Esther Barniol Xicota eta Sandra Contreras Junguitu, osasun-psikologoak ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2023/03/03

Sarri mintzatu gara bizi-baldintzen okertzeaz eta haren ondorioez. Gizarte kapitalistak, eta hura ezaugarritzen duen krisiak, bere endekapen espiralean garamatza arrastaka, hainbestekoa da bere influentzia.

Gaurkoan osasun mentalaren gaia lantzea dugu helburu, konkretuki emakume langilearena, garaiotan garatzen ari den hedapen eta larritasuna tarteko, gero eta presenteago dagoen alorra den heinean. Horretarako psikologia sektorean jarduten duten bi profesional elkarrizketatu ditugu.

Batetik, Esther Barniol Xicota, neuropsikologo eta osasun-psikologoa da, eta esperientzia du narriadura kognitiboa, dementzia eta kalte zerebrala pairatzen duten pertsonekin zein ikasteko arazoak dituzten umeekin, baita zaintza lanetan aritzen diren emakume langileekin ere. Bestetik, Sandra Contreras Junguitu dugu, ume eta gazteen psikologian espezializatutako eta jokabide suizida eta autolitikoetan prestakuntza duen osasun-psikologoa.

Zertaz ari gara 2023an osasun mentalaz hitz egitean?

E.B. Osasun mentala pertsona baten eguneroko bizitzako ongizate emozional, psikologiko eta soziala da. Hala ere, zer den ez ezik, zer testuingurutan agertzen den ere ulertu behar da, gizarte kapitalistak hari buruz duen ikuspegia aditzeko.

Osasunaren Mundu Erakundeak «ongizate egoera» gisa definitu zuen 2022an, «zeinaren bidez gizabanako bakoitzak funtzio hauek bete ditzakeen: bere potentziala garatzea, bizitzako tirabirei aurre egitea, modu produktiboan eta emankorrean lan egitea eta bere komunitateari ekarpena egitea».

Zentzu horretan, sistemaren ustez, osasun mental ona duen izango lukete sistemaren ondorio zuzenak (edo «bizitzaren tirabirak») jasateko eta, era berean, ekoizpenean funtzionala izateko gai direnek. Aitzitik, osasun mentaleko arazoak dituztelako «gaixotzat» hartzen dira beren potentziala garatu ezin dutenak, bizitzako tirabirei erantzuteko gai ez direnak eta komunitatean ezin dutenak probetxuzkoak izan ezin dutelako modu produktibo eta emankorrean lan egin. Laburbilduz, sistema kapitalistara egokitzen ez diren horiek lirateke «gaixoak».

Multzo horren barruan sar ditzakegu, besteak beste, langile-klaseko langabeak, beren egunerokotasunari ekonomikoki aurre egin ezin diotenak, jada ekoizten ez duten adinekoak edo, eguneroko estres etengabeari eutsi ezinik, lan baldintza prekarioen ondorioz burnout delakoa pairatzen duten langileak –erreta dauden langileak–. Sistemak berak baztertzen eta diskriminatzen ditu pertsona horiek, eta porrot- eta erru-sentimenduak sortzen dizkie, engranaje horren beste pieza bat izan ezin dutelako, ezin direlako horretara egokitu edo ez direlako produktiboak.

S.C. Osasun mentalak 2023an zer esan nahi duen galdetuta, esan dezakegu osasun mentaleko arazoak estatuko osasun-arazo esanguratsuenetako bat bihurtu direla. Azken urte honetan ikusi da –2022ko zifrak ditugu, oraindik eguneratu gabe baitaude– osasun-arazo guztien % 12,5 osasun mentaleko arazoak direla. Kopuru hori minbiziari loturiko arazoena eta arazo kardiobaskularrena baino handiagoa da lehenbiziko aldiz.

Datu kezkagarriak dira zinez, eta, areago, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, biztanleen % 20ek osasun mentaleko kalteren bat izango dute bizitzan zehar, alegia, bost pertsonatik batek.

Datu kezkagarriak dira zinez, eta, areago, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, biztanleen % 20ek osasun mentaleko kalteren bat izango dute bizitzan zehar

Zerekin egiten dugu topo? Bada, osasun mental publikoko itxarote-­zerrendak etengabe handitzen ari direla. Jende ugarik zerbitzu pribatura jo behar izaten du arreta jaso ahal izateko, eta zentro horietan ere itxaronaldiak izaten ari dira. Gaur egun, Espainiako Estatuan, 100.000 biztanleko sei psikologo daude, eta, Europar Batasunaren arabera, gutxienez 38 psikologok egon beharko lukete kopuru horri erantzuteko. Azken aurrekontuetan ikusi da ehuneko hori ez dela handituko, eta sei psikologo bakarrik izaten jarraituko dugula.

Eta, zertara garamatza horrek? Bada, esandakora: gehiegizko itxarote-zerrendetara; pentsa, kasu oso larrietan ere itxaronaldiak hiru aste eta hilabete artekoak izaten ari dira. Aipatutako «kasu larri» horiek jokabide autolitikoak edo ideia suizidak izan ditzaketen pertsonenak dira. Pertsona horiek hiru aste eta hilabete artean itxaron behar izaten dute, eta, «arinagotzat» jotzen diren kasuetan, lehenengo hitzordua ematerako bizpahiru hilabete itxaron behar izaten dira. 

Egoera horren ondorioz, esaterako, baliabide ekonomiko nahikoa ez duten emakume asko ez dira bilakaera egokia izaten ari osasun mentalean. Sarri, gainera, medikamentuen bidez tratatzen dira. Gerora hobeto landuko dugunez, benetan kezkagarria da emakume langileak tratatzeko medikamentuen erabilera hirukoizten ari baita. Gaur egun, medikamentuak dira era horretako arazoei aurre egiteko erabiltzen diren baliabide nagusia.

Baliabide ekonomiko nahikoa ez duten emakume asko ez dira bilakaera egokia izaten ari osasun mentalean

Zer harreman ezar dezakegu koadro orokor horren eta emakume langilearen artean? Zer ondorio ditu emakume langileari bere osasun mentalean esleitzen zaion genero-rolak? Zertan bereizten da emakume burgesarengandik horretan?

E.B. Emakumeei genero-rola esleitzea haien sozializazioa betebehar moraletan oinarrituta lantzean datza, gizonen kasuan ez bezala, hau da, emakumeak alaba on, emazte eta ama izateko hezten dira. Zuzenean dago loturik familiaren zaintza bere gain hartzera eramaten dituen aldagai kulturalarekin: seme-alabak, anai-arrebak, gurasoak, adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, etab. Emakumeek egiten dituzten praktika batzuk dira, eta sozialki erreproduzitzen dira gizarte neoliberal honetan nagusi diren izaera kulturaleko eskema sinbolikoen bidez.

Emakume burgesek ez bezala, langile klaseko emakumeek beren gain hartzen dute etxeko zaintza, ez soilik hura merkaturatzeko baliabiderik ez dutelako, baizik eta haien ospea jokoan dagoelako: alaba edo emazte ona izatearen balioa senitartekoen eguneroko zaintzan praxi ona betetzearen mende dago, eta askotan, senide horiek modu inkontzientean zaintza-lanetan aritzen den hori epaitu, presionatu eta kontrolatzen dute.

Betebehar moral hori amatasun-­afektuaren eredutik abiatzen da (amaren maitasuna, baldintzarik gabeko maitasuna), eta erreferentziazko arau gisa funtzionatzen du. Eredu horrek familia-zaintzailea mendekotasuna duen pertsonaren zaintzari erabat emana egotea eskatzen du.

Espainiako Estatistika Institutuak 2017an esandakoaren arabera, etxeko lanetara bideratutako asteko orduak 4 ordu eta 45 minutu dira emakumeen kasuan, eta 2 ordu eta 34 minutu gizonenean. Alde berbera ikusten dugu zaintzara bideratutako asteko orduei dagokienez ere: emakumeen % 91k 4 ordu eta 29 minutu erabiltzen dituzte, eta gizonen % 74,7k 2 ordu eta 32 minutu. Hori ez da emakumeek soldatapeko lanik egiten ez dutelako gertatzen; izan ere, etxean eta familian astean ematen diren orduak 3 ordu eta 46 minutu dira emakumeen kasuan eta 2 ordu eta 21 minutu gizonen kasuan. Horrela, zifra horiekin ikus daitekeena zera da: emakumeek, berdin soldatapeko lanean ari diren edo ez, gizonek etxeko eta zaintza lanetan ematen duten denboraren bikoitza bideratzen dute horretara.

Beste alde batetik, emakumeen artean ere ezberdintasunak daude osasun mentalaren esparruan. Horiek klase sozialak baldintzaturik daude, besteak beste, klase altuagoko emakumeek familia zaintzen ordu gutxiago ematen dituzte eta.

Mendekotasuna duen pertsona bat zaintzeak senidearentzako prestutasun ia erabatekoa izatea eskatzen du, eta langile klaseko emakumeei lana uztea edo lanaldia murriztea eskatzen die horrek. Funtsean, lan-merkatuan sartzeko muga nabarmenak izan ohi dituzte, beren gaitasun ekonomikoa mugatzen delako, eta, ondorioz, baita bizitza pertsonal eta soziala ere.

Aldiz, emakume burgesek zenbait kontziliazio-estrategia dituzte, zehazki zaintza emakume langileen esku utz dezakete zaintzaren merkantilizazioaren bitartez. Emakume langile horiek etorkinak izan ohi dira, batzuetan egoera administratibo irregularrean daudenak; mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzte ezkutuko ekonomiaren bidez, ez dute lan-kontraturik izaten eta enpresek kontratatuko balituzte baino ordainsari ekonomiko txikiagoak dituzte.

Pentsa liteke duela urte batzuk etxetik kanpo lan egiten ez zutelako erortzen zela zaintza emakume langileen gain. Ordea, hura lan-merkatuan sartzeak, desberdintasun horiek desagertzen lagundu ordez, lanaldi bikoitza izatea ekarri dio.

Castellóren ikerketa batek klase sozial desberdinetako emakumeen zaintza-ereduak aztertu zituen, eta ondorio batzuk atera zituen. Batetik, emakume langileek zaintza informaleko estrategiak garatzen dituztela etxean, hau da, haiek egiten dituztela lan horiek. Bigarrenik, klase ertaineko emakumeak instituzioen (egoitzak, eguneko zentroak, zentro espezializatuak, etab.) eta, neurri txikiagoan, merkantilizazioaren bidez asetzen dituzte beren zaintza-beharrak. Klase altuko emakumeek, azkenik, merkantilizazioaren aldeko hautua egiten dute, eta alde batera uzten dute instituzionalizazioa.

Emakume langileek zaintza informaleko estrategiak garatzen dituztela etxean. Klase ertaineko emakumeak instituzioen eta, neurri txikiagoan, merkantilizazioaren bidez asetzen dituzte beren zaintza-beharrak. Klase altuko emakumeek merkantilizazioaren aldeko hautua egiten dute

Zaintza-eredua hezkuntza-ereduarekin lotuta dagoela ere adierazi zuen Castellók: hezkuntza-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta altuagoa da haren klase soziala, eta handiagoa zaintza formal neurri handiagoan eta informala neurri txikiagoan jasotzeko probabilitatea. «Aukera-kostu» esaten zaion horri lotua dago hori: zenbat eta handiagoa izan emakumearen posizio soziala, orduan eta kostu handiagoa du berarentzat zaintza informalak egiteko enplegu bati uko egiteak.

Nola islatzen dira ondorio horiek arlo psikologikoan?

E.B. Arlo psikologikoan, baliabide ekonomikoei eta, batez ere, osasun-­profesionalengana eta autozaintza psikologikora jotzeko denborari loturiko zailtasun horiek hainbat ondoriotan islatzen dira, adibidez, nahasmendu mentalak ugaritzean. Arazo kardiobaskularrak eta zerebrobaskularrak sortzen eta narriadura kognitibo goiztiarra eragiten dute nahasmendu horiek.

Bestalde, amatasun-afektuaren ereduak eragindako presioak zaintzailea senidea zaintzeko bakarrik bizitzea eragiten du. Horrek, a priori, auto-kontzepzio negatiboa eta erruduntasun sentipena areagotzen ditu, ezinezkoa baita eskari guztiei erantzutea. Gainera, nahasmendu mentalak areagotzea dakar, hala nola antsietatea, depresioa eta estresa. Immunitate-sistema ahuldu egiten da nahasmendu horiek denboran zehar mantentzearen ondorioz, eta, harekin batera, baita suminkortasuna, oldarkortasuna eta loezina ere. Azkenik, somatizazioak ere agertzen dira: bizkarreko minak, migrainak eta digestio-arazoak.

Farmakoen kontsumoak eta horiekiko mendekotasunak ere gora egiten dute, arazo fisiko eta emozional horiek guztiak geldiarazteko konponbide azkar eta merkea baitira.

Maila neuropsikologikoan ere eragina du luzaroko estresak, istripu zerebrobaskularrak (iktusa), bihotzeko arazoak eta kortisola areagotzean adibidez, zeinak neuronak zahartzea eragiten baitu, arreta-gaitasuna eta oroimena hondatuz.

Sternen arabera, narriadura kognitiboa saihesten laguntzen duten faktoreak hezkuntza-maila, lan-egoera, gizarte-maila altukoa izatea eta jarduera fisikoak, intelektualak eta sozialak egitea dira. Hori dela eta, pertsona batek, langile-klaseko kide izateagatik bakarrik, klase altuko batek baino arrisku handiagoa du narriadura kognitiboa garatzeko. Horri guztiari gehitu behar zaio emakume horren abiapuntua ziurrenik ez dela klase altuko pertsona baten hezkuntza-oinarri bera izango, zailtasunak izango baititu goi-mailako ikasketak egiteko. Beraz, pertsona horien lan-­egoera ere desberdina izango da, eta, Castellók zaintzari buruz egindako ikerketa kontuan hartuta, oso desberdinak izango dira langile-klaseko pertsonek, bereziki emakumeek, aisialdiko jarduerez gozatzeko dituzten bitartekoak.

Horregatik guztiagatik, langile klaseko pertsonek, eta bereziki emakume zaintzaileek, askoz ere joera handiagoa daukate narriadura kognitiboa eta patologia neurodegeneratiboak garatzeko klase burgeseko pertsonen aldean.

Langile klaseko pertsonek, eta bereziki emakume zaintzaileek, askoz ere joera handiagoa daukate narriadura kognitiboa eta patologia neurodegeneratiboak garatzeko klase burgeseko pertsonen aldean

Zer nahasmendu motaz ari gara?

S.C. Lehenengoa depresioa da. Kalkulatzen dugu biztanleen % 4 inguruk dutela depresioa Espainian. Gaur egun emakumeen % 7 daude nahasmendu hori diagnostikatuta. Garrantzitsua da, halaber, suizidioarekin lotutako kausa nagusia dela azpimarratzea.

Gehien ikusten den bigarren nahasmendua antsietate-nahasmendu orokortua da. Edo hobeto esanda: gaur egun, estatu mailan, emakumeen artean zabalduen dagoen nahasmendua da, ohikoena. Eta datu horiek benetan kezkagarriak dira, uste baita emakumeen % 8,8k nahasmendu hori izango dugula bizitzako uneren batean. Benetako datuetara ekarrita, horrek esan nahi du hiru emakumetik batek nolabaiteko antsietatea izango dugula noizbait, eta ez dago horri aurre egiteko konponbide errealik mahai gainean.

Narriadura sozialean ere ondorioak ditu antsietateak. Emakume ugarik jarduera sozialak egiteari uzten diote, benetan axola zaizkien edo haientzat garrantzitsuak diren aisialdiko jarduerak egiteari uzten diote, eta horiek guztiak alkoholarekin ordezten dituzte. Hori ez da ohiko alkoholismotzat jotzen; izan ere, aipatu dugun bezala, hori eragiten duen antsietateak zerikusia izan ohi du lan-­arloarekin, geure bizitzarekin pozik ez egotea eragiten digun neurrian.

Asko ikusten ari den beste nahasmendu bat hipokondria da; pandemia iritsi zenetik nabarmen areagotu da. Gaixotasunen bat, edozein gaixotasun larri, izateko kezka etengabean oinarritzen da. Horiekin loturiko sintoma fisikoak ikusten dira: palpitazioak, ziztadak, giharretako mina... Eta hori guztia problematikarekin berarekin lotua dago.

Eta ezin aipatu gabe utzi elikadura-nahasmenduak; izan ere, gaur egun, Espainian soilik, 400.000 pertsonari eragiten diete. Emakume gazte eta nerabeen artean nahasmendu nagusiak dira, haien % 10,8k pairatzen baitituzte. Datuek substantzien kontsumo handia erakusten dute, gainera. Substantzia horiek kalteak eragiten dituzte burmuinean edota portaeran, eta ezintasuna eragin dezakete alderdi sozial askotan. Droga horiek legezkoak zein legez kanpokoak direla nabarmendu behar da; izan ere, gaur egun, psikofarmako ugari errezetatzen dituzte medikuek, eta batzuek droga-mendekotasuna sor dezakete, baina horretaz ez da hitz egiten.

Eta, azkenik, beharrezkoa da nahasmendu autolitikoak aipatzea, jokabide suizidarekin zuzenean lotuta daudenez. Lan-arloko suizidioak har dezakeen forma bat da; izan ere, suizidioak ez dauka beti esanahi bera. Nahasmendu autolitikoek forma ezkutuak hartzen dituzte; ideazio autolitiko esaten zaion horretan, pertsona batek etengabe ditu bere buruaz beste egitera bideratutako pentsamenduak.

Nola lotzen da koadro orokor hori suizidioarekin?

S.C. Emakume langilearen suizidioaz hitz egiten dugunean, lehenik eta behin, egungo egoeran jarri behar gara. 2021ean, egunean 11 suizidio izan ziren, eta Espainiako errekor historikoa hautsi zen: lehen aldiz, urtean 4.000 pertsonako zifra gainditu zen. Horietatik 1.021 emakumeak ziren eta 2.982 gizonak, eta bi ordutik behin suizidio bat izan zen estatu-mailan. Ez ditugu 2022ko urte amaierako datuak, baina urteko lehen hiruhilekoan % 5,1 ugaritu ziren suizidio-kasuak 2021arekin alderatuta. Horrek esan nahi du datuak benetan kezkagarriak izango direla etorkizunean. Aipatzekoa da, halaber, 2023an ehunekoa are gehiago igotzen ari dela, azken baremoetan ikusi den bezala.

Suizidio-saiakeren kausa nagusiak honako hauek izan ohi dira: depresioa izatea, drogak kontsumitu izana, estres emozionala eta sexu-abusu eta indarkeria aurrekariak izatea. Emakumeek, zoritxarrez, gizonek baino gehiago sufritzen dituzte horiek guztiak. 

Espainiako estatu-mailako krisi ekonomikoaren ondoren suizidio-kasuak nabarmen ugaritu ziren. Une honetan, joera hori etengabe hazten ari dela ikusten dugu, eta horrek pandemiarekin zuzeneko korrelazioa duela uste da. Baina, egia esan, ez da neurri egokirik hartzen ari horri aurre egin ahal izateko, eta datozen urteetan kurba horrek etengabe gora egingo duela uste da.

Zer errealitate du langile-klaseak, eta, zehazki, emakume langileak osasun mentalari dagokionez? 

S.C. Osasunaren Mundu Erakundeak erakutsi zuen langabezia-tasaren % 1eko igoera zegoen aldiro % 0,8 igotzen zela suizidioagatiko heriotza-tasa ere. 2012an, «krisiaren sindromea» deitu zitzaion fenomeno horri, oraindik ere erabiltzen den termino bat. Haren bidez deskribatzen zen gora egiten ari zirela depresioak, bihotzeko akutuak eta suizidioak, eta horien eragilea langileen gaineko ziurgabetasun eta presio handiagoa zela; langabeziak gora egin zuen, eta enplegua lortzen zailtasunak zituzten pertsonei eragin zien gehienbat, hala nola emakumeei, desgaitasuna duten pertsonei, gazteek eta etorkinei. Areagotzen ari zen problematika hori.

Egungo ikerketetara jota, José Antonio Fernández Llosa psikologoak 2022an egindako azterketa baten arabera, hauek dira ideia suizidak izateko edo suizidio-saiakera hipotetiko bat egiteko arrisku-aldagaiak: ezegonkortasun ekonomikoa eta baliabiderik ezaren sentsazioa, lan-prekaritatea, lanpostu baten galera eta langabezia luzea. Zailtasun ekonomiko handiena duten pertsonek ezintasun handiagoa dute laguntza eskatzeko beharrezkoak diren harremanak sortzeko, eta hori ere frogatu ahal izan da, lotura zuzena baitu gizartearen indibidualizazioarekin. 2022ko ikerketa horren ondorioetan, baina, adierazi zen enplegu prekarioak eta langabeziak eragin bera dutela; hau da, lehen planteatzen zen enplegu bat izatea suizidioaren aurkako babes-faktore bat zela. Gaur egun frogatu ahal izan da enplegu prekarioak langabezian egoteak dituen ondorio berberak dituela.

Hauek dira ideia suizidak izateko edo suizidio-saiakera hipotetiko bat egiteko arrisku-aldagaiak: ezegonkortasun ekonomikoa eta baliabiderik ezaren sentsazioa, lan-prekaritatea, lanpostu baten galera eta langabezia luzea

Beste profesional batzuek ere baliozkotu dituzte azterlan horiek, hala nola Julio Bovesak, zeinak esaten baitu lanak, oro har, babestu egiten duela suizidioaren aurren, baina bizirauteko nahikoa baino ez den eta problematikaren bat duen lan bat ez dela babes-faktore bat. Orduan, lan-arloko prekaritatea jokabide suizidarekiko arrisku-faktore bat dela esaten da, eta emakumeok gara horrelako egoera batean egon gaitezkeen lehenak.

Emakumeok joera handiagoa dugu depresioa, antsietatea, prekaritatea eta abar izateko, baina suizidio-kasuak ia bikoitza dira gizonen artean. Zergatik? Bada argudiorik. Alde batetik, teoria neurobiologikoa dugu, emakumeok eta gizonok nahasmenduak modu desberdinean adierazten dugula defendatzen duena. Emakumeok nahasmendu barnerakorrak izaten ditugu oro har, hala nola depresioa, antsietatea eta abar; gizonek, berriz, nahasmendu kanporakorrak erakusten dituzte, hala nola, substantzien abusuak edo jokabide antisozialak. Horrek erakusten duena da gizonek, joera horren ondorioz, jokabide oldarkorragoak dituztela, eta, horrela, jokabide suizidak hilgarriagoak eta erabakigarriagoak bihurtzen direla haien artean.

Beste alde batetik, laguntzaren teoriaz hitz egin dezakegu (teoria kezkagarrienetako bat da). Teoria horrek emakumea jokabide suizidatik babestuago egon daitekeela dio, laguntza bilatzeko gizonak baino joera handiagoa duelako. Eta teoria hori kezkagarria dela diot, azken finean, gizonen eta emakumeen jokabidea are gehiago estereotipatzen duelako, ulertzera emanda emakumeok, ustez, gizonek baino errazago eskatzen dugula laguntza. Hala ere, egiazki defendatzen duena da emakumeak, laguntza eskatzera ohituago dagoenez, lehenago jotzen duela medikuarengana, familia-medikuarengana adibidez, eta azkarrago jaso dezakeela tratamendua. Tratamendu hori psikofarmakoetan oinarritzen da, eta, beraz, baliteke benetan eragina izatea jokabide suizida murrizten. Baina ez du sufrimendua apaltzen.

Suizidioaz hitz egiten dugunean, kontuan izan behar dugu sufrimenduaz ari garela. Jokabide suizida oinaze arras hedatu baten icebergaren punta da, eta benetako konponbidea sufrimendu hori tratatzea izan beharko litzateke, ez jokabide suizidak murriztea bakarrik. Pertsonek sufritzeari uztea lortu beharko genuke.

Eta, azkenik, teoria guztien artean kezkagarriena da hau: hainbat ikerketak frogatu ahal izan dute emakume izatea babes-faktore dela suizidioarekiko, emakumeak, beste pertsona batzuk zaintzen edo babesten jarraitzeagatik, ez duelako bere buruaz beste egiten. Bestela esanda, emakume bat eta gizon bat sufrimendu-maila berera iristen direnean, emakumeak ez du suizidiora jotzen beste pertsona batzuk zaintzen jarraitu behar duelako, nahiz eta berez bera den zaintza beharko lukeena. Hausnarketa pertsonal gisa botatzen dut hori, eta bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.

Kontuan izan behar da suizidioaz hitz egiten dugunean min emozional jasanezin baten sufrimendu psikikoaz ari garela. Ulertu egin behar dugu zergatik sufritzen duen jendeak, zergatik ezin duen sufrimendu hori konpondu, zergatik sufrimendu hori konpondu ezinak ideia horiek ekintza bihurtzen dituen. Beti sufrimendu horretatik abiatuta lan egitea da garrantzitsuena, eta, baremo horietan, emakumeok gizonak baino maila altuagoak ditugu.

Eta arin-arin aipatzeko, Espainiako Estatuan gaur egun 024 zenbakia martxan dago suizidioa prebenitzeko. Lau hilabete daramatza aktibo eta 34.000 dei jaso ditu, 300 egunean. 585 suizidio kasu gelditu dira, hain zuzen, gertatu behar ziren unean. Denbora luzez borrokatu da horren alde, baina hainbat instituziok uste zuten ez zela beharrezkoa. Erakutsi da, benetan, behar-beharrezkoa dela, eta hala ere ez dela nahikoa gaur egun dagoen beharrerako.

Nola egiten dio aurre gizarte kapitalistak errealitate horri? Zein da instituzioek betetzen duten papera?

E.B. Lehen esan dugun bezala, sistema kapitalistak traba moduan hartzen ditu osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, eta, horregatik, osasun-zentroen bidez ematen die aterabidea, burnout sindromearen, estresaren, antsietatearen eta depresioaren edozein sintomaren aurrean psikofarmakoen kontsumoa normalizatzen eta errazten baitu –eta edonork izan ditzake hauek sistema kapitalistaren ondorioz–. Horren adibide litzateke zein handia den emakumeek kontsumitzen duten antsiolitiko kopuru handia gizonekin alderatuta, emakume langilea diskriminatzen duen gizarte kapitalistak egunero sortzen duen ezinegonari aurre egiteko helburua duena.

Sistema kapitalistak traba moduan hartzen ditu osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, eta, horregatik, osasun-zentroen bidez ematen die aterabidea, burnout sindromearen, estresaren, antsietatearen eta depresioaren edozein sintomaren aurrean psikofarmakoen kontsumoa normalizatzen eta errazten baitu

Sistema kapitalistak produkzio-kate gisa jokatzen du, eta, horregatik, ez du ulertzen hura osatzen duten pertsonak produktiboak ez izatea. Kate horren barruan dagoen pertsona bat gaixotzen bada eta ekoizteari uzten badio, ez du ezertarako balio. Horregatik, psikofarmakoen kontsumoa neurri aringarri bat da, baina aproposa sistema kapitalistarentzat pertsona horrek lanean eta/edo lanetik kanpo ekoizten jarrai dezan. Hori gertatzen ari da jada eskoletan, eta haurrak dira horren biktimak. Enpresetan ez dago tokirik bertako baldintzetara egokitu ezin direnen langileentzat, ba berdin egiten da eskolan besteak beste arreta eta/edo hiperaktibitate arazoak edo ikasteko zailtasunak (dislexia eta diskalkulia, adibidez) dituzten haurrekin. Horiek produkziorako eragozpen izan daitezkeenez, sistemak gaixotzat jotzen ditu. Psikofarmakoekin medikatzen ditu edo eskola uztera animatzen ditu, eta ez haien hobebeharrez: haiek sistemarako eragozpen ez izatea daukate buruan.

Baina hori ez da sistema kapitalistak errealitate horri aurre egiteko duen modu bakarra. Biztanleriaren zahartzeak eta bizi-itxaropena handitzeak zaintza-beharra areagotzen du, eta instituzioak ez dira gai horri erantzuteko. Horrek esan nahi du sistema kapitalistak, pertsona horiek zaintzeak bere instituzioei sortzen dizkien premien aurrean, funtsezko zeregina izaten jarraitzen duela desberdintasun horiek instituzioen bidez erreproduzitzean. Konplize gisa jarduten dute instituzio horiek senitartekoak etxeko zaintzaren erantzule eginez eta jarraibideak helaraziz zaintza horiek nola eman esateko eta pertsonak ahalik eta denbora gutxien egon daitezen instituzionalizatutako zentroetan, horrela sistemari kosturik ez eragiteko.

Eta etorkizunera begira zer?

E.B. Etorkizunera begira, biztanleria gaindiagnostikatu eta hipermedikalizatu bat aurreikus dezakegu, pertsonek gero eta zailtasun handiagoak izango baitituzte proposatzen den sisteman sartzeko. Sistema hori gero eta esplotatzaileagoa izango da herritarren osasun mentalaren kontura ahalik eta etekin handiena lortzeko. Adibide gisa, kontuan hartu behar dira Manual diagnóstico y estadístico de los trastornos mentales DSM-IV (DSM-­IV nahasmendu mentalen diagnostiko eta estatistikako eskuliburuan) eta, hogei urte geroago, DSM-5ean proposatu diren nahasmendu berriak. Gidaliburuan depresio-nahasmendu larri bat izatetik beste hiru depresio-­nahasmendu izatera igaro gara: desregulazio emozionaleko nahasmendu disruptiboa, hilekoaren aurreko nahasmendu disforikoa eta depresio-­nahasmendu iraunkorra.

Halaber, espero da langileria izango dela osasun mentalean ondorio gehien pairatuko dituena, eta, zehazki, emakumeak. Izan ere, zaintzaren erantzukizuna oraindik emakumeen gain erortzen da, eta sistemak ez du erantzukizunik hartzen; aitzitik, presioa egiten du.

Espero da langileria izango dela osasun mentalean ondorio gehien pairatuko dituena, eta, zehazki, emakumeak

Horri guztiari dagokionez, gaixotasun neurodegeneratiboak areagotu egingo dira. Jakina da gaur egun gutxien ikertzen den eremua dela, ziur asko kaltetuenak adineko pertsonak direlako. Lanean aktibo ez dauden eta ekoizten ez duten pertsonak dira; horregatik, haien ikerketa da gaur egun garrantzi gutxien duena. Baina bizi-itxaropena altua izango denez, pertsona askok izango dituzte nahasmendu mentalek, psikofarmakoen kontsumoak eta bizitza osasungarria izateko zailtasunek eragindako gaixotasun neurodegeneratiboak. Horren guztiaren ondorioz, sistemak ezin izango du gainzaintza hori bere gain hartu, eta, azkenerako senideek (ziurrenik emakumeek) hartu beharko dute ardura hori zaintza informalaren bidez..

EZ DAGO IRUZKINIK