1984an idatzitako paragrafo zirraragarri batean, handik aurrera bere bizitza gidatuko zuen eskema politikoa zirriborratu zuen Leninek. Hau esaten zuen: “Abangoardiaren haren ordezkariek sozialismo zientifikoaren ideiak barneratzen dituztenean, langile errusiarren rol historikoaren ideia barneratzen dutenean, eta ideia horiek luze eta zabal hedatu eta langileen artean antolakunde sendoak sortzen direnean, zeinek langileen gaur eguneko gerra ekonomiko noizbehinkakoa klase borroka kontziente bihurtuko duten, une horretan, langile errusiarra elementu demokratiko guztien buru jarriko da, absolutismoa eraitsiko du eta Errusiako proletariotza (herrialde guztietako proletariotza ondoan duela), borroka politiko irekiaren bidetik, iraultza komunista garailera gidatuko du”[1].
Aurreko hamarkadetan, Errusiako intelektualtasun erradikalak sekulako buru-hausteak izan zituen autokrazia tsarista gorrotatua eraisteko gai izango zen estrategia baten bila; izan ere, autokrazia horrek Europako erregimenik despotiko eta basatiena bilakatzen zuen Errusia. 1789 eta 1848tik zetozen haizeek gogor jotzen zuten.
Teoriak eta populismoaren praktikak markatu zituzten hasierako urrats haiek; populismoa, hain zuzen ere, hiru premisa hauen gainean eraikitako doktrina berezia da: 1) Errusia artean ez zen herrialde kapitalista, baizik eta feudala, nekazaritza nagusiki komunitarioak eutsia. 2) Oinarrian zegoen ekoizpen komunitario hori ekonomia sozialista berri baten zimendu izan zitekeen, eta horrek Errusia libratuko zuen garapen kapitalistaren esperientzia bihurgunetsutik, betiere nekazariek –herrialdeko klase nagusia– beren kateak apurtu eta autokrazia tsarista suntsitzen bazuten. 3) Intelektualek nekazari ezjakinak gidatu behar zituzten prozesu horretan, eta, horretarako, haien kontzientziak goratu behar zituzten, besteak beste, erregimenaren ordezkari gorrotatuen aurkako eraso terroristak eginez.
Leninek gertu-gertutik bizi izan zituen doktrina populistaren mugak; haren anaia bera exekutatu egin zuten tsarraren aurka porrot egin zuen atentatu batean parte hartzeagatik. Vladimir Ilitx gazteak muga horiek gainditzeko egin zuen bat marxismoarekin, emantzipazioaren aldeko borroka oinarri sendoago baten gainean eraikitze aldera. Gorago zirriborratu den emantzipazioaren narratiba, hain zuzen ere, marxismoak eskaintzen zuen hori zen, une hartan Europa osoan garatzen ari ziren alderdi sozialista handietan gorpuzten zena.
Bere planteamendua funtsatzerakoan, sistematikoa izan zen Lenin[2]. Lehenik eta behin, kartsuki ikasitako teoria eta politika marxista modu kementsuan defendatu zituen, eta Errusiaren testuinguruan balioa zutela erakutsi zuen[3]. Politika proletario batez ordeztu behar zen abenturazalekeria terrorista; gutxiengo konspiratzaileak benetako alderdi batez; nekazarien idealizazioa proletariotzaren antolakuntzaz; landa-eremuko sozialismo baten ametsak demokraziaren aldeko borroka iraultzaileaz. Bost urte geroago, zehaztasun osoz frogatu zuen Errusia ordurako herrialde kapitalista bat zela; horrek bertan behera uzten zituen populismoaren ilusio utopikoak[4]. Zer egin? lanean, alderdi proletario baten beharra justifikatu zuen, eta plan bat proposatu artean sakabanatuta zegoen Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata langile klasearen benetako alderdi iraultzaile bilakatzeko. Bidean, Errusia atzeraturako bideragarria zen estrategia iraultzaile bat prestatzeko lanetan parte hartu zuen. Handik gutxira, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata banatu egin zen estrategia horren aldekoetan (boltxebikeak) eta kontrakoetan (mentxebikeak), eta banaketa horrek errepikatu egiten zuen sozialdemokraziaren nazioarteko banaketa: hegal marxista iraultzailea eta hegal oportunista.
Joan gaitezen urratsez urrats. Populismotik marxismora igarotzeko, beharrezkoa zen nekazarien ordez proletarioak kokatzea prozesu iraultzailearen eragile zentral gisa. Alabaina, horrek ezin zuen funtsezkoa zen alderdi hau ezkutatu: Errusiako biztanleen gehienak, alde handiz, nekazariak ziren. Gainera, gehiengo esplotatu eta zapaldua zen, lurjabe klaseak azpiratua, zeinak Estatu tsarista zuen bere menderakuntzaren bermatzaile nagusi. Sinpleki esateko, nekazaririk gabe, ezinezkoa zen iraultza, edo ez behintzat hamarkada ugari igaro arte[5]. Hain zuzen ere hegemoniaren kontzeptua hor sartzen da aurrean dugun agertoki horretan.
“Hegemonia”, labur esateko, gidaritza politiko eta morala gauzatzeko gaitasuna da. Lenini interesatzen zaion gidaritza mota klase gidaritza da, hau da, proletariotzak duen gaitasuna autokraziaren aurkako borrokan garaipena lortzeko prozesuan nekazariak gidatzeko.
Marxismoaren bitartez, proletariotzan abangoardia klase bat ikusten ikasi zuen Leninek, bai eta abangoardia horrek antolakuntza politiko eta sozialerako ohiz kanpoko gaitasun historikoak zituela ere. Klase menderakuntzaren antagonista objektiboa izanik –jabetza oro ukatu baitzaio–, proletariotza zen bere menderakuntza gainditzeko borroka gidatu zezakeen klase bakarra. Komunistek lortzen bazuten proletariotzak bere zeregin historikoaren kontzientzia hartzea, geldiezina izango zen haien indarra, eta horrek prozesu bat irekiko zuen, nekazariak arrastatuko zituena, tsarismoa suntsitu, eta, hala, klase gizartearen behin betiko suntsipenari atea zabaltzeko.
Premisa horietatik abiatuta, Leninek oinarrizko eskema bat diseinatu zuen: alderdiak proletariotza gidatuko du, eta hark herri osoa gidatuko du tsarismoaren aurkako borrokan; izan ere, tsarismoaren suntsipenak proletariotzaren borroka beste fase batera eramateko oinarriak ezarriko ditu[6]. Proletariotzaren rola, bere alderdia buru duelarik, zapaldu eta esplotatu guztiak bere gidaritza inspiratzailearen pean batzea eta tsarismoa suntsitzea da, gizarte sozialista bat eraikitzeko tarteko pauso gisa.
Alderdiak proletariotza gidatuko du, eta hark herri osoa gidatuko du tsarismoaren aurkako borrokan; izan ere, tsarismoaren suntsipenak proletariotzaren borroka beste fase batera eramateko oinarriak ezarriko ditu
Proletariotzari misio askatzaile handi hori kendu eta rol azpiratu eta estu batera mugatu nahi zuten horien kontrako adierazpen bat izan zen ekonomistekin izandako polemika. Leninen iritziz, proletariotzaren “klase ikuspegia” ezin zen identifikatu langile talde baten edo bestearen epe motzeko interes ekonomikoen gaineko ikuspegi doilor eta epe laburreko batekin[7]. Kontrara, klase guztien arteko harremanak eta borroka gizartearen osotasunean ikusteko aukera da ikuspegi hori, kontziente izanik proletariotzaren emantzipazioa bat datorrela gizadi osoaren emantzipazioarekin. Errusiako testuinguruan, proletariotzaren klase ikuspegia ezartzen zuena ez zen sektore batzuen interes isolatuen aldeko borroka, baizik eta tsarismoaren tiraniaren aurkako guda orokorra, zapaldu guztien buru jarririk, haiek garaipenera gidatzeko.
Leninen iritziz, proletariotzaren “klase ikuspegia” ezin zen identifikatu langile talde baten edo bestearen epe motzeko interes ekonomikoen gaineko ikuspegi doilor eta epe laburreko batekin. Kontrara, gizartea osotasunean ikusteko aukera, klase guztien arteko harremanak eta borroka ikusteko aukera da ikuspegi hori, kontziente izanik proletariotzaren emantzipazioa bat datorrela gizadi osoaren emantzipazioarekin
Hori da, haren esanahirik oinarrizkoenean, Lars Lih autoreak “hegemoniaren agertoki” izendatu duena[8]. Agertoki horretan gertatu zen lehen drama autokraziaren amaiera ekarri zuen iraultza demokratikoa izan zen. Iraultza horrek, bere aldetik, parez pare ireki zizkion ateak sozialismoaren aldeko borrokari.
Boltxebikeen eta mentxebikeen arteko desberdintasunak orain arte aipatu diren puntu batzuen inguruan marrazten dira. Azken finean, dena ebazten da gidaritzaren, hau da, hegemoniaren auziaren bitartez; honako galdera honen inguruan mugitzen da dena: nork gidatuko du iraultza demokratikoa? Galdera horren azpian, prozesu iraultzaile sozialistaren osotasuna ulertzeko moduari eragiten dion dilema estrategiko sakon bat ezkutatzen da. Berehalakoan, iraultza demokratikoa nork gidatu, hark izango du boterea iraultza burutu denean. Eta boterea noren esku egon, hark zehaztuko du iraultzak zer erregimen motari emango dion bide.
Hautua modu errazean plantea daiteke: mentxebikeek burgesiari esleitzen zioten gidaritza rola; boltxebikeek, aldiz, proletariotzari. Eztabaida horrek lotura zuzena zuen nazioarteko sozialdemokrazia banatzen zuten barne antagonismoekin.
Sozialdemokraziaren hegal oportunistak burgesiari kredentzialak ematen jarraitzen zuen; oportunisten arabera, burgesia objektiboki gobernu autokratikoen kontra zegoen klase bat zen, eta boterea herriari emango zioten erregimenak eraikitzea helburu zuen. Haiek gaituko zuten, hainbat urte luzetako garapenaren ondoren, proletariotzaren garaipen baketsua. Arrazoiketa hori sinplea bezain iruzurtia da: burgesiak demokraziak eraikitzen baditu eta demokraziak herriak gobernatutako erregimenak badira, proletariotzak boterea konkistatu ahalko du garapen kapitalistak biztanleriaren gehiengo bihurtzen duenean. Hala, burgesia proletariotzaren aliatu estrategikoa da. Momentuz, proletariotza burgesiari subordinatuta egon beharko da, haren bulkada demokratikoak babestu eta haren esku utzi autokrazia suntsituko duen prozesuaren gidaritza. Behin prozesu hori gauzatuta, gobernu burgesaren garai luze bat has liteke eta, garai horretan, proletariotza oposizioan egongo litzateke edo, bestela, gobernuaren buru den burgesiaren bazkide txiki izango litzateke, helburu izanik eskubideak areagotzea eta ordena liberal-burgesa haren etsai erreakzionarioetatik babestea. Ziur irakurleari ezagun zaiola melodia hori: oportunistek 100 urte baino gehiago daramatzate hura kantatzen.
Hegal iraultzaileak ez zuen onartzen planteamendu hori. Haren iritziz, burgesiak inoiz kredentzial demokratikoak izan bazituen, aspaldi zen haiek galdu zituela. Historian, proletariotza jabetza iraultzera bideratutako klase independente gisa altxatu zen unean, burgesiak bertan behera utzi zuen gurari iraultzaile oro, existitzen ziren gobernuen besoetara salto egiteko. Une horretatik aurrera, proletariotza izan zen sendoki demokratikoa eta iraultzailea zen klase bakarra[9]. Independentzia politiko huts-hutsetik bakarrik, estatuaren eta gainerako alderdi burgesen aurkako klase borrokaren taktika zaharretik bakarrik erdiets zitzakeen proletariotzak bere helburuak. Noski, helbururik garrantzitsuena, erabakimen osoz bilatu behar zuen helburua, botere politikoaren konkista zen; alegia, burgesiaren aurkako borroka gorena gizartearen gaineko gidaritza eskuratzeko.
Boltxebikeak, Lenin buru zutela, gai izan ziren azken ulermen esparru hori Errusiako testuingurura egokitzeko, non autokrazia oraindik suntsitu gabe zegoen eta, are, burgesia autokrazia horren defendatzaile onena eta fidelena izan zen. Mentxebikeek burgesia errusiar koldar eta ahulari entregatu nahi zioten iraultza demokratikoaren gidaritza, nahiz eta burgesia oso eroso bizi tsarismoaren hegoaren babesean, zeinak jabetza eta ordena sutsuki defendatzen zituen. Ondorioz, iraultzaren ondorenerako proiektatzen zuten agertokia errepublika burges baten eraikuntza zen, zeinetan proletariotzak, definizioz, rol subordinatua izango zuen eta botere politikoa klase kapitalistaren esku geldituko zen. Horixe da mentxebikeen etapismo ospetsua, zeinak iraultza sozialista etorkizun urrun batera atzeratzen duen eta orainaldian boterea burgesiari ematen dion.
Boltxebikeen agertokia bestelakoa zen. Iraultza boltxebikearen gidaritza proletariotzaren esku baizik ezin zen egon, eta hortik eratorritako erregimena ez zen Frantzian, Ingalaterran edo Alemanian existitzen zen estiloko estatu ordena burges bat[10], baizik eta errepublika demokratikoa, zeinetan botere politikoa proletarioen eta nekazarien aliantzaren esku egongo zen[11]. Leninek agertoki horri “proletarioen eta nekazarien diktadura demokratikoa” deitu zion, eta hegemoniaren eskemako funtsezko elementua da. Aldi berean, hori ikuspegi sakonki internazionalista baten barruan txertatuta zegoen; izan ere, Leninek bazekien iraultzak ezin zuela berehala sozialismoa ekarri Errusia atzeratu batera: oinarri ekonomiko burgesetan oinarritu beharko zen proletarioen eta nekazarien gobernua. Hala ere, Errusiako ereduak Europako beste herrialde batzuk –herrialde oso aurreratuak– inspiratzen bazituen iraultza sozialista gauzatzera, Errusiako proletarioek botere politikoa Errusia bera sozialismoaren norabidean bultzatzeko erabili ahalko zuketen[12].
Nahiz eta Leninek gartsuki azpimarratu nekazarien potentzia iraultzailea, bazekien bere eskemak ahultasun bat zuela. Nekazariak klase jabeduna dira; proletarioak, berriz, klase desjabetua dira, eta, ondorioz, modu objektiboan jabetzarekiko aurrez aurre daude. Ezin da sozialismoa eraiki nekazaritzako ekoizpen txikiaren oinarriaren gainean.
Ondorioz, Lenin jabetzen zen “nekazarien eta proletarioen diktadura demokratikoa” kontzeptuak berezko ahultasun bat zuela. Azken finean, garatutako Europan zehar iraultzak zuen hedapenaren mende zegoen guztia. Bestela, Errusiako atzerapen ekonomikoak botere proletarioaren forma oro irentsiko zuen azkenean, eta boterea burgesiari edo gobernu autokratikoko beste forma bati itzuliko.
Zenbait mitoren arabera, Leninek agerkunde bat izan zuen 1917an, eta, haren ondorioz, bere aurreko planteamendu guztiak bertan behera utzi zituen, magikoki errebelatu zitzaion sinesbide berri baten alde. Narratiba hori faltsua eta interesatua da: esentzian, jarraitutasuna dago Leninen ikuspegian, eta desberdintasunak koiunturan izandako aldaketen eraginezkoak dira.
Hauek dira desberdintasun nagusiak: 1) 1917an baldintza objektiboek berehala posible egiten zutela 1905ean epe ertainerako apustu huts zen hori, hau da, iraultza proletarioa Europa osora zabaltzea; ondorioz, egitate horrek eta Errusiak orduko hartan baino garapen industrial handiagoa lortu izanak mahai gainean jartzen zuten sozialismorako trantsizioaren auzia; eta 2) Sobietak orokortzeak botere bikoitzeko egoera bat sortu zuen, eta horrek Estatu proletario berri bat sortzeko oinarria ezartzen zuen, konponbide konkretu eta ukigarria emanez haren forma politikoen auzi arantzatsuari.
Edonola ere, 1917an, Lenin ortodoxoa izan zen: Otsaileko Iraultzatik sortu zena gobernu burgesa zen eta, Gobernu horren aurrean, alderdi proletarioak oposizio jarrera bat hartu behar zuen, haren garapen iraultzailea lortzeko helburuz. Otsailaren ondoren etorri ziren hilabete zorabiagarrietan, boltxebikeak jo eta su aritu ziren mezu hori sobieten artean zabaltzeko lanean, azkenean gehiengoa irabaztea lortu zuten arte. “Botere guztia sobietentzat” kontsignaren azpian proletarioen eta nekazarien diktadurarako programa oso bat zegoen, eta horregatik ezarri zen nekazariei lurrak ematea. Neurri hori ez zen neurri sozialista bat, baina bai beharrezko neurri bat “hegemoniaren agertokiak” arrakasta izango zuela bermatzeko.
“Botere guztia sobietentzat” kontsignaren azpian proletarioen eta nekazarien diktadurarako programa oso bat zegoen
Otsail Gorrian gauzatu zen boterearen konkista hori langileen eta nekazarien arteko aliantza horren izenean gertatu zen, zeina hegemonia proletarioaren pean baitzegoen. Funtsean, apustu taktiko bat izan zen, iraultza Europa osoan zehar hedatuko zelako ustearen gainean eraikia.
Naturala denez, Europako iraultzaren porrotak hankaz gora jarri zuen, modu erabakigarrian, agertoki hori. Brest-Litovskeko itunarekin, Gobernu Sobietarrak gehiengoa galdu zuen: sozialiraultzaileak –Lenin buru zuen lehen gobernua osatu zuten nekazarien ordezkariak– Estatu Sobietarraren etsai bilakatu ziren. Handik gutxira, potentzia inperialista nagusiek babestutako gerra zibil batek Errusia suntsitu zuen. Bizirauteko borroka agoniko batera behartuta, zeinetan porrotak sarraski masibo bat ekarriko zuen –Finlandiako eskualde batzuetan, tropa “zuriek” hiru langiletik bat erail zuten–, boltxebikeek estatu aparatu burokratiko bat berreraiki behar izan zuten, gehiengo langile eta nekazariaren gainean eraikia eta kasu askotan ofizial tsarista ohiek kudeatua. Alderdia, azkenean, estatu aparatu horrekin fusionatu zen, zeina orain kontrolatzen saiatu behar baitzen. Burokratizazioa modu esponentzialean bizkortu zen. Alderdia militarizatu eta bunkerizatu egin zen. Gerra-ekonomia zorrotza inposatu zen, eta nekazariak gogortasunez menderatu behar izan ziren.
Azkenik, balentria gogoangarrien eta sufrimendu ikaragarriaren ondoren, bando gorriak gerra zibilean garaile izatea lortu zuen. Lorpen ia sinetsezina izan zen: historian oso gutxi pareka daitezke harekin. Hala ere, lorpen hartatik jaio zen estatu forman, alderdiak diktadore kolektibo gisa funtzionatzen zuen, proletariotza murriztuaren eta nekazari masa erraldoi baten gainean altxatzen zen aparatu burokratiko batek sostengatuta, goseak eta heriotzak sarraskitutako herrialde batean. Europako iraultzak, aldiz, laster utzi zion berehalako zereginen agendan egoteari. Lur ezezagunetarako bidaia luze baten hasiera zen. Aurreko neurri horiek guztiak behar gorriak bultzatuta ezarri ziren, eta ez ziren, inolaz ere, boltxebikeen hasierako planaren parte. Neurri horien epe luzeko ondorioek, ordea, XX. mendeko komunismoaren patua erabaki zuten.
Azken urteetan, Leninek, bere bizitzan lehen aldiz, teoria marxistak aurreikusi gabeko esparru batean ikusi zuen bere burua: alderdi proletario batek boterea konkistatu zuen eta berak bakarrik zerabilen botere hori; bide horretan, alderdiak eraldaketa sakona jasan zuen, herrialde atzeratu eta ekonomikoki zein politikoki isolatu batean, proletariotza sarraskitu batekin eta berreraiki berria zen estatu aparatu burokratiko batekin. “Estatu proletario” hori ez zetorren bat Leninek berak Estatua eta Iraultza lanean deskribatutakoarekin. Herrialde isolatu, pobre eta nekazari batean sozialismoaren bidean aurrera egiteko beharra zegoen, jakinik zeregin hori nahitaez nazioartekoa zela.
Gerraren ondoren, Politika Ekonomiko Berria zeritzonak oinarri berria ezarri nahi izan zuen langileen eta nekazarien arteko aliantza zaharra suspertzeko, alde batera utzirik gerra-komunismoaren gordintasuna, laboreen konfiskazio behartua eta abar. Nekazariak bortxaz desjabetzea delirio politikoa zen Leninen begietan, bai eta gainerako marxista klasikoen begietan ere. Haren esperantza etorkizuneko mundu mailako iraultzaren esperoan egon eta botere sobietarra mantentzea zen; aliantza egin nahi zuen nekazariekin, uste izanik desjabetutako industria handiaren gainean eraikitako garapen ekonomikoak berak ezabatuko zituela jabetza txikiaren oinarriak eta demostratuko ziela nekazariei hobea zela ekoizpen kooperatiboa.
Leninen azken testuetan, ezaugarri zuen kemena ordura arte ikusi gabeko beste elementu batekin konbinatuta ikusten dugu: haren kontroletik at zeuden indarrak askatu izanaren nolabaiteko kontzientzia. Atzera begiratuz, dimentsio tragikoa hauteman dezakegu burokratizazioari aurre egiteko gauzatu zituen azken saiakeretan. Lenin hil ondoren, iraultza gero eta modu handiagoan lerratu zen beste norabide batean, 1917an boltxebikeek boterea bereganatu zutenean buruan zuten ideiaren oso bestelakoan.
Hirugarren Internazionalak, ordea, hasiera batean bultzatzen saiatu zen hegemonia boltxebikearen agertokia laster ordeztu zuen burgesiaren sektore “progresistekin” aliantzak egiteko politika batekin. Hortxe mentxebikeen mendeku berantiarra, mentxebikeak aurkarien arropaz jantzita itzuli zirenekoa[13].
KODA
Estatu kapitalista aurreratuetan, Leninek ezagutzen zuen “nekazari-klasea” ia desagertuta dagoen klasea da gaur egin. Lehen sektoreak biztanleriaren % 5 ingururi baino ez dio lana ematean eta, oro har, nekazariak ez dira nagusiki biziraupenera bideratutako ekoizpenean aritzen diren ekoizle txikiak. Horretan ere denborak arrazoia eman dio marxismoari, hark esaten baitzuen garapen ekonomikoak nekazaritzako ekoizle txikien desagerpena bultzatuko zuela. Nekazarien eta sozialismoak XX. mendean zuen patuaren arteko loturaren historia oraindik ere idazteke dago.
Ikuspegi iraultzaile batetik begiratuta klase aliantza oro onargarria da bakarrik eta soilik proletariotzaren gidaritzapean, hori baita aurrerapenaren klase bakarra. Bigarrenik, Leninek azpimarratzen du proletariotzak, alderdi batean antolatuta, zapalduen masa osoari egin behar diola bultza (...). Hirugarrenik, aspaldi ahanzturan gelditu zen zerbait gogorarazten digu: subjektu politiko independente gisa eratuta proletariotzak gidaritzarako duen gaitasun txundigarria
Hala ere, boltxebikeen hegemonia-kontzeptuak barne hartzen zuen irakaspenik orokorrenak balioa izaten jarraitzen du. Lehenik eta behin, adierazten du ikuspegi iraultzaile batetik begiratuta klase aliantza oro onargarria dela bakarrik eta soilik proletariotzaren gidaritzapean, hori baita aurrerapenaren klase bakarra. Bigarrenik, Leninek azpimarratzen du proletariotzak, alderdi batean antolatuta, zapalduen masa osoari egin behar diola bultza, iraultza garaile atera dadin beharrezkoa den gehiengoa lortzeko. Hirugarrenik, aspaldi ahanzturan gelditu zen zerbait gogorarazten digu: subjektu politiko independente gisa eratuta proletariotzak gidaritzarako duen gaitasun txundigarria. Gutxik adierazi dute hori Zinoviev-ek bezain modu indartsuan. Zinoviev Leninen kamarada zaharrak, ekonomizistek sardonikoki galdetu ziotenean ea haren iritziz mesias bat ote zen proletariotza, hauxe erantzun zuen lasaitasunez:
“Mesiasak eta mesianismoa ez dira gure hizkuntzaren parte eta ez ditugu hitz horiek gustuko, baina onartzen dugu barne hartzen duten kontzeptua. Bai, proletariotza nolabait mesias bat da eta haren rola mesianikoa da; izan ere, mundu osoa askatuko duen klasea da. Langileek ez dute galtzeko ezer beren kateez harago; beren lan indarra saltzen dute eta mundu hau oinarri berri batzuen gainean eraikitzeko interesa duten klase bakarra dira. Gainera, gai dira nekazariak burgesiaren aurka gidatzeko. Saihestu egiten ditugu Mesias eta mesianismo gisako termino semimistikoak, eta nahiago dugu termino zientifikoa: proletariotza hegemonikoa[14].
OHARRAK ETA ERREFERENTZIAK
[1] Lenin, Vladimir. Quiénes son los ‘amigos del pueblo’ y cómo luchan contra los socialdemócratas, Ediciones en Lenguas Extranjeras, Pekín, 1978, 229. or. Aipuaren letra larriak testu horretan bezala mantendu dira.
[2] Ikus Harding, Neil. Lenin´s Political Thought: Theory and Practice in the Democratic and Socialist Revolutions, Harmarket Books, Chicago, 2009.
[3] Lenin, Vladimir. Quiénes son…
[4] Lenin, Vladimir, El desarrollo del capitalismo en Rusia, Marxist.org, 1899. Analisi ekonomiko marxistaren maisulana, bidegabeki ahaztua. Marxek Errusiari buruz idatzitako testu osatu gabeekiko obsesioak eta Leninen obra honekiko arbuioak (nahiz eta nabarmen aberatsagoa izan eta frogatu Marxek Errusiari buruz iragarritako aukerak historikoki zaharkituta gelditu zirela laster) argi erakusten dute Akademia garaikidearen fribolitatea eta muturreko ergelkeria.
[5] Nekazari klasearen arazoak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen marxismo iraultzailean. Ikusi Engels, Friedrich "El problema campesino en Francia y Alemania”, Marxist.org, 1894; Kautksy, Karl. La cuestión agraria, Marxist.org., 1903.
[6] Ikusi Lih, Lars. Lenin, Reaktion Books, 2011.
[7] Ikusi Lenin, Vladimir. “Political Agitation and the ‘Class Point of view”, Marxist.org, 1902; Schaeffer, Gil, “Lenin and the Class Point of View”, Cosmonaut, 2020.
[8] Lih, Lars. Ibíd.
[9] Ikusi Kautksy, Karl, La doctrina socialista, Marxist.org, 1899; Luxemburgo, Rosa ¿Reforma o Revolución? Fundación Federico Engels, Madrid, 2006.
[10] Oro har oso zorrotza bada ere, Lenin Redescubierto: El Qué hacer en Contexto, (Lars Lih, Ediciones Extáticas, 2024) lanakren akatsik larriena da joera duela ez bereizteko Leninek iraultza demokratikoaren ondoren eraiki nahi zuen erregimen mota eta Alemanian (Leninen erreferentziako herrialdean) existitzen zen estatu burokratikoa, zenbait askatasunez apaindutakoa. Izan ere, miretsi egiiten bazituen ere bere Alemaniako kamaradek zituzten gutxieneko askatasunak, zeinak Errusian ezinezkoak ziren, bai eta haien bitartez lortu zuten guztia ere, Leninen errepublika demokratikoaren kontzeptua askoz haratago doa: estatu tsaristaren aparatu burokratiko militarra suntsitzen duen erregimen bat da, boterea herriari ematen diona (nekazarien eta langileen arteko aliantza).
[11] Agintari sozialista nabarmenek, besteak beste Kautskyk, babesa eman zioten boltxebikeen estrategiari garai hartan. Ikusi Kautsky, Karl. “Fuerzas motrices y perspectivas de la revolución rusa”, Izquierdas, 1906. Leninek hitzaurre bozkariotsu bat idatzi zion artikuluaren errusierazko itzulpenari; Izquierdas aldizkariaren bertsio digitalean ere aurki daiteke.
[12] Ikusi Lenin, Vladimir. Dos tácticas de la socialdemocracia en la era de la revolución democrática, Marxist.org, 1905. Jack Conradek maisuki azaltzen ditu boltxebikeen eta mentxebikeen arteko desberdintasun taktikoak eta estrategikoak honako lan honetan: Conrad, Jack. In the Enemy Camp. Using Parliament for Revolution, November Publications, Londres, 1993, 21.-34. or.
[13] Ikusi Martens Rodrigues, Francisco. Anti-Dimitrov: medio siglo de derrotas de la revolución, Dos Cuadrados, Madrid, 2024.
[14] Zinoviev, Gregori, History of the Bolshevik Party, Marxist.org, 1924.
HEMEN ARGITARATUA