualdatzeko beste forma batzuk. Aurreko bidaia horiek askotariko arrazoiak zituzten: merkataritza aurrekapitalista, sinesmen erlijiosoak, harreman diplomatiko edo militarrak eta abar. Turismoa bera helburu gisara ulertuta kontsumitzaileen ikuspuntutik, zein merkatuko ondasun gisara ulertuta kapitalisten ikuspuntutik, duela bi mende inguru agertu zen. Zenbaiten iritziz, praktika eta jarduera aurremodernoetako batzuk turismoaren aitzindaritzat har genitzake. Horren adibide dira aspaldidanik existitu diren erromesaldiak: Donejakue Bidea Galizian edo Hajj erromesaldia Mekara, esaterako. Hezkuntzarekin lotutako arrazoiengatik egindako bidaiak ere baziren, besteak beste, Antzinako Grezian eta Erroman gazte aristokratek egiten zituzten ikasketa bidaiak.
Hori dela eta, kapitalismoaren aurreko turismoaren existentziaren gaineko eztabaidak turismoaren definitzean eta hark barne hartzen dituen jarduera eta motibazioen zehaztean jarri du. Zenbait adituren iritziz, turismoa, fenomeno sozial eta ekonomiko jakin baten gisara ulertuta eta historikoki determinatuta, ez zen kapitalismo industrialaren eta modernitatearen garapenaren aurretik existitzen. Beste akademiko batzuek diote gaur egun ezagutzen ditugun ezaugarri eta egitura moderno guztiak zituen sistema turistiko osatu bat ez bazegoen ere, bidaiatzeko praktika eta elementu batzuk turismoaren aitzindaritzat har daitezkeela.
Argi dago, beraz, kapitalismoaren aurretik turismorik ba ote zen eztabaida korapilatsua dela, eta erabilitako definizio eta ikuspuntuen araberakoa. Hala ere, adituen gehiengoak, izan burgesak zein kritiko iraultzaileak, bat egiten du ideia honekin: turismoa, gaur egun ezagutzen dugun moduan, fenomeno kapitalista bat da, nahiz eta jarduera eta praktika aurremoderno batzuek antzekotasun edo eraginak izan badituzten oraingo turismoaren garapenean. Bestela esanda, gizakiak betidanik bidaiatu du, baina ez du beti turismoa egin.
Gizakiak betidanik bidaiatu du, baina ez du beti turismoa egin
Gure analisirako metodoari dagokionez, azterketa historiko marxistak bat datoz ikuspuntu horrekin. Marxismoak azpimarratu du ekoizpen-harreman kapitalistek eman ziotela bide eta forma oraingo turismoari. Hala, ezin dugu turismoa ulertu egungo gizartea moldatu duten dinamika ekonomiko eta sozial orokorretatik at. Turismoa integratuta dago helburu menderaezin gisara aberastasunaren metaketa pribatua duen ekoizpen-modu jakin honetan. Ondorioz, analisi marxistek turismoa eta kapital metaketaren arteko harremana aztertzen dute, eta nola azken horrek klase desberdintasun sozial eta ekonomikoak dituen oinarrian.
ELITEEN TURISMOA: GRAND TOUR DELAKOA ETA BAINUETXEAK
Etimologiak turismoaren jatorriaren eta lehenengo formaren zantzuak iradokitzen dizkigu. «Turismo» hitza frantsesetik dator, tourisme; eta hori, berriz, tour hitzetik eratorria da, eta «bidaia» esan nahi du. Erroaren esanahiarekin lotutako jarduera multzo edo kategoria bat adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen da -isme atzizkia. Kasu honetan, plazeragatik edo negozioengatik bidaiatzen duten pertsonek egiten duten jarduera multzoa adierazten du tourisme hitzak. Tour hitza latinetik dator, tornare, eta «bueltak eman» esan nahi du. Terminoa XVIII. mendean sortu bazen ere, XIX. mendeko bigarren erditik aurrera hasi zen hedatzen. Baina, garai hartan nork bidaiatzen zuen plazeragatik edo negozioengatik? Aristokrata ingelesak izan ziren Europan zehar plazeragatik edo ikasketengatik bidaiatzen lehenak. Bidaiatzeko modu horrek Grand Tour izena hartu zuen: Europako aristokrata gazteek, britaniarrek batez ere, hezkuntza- eta kultura-bidaia egiten zuten, herrialde anitzetan zehar ibili eta tokian tokiko artea, historia eta kultura ezagutzeko. Gisa horretako bidaiak bereizketa sozialaren seinale bilakatu ziren, eta ezagutza eta eskarmentua lortzeko bide berri bat.
Hala ere, turismoaren loraldia faktore jakin batzuen ondorio izan zen: batetik, garraiobideetan hobekuntzak egon ziren, esaterako trenei eta lurrunontziei zegokienez, eta beraz, urrunago bidaiatzea ahalbidetu zuten, askoz azkarrago, erosoago eta merkeago gainera. Bestetik, urbanizazio prozesua aurrera egiten ari zen, eta burgesiak geroz eta denbora libre gehiago zuen; horren ondorioz, turismoak gora egin zuen, aisialdirako eta mundua esploratzeko bitarteko gisara. Zentzu horretan, esan dezakegu turismo terminoa hedatu zela dibertitzeko, terapiarako, kulturarako edo kirolerako helburuekin bidaiatzeko jarduna deskribatzeko, betiere agertu berri zen klase alfer haren interesen mesederako, burgesiaren mesederako, alegia.
Esan dezakegu turismo terminoa hedatu zela dibertitzeko, terapiarako, kulturarako edo kirolerako helburuekin bidaiatzeko jarduna deskribatzeko
XIX. mendeko bigarren erditik aurrera, turismoa oraindik klase burges eta aristokratentzat zen, bidaiatzea garestia zelako, eta sortu berria zen proletariotzak ez zuen denbora eta dirua behar zirelako horretarako. Gainera, ez turismo sektorea eta ez merkatua ez zeuden nahikoa garatuta bestelako bezeroak jasotzeko. Negua bainuetxeetan edo Europako hiri ezagunenak bisitatzen ematen zuten aberatsak ziren turisten gehiengoa. Halaber, baliabide finantzario bereziki altuak zituztenen artean ohikoak ziren leku exotikoetara egindako esplorazio edo ehiza bidaiak, Afrikara edo Ekialde Urrunera adibidez. Gainera, turista batzuk urrutiko lekuetan aurkikuntzak eta ikerkuntzak egiteko helburuarekin bidaiatzen zuten zientzialari eta esploratzaileak ziren.
XIX. mendeko turismoaren beste alderdietako bat bainuena izan zen. Garai hartan, itsasbazterretan eta ur termaletan onura terapeutikoak eta dibertimendua bilatzen zituzten aristokrata eta burgesak oso sarri joaten ziren bainuetxeetara eta hondartzetara. Klase altuak tratamenduak jasotzera eta giro lasai eta osasuntsuaz gozatzera joaten ziren. Higienismo [1] izeneko pentsamendu korronteak, besteak beste, sustatu zituen leku horiek, ur mineralek sendatzeko ahalmena zutela sinesten baitzuen. Hala, bainuetxeak eta kostaldeak atsedenerako, lasaitasunerako, osasuna hobetzeko eta eliteen sozializaziorako modako helmuga bilakatu ziren. Luxuzko hoteletan eta etxeetan hartu ohi zuten ostatu, jarduera sozialetan parte hartzen zuten, eta bien bitartean, bainuetxeen instalazioek eskaintzen zituzten erosotasunez gozatzen zuten. Gaur egun sinetsezina bazaigu ere, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran hasi zen ohikoa izaten hondartzan bainatzea. Ordura arte, ez zen oso arrunta, eta hala adierazten dute Gipuzkoako zenbait hondartzetako bainularien erregistroek: 1872an, Zarautzen 300 pertsona inguru bainatu zen urte osoan zehar [2].
Eliteetako turistez gain, bainuetxeetara medikuak, terapeutak eta ur termaletako espezialistak ere joaten ziren. Profesional horiek ekarpena egiten zioten tratamenduen eta bainuetxeetako zerbitzuen antolaketari eta kudeaketari. Ondorioz, gutxinaka, bainuetxeetako turismoaren industriako langileen sare bat osatzen hasi zen, turisten kapritxoei erantzuten zieten eskuez eta buruez osatua, alegia. Horren barruan sartzen ziren hoteletako, jatetxeetako eta bestelako establezimenduetako zerbitzuetako langileak, bai eta ur termaletako tratamenduak eskaintzen zituzten langileak ere. Langile horiek orokorrean klase sozial baxuagokoak ziren, soldata miserableekin bizirauten zuten eta ezin pentsa zezaketen beraiek eskaintzen zituzten zerbitzuez gozatzeko aukera izanen zutenik inoiz. Euskal Herrian azpimarratzeko modukoa da Biarritzen (Lapurdi) kasua, Frantziako eta Espainiako goi-gizarteen helmuga turistiko nagusienetako bat bilakatu baitzen.
Alta, Industria Iraultzari esker garatu zen horrenbeste turismoa, eskala handiko garraioa eta ostatua ahalbidetu baitzituen. Horri esker jende gehiagori eman zitzaion plazeragatik bidaiatzeko aukera, sortzen ari zen erdi mailako klaseari barne. XIX. mendeak aurrera egin ahala, turismoaren industria sendotzen eta garatzen hasi zen, eta aldi berean, formazio sozial kapitalistaren klase osaketa gertatu zen. Bidaia agentziak ireki ziren, txangozaleen elkarteak sortu ziren, turismo gidari zerbitzuak eskaini ziren eta sektorearekin lotutako bestelako zerbitzu batzuk garatu ziren. Hala, XIX. mendeko bigarren erdian zehar, irekitzen hasi zen; hau da, erdiko mailetako jendearentzat eskuragarriago bilakatu zen. Nolanahi ere, langile klaseak jarduera hartatik sozialki eta ekonomikoki baztertuta jarraitzen zuen. Eskuarki, bi profil bereizi zitezkeen:
1. Aristokrazia eta burgesia: XIX. mendearen bigarren erdian haiek ziren oraindik ere turismoa egiten zuten klase sozialik garrantzitsuenak. Klase horiek bazituzten plazeragatik bidaiatzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoak zein denbora librea, izan beraien herrialdean bertan bidaiatzeko edo nazioarteko helmugetara joateko.
2. Sortzen ari zen erdi mailako klasea: geroz eta burges txiki gehiagok, eta are, maila altuko soldatapeko zenbait langilek, plazeragatik bidaiatu ahal izan zuten. Normalki, aristokrazia eta burgesia ez bezala, helmuga hurbilagoetara joaten ziren, probintzietako hiriburuetara, hurbileko kostaldera, landetxeetara eta abar. Ekoizpen-indarren garapena garraiobideetan islatu zen. Horrekin batera, sektore sozial jakin batzuek geroz eta denbora libre gehiago zuten eta aurrezteko geroz eta gaitasun handiagoa. Ondorioz, sortzen ari zen erdi mailako klasearentzat eskuragarriago egoten hasi zen turismoa. Izan ere, burgesiaren kopia merke horren nortasun, dotoretasun eta fintasunaren marketako bat bihurtu zen turismoa. Klase hori, zentraltasun soziala eskuratzea helburu, zalantzakorra eta beti etereoa da, eta proletarioen gainetik kokatu nahi du, beti uste izan baitu haiek «zikinak, mozkorrak, zibilizatu gabeak eta gustu txarrekoak» direla.
Merkatari eta enpresari txikiak, besteak beste, turismoan eskua sartzen hasi ziren, izan plazeragatik edo arrazoi komertzialengatik. Bidaiei esker kontaktuak lortzen zituzten, negozio aukera berriak esploratzen zituzten, eta sareak lurralde anitzetan barna hedatzen zituzten. Erdi mailako klasearen saski-naski horren barnean kokatu genitzake artista eta intelektual gehienak. Idazle, margolari eta musikari erromantiko askok inspirazio eta esperientzia kultural bila bidaiatzen zuten. Hala, beren sormen lanetarako aberasgarriak ziren ideia eta ikusmolde berriak lortzen zituzten bidaiei esker.
Turismoa pertsona talde jakin batzuentzat eskuragarriago bihurtu bazen ere, garrantzitsua da azpimarratzea oraindik ere bazirela biztanleriaren gehiengoaren parte-hartzea mugatzen zuten oztopo nabarmenak. Izan ere, XX. mendetik aurrera garatu ziren turismo masiboa eta geroztik hasi ziren gizarteko segmentu zabalak hartan parte hartzen. Proletarioek XIX. mendean zehar egindako bidaia bakarrak derrigorrezko emigrazioa, landa exodoa eta erbesteratzea izan ziren, hau da, historiako aldi horretan ez ziren plazera edo gaur egun laudatutako «esperientzia berrien bilaketa» izan lurreko kondenatuak desplazatzeko arrazoia; kontrara, garai berriak zekarten gosea, errepresioa eta jazarpen politikoa izan ziren.
Historiako aldi horretan ez ziren plazera edo gaur egun laudatutako «esperientzia berrien bilaketa» izan lurreko kondenatuak desplazatzeko arrazoia; kontrara, garai berriak zekarten gosea, errepresioa eta jazarpen politikoa izan ziren
MASEN TURISMOA: TURISMOAREN INDUSTRIA ETA ERDIKO KLASEA
XX. mendean zehar, turismoa herrialde askoren eragile ekonomiko nagusienetako bat bilakatu zen, bereziki historia eta kultura «aberatsak» zituzten edo baliabide natural erakargarriak zituzten horien kasuan. Aireko garraioak hedatu, hotel kateak sortu eta helmuga turistiko berriak agertu izanaren ondorioz (Karibe, adibidez), turismoa jardun masibo eta globalizatua da, eta milioika pertsona mugiarazten ditu eta diru-sarrera handiak sortzen ditu. Turismoaren gaineko lehen kongresuak antolatu ziren, eta estatuek politikak diseinatzeari ekin zioten. Orduan finkatu zen turismoa industria gisara zentzu hertsian.
Lehenago ere aipatu dugunez, turismoa XX. mendetik aurrera hasi zen estratu sozial subalternoetara hedatzen, nagusiki faktore sozioekonomiko, teknologiko eta politiko batzuen eraginez; faktoreok ezin dira elkarrengandik bereizita ulertu, hau da, ezinbestean ulertu behar dira osotasun konkretu baten barnean. Alde batetik, XX. mendean zehar, batik bat Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Mendebaldeko erdiko klasea historian inoiz zabaldu zena baino gehiago zabaldu zen. Klase horrek ezaugarri nagusi zituen lehenbiziko proletalgoak baino denbora libre gehiago, diru-sarrera handiagoak eta hezkuntza-aukera gehiago eskuragarri izatea, baina eskala handian. Faktore horren eraginez, jende gehiagok parte hartu zuen aisialdiko jardueretan, turismoan esaterako.
Nabarmentzekoa da nolabaiteko bake sozialeko garai bat izan zela garai hartako estatu inperialisten barnean. Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik, potentzia inperialista nagusietan estatu-itunak sinatu ziren sindikatuen, patronalen eta alderdi politiko nagusien artean. Klaseen arteko gerraren «su-eten» ustezko horren oinarria, funtsean, zera zen: AEBetako eta Europako Kapitalak uko egiten ziola metaketaren zati bati, eta birbanaketan oinarritutako politikak abiarazten zituela. Horren trukean, langile-klaseak eskala sozialean gora egiteko aukerak aprobetxatuko zituen, eta, hala, «ondo portatuko zen». Arma nuklearren garapenak ere rol garrantzitsua izan zuen; izan ere, orduantxe hasia zen Gerra Hotzean, bi lehiakide handien arteko Elkar Suntsiketa Ziurtatuaren printzipioari esker, saihestu egin zen aurreko bi gerren tankerako eskala handiko gerrarik izatea.
Garraioaren arloko aurrerapen teknologiko garrantzitsuek ere funtsezko eragina izan zuten turismoa beste estratu sozial batzuetara zabaltzeko prozesuan. Trenbide-sarea zabaltzearen eta hobetzearen, automobilen zabalpenaren eta, aurrerago, merkataritza-hegaldiak merkatzearen ondorioz, bidaiak azkarrago eta erosoago egin zitezkeen, eta publiko zabalago batek zituen eskuragarri.
Pakete turistikoak eta eskaintza merkeak abiarazi zituzten, eta, hala, diru-sarrera desberdinak izanik ere, bidaiak eta oporraldiak izateko aukera eskuratu zuten herritarrek. Eskaintza horietan garraioa, ostatua eta jarduerak konbinatzen ziren prezio hobeetan, eta horrek bidaia turistikoen planifikazioa eta parte-hartzea erraztu zituen. Gainera, inbertsio handiak egin ziren turismorako azpiegituretan, hala nola hoteletan, aireportuetan eta antzeko beste zerbitzu batzuetan. Hobekuntza horiek bidaian joatea sustatu zuten, eta helmuga ugaritan turista gehiago jasotzeko gaitasuna handitu.
Kapitalismoaren indar produktiboen bilakaerarekin batera, aisialdiari eta turismoari buruzko jarrerak eta nahiak ere aldatzen ari ziren. Turismoa «esperientziak» bilatzeko modu desiragarri bilakatu zen (esperientziak norbanako batengan epe motzean sortutako inpaktu emozional edo sentsorial gisa ulertuta), eguneroko errutinatik ihes egin eta familiarekin eta lagunekin batera denbora pasatzeko modua. Handitu egin zen klase sozial desberdinek jarduera turistikoekin zuten interesa eta parte-hartzea; kasik soldatetan beretan kontuan hartzen zen behar sozial bihurtu zen, eta ortzi-muga aspirazional ekonomiko izatera iritsi. Lehenago ez bezala, zentralitatea lortu zuen gizartean, dimentsio demografikoan zein sinbolikoan.
Handitu egin zen klase sozial desberdinek jarduera turistikoekin zuten interesa eta parte-hartzea; kasik soldatetan beretan kontuan hartzen zen behar sozial bihurtu zen, eta ortzi-muga aspirazional ekonomiko izatera iritsi
Kasu batzuetan, langile-mugimenduak presioa egin zuen oporren arloan berdintasuna lortzeko eta oporraldiak unibertsalak izan zitezen. Uste zen turismoa guztientzako eskubidea zela; hari lotutako borrokak egon ziren eta neurriak hartu ziren langile-klaseak, edo haren zati batek bederen, turismoaren onurak izan zitzan. Alabaina, ahobiko ezpata zen hori: baliteke turismoa demokratizatzeko borrokak konkista partzial batzuk ekartzea, langile-klaseko sektore jakin batzuen bizi-baldintzak hobetzen dituztenak, baina ezinezkoa denez ekoizpen-eredu kapitalistan hura unibertsalizatzea, borroka hori partzialki ezartzeak eragin politiko negatiboak ditu langile-mugimenduan.
Badira turismoaren hedapen hori erakusten duten datuak. Turismoaren Munduko Erakundearen lehenbiziko erregistroen arabera, 1950ean 25 milioi lagunetik gorak bidaiatu zuten beste herrialde batzuetara; 2007rako, 903 milioi lagun ziren [3]. Turismoaren sektoreak hazkunde etengabea izan zuen XX. mendean zehar. Erakunde horrek berak emandako datuek diotenez, 1950ean Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2 hartzen zuen; 2019rako, aldiz, % 9,6 [4].
Laburbilduz, turismoak burgesiaren eliteen jarduera izateari utzi zion eta publiko zabalago bati ireki zitzaion, batik bat XX. mendearen bigarren erdian. Esan daiteke langile-klasearen zati bati ateak ireki zizkiola garai historiko jakin batean, kapitalismoa ekonomikoki eta politikoki egonkortzeko helburuz. Jarraian ikusiko dugunez, horrek ez du ukatzen turismoa berez burgesa izatea; are, beste adibide bat baino ez da, erakusten duena langile-klasea turismoaren merkatuaren beste gonbidatu bat besterik ez dela eta edozein unetan kanporatua izan daitekeela.
KRISI GARAIETAKO TURISMOA ETA TURISMOAREN KRISIA
Krisi kapitalistak eta haren agerpen-uneek, hala nola 2008ko munduko krisi finantzarioak, eragin nabarmena izan zuten masa-turismoan. Langile-aristokraziaren geruza zabalak eta burgesia txikia proletarizatzen hasi ziren. Aurrezteko gaitasuna txikitu zenez, langabeziak gora egin zuenez eta, bestalde, finantzen arloko segurtasun-gabeziaren ondorioz, bidaien eta turismoaren arloko eskaria txikitu zen edo, beste kasu batzuetan, aukera merkeagoetara jo zuen jendeak. Gainera, turismoak badu zaurgarritasun berezi bat: «beldurtia» da. Kapitalismoan, aldian behin, turismoa uxatzen duten gauzak gertatzen dira: zibilen arteko istiluak, atentatu-olatuak, gerrak, delinkuentzia... Hori gutxi balitz, osasun-larrialdiek ere, tartean COVID-19aren pandemiak, agerian utzi dute turismoaren merkatuaren ahultasuna. Bidaiatzeko murrizketek, mugak itxi izanak, hegaldiak bertan behera utzi izanak eta herrialdeen barnean murrizketa-neurriak ezarri izanak ataka estuan jarri zuten turismoa urte batez baino gehiagoz, eta, hortaz, baita sektore horrekiko mendekotasun handia zuten estatu batzuetako ekonomiak ere.
Metaketa-krisiaren ingurugiroaren adarrean, masa-turismoak azkartu egin ditu komunitateen arteko tentsioak, eta agerian utzi kontraesanean daudela esplotazio turistikoa eta ingurumenarekin jasangarri izatea, kontuan hartuta naturako baliabideen eskasia, ekosistemen degradazioa, kutsadura eta abar. Adibidez, zer zentzu du 37 biztanleko igerileku bat izateak 7.880 kilometro kosta dituen herrialde batean, lehorte-arazo larriak izaten ari den une batean? [5]. Espainiaz ari gara, noski, eta zifra generiko hori ez da eskandalurik handiena: kalkulatzen denez, Alacanteko eskualde batzuetan igerileku bat dute bi biztanleko [6].
Bestela esanda, turismoa krisian sartzen da ekoizpen-modu kapitalistaren kontraesan sistemikoek bideragarritasun ekonomikoa eta onarpen soziala arriskuan jartzen dituenean, eta, ondorioz, egokitu eta eboluzionatu egin behar du bizirik irauteko. Horrela, turismoa klase-kontraesanek zeharkatzen dutela ikusten dugu: batetik, sartzeko aukerak murriztu egin daitezke, baina, bestetik, beste eragile batzuentzat irabazi-aukera berriak sortzen ditu. Horretarako, jarraian 2008ko krisian eta ondorengo urteetan turismoak izan dituen joera globalak ikusiko ditugu, baita Espainiako Estatuaren kasuan bereziki izan dituen ondorioak ere.
Turismoa krisian sartzen da ekoizpen-modu kapitalistaren kontraesan sistemikoek bideragarritasun ekonomikoa eta onarpen soziala arriskuan jartzen dituenean, eta, ondorioz, egokitu eta eboluzionatu egin behar du bizirik irauteko
2008ko finantza-krisi globalak nabarmen eragin zion turismoaren industriari mundu osoan, baina bereziki Europan eta Ipar Amerikan, erdi mailako klasearen gotorleku nagusiak baitira. Turismoan bidaiatzen zuten pertsonen kopuruak eta jarduera horiekin lotutako gastuek behera egin zuten. Turismoaren Mundu Erakundearen arabera, nazioarteko turisten kopurua % 4 jaitsi zen 2009an, hau da, 2003tik erregistratutako lehen beherakada izan zen [7]. Gainera, joera hori hurrengo urteetan ere mantendu egin zen, nazioarteko turismoa lehenago erregistratutakoa baino motelago hazi baitzen. Bestalde, turistek egindako gastuak behera egin zuela ere ikus daiteke garai horretan. 2009an, turismoko gastu globala % 8,7 jaitsi zen, jaitsiera esanguratsua aurreko urteekin alderatuta. Hain zuzen ere, 2008ko finantza-krisiak eragina izan zuen turismoagatik bidaiatu zuten pertsonen kopuruan eta haiek egin zuten gastuan. Horrek hotelak ixtea, lan-kaleratzeak eta turismo-sektoreko inbertsioa murriztea ekarri zituen munduko hainbat lekutan.
Hurrengo urteetan, ordea, turismoa suspertu egin da berriro, eta zifretan errekorrak izan dira herrialde askotan bisitariei eta bidaia-gastuei dagokienez. 2008. eta 2019. urteen artean, etengabe hazi zen mundu mailan turismoagatik bidaiatu zuten pertsonen kopurua. TMEren arabera, nazioarteko turisten etorrera, 2008tik 2019ra, 924 milioitik 1,46 mila milioira igo zen. Horrek esan nahi du aldi horretan % 58ko hazkundea izan zela. Beraz, esan daiteke krisiaren eztandaren aurrean turismo-industriak beherakada bat jasan zuen arren, epe luzera, aurreko mailak berreskuratu dituela eta, are gehiago, hedatzen jarraitu duela. Baina hori Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aldiaren pareko ongizate-estatuen balizko indartzearen ondorio al da, hau da, erdiko klasearen hedapen sozial eta ekonomikoaren ondorio al da? Edo beste faktore batzuei erantzuten die?
Esan daiteke krisiaren eztandaren aurrean turismo-industriak beherakada bat jasan zuen arren, epe luzera, aurreko mailak berreskuratu dituela eta, are gehiago, hedatzen jarraitu duela. Baina hori Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aldiaren pareko ongizate-estatuen balizko indartzearen ondorio al da, hau da, erdiko klasearen hedapen sozial eta ekonomikoaren ondorio al da? Edo beste faktore batzuei erantzuten die?
Lehenik eta behin, ulertu behar da langile-klasearen desjabetzeko prozesua eta aberatsen masa handitzea ez direla fenomeno kontraesankorrak, alderantziz; Credit Suissek egindako txosten baten arabera [8], kapital finantzarioan milioi bat dolar baino gehiagoko ondarea duten pertsonen kopurua nabarmen handituko da 2019. eta 2025. urteen artean, zehazki 46,8 milioitik ia 63 milioira.
Era berean, ez da ahaztu behar burgesia estratu minoritarioa dela munduko biztanleriari dagokionez, baina termino erlatiboetan soilik. Termino absolutuetan hurbilketa bat eginez gero, ikus dezakegu 2021ean munduko biztanleen % 10 aberatsenek, aberastasunaren %76 metatzen zutenek, 789 milioi pertsona inguruko taldea osatzen zutela. Termino demografikoetan, Txinako biztanleriaren erdia baino gehiago izango litzateke, AEBetako bikoitza baino gehiago eta Espainiako Estatukoa baino hamasei aldiz gehiago. 2022ko desberdintasun globalari buruzko txostenak erakusten duenez, 2021ean, Europan bakarrik, 32 milioi pertsona baino gehiago ziren milioi bat eta 100.000 milioi euro arteko ondare garbia zutenak; Ipar Amerikan 59 milioi inguru ziren, eta Asiako ekialdean 25 milioi eta erdi [9].
Hirugarrenik, burgesiaren aurretik erdi mailako klase sendo batzuk daude;beherantz doazen arren, oraindik bizirik irauten dute, erosteko ahalmen handia dute, eskola-espediente lehiakorrak eta higiezinak jabetzan, diruari gehiegi begiratu gabe bizitzeko aukera ematen dietenak. Duela gutxiko adibide bat jartzearren, kalkulatzen da 2023ko ekainean Euskal Autonomia Erkidegoko 45.000 pentsiodun inguruk, biztanleriaren % 2k, 6.000 euro edo gehiago kobratu zutela ekaineko hilekoaren eta udako aparteko ordainsariaren artean [10]. Kontuan hartzen badugu langile erretiratuen aristokraziaren sektore horiek, proportzio handiagoan edo txikiagoan, Mendebaldeko zentro inperialistako herrialde guztietan daudela, suma dezakegu langileen aristokrazia aktiboarekin eta burgesia txikiarekin batera munduko eskari turistikoaren zati garrantzitsu bat direla. Gainera, Txina edo gainpopulatutako beste zenbait potentzia kapitalista emergentetan, erdi mailako klasea zertxobait handitu da; horrez gain, herrialdeak harreman diplomatikoak ireki ditu, eta horrek bertako turismoa handitu du.
Azkenik, informazioaren eskuragarritasunak eta lineako erreserbak handitzeak abiadura, dinamismoa, interkonexioa eta eskaintza turistiko globalaren hedapena erraztu ditu. Era berean, helmuga erakargarriak sustatzeak, aire-ibilbide berriak irekitzeak eta negozio-turismoa handitzeak ere lagundu dute, oro har, turismo-eskaria handitzen.
Nolanahi ere, hori gizarte-desberdintasunen gorakadarekin batera gertatu da, eta horrekin korrelazioan. Turismo-eskariaren gizarte-eskalaren behealdean, alde batetik, langile-klasearen zenbait sektore daude, oraindik egonaldi laburrak, merkeak, ez urrunegiak, luxu gutxikoak, eta edozein ustekaberen aurrean etxean geratzeko arriskua dituztenak. Eta, bestetik, kapitalismoaren promesa faltsuen pertsonifikazioa ikusten dugu oporrik onartu ezin duten pertsona guztiengan. 2019az geroztik, turismorik gabe gelditzen den soldatapekoen proportzioa hazi egin da Europar Batasuneko estatuen erdian baino gehiagotan [11]. Kalkuluen arabera, EBko 38 milioi langile inguruk ezin dituzte urtean gutxienez astebeteko oporrak hartu, nahiz eta soldata bat jaso. Espainiako Estatuaren kasuan, 2020an 4,6 milioi langilek ezin zuten oporretara joan. Urtebete geroago, 2021ean, kopuru hori 4,77 milioiraino igo zen(EBko bigarren kopururik handiena). Horri guztiari langabetuak edo aktibo ez dauden langile-klaseko sektoreak gehitu beharko litzaizkioke. Hurbilketa partzial gisa, Estatistikaren Espainiako Institutuaren (INE) azken Bizi-baldintzei buruzko Inkestak erakusten du EAEko biztanleen %18,7k (hamar biztanletik ia bik) ezin dutela etxetik kanpo oporretara joan, ezta urtean astebetez ere [12]. EAE zailtasun gutxien dituen bigarren erkidegoa denez Nafarroaren ondoren (% 10,9), estatu osoko egoeraren berri izan dezakegu. Europako Sindikatuen Konfederazioak egindako ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuko oporren desberdintasuna 1,7 puntu igo da azken hamarkadan. Batez besteko soldataren % 60 baino gehiago irabazten zuten eta hori baino gutxiago irabazten zuten langileen artean, oporren arrakala % 37rainokoa izan zen [13]. Mundu-mailan, gogorarazi nahi dugu Turismoaren Mundu Erakundeak mundu osoko sarrera turistikoen errekor historikoa erregistratu zuela 2019an: 1.465,46 milioi turista baino gehiago. Garai hartan munduko biztanleria 7.700 milioi biztanle ingurukoa zela kontuan hartuta, «denok egiten dugu turismoa» leloari ez zaizkio kontuak ateratzen, ezta turismoa maximo historikoetan egon denean ere.
Gogorarazi nahi dugu Turismoaren Mundu Erakundeak mundu osoko sarrera turistikoen errekor historikoa erregistratu zuela 2019an: 1.465,46 milioi turista baino gehiago. Garai hartan munduko biztanleria 7.700 milioi biztanle ingurukoa zela kontuan hartuta, «denok egiten dugu turismoa» leloari ez zaizkio kontuak ateratzen, ezta turismoa maximo historikoetan egon denean ere
Bestalde, erdiko klasea garrantzitsua da, ez bakarrik eskariaren zatirik handiena ordezkatzen duelako, baita krisi garaietako eskaintza turistikoaren burdinezko gerrikoa delako ere. Espainiako Estatuaren kasu partikularrak horri buruzko zenbait argibide eman ditzake; izan ere, turismoaren gorakada izan zen «susperraldi» goraipatuaren gakoetako bat. Emmanuel Rodríguezek nahiko datu argigarriak erakusten ditu bere azken liburuan [14]: 2011. eta 2019. urteen arteko aldian, Espainiako Estatura joandako turista kopurua 56 milioitik 84,7 milioira igo zen, turismoagatiko diru-sarrerak % 67 igo ziren ordainketa-balantzan, eta, horrela, BPGari ia % 3 gehitu zion. «Bai, ongi», esango dute batzuek. Ongi norentzat? Batez ere ostalaritzaren, garraioaren eta errentarien sektoreko enpresarientzat. Azken horiek, 2008ko oldarraldiaren ondoren bigarren egoitzei eutsi, eta, animalia sarraskijale gisa, askok galdu zituzten ohiko etxebizitzez (milioika etxebizitza) prezio baxuan jabetuak ziren horiek, beren kartak jokatu zituzten Erabilera Turistikoko Etxebizitzen merkatuaren hedapenarekin. 2017. urtearen inguruan, ohiko 450.000 etxebizitza Erabilera Turistikoko Etxebizitza bihurtu ziren, 22 milioi turistarentzako ostatua ematen zuten eta 11.726 milioi euro sortu zituzten alokairu-errentetan, orduko BPGaren % 1 inguru. Horri faktore hauek gehitu behar dizkiogu: sektore proletarioen alokairu iraunkorraren eskaera handitu izana, haientzat etxebizitza sozialen parkerik ez egotea eta Airbnb bezalako aldi baterako alokairuko plataformak agertu izana. Guztiek batera, gaur egun denok ezagutzen dugun ekaitz perfektua eragin zuten: 2015. urtearen hasieratik 2019. urtearen erdialdera, alokairuaren prezioak % 50 igo ziren estatu osoan. Madrilgo erdigunean, Bartzelonan eta beste hiri handi batzuetan % 60ko eta % 70eko igoera gainditu zuten, eta igotzen jarraitzen dute. Bien bitartean, alokairu-errentak lortzen dituzten etxeen kopurua 2004an % 5 izatetik 2022an % 17,45 izatera igaro da [15], hau da, hirukoitza baino gehiago igo da bi hamarkada baino gutxiagoan. Estatistikaren Espainiako Institutuaren Bizi-baldintzei buruzko 2018ko Inkestan, Espainiako Estatuan alokairuan bizi ziren egoiliar guztiak kontuan hartuta, urteko alokairu-ordainketaren 18.602 milioi euroko zenbatekoa deklaratu zuten, eta hamar urte lehenago ez zen 10.000 milioi eurokoa besterik. Horrek, erabilera turistikorako etxebizitzen errentekin batera, Espainiako Estatu osoko BPGaren % 3 ekarri zuen berekin.
Krisi-garaian, erdi mailako klasea lan-merkatuak, finantza-sektoreak eta gastu publikoak tirokatzen dutenean, turismoa bilakatzen da atzera egiteko eremurik aproposena. Eta hor, erabilera turistikora bideratutako edo haren efektuagatik garestitutako ondasun higiezinek funtzio protagonista hartzen dute errentak erauzteko eragiketetan, proletalgotik klase ertainerantz. Horrek ondorio politiko eta sozial latzak ditu, jabe txikiaren figurak eta ideologia kontserbadoreak zentraltasun handia irabazten baitute.
Krisi-garaian, erdi mailako klasea lan-merkatuak, finantza-sektoreak eta gastu publikoak tirokatzen dutenean, turismoa bilakatzen da atzera egiteko eremurik aproposena. Eta hor, erabilera turistikora bideratutako edo haren efektuagatik garestitutako ondasun higiezinek funtzio protagonista hartzen dute errentak erauzteko eragiketetan
Esan daiteke turismoari esker erdi mailako klasearen zati handi batek onik ateratzea lortu duela. Baina, hala ere, egoerak ez ditu tentsioak eta mugak estali. Errentariek hala uste badute ere, euren irabaziak ez datoz zerutik, eta hala nahi badute ere, ezin dira mugarik gabe handitu. Alokairu-errenten oinarria etxebizitza jabetzan izateko aukerarik ez duten langile guztien soldatak dira, eta Espainiako Estatuan soldata horiek une honetan direnak dira [16]. Horrek horrela jarraitzen badu, alokairuak noizbait ordainezinak bihur daitezke milioika pertsonarentzat, lan-merkatuko gorabehera txikienaren aurrean. Turismoak dakartzan gentrifikazio-prozesuek ere ezin dituzte langile guztiak hiriguneetatik kanporatu besterik gabe. Izan ere, hondoratzetik ihes egiteko eskaintza turistikoa zabaltzen jarraitu nahi badute, non sartuko dituzte sektoreko milioika langileak? Nork prestatuko du janaria? Nork zerbitzatuko du? Nork garbituko du? Noiz arte?
ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK
(1) XIX. mendean zehar, higienismoak eragin esanguratsua izan zuen bainuetxeetako turismoaren garapenean. Arlo sozialeko eta medikuntzaren arloko mugimendu horrek higienearen eta osasun publikoaren garrantzia sustatu zuten. Bainuetxeen testuinguruan, higienismoak funtsezko rola izan zuen osasunari eta ongizateari dagokienez. Uste zuten bainuetxeek ingurune natural eta osasuntsua eskaintzen zutela ur mineralen eta aire puruaren bidez, eta sendatzeko eta gaztetzeko propietateak izan zitzaketela. Gorputzaren eta buruaren oreka lortzeko, ur termalak eta naturan murgiltzea onuragarriak zirela sinesten zuten. Oinazeren bat zutenei bainuetxeetara joatea gomendatzen zitzaien, tratamendu espezifikoa jaso zezaten. Hori horrela, higienismoak eragin nabarmena izan zuen XIX. mendeko bainuetxeen eskarian, azpiegituran eta zerbitzuetan; hala, bainuetxeek klase altuentzat sortutako zirkuitu turistikoen artean lehenbizikoetakoa osatu zuten.
(2) Reseña de los Establecimientos balnearios y Baños de mar situados en la provincias del Norte de España y el Mediodía de Francia, 1872. Madril. Aipamena Rafael Vallejo Pousadak, Elvira Lindoso-Tatok y Margarita Vilar-Rodríguezek egin zuten Los orígenes históricos del turista y del turismo en España: La demanda turística en el siglo xix lanean. Zientzia Ekonomikoen eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Ekonomia Analisiaren Oinarrien era Erakunde Ekonomikoen Historiaren Saila, Vigoko Unibertsitatea, Pontevedra.
(3) Turismoaren Munduko Erakundea. Panorama del turismo internacional. 2008ko edizioa. 1. or. unwto.org.
(4) Statista. Evolución de la aportación del sector turístico al PIB en el mundo de 2013 a 2022. (2022ko urriaren 6a). statista.com
(5) En España hay más de 1.266.000 piscinas, una por cada 37 habitantes. (2022ko abuztuaren 26a). elperiodico.com.
(6) López, Jorge Dioni (2021). La España de las piscinas. Cómo el urbanismo neoliberal ha conquistado España y transformado su mapa político. Bartzelona, Arpa & Alfil editores. 119.or.
(7) Turismoaren Munduko Erakundea. Nazioarteko turismoaren egoeraren eta TMEren turismo-datuen dashboarda. 2019ko edizioa. unwto.org.
(8) Sempere, Pablo (2019ko urriaren 21a). España ya tiene casi un millón de grandes fortunas. cincodias.elpais.com.
(9) World Inequality Lab. World Inequality Report 2022. Lucas Chancel, Thomas Piketty, Emmanuel Saez, Gabriel Zucman (Koord). 141-142. or.
(10) Madinabeitia, Mikel. (2023ko ekainaren 26a). La paga de más de 6.000 euros que cobran 45.000 vascos este mes. diariovasco.com
(11) GEDAR LANGILE KAZETA. Oporretara joan ezin den biztanleria EBko herrialdeen erdietan baino gehiagotan handitu da 2019tik (2022ko uztailaren 28a). gedar.eus
(12) Espainiako Estatistika Institutua, Bizi Baldintzei buruzko Inkesta 2022.
(13) European Trade Union Confederation. Low income leaves 35 million without holiday (2021eko abuztuaren 2a). etuc.org.
(14) Rodríguez, Emmanuel (2022). El efecto clase media. Crítica y crisis de la paz social. Madrid, Traficantes de Sueños. 285-296. or.
(15) Morales, Emilia G. & Sangiao, Sergio (2023ko apirilaren 25a). Vivir de las rentas: los hogares con ingresos por alquiler de propiedades crecen un 57,5% en diez años. publico.es
(16) Castillo, Jose (2022). Langile hipotekatuetatik langile pobreetara: soldaten historia Espainiako Estatuan. Arteka, 30. alea (2022ko uztaila).
BIBLIOGRAFIA
Carmona, Pablo (2022). La democracia de propietarios. Fondos de inversión, rentismo popular y lucha por la vivienda. Madril, Traficantes de Sueños.
Murray Mas, Ivan (2015). Capitalismo y turismo en España. Del “milagro económico” a la “gran crisis”. Bartzelona, Alba Sud.
López, Isidro & Rodríguez, Emmanuel (2010). Fin de ciclo: Financiarización, territorio y sociedad de propietarios en la onda larga del capitalismo hispano (1959-2010). Madril, Traficantes de Sueños.
López, Jorge Dioni (2021). La España de las piscinas. Cómo el urbanismo neoliberal ha conquistado España y transformado su mapa político. Bartzelona, Arpa editores.
López, Jorge Dioni (2023). El malestar de las ciudades. Privatización, turismo, vivienda, especulación, tráfico… Por qué es cada vez más difícil vivir en las ciudades. Bartzelona, Arpa editores.
Rodríguez, Emmanuel (2022). El efecto clase media. Crítica y crisis de la paz social. Madril, Traficantes de Sueños.
HEMEN ARGITARATUA