Europa hegoaldeko hauteskunde-diskurtso askotan beti agertzen da ideia karikaturizatu hau: antz handiagoa izan beharko genukeela Europa iparraldeko herrialdeekin, hau da, eskandinaviarrekin. Oso ohikoa da gure politikarien eztabaidetan entzutea kontinenteko iparraldeko herrialdeekin berdindu behar ditugula edonolako tasak: langabezia-tasaren jaitsiera, ordainsari-berdintasuna, bikaintasuneko hezkuntza-sistema edo per capita gastu sozialaren inbertsio maila beretara iristea. Suediak eta Greziak 10,5 milioi biztanle inguru dituzte, baina batak sozialdemokrazia efiziente, produktibo eta parekidearen paradisua ordezkatzen du; besteak, aldiz, alferkeria, klientelismoa eta eraginkortasunik eza, Mediterraneoko bizimoduaren ezaugarri propioak denak ere.
Alabaina, pixka bat sakonago begiratuz gero, berehala ikusten da oro ez dela urre. Greziarrek, eta oro har Europako hegoaldeko gainerakoek eraginkortasunik eza ordezkatzen badute beren pikarokeriagatik eta Mediterraneoko langileek ohikoa duten lan-absentismoagatik, nola da posible herrialde heleniarra buru izatea lan egindako ordu kopuruari buruzko Europar Batasuneko rankingean? Nazioen aberastasuna ez du markatzen ez alferkeriak ezta batzuen efizientziak ere, baizik eta kapitalismoak zer baldintza historiko ematen dituen joko-zelai globalean, non estatuek eta haien langile-klaseak ez duten abiapuntu berbera. Sinple esateko, denok Suedia izango bagina, Suedia ez litzateke existituko.
Suediaren ereduak –eta, oro har, eredu eskandinaviarra, non Suedia, Finlandia, Danimarka eta Norvegia sartzen diren– bost zutabe bakar eta errepikaezin ditu: geografikoki Europako botere politiko-ekonomikoaren nukleotik gertu koka-tzen dira; biztanleria nahiko murritza dute eta migrazio-fluxu egonkorrak izan dituzte azken hamarkadara arte; Europan parekorik gabeko baliabide naturalen eta hidrokarburoen dotazioa dute; estatu indartsu eta zentralizatua dute, gaitasuna duena sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioa modu eraginkorrean erregulatzeko, eta, azkenik, lan-indar kualifikatua dute, eta proportzio handian sindikaturikoa.
Europan, herrialde eskandinaviarrak dira gobernuan alderdi sozialdemokrata gehien izan dituztenak. Era berean, lan-indar kantitate handia dute sindikatuta alderdi horietatik gertuko sindikatuetan; adibidez, Suedian eta Finlandian %65ekoa da kopuru hori. Alabaina, sozialdemokrazia eskandinaviarrak ia XX. mendearen hasieratik onartu du patronalaren eta estatuaren arteko paktu baten mendekoa dela bere baketze sozialeko eredua, eta haien soldata-indexazioa beti dela produktibitatearen hazkundearen mendekoa.
Izan ere, ia elkarren kontrakoak dira Suediako eredu sozialdemokrata eta Europa hegoaldeko keynesianismoa, eskari agregatuan oinarritua. Eredu eskandinaviarrean estatuak kapitalismoarentzat lehiakorra den esparru baten aldeko apustua egiten du, eta ez zuzenean esku-hartzekoa. Bestela esanda, Suediako eta gainerako herrialde eskandinaviarretako sindikatuek eta sozialdemokraziak ongi ulertu zuten beren alderdiaren jokoa ez zela kapitalari aurre egitea, beren kapital propioa lehiakorrago egitea baizik.
Europa iparraldeko herrialdeetako sozialdemokraziaren esperientziek, gure idealizazioetatik urrun, lan-merkatu malguak eta enpresariei langileak kontratatu eta kaleratzeko erraztasunak ematen dizkieten legediak dituzte oinarri. Bai eta lan-indarra aurrezteko teknologia txertatzen dituzten dirulaguntzak ere. Ordea, biztanle gutxi izateari esker, estatuak aukera du lan publikoan kuota handiak mantentzeko, gutxi gorabehera enplegatutako langileen %30en bueltakoa. Horrenbestez, enpleguaren politika aktiboa sustatzen duen eragile bat da estatua, baina karta nagusia honako hau da: estatu horren ekonomia kapitalistak bide oparoa izatea potentzia esportatzaile moduan, beti izan dadin hazkunde ekonomikoa langileen soldata-igoera baino handiagoa.
Eredu horrek, beste testuinguru batzuetan kopiaezina izateaz gain, muga historikoak ditu. Lehengaiak ez dira infinituak, eta industria kapitalistek goia jotzen dute beti, ondoren gainbeheran hasteko. Horixe bera ari zaio gertatzen eredu eskandinaviar idealizatuari azken hamarkada eta erdian: herrialde horien industria-salgaiak inportatzen dituzten herrialdeak krisian sartu ziren 2008tik aurrera, Asian lehia-polo berriak finkatu dira, eta biztanleria aktiboa zahartzen ari da belaunaldi-errelebo argirik gabe.
Hala ere, gaurkotasun handiko gai batean jarri nahi nuke arreta: immigrazioaren kudeaketan. Eredu suediar eta eskandinaviarra soilik ekoizpen-lehiakortasun handia eta biztanleria nahiko txikia duten estatuetan da aplikagarria. Bigarren hori aldatzen hasi zen 2015etik aurrera, errefuxiatuen krisi deitzen dioten horrez geroztik immigrazio-fluxuak gero eta handiagoak izaten hasi baitziren.
Eredu suediarrak edo finlandiarrak funtziona dezan, herrialde horiek immigrazio-tasa txikiak bakarrik onartu behar dituzte. Biztanleriaren oreka ezinbestekoa da soldata altuko eta dirulaguntza sozial orokortuko politika bat izateko, eta immigrazioak aldatu egiten ditu oreka horiek. Eredu suediarra edo eskandinaviarra duen estatuak dirulaguntza sozialak ematen ditu, baina justu-justu beharrezkoa den neurrian. Hori dela eta, immigrazioaren eraginez gastu soziala handitu behar bada hura kudeatu eta pertsona horiek integratzeko, eredua puskatu egiten da. Eta horrela agertzen da iparraldeko eredu orain arte goretsien B aldea: haien erreakzio xenofoboa.
Izan ere, eskuin muturra Europa hegoaldean eta erdigunean gaur egun duen bultzada irabazten hasi baino askoz lehenago, eskuin mutur xenofoboaren igoera sozial eta elektorala dagoeneko emana zen herrialde eskandinaviarretan, haien eredu sozialaren gainbehera aprobetxatuz. Azken urteetan, sozialdemokraziak indar politikoa errekuperatu badu ere, era irekian xenofoboak ziren alderdi horien hainbat proposamen bere programan txertatuz lortu du suspertze hori. Herrialde eskandinaviarrak abangoardian egon dira dirulaguntzak eta errefuxiatuei arreta emateko laguntzak murrizten, bai eta asiloa eta herritartasuna eskatzeko zailtasunak jartzen dituzten politikak ezartzen ere.
Azken hauteskundeen ondoren Finlandian eta Suedian eskuineko gobernuak daudelarik, migrazioa nabarmen zigortzen duten politikak ezartzeko baldintza sozialak dagoeneko emanak daude: Finlandiak, aurten, Errusiarekiko eta Suediarekiko mugetan eskatzen diren asilo-eskaera guztiak ukatzea proposatu du, eta, besteak beste, herrialdea boluntarioki uzten duten immigratzaileei kalte-ordain bat ematea proposatu du.
Herrialde eskandinaviarretako paradisu sozialdemokratek beren benetako aurpegia erakutsi dute munduko panorama geopolitikoko gorabeherek gertutik ukitu dituztenean. Ez da kasualitatea azken bi urte hauetan Finlandia eta Suedia NATOn sartu izana, eta, hala, alde batera utzi izana harreman internazionaletan historikoki izan duten izaera neutroa. Kapitalismo globalean arrakasta duten eredu guztiak bezalaxe, bitarteko guztiekin defendituko dute beren kokapen pribilegiatua. Baina, gogoratu: denok ezin gara suediarrak izan, guztiok ez baitugu fitxa berberekin hasi kapitalismo izeneko xake-partida hau.
HEMEN ARGITARATUA