ARGAZKIA / Axier Nuñez & Iker Leon
Dani Askunze
@menderagabe
2024/12/03

Marxismoaz eta auzi nazionalaz hitz egitea polemika luze baten inguruan hitz egitea da; hain zuzen, marxismoaren baitan ez dagoelako gaiari buruzko teoria orokorrik, oinarrizko printzipio etiko batzuetatik haratago. Bertan agertzen da Lenin, nazioaz bere horretan teorizatzeko asmo kontenplatzailerik gabe; nazio auzia nagusiki politikoa da bere obran eta gaiari ematen dion trataerak bere profil militanteari buruzko topikoa berresten du: estratega zen teorikoa baino lehen. Hortaz, kontua zen politikoki eta justiziaz heltzea nazio auziari, eta iraultza sozialistarako estrategiaren baitan duen lekua aurkitzea.

Afera hau burgestzat jo da behin eta berriro. Hain zuzen ere, nazioaren kontzeptu modernoak eta nazionalismoak historikoki harreman zuzena izan dute kapitalismoaren garapenarekin eta burgesia klase dominante bihurtzearekin. Dena den, nazio auziaren jarraikortasunak gogorarazi digu afera hau ez dela kapitalismo goiztiarreko garaietara eta iraultza burgesetara mugatzen. Izan ere, sistema kapitalista globalizatuak ez ditu nazioak erabat desegiten –eraldatzen baditu ere–, erreproduzitu egiten baititu, eta, horiekin batera, baita auzi nazionala ere. Auzi horrek zentzu partzialki ezberdina hartzen du feudalismotik kapitalismorako trantsizioan, kapitalismotik sozialismorakoan, eta sozialismotik komunismorakoan.

Hain justu, nazioa gizarte burgesari dagokion gertakari historikoa da, berarekin batera jaio zena eta hilko dena. Eta burgesia klase dominantea den heinean, nazioaren gaineko hegemonia ere burgesa da. Nolanahi ere, nazioa poliklasista da konposizioz, bi klase handirekin, burgesia eta proletariotza; eta interklasista da edukiz, komunitate nazionalarekin. Baina komunitate hori ez da iruzurrezko plano ideologiko batean soilik garatzen, hori garrantzitsua bada ere; aitzitik, erabat erreala da, oinarri objektibo baten gainean eraikia: egitate nazionala da.

Horretan datza hain justu bere konplexutasun politikoa. Ez da proletariotzari edota burgesiari soilik eragiten dion auzi bat, biei eragiten diena baizik. Eta problematika interklasista bat den heinean, beharrezkoa da erantzun proletario bat artikulatzea, dominantea den burgesiarenetik bereizia eta azken horren eragina neutralizatuko duena. Erantzuna bereziki beharrezkoa da, nazioaz oro har ez ezik, nazioaren zapalkuntzaz bereziki hitz egiten dugunean. Hori kezka garrantzitsua izan zen 

Ez da proletariotzari edota burgesiari soilik eragiten dion auzi bat, biei eragiten diena baizik. Eta problematika interklasista bat den heinean, beharrezkoa da erantzun proletario bat artikulatzea, dominantea den burgesiarenetik bereizia eta azken horren eragina neutralizatuko duena

Leninentzat, errusiar handia zen aldetik, bazekielako beste herri bat zapaltzen duen herria ezin daitekeela aske izan. Aldi berean, proletariotza iraultzailearen batasun estrategiko eta organizatiboa eraikitzeko konpromisoa zuen, hark duen disolbatzeko joeraren aurka, Errusiar Inperioa bezalako testuinguru konplexu batean.

Beraz, zapalkuntza nazionalari eta nazionalismoari aurre egitea eta proletarioen klasearen batasunaren alde lan egitea izango ziren auzi honen inguruko politika leninista gidatuko zuten oinarriak. Abstrakzio hutsean kokatzetik urrun, konkretura eramango zuten auzi hau, programara, eta maila horretan eztabaidatu zuten bai eremu sozialistan eta baita boltxebikean ere, izan Kautskyrekin, Pilsudskirekin, Luxemburgekin, Bauerrekin, bundistekin, Trotskirekin, Bukharinekin edota Stalinekin.

AUZI PROGRAMATIKOA ETA ORGANIZATIBOA

Nazioarteko sozialdemokraziaren baitan, nazioen autodeterminazioa aldarri erretoriko eta abstraktu moduan planteatzen zen batez ere, adostasun erreal mugatua izanik eta eta operatibitate praktiko are txikiagoarekin. Egoera hori iraultzen saiatu ziren Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrataren 1903ko II. Biltzarrean –boltxebikeen eta mentxebikeen banaketagatik ezaguna–, programa bat osatuz, Leninen parte hartzearekin. Programa horretan[1] “ordena aurrekapitalistaren hondakin ugariak” nabarmentzen ziren, besteren artean, “proletarioen klase borrokaren garapena galarazten dutenak”, autokrazia zarista izanik “hondakin horien artean garrantzitsuena”. Testuinguru horretan, helburu behinena tsarismoa garaitzea eta bere ordez errepublika demokratiko bat ezartzea zen. Bertan, programako bederatzigarren puntua zen “Estatuaren lurraldean dauden nazio guztien autodeterminazio eskubidea”. Horrez gain, zortzigarrenak hizkuntza eskubide berdintasunari egiten zion erreferentzia, bai maila sozialean, bai hezkuntza mailan eta baita administrazio mailan ere. Modu horretan agertzen da autodeterminazio eskubidea, minimoen programan jasotzen den aldarri demokratiko gisa eta, hortaz, berehalako helburu moduan.

Erantzunak segituan iritsi ziren. Biltzarrean bertan, Pilsudskiren Poloniako Alderdi Sozialistako kideek alde egin zuten autodeterminazioari zegokion puntua ez zutelako onartzen, Poloniaren independentzia baldintzarik gabe eta posizio nazionalistetatik defendatzen zuten heinean. Bestalde, Bund-ak –Langile Judutarren Batasun Nagusiak– ere alde egin zuen, ez zuelako zentralismoaren printzipioa onartzen eta ez zituztelako proletariotza judua ordezkatzeko antolakunde bakartzat aitortzen.

Sozialdemokraziak, proletarioen alderdi gisa, nazio bakoitzeko proletarioen autodeterminazioari laguntzeko zeregin positiboa eta funtsezkoa planteatzen du, eta ez herri eta nazioen autodeterminazioari oro har laguntzekoa 

Leninek horrela erantzun zien poloniarrei, gerora ere hainbatetan egin bezala, autodeterminazio nazionalaren baldintzazkotasunaz eta proletariotzaren batasunarekin eta autodeterminazioarekin duen harremanaz: “determinazio askearen aldeko borroka baldintzarik gabe aitortzeak ez gaitu inola ere autodeterminazio nazionaleko edozein eskari babestera behartzen. Sozialdemokraziak, proletarioen alderdi gisa, nazio bakoitzeko proletarioen autodeterminazioari laguntzeko zeregin positiboa eta funtsezkoa planteatzen du, eta ez herri eta nazioen autodeterminazioari oro har laguntzekoa. Guk, beti eta baldintzarik gabe, nazio guztietako proletarioen arteko batasun ahalik eta estuena lortzeko joera izan behar dugu, eta kasu bakanetan eta salbuespen gisa bakarrik aurkez eta babes ditzakegu estatu berri bat eratzeko aldarrikapenak”[2]. Era berean, bundistei euren separatismoa eta alderdien federazio batek lekarkeen batasun eza aurpegiratu zien eta horien aurrean honako hau defendatu zuen: “zentralismo demokratikoaren beharra, autokraziak zapaldutako edozein herritako proletarioen borrokaren garaipena bermatzeko eta autokrazia horren zein gero eta batasun handiagoa duen nazioarteko burgesiaren aurka egiteko”. Egoera hori izanik, 1903an jada posizio argia zuen Leninek: nazioen autodeterminazio eskubidea defendatzea, ez banantzeari baldintzarik gabeko babesa defendatzea. Era berean, nazio zapaltzaileko eta zapalduko proletarioen batasuna, zentralismoaren printzipiopean.

1903an jada posizio argia zuen Leninek: nazioen autodeterminazio eskubidea defendatzea, ez banantzeari baldintzarik gabeko babesa defendatzea. Era berean, nazio zapaltzaileko eta zapalduko proletarioen batasuna, zentralismoaren printzipiopean

DEMOKRAZIA BITARTEKO ETA HELBURU GISA

Hurrengo urteetan, eztabaidarako ekarpen berriak agertuko dira eta, gerra inperialistara eramango duten gertakari historikoekin batera, ekarpen horiek eztabaidaren fase berri bat irekiko dute. Berriro ere, eztabaida hauetan posizio leninistak azalduko dira.

Austromarxisten eta bundisten aurrean, Lenin kritikoa izango da “kultura nazional” kontzeptuarekin, klase dominantearen kultura ordezkatzen baitu ezinbestean. Kontrara, “demokraziaren eta mundu mailako langile mugimenduaren nazioarteko kultura” izango da bere kontsigna, zeinak kultura nazional bakoitzetik “bere elementu demokratikoak eta sozialistak” soilik hartuko dituen, “kultura burgesarekiko eta nazio bakoitzeko nazionalismo burgesarekiko kontrakotasunean”[3]. Hortaz, marxismoa eta nazionalismoa bateraezinak izango dira.

Beste muturrean kokatuko dira Rosa Luxemburg eta bere aldekoak, posizio internazionalistak baina autodeterminazio eskubidearen aurkakoak defendatuz. Leninek frogatuko du nola, Europako mugen errealitate aldakorrarekin, gezurtatuta geratzen den berari akusatzen zioten utopismoa. Bestalde, planteamendu horrek zapalkuntza nazionalarekin duen lotura salatuko du, nazioei independentzia politikoa ukatzen baitie, kapitalismoaren baitan euren independentzia ekonomikoa ezinezkoa dela arrazoituz eta, modu horretara, biak nahasiz[4].

Autodeterminazioa eta gainerako aldarrikapen politiko-demokratikoak –abstraktuki, behintzat, burgesak direnak– gauzaezinak izateari dagokionez, Leninek naturaltasunez aitortzen du berehalakoan soilik modu bukatugabean gauza daitezkeela. Horretan datza, hain zuzen, haien interesa, ezinbestekoa baita “eskaera hauek modu iraultzaile batean adierazi eta praktikara eramatea, ez modu erreformistan”[5]. Hala, batetik, autodeterminazioaren aldarriak funtzio pedagogiko bat betetzen du, proletarioak elkarrekin modu solidarioan batzeko –hau da, nazio zapaltzailetik modu askean bereiztea eta nazio zapalduaren barnean modu askean batzea–. Baina, batez ere, funtzio iraultzaile bat beteko du, eskaera demokratikoaren defentsa botere burgesaren oinarrien kontra bideratzekoa. Adimen iraultzaile hori Leninen ekarpen onenetakoa izango da, ageri diren kontraesanak azken helburuarekin lotzeko zuen gaitasun bereizgarri horren bidez. Zentzu horretan, baieztatuko du “iraultza sozial purua espero duenak ez duela sekula halakorik ikusiko”[6].

SOZIALISMOAREN ERAIKUNTZA ETA HEDAPENA

Boltxebikeek boterea hartzean izan zituzten erronka eta zailtasun guztien artean, nazio auzia ere egon zen. Zentzu horretan, nazioen autodeterminazio eskubidea puntu programatiko bat izateaz gain, sobietar botere berriaren oinarrietako bat ere izan zen[7] eta berehala jarri zen praktikan. Garai hartan sortu ziren problematika praktiko konplexuei erreparatu gabe, berriro ere eztabaida sortu zuten bi puntu ikusiko ditugu. Mundu mailako iraultza proletarioaren beharretatik abiatuta egin zien aurre biei Leninek, sobietar botere berria berehalako hedapen betean baitzegoen oraindik.

Lehenik eta behin, berriro ere eztabaidagai jarri zen ea autodeterminazio eskubideak nazioei egin behar zien erreferentzia –burgesia barne hartuta–, edota soilik langileei. Leninek Bukharinen aurrean ironiaz aipatu zuen langile klasearen autodeterminazio eskubidea aitortzeak esan nahi zuela “Errusian izan ezik beste inongo herrialdetan lortu ez dena aitortzea”[8]. Hau da, langileek boterea hartu ez zuten lekuetan ez zuela zentzurik eta hain zuzen ere horregatik zentzua zuela autodeterminazio nazionala aldarrikatzen jarraitzeak, nazionalismoa neutralizatzeko eta nazio bakoitzeko burgesiaren eta proletariotzaren arteko desberdintzea eta polarizazioa errazteko. Hots, nazioen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea langileen autodeterminazioa aldarrikatzeko aurretiazko eta ezinbesteko urrats bat zela, azken hori herrialde bakoitzean garapen maila oso ezberdinak dituen prozesu konplexu bat baita eta ezin baita dekretatu. Bestela, “programa bat baino gehiago proklama bat izango da”, hain justu programaren funtzioa eta erabilgarritasuna “errealitatea zehaztasun osoz islatzea” denean Leninentzat. 

Mendebaldean boterea azkar hartzeko aukerak epe luzerako ixten ari zirela zirudienez, hedapen iraultzailerako aukerak ekialdera zabaldu ziren. Testuinguru honetan gertatu zen boltxebikeen arteko bigarren eztabaida, Georgiako Alderdi Komunistak Transkaukasiako Sobietar Errepublika Federatibo Sozialista bakar batean disolbatzeari uko egin zionean. Gaixotu aurretik bidalitako azken gutunean[9] ikus daitekeenez, Leninek Dzerzhinskiri eta Stalini aurre egin zien, sozialismoa eraikitzeko prozesuan modu arriskutsuan erreproduzitzen jarraitzen zen nazio zapalkuntzari aurre egiteak zeukan garrantzia azpimarratuz eta ohartaraziz nazio zapaltzailearen internazionalismoa ezin zela mugatu ezerezean geratuko zen berdintasun formal batean gotortzera, baizik eta benetako desberdintasun hori aktiboki konpondu behar zuela, nazio zapalduak arreta handiz tratatuz, proletarioen arteko konfidantza berreskuratu zedin. Gainera, Alderdiaren izen onaren babespean eta sortu berri zen SESB batetik egiten zuen hori, zeina oraindik ere errepublika berriak batzeko irekia zegoen eta, proletarioen aberri modura, ezin zuen bere burua jarrera zapaltzaileek zikintzea onartu. Hori guztia nazioarteko klabean pentsatuz eta Internazional Komunistaren fokua ekialdeko herriek inperialismoaren aurkako borroka irabaztean ezarrita zegoenean, mundu mailako iraultza lortzera bidean.

(...) nazio zapaltzailearen internazionalismoa ezin da mugatu ezerezean geratuko zen berdintasun formal batean gotortzera, baizik eta benetako desberdintasun hori aktiboki konpondu behar du, nazio zapalduak arreta handiz tratatuz, proletarioen arteko konfiantza berreskuratu dadin

GAKO POLITIKOAK

Bere lan teoriko eta praktikoen bidez, Leninek zenbait gako utzi zizkigun nazio auziaz zuen ikuskeraren inguruan:

Ideologikoki, nazio zapalkuntza tinko borrokatzeko kezka berezi bat adierazi zuen, eta, txanponaren beste aldea, proletariotzaren independentzia politikoaren defentsa, nazionalismo ororen aurka. Estrategikoki, nazioen arteko berdintasuna eta langileen arteko konfidantza premisa bezala ezartzea defendatu zuen, proletariotza nazioarteko klase moduan batzeko. Organizatiboki, zentralismoaren printzipioaren baitan gauzatzen den proletarioen batasuna aldarrikatu zuen. Eta, taktikoki, bere garrantzia ukatzen duen edo distraktore huts gisa ikusten duen nihilismo nazionalaren aurrean, nazionalismoa neutralizatzea eta nazio auzia sistemaren krisi politikoan sakontzeko faktore objektibo gisa hartzea defendatu zuen, proletarioek iraultza sozialistaren alde egiteko behar bezala aprobetxatu behar dutena.

(...) nihilismo nazionalaren aurrean, nazionalismoa neutralizatzea eta nazio auzia sistemaren krisi politikoan sakontzeko faktore objektibo gisa hartzea defendatu zuen, proletarioek iraultza sozialistaren alde egiteko behar bezala aprobetxatu behar dutena

Hori guztia nazioen autodeterminazio eskubidearen aldarri leninista ospetsuan laburtzen da. Hain justu, azaldutakoaren haritik, horrek modu honetan hartu behar du zentzua: 1) programa komunistara azpiratutako aldarri demokratikoa; 2) banantzeko eskubidea baldintzarik gabe aitortzen duen aldarrikapen negatiboa, baina eskubide hori klase borrokaren behar orokorren arabera erabiltzea eskatzen duena, eta 3) nazioen arteko berdintasuna lortzeko ezinbestekoa den faktorea, oinarri internazionalisten gainean proletariotzaren batasun positiboa eratzen lagunduko duena eta helburu izango duena nazioak fusionatzen dituen unitate nagusi bat sortzea, gizarte komunista batek egina.

BIBLIOGRAFIA

[1] (1903) Programa del POSDR (adoptado por el II Congreso del Partido).

[2] Lenin, V.I. (1903). El problema nacional en nuestro programa. Lan hautatuak, II. liburukia (1902-1905). 117-120 or.

[3] Lenin, V.I. (1913). Notas críticas sobre la cuestión nacional. 21-53 or.

[4] Lenin, V. I. (1914). El derecho de las naciones a la autodeterminación.

[5] Lenin, V.I. (1916). La revolución socialista y el derecho de las naciones a la autodeterminación131-146 or.

[6] Lenin, V.I. (1916). Balance de la discusión sobre la autodeterminación. Lan hautatuak, VI. liburukia (1916-1917). 10-27 or.

[7] (1917) Declaración de Derechos de los Pueblos de Rusia

[8] (1919) VIII Congreso del Partido Comunista de Rusia (bolchevique). 22-26 or.

[9] Lenin, V.I. (1922). Contribución al problema de las naciones o sobre la autonomización. Lan hautatuak, XII. liburukia (1912-1923). 153-155 or.

EZ DAGO IRUZKINIK