«El trabajo es la dictadura» ARGAZKIA / Santiago Sierra
Aitor Martinez
@iruntzi
2020/02/20

Sistema kapitalistaren funtsezko kategoria horren inguruko pentsaera herrikoian, subjektibotasun burgesaren askotariko ihesbideak ezkutatzen dira, sistema kapitalistak sortutako pentsatzeko eta jarduteko moduarenak. Burgesiaren pentsalari “zientifikoen” artean, –ekonomialarien artean–, soldata, orokorrean, lanaren atributu soila izatera mugatzen duen kategoria ekonomiko hertsi batera murrizten da. Horrela, “soldata justua” bezalako kontzeptuak sortzen dira, merkatu-konpetentzia markoa betikotzearen bitartez, lanari prezio handiagoa jartzen saiatzen direnak, kontsideratuz, horrela, zein den berauen prezio justua.

Prezio hori ezartzeko, hainbat aldagai erabiltzen dira. Klase ertainaren itxaropen frustratuek gehien erabiltzen dituztenak ikasketak eta erantzukizuna dira, soldata-eskala eta klasearen estratifikazioa betikotzeko aukera ematen duten aldagaiak, euren proletarizazio prozesuari jarririko galga ideologikoa dela jakitun, eta ez proletariotza orokorrari. Ez dute esaten, aldiz, zein neurritan ikasketek eta erantzukizunek ekarriko luketen soldata igoera, edo zein diren kontabilitate horren irizpideak; hots, zer den justizia soldatan, edo zer den soldata justua eta nola neurtzen da. Puntu honetan, justizia berezko ezaugarria izatetik urrun, asmo politiko argia duela antzeman daiteke.

Soldata zehazterako orduan, zientifikotasun ekonomikoa bilatzen duen asmo orok porrot egingo du nahitaez. Soldata lanaren ordainsari gisa definitzen duen formula klasikotik harago, edo Marxen teorian sostengatzen direla dioten teoria landuagoetatik harago –zeinak soldata lan-indarraren balioari deitzeko beste modu bat dela defendatzen duten, edota soldata mekanikoki diru magnitudera murrizten duten– ikuskera horietako bakar batek ere ez du azaltzen soldata menderatze-kategoria politiko gisa, ez jada boterearen ekoizpenaren arloan, baizik eta errealizazio eskalan, estuki lotuta soldata horren forma sozialarekin: dirua.

Marx bera da abstrakzio sinplifikatzaile hori gainditzen duena –lan-indarraren balioa soldatarekin berdintzen duena, kapitalaren ekoizpen-prozesua eraikuntza logiko hori lainotzen duen kategoria orotik gabetua azaltzeko helburuarekin–, eta soldata funtzio mistifikatzailea betetzen duen lan-indarraren balioaren transmutazio gisa aurkezten duena. Hain zuzen ere, transmutazio  eta ideologizazio, prozesu hori guztia da, gure ustez, ahaztua izan dena eta gutxitan jorratu dena, eta soldata zientifikotasun ekonomiko faltsu batera mugatzea ahalbidetzen duena, burgesiaren klase-menderatzearen produktua; soldatapeko klasearen borroka-ahalegin oro despolitizatuz modu honetan.

Transmutazio-prozesuak funtsezko bi ezaugarri ditu: 1) klase esplotazio harremana ezkutatzea eta 2) soldataren bidezko estratifikazioa eta menderatzea. Biak dira soldataren funtzio politikoak, baina lehenengoa kapitalaren ekoizpen prozesuan lan indarraren forman sakon aztertu den bitartean, bigarrena, berriz, aztertzea merezi ez duen itxura hutsera mugatu da. Jada kontua ez da boterearen ekoizpen abstraktu hutsa, baizik eta horren benetako errealizazioa gizarte kapitalistaren azaleran. Eta eremu horretan, menderatze zehatzaren eremuan, soldata, lan indarraren balioaren forma transmutatu gisa, burgesiaren botere modua azaltzeko kategoria ezinbestekoa da.

Jada kontua ez da boterearen ekoizpen abstraktu hutsa, baizik eta horren benetako errealizazioa gizarte kapitalistaren azaleran. Eta eremu horretan, menderatze zehatzaren eremuan, soldata, lan indarraren balioaren forma transmutatu gisa, burgesiaren botere modua azaltzeko kategoria ezinbestekoa da

Alde batetik, burgesia esplotatzailearen klase boterearen ekoizpenean datzan sistema kapitalistaren dinamika objektiboa (gainbalio erlatiboaren ekoizpena) langile klasearen bizi baldintzen itxurazko aurrerapen baten atzean ezkutatzen du (soldata erreala). Baina, bestetik, eta hona hemen soldataren funtzio politikorik berehalakoena, langile klasearen baitan subjektu burgesa osatzen du, klase osoaren gaineko, eta bereziki proletalgoaren gaineko kontrola ezartzea lehentasunezko funtzioa duena. “Gutxieneko soldata” bezalako kontzeptuek –argi eta garbi, bere merkantzia “etikoen” kontsumo-merkatua handitzea bilatzen duen klase ertainaren interesetatik eratorria–, “soldata berdintasuna” kontzeptuari erabat kontrajartzen zaizkionak, argi uzten dute justizia unibertsala jada ez dela bilatzen dena, baizik eta estratu baten iraunarazpen politiko partziala, beste bati gainjarriz burutzen duena.

Gutxieneko soldata” bezalako kontzeptuek –argi eta garbi, bere merkantzia “etikoen” kontsumo-merkatua handitzea bilatzen duen klase ertainaren interesetatik eratorria–, “soldata berdintasuna” kontzeptuari erabat kontrajartzen zaizkionak, argi uzten dute justizia unibertsala jada ez dela bilatzen dena, baizik eta estratu baten iraunarazpen politiko partziala, beste bati gainjarriz burutzen duena

Klase boterearen ekoizpenari dagokionez, soldata erlatiboa ilundu egiten da, soldata errealaren forma hartzen duten berehalako beharraren aurrean. Azken hori koiunturalki ere haz daiteke, lehenengoak behera egin eta langile-klasea bortitzago esplotatzea baimenduko duten kateak irmoago forjatzen diren bitartean,  baita soldata erreala edo “kontsumo-gaitasuna” murriztu arte ere. Ez dago zalantzarik menderatze ekonomiko horren eta bere eduki politikoaren arteko harreman estuaz, klase menderatze harreman gisa.

Soldataren bidezko estratifikazioari eta menderatzeari dagokionez, berriz, analisiak beste kutsu bat hartzen du. Jada ez da berehalako eta zuzeneko premia ekonomiko bat, hau da, lana gainbalio handiagoa ateratzeko ustiatzea, baizik eta zeharkako ustiapen bat, politikoki menderatzeko beharrak bitartekatua. Hau da, soldata erlatiboak klase dominazioa oinarri duen botere ekonomikoaren ekoizpen-prozesuari aipamen zuzena egiten badio, soldataren bidezko estratifikazioa zuzenean menderakuntza politikoari dagokio, eta jada, ez datza gainbalioaren ekoizpen zuzen batean, baizik eta haren kenkari edota murrizketan: mendekotasunaren prezioa da, baina baita proletalgo iraultzailearen aukeren aurka kontzienteki artikulatutako lanaren prezioa ere; obedientziaren prezioa.

Soldata erlatiboak klase dominazioa oinarri duen botere ekonomikoaren ekoizpen-prozesuari aipamen zuzena egiten badio, soldataren bidezko estratifikazioa zuzenean menderakuntza politikoari dagokio, eta jada ez datza gainbalioaren ekoizpen zuzen batean, baizik eta haren kenkari edota murrizketan: mendekotasunaren prezioa da, baina baita proletalgo iraultzailearen aukeren aurka kontzienteki artikulatutako lanaren prezioa ere; obedientziaren prezioa

Hor sartzen da klase ertainaren definizioa, prezioaren alorretik harago, klase politiko gisa, zeinak ondo ordaindutako lanpostuak ez ezik, berariazko postuak betetzen dituen erakunde burgesetan: izan Estatuaren administrazioan, erakunde alderdikoien edo sindikalen postu burokratikoetan, zein kapitalaren aginte botere autoritario gisa. Klase ertaina klase politikan parte hartzen duen forma politiko bat da, beti proletalgo iraultzailearen politika eragotziz, edo politika burgesa soilki politikan bihurtuz, ideologia dosi handiekin bere interesak defendatzeko indar material gisa egituratzen dena. Horregatik, klase kontzientea da, interes horien defentsan kontzienteki jarduten duena. Eta bera da, azken batean, soldata bere azaleko adierazpenean sozializatu eta ideologizatzen duena: egindako lanagatik ordain gisa, ordutan, zeinari justizia egin behar zaion klase estratifikazioaren printzipio elitisten arabera, eta ez gainbalioaren –eta hortaz, klase zapalkuntzaren– eta ekoizpen kapitalistaren trikimailu guztia zaintzen duen kategoria gisa. ”Gutxieneko soldata”, posible denaren printzipio bezala, posible dena jada eratuta dagoen, eta bere biziraupena bilatzen duen, subjektibotasunetik abiatuta zedarritzen duen kategoria da errealitatean. Proletalgoak, ordea, ez du halako mugarik ezagutzen.

Transmutazioaz ari garenean, ez gara ari, horregatik, eraldaketa terminologikoaz. Aitzitik, sistema kapitalistaren gainazalean ematen den esentziaren beharrezko agerpena da prozesu horretan azaleratzen dena eta gorputz sozial osoarekin berehalakoan elkar eragiten duena. Manifestazio hori, prozesu hori, hegemonia burgesaren puntu nodala da.  Horregatik, proletalgoak, kontsigna abstraktuetatik urrun, soldata-borrokan interbenitzera behartuta ikusten du bere burua, burgesia eta bere aldekoen partetik jasaten duen estratifikazioa eta mendetasuna –proletalgoa bera politikoki desartikulatzen dutenak– desegituratzea ahalbidetuko duten tresna eta aldarrikapen propioekin. Soldata-borroka hori ez da mugatzen soldata berdintasunaren aldeko borroka izatera, eta ez du forma hori nahitaez hartu behar. Klase etsaiaren botere politiko eta ideologiko guztia interbenitzea eta desartikulatzea da auzia, baita arlo horretan ere. Horregatik, bada ere, eta bereziki da, soldatapekoa ez den erreprodukzio forma baten aldeko borroka, benetako berdintasunaren baldintza dena.

EZ DAGO IRUZKINIK