«Europarrok frantziar erako lorategi gisa eraiki dugu Batasuna, txukun, polit, tentuz, baina gainerako mundua oihan bat da. Eta oihanak gure lorategia jatea nahi ez badugu, espabilatu egin behar dugu». Josep Borrell, Europako Batzordeko lehendakariordea.
2008ko Krisi Handiak eta 2015eko errefuxiatuen krisiak Maastricht (1992) eta Schengen (1995) itunen oinarri materialak desegonkortu zituzten Europako bloke inperialistan. Europar Batasunaren sorrerako akordio horiek Sobietar Batasunaren aurkako garaipen-une historiko bati eta estatu-nazioen gobernantza-paradigma estua gainditzen zuen garapen kapitalista jakin bati dagozkie. Bi faktore horiek aukera ematen zuten metaketa kapitalista kontinentera zabaltzeko, eta, oro har, Europako oligarkia finantzarioaren eta industria burgesia alemaniarraren nagusitasun politiko eta ekonomikoaren pean, goranzko integraziorako itxaropenak sortzen zituzten hainbat potentziarengan. Schengengo akordioak, zehazki, kapitalistek «pertsonen eta kapitalen zirkulazio askea» gisa izendatzen duten printzipioa ezartzen du. Horrek, funtsean, lan-indarraren zirkulazio askea eta Europa mailako mugarik gabeko merkataritza-askatasuna esan nahi du.
Dena dela, planak laster erakutsiko zituen egiturazko ahuleziak. Alde batetik, potentzia horiek garapen maila ezberdinak zituzten metaketa kapitalistari dagokionean. Horrek desoreka komertzial eta finantzario izugarriak dakartza berekin, gaur egun ere EBren batasuna hausteko mehatxua egiten dutenak; zorraren krisia, COVID-19aren pandemiaren aurrean Europako funtsen auzia (1) edo egungo krisi energetikoa (2) dira adibideetako batzuk. Bestalde, batasunaren ezaugarri diren ongizate-sistemei –zeinak beheranzko joera nabarmenean dauden– eusten dien zurrunbilo inperialistak hildakoak, miseria eta desplazatuak sortzen ditu periferia globalean (3). Horren ondorioz, denbora-tarte labur samarrean, Ekialde Hurbiletik, Saharaz azpiko Afrikatik eta Magrebetik ihesi doazen milioika pertsona munduaren zati honetako mugetara bultzatzen dituzte. Europako Banku Zentralaren lorategiko aberastasun materialaren birbanaketan modu batera edo bestera sartuta dauden eragileek arriskuan ikusten dute beren posizioa, eta hainbat ameskeria sortzen dituzte nazio-estatu subiranoen harresi zaharkituetan endroke identitarioak egitearekin.
MIGRAZIOA GAUR EGUN
Migrazio-koiunturaren ideia bat egiteko besterik ez bada ere, gaurkotasun orokorreko datu batzuk eta hainbat gertaera zehatz azalduko ditugu. Migrazio-fluxuen kuantifikazioa, konkretuki, funtsezkoa da gaur egungo migrazio-ereduak aztertzeko. Batez ere, faktoreek eta politikek jatorrizko eta helmugako herrialdeetan dituzten ondorioak aztertzeko. Alabaina, alor horretan dago datu orokor gutxien, baita migratzaileen desagerpenari, migrazio irregularrari, pertsonen kontrabandoari, migrazio-politiken eraginari edo migratzaileen osasunari buruz ere. Migrazio-fluxuei buruzko datuak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) kide diren munduko 45 herrialdetan baino ez dira biltzen, edo, asko jota, munduko herrialde bakoitzeko estimazio bat dago. Ordea, informazioa ematen duten herrialdeek erabiltzen dituzten datuak biltzeko kontzeptuak, definizioak eta metodologiak askotan ez dira homologarriak, eta horrek zaildu egiten du nazioarteko fluxuak alderatzea.
2016an, 5 milioi pertsona ingurukoa zen ELGAko herrialdeetako sarrera iraunkorra. Mendearen hasierako gorakada handiaren eta 2007an lortutako gehienezko zifraren ondoren, ELGAko herrialdeetan pertsonen sarrera iraunkorrak nabarmen jaitsi ziren 2008an eta 2009an, munduko finantza-krisiaren hasierarekin batera. Hala ere, migrazio-fluxuak ia % 25 hazi dira 2011tik, 4 milioitik ia 5 milioira igaro baitziren 2017an. Hazkunde hori, batez ere, arrazoi humanitarioengatik Europara egindako migrazioak eragin zuen. 2017an izandako beherakadaren ondoren (neurri handi batean migratzaile humanitarioen sarrera-kopuruaren jaitsieragatik), ELGAko herrialdeetara egindako migrazio-fluxuek gora egin zuten berriro 2018an, eta sarrera iraunkorra 5,3 milioi ingurukoa izan zen. Erroldetako datuetan oinarritutako mundu mailako kalkuluen arabera, 2010 eta 2015 artean 37 milioi pertsonak utzi zuten jaioterria beste herrialde batean bizitzen jartzeko, hau da, munduko pertsonen % 0,5ek (4). Mugei dagokienez, Montrealgo Quebeceko Unibertsitateak (Kanada) egindako ikerketa batek dio 1990ean 15 muga-horma zeudela munduan, eta 2019an gutxienez 70 zirela (5). EBko muga-agentziaren estatistiken arabera, Europako agintariek 139.000 pertsona inguru kanporatu zituzten (batez ere Ukrainatik, Albaniatik eta Marokotik) 2019an, deportatuak izateko arriskuan zeuden 298.000 pertsonetatik (6).
Migrazio-joerak ikuspegi orokorrago batetik aztertzen dituzten datu berriagoei erreparatzen badiegu, egoera are etsigarriagoa dela ikusiko dugu. Global Migration Indicators 2021 (7) txostenaren kalkuluen arabera, 2020an 281 milioi pertsona bizi ziren beren jaioterrietatik kanpo, hau da, populazio globalaren % 3,6. Duela bi hamarkada, 2000ko hamarkadaren erdialdean, kopurua 153 milioikoa zen. 2020ko biztanleria migratzaile hori era xeheago batean aztertzen badugu, gutxienez 135 milioi emakumeak ziren, 164 milioi batez ere lan-arrazoiengatik mugitutakoak, beste 40,9 milioi haurrak eta 26 milioi pertsona aitortutako asilo-eskatzaileak edo errefuxiatu erregistratuak. Bestalde, kalkulatzen da 35-40 milioi pertsonak emigratzen dutela bost urtean behin. Bide horri jarraikiz, badakigu gutxienez 82,4 milioik hertsadura zuzenaren pean egin behar izan zutela alde (gatazka armatuak, indarkeria orokortua edo giza segurtasuna urratzen zuten antzeko arrazoiengatik), 30,7 milioi ingurumen-hondamendien ondorioz lekuz aldatu direla berriki edo 2014 eta 2020 artean emigratu zuten 40.000 pertsona baino gehiago hil zirela ibilbidean zehar. Azken datuen arabera, 40 milioi migratzaile baino gehiago esklabotza modernoaren biktima dira. Aurrera begira jarrita, 2030erako, EBn immigrazioaren hazkundea % 21-44 artekoa izatea espero da. Migratzaileen onarpen publiko globalak, bestalde, okerrera egin du azken urteotan: aipatutako adierazlea 2016an 5,34an zegoen, eta 2019rako 5,21era jaitsi zen.
Aurrera begira jarrita, 2030erako, EBn immigrazioaren hazkundea % 21-44 artekoa izatea espero da. Migratzaileen onarpen publiko globalak, bestalde, okerrera egin du azken urteotan: aipatutako adierazlea 2016an 5,34an zegoen, eta 2019rako 5,21era jaitsi zen
Behin migrazio-egoeraren argazki orokorra datuen bidez eginda, gaurkotasuneko zenbait gertakari errepasatu ditzakegu. Etxean bertan, Irunen (Gipuzkoa) zehatzago esanda, ikusi dugu nola 2022an hainbat pertsona ito egin diren Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga Bidasoa ibaitik igaro nahian. Pixka bat hegoaldera jota, joan den ekainaren 25ean, 24 bat pertsona hil zituzten indar polizialek Melillako muga zeharkatzen saiatzen ari zirela. Gertatutakoaren aurrean, eskuin muturrak eta Espainiako Estatuko ezker parlamentarioak jarrera bera hartu zutela sumatu zen. Pedro Sanchez presidenteak «eredugarritzat» jo zuen Marokoko indar polizialen jokabidea, haren gobernu iraingarria sostengatzen duten alderdi politiko guztien adostasunarekin. Santiago Abascalek honela ebatzi zituen gertakariak uztailaren 12ko eztabaida parlamentarioan: «Hesi onek bizilagun onak egiten dituzte». BBC telebista kate britainiarraren dokumental batek duela gutxi aditzera eman duenez, Espainiako Polizia hilketen lekuko izan zen, eta ez zituen eragotzi. Alderantziz, «gorpuak Marokora arrastaka eramatea» egozten diete Espainiako indar polizialei. Bestalde, 70 lagunek desagertuta jarraitzen dutela eta Espainiako Gobernuak segurtasun kameretako irudiak ezkutatu zituela ohartarazi zuten. Erresuma Batuan, Boris Johnson lehen ministro ohiak hainbat migratzaile Ruandara deportatzeko asmoa azaldu zuen. Gobernu britainiarrak eta Paul Kagame Ruandako presidenteak akordio bat sinatu zuten apirilaren 14an, zeinak Londresek «legez kanpokotzat» jotzen dituen pertsonak Afrikako herrialdera indarrez bidaltzea ahalbidetuko zuen. Horretarako, britainiar gobernuak 155 milioi dolar eman zizkion Ruandako gobernuari. Erresuma Batuko prentsaren arabera, helburua «migratzaile ekonomikoak» deportatzea da, hau da, lan-beharrengatik emigratzen duten langileak deportatzea.
KAPITALISMOA ETA IMMIGRAZIOA
Produkzio-modu kapitalistan, immigrazioa ez da kontingentzia bat. Are gehiago, termino absolutuetan, immigrazioa agerikoagoa da merkataritza eta kapitalaren esportazio/inportazio zirkuitu globalak nazioartekotzen diren heinean. Eta gerra edo krisi gordineko garaietan agerikoagoa bada ere, gaizki genbiltzake une horietara joko bagenu immigrazioaren gakoa topatu nahian; aitzitik, logika sozial kapitalistaren izaerari berari begiratu behar genioke. Alde batetik, merkatua, oro har, nazioartekotzen ari denez, lan-indarraren merkatua ere nazioartekotu egiten da pixkanaka, horrek dakarren mugikortasunarekin edo, bestela esanda, migrazioarekin. Bestalde, kapitalen nazioarteko lehiak herrialdeen arteko bizi-mailetan ere eragin du historikoki, eta horrek herrialde batzuetan bizitza beste batzuetan baino jasangarriagoa egiten du –beste batzuetan, berriz, jasanezina da zuzenean–. Bi faktoreek bat egiten dute migrazioaren kausa nagusia den horretan: bizirauten saiatzea, ezberdintasunek, ziurgabetasunak eta soldatarekiko mendekotasunak gidatutako mundu batean.
Dena den, immigrazioaren arazoa, hau da, iritzi publikoarentzat duen izaera negatiboa, ez dago herrialde batetik bestera aldatze hutsean, atzerrian finkatzeko. Lan-kontratu bat sinatzen denean edo atzerrian enpresa bat eratzen edo erosten denean, bizi garen gizarteak atzerritarra besoak zabalik hartzeko joera du: balio handiagoa, aberastasun handiagoa. Txanponaren beste aldea, «garunen ihesa» edo kapital-kanporatzea deiturikoa, alegia, nazioari modu negatiboan eragiten dion emigrazio gisa ulertzen da. Baina, oro har, logika kapitalistaren arazoa ez dago adar nazional batetik bestera gertatzen den kapitalaren migrazioan. Arazoa sortzen da emigratzen duena ez denean merkantzia bat, soberan dagoen biztanleria baizik: kapitalari momentuan baliagarriak ez zaizkion pertsona-talde handiez ari gara, bizirauteko baliabideak eskuratzeko aukera soldataren mende duen gizarte batean irautea bilatzen dutenak. Aldi berean, hala ere, izaki biluzi izateagatik, default egoeran beste herrialde batzuetara iristeagatik euren lan-indarra baino ez dutenak, birtualki baliagarriak dira kapitalarentzat. Eta ikusi besterik ez dago nork egiten dituen lanik gogor eta prekarioenak. Ez da harritzekoa, zintzotasun ariketa batean, Joseph Muscat Maltako lehen ministro ohiak esan izana nahiago zuela immigranteek egitea eguzkipeko lan gogorrak, biltzea zaborra edo kualifikaziorik gabeko lanak egitea, enplegu kualifikatu eta erosoagoak maltarrentzat gordeta (8).
Arazoa sortzen da emigratzen duena ez denean merkantzia bat, soberan dagoen biztanleria baizik: kapitalari momentuan baliagarriak ez zaizkion pertsona-talde handiez ari gara, bizirauteko baliabideak eskuratzeko aukera soldataren mende duen gizarte batean irautea bilatzen dutenak
Etsipena kapitalak soldatak murrizteko eta lan-baldintzak gogortzeko erabiltzen duen bitartekoa da; mendekotasunean oinarritutako diziplina-tresna da. Horregatik, Madjiguène Cissék dion bezala, egoera irregularrean dauden pertsona guztiak beren jatorrizko herrialdera bidaltzeko ideia hitzontzikeria hutsa da, Europako gobernuek ez baitute inoiz horrelako proiekturik planteatu, ezta planteatuko ere. «Paperik gabekoen presentzia askotan onartzen da, ekonomiaren sektore batzuek ez luketelako funtzionatuko haiek gabe», ziurtatzen du ekintzaile senegaldarrak. Are gehiago, Global Migration Indicators txostenak gogorarazten digu 2015ean lan-indar migratzailea gutxienez 6,7 bilioi dolarrekoa zela, hau da, munduko Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 9,4 baino gehiago langile migratzaileengandik zetorrela (9).
«Paperik gabekoen gaineko kontrola erraz eskura daitekeen eskulan merkea izateko modu bat da, eta, aldi berean, lan-merkatua kontrolatzen du», argitzen du Cissék. Atxilotutako etorkinen zati bat zentroetan sartu edo kanporatu egiten badute ere, bere arabera «besteak beren kasa abandonatzen dituzte, enpresaburuen gozamenerako» (10). Sandro Mezzana eta Brett Neilsonen hitzetan, kapitala «aldi berean lanaren mugikortasuna balorizatzen eta eusten» saiatzen da (11). Hori dela eta, pertsonen etorrera masiboa, lehenik eta behin, arazo bat da kapitalarentzat. Gastu bat da Estatuarentzat, kudeaketa publikoaz eta ongintzako erakundeen bidez ematen diren «gizarteratzeko» laguntzez gain, mugako hesietarako, kontrol polizialerako eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetarako inbertsioak eskatzen baitizkio. Maila ekonomikoan, batzuetan, hainbat arrazoi direla medio, ezinezkoa da migratzaile guztiak lan-indarraren merkatuan integratzea: Arrazoi horietako batzuk dira formakuntza falta edo hura homologatzeko ezintasuna, tokiko hizkuntza menperatzeko zailtasunak, nagusien aurreiritzi xenofoboak, edota lan-indarraren merkatuan eskaria eta eskaintza bat ez etortzea. Horrek esan nahi du, era berean, zenbait proletario migratzaile ezkutuko ekonomiaren esparruan erortzen direla, mafietan, delinkuentzian, etab. Hala ere, etsita dauden pertsonak izanagatik, oso zaurgarriak dira, eta beraz, kapitalarentzat baliagarriak ere izan daitezke; lan-indar merkea, diziplinagarria, eta, askotan, legearen aurrean existitzen ez dena delako, horrek dakarren guztiarekin. Kontraesan horretan mugitzen da immigrazioaren fenomenoa logika kapitalistan: batetik zama, bestetik aukera; baina beharrezko fenomenoa, azken batean. Garrantzitsua da nabarmentzea atzerriko langileak atzerritartasun legearen mende daudela, eta lege horrek baldintzak ezartzen dituela langile horiek lan-baldintza okerragoak onartu behar izan ditzaten; izan ere, bai paperak lortzeko, bai paperak berritzeko, lan-harreman egonkorra frogatu behar da, edo lan-harreman hori duenaren bikotekidea izan behar da.
Migratzaileak bizitza hobe baten bila beste herrialde batera joatea erabakitzen duela interpretatzeko joera dago, hartutakoa borondatezko erabaki bat balitz bezala. Baina, egiari zor, hori gertatzen bada, horren atzean migratzailea emigratzera behartzen duen testuinguru oso bat dagoelako da. Baliabideak soberan dauden mundu batean hobeto eta okerrago bizi diren herrialdeak egote hutsa, bere horretan, kontraesan ikaragarri batek zeharkatzen duen gizarte baten sintoma da. Jakina, hemen aipatuko dugun migrazioa ez da migrazio «askea». Hau da, ondo samar bizi arren, mundua deskubritu nahi izatea, beste herrialde batzuetan lan egin nahi izatea haien kulturak ezagutzeko, boluntariotza egitea norbere kontzientzia lasaitzeko, etab. Hemen migrazio-fluxu handiak ditugu hizpide, ez bakarrik gerrak eta jazarpen politikoak eragindakoak, baita pobreziak, goseak eta krisiak eragindakoak ere. Fluxu horiek hodi egonkor samarretatik igaroko balira bezala existitzen badira, gizarte kapitalistaren ezegonkortasunak hodi horiek berariaz jartzeko joera duelako da. Eta emaria handitzen bada, emari horren jatorriko eremuan bizitzak okerrera egiten duelako da.
Fluxu horiek hodi egonkor samarretatik igaroko balira bezala existitzen badira, gizarte kapitalistaren ezegonkortasunak hodi horiek berariaz jartzeko joera duelako da. Eta emaria handitzen bada, emari horren jatorriko eremuan bizitzak okerrera egiten duelako da
Nahikoa sufrimendu ez balitz beste herrialde batera emigratzea bera, familia eta lagunak atzean utzita, itsasoan nahiz mugako postuetan bizitza arriskuan jarriz, migratuak era guztietako segurtasun faltak jasan behar ditu behin helmugara helduta; are, xenofobia da gehien pairatzen duena. Xenofobia estuki lotuta dago logika kapitalistarekin eta arrazakeriarekin. Arrazakeria gizarte burgesa finkatu baino askoz lehenagotik gertatu den fenomeno bat da, erreportaje honetan aztertuko ez diren testuinguru eta dinamika batzuen pean. Hemen axola zaiguna da kapitalismoak arrazismoa bere egin eta erreproduzitzen duela, besteak beste, xenofobiaren bidez. Kapitalak langileen banaketan interes objektiboa duenez, diskurtso xenofobo eta arrazista funtzionala da beretzat, langileek elkarri aurre egitea lortzen duelako, lehian jartzen dituelako eta haien balizko batasun potentziala ekiditen duelako. Izan ere, azken hori elementu oso arriskutsua da harreman kapitalistaren erreprodukziorako. Gauza ez da hori beti eta modu kontziente nahiz konspiratiboan egiten dela –aurrerago ikusiko dugu zehatzago–, baizik eta lan-merkatuko lehiak berak langileen arteko liskarra sortzen duela nazionalitate-arrazoiengatik, eta aurreiritzi arrazistak indartzen dituela. Kapitalak dinamika hori bere kasa utz dezake, edo diskurtso politiko eta kulturalen bidez areagotu, baina argi dago liskar hori onuragarria dela beretzat. Egia esan, ekoizpen-unitate jakin baten barruan oso bestelako dinamika bat gerta daiteke, non nazionalitate desberdinetako langileak elkarren lagun egin daitezkeen euren arteko lankidetzaren bitartez, aurreiritziak atzean utzita edo berdinen artean lanean ari direla ohartuta, kultura-ezberdintasun orotatik harago. Horregatik, maiz ez da harritzekoa sentimendu xenofoboa eta nazionalitateen arteko adiskidetasuna elkarrekin egotea. Zentzu horretan, ez dugu xenofobia arrazakeriarekin nahastu behar, eta ez soilik bi kontzeptuek intolerantzia ezberdinak izendatzen dituztelako, jakina. Arrazakeria, a priori, logika kapitalistari funtzionala bezain disfuntzionala izan dakioke. Izatez, burgesiak ez du arazorik arrazakeriaren aurkako kanpainak abian jartzeko; ikusi besterik ez daude UEFAren «Say no to racism» edo Inditexen arraza anitzeko marketina. Xenofobia, aldiz, logika kapitalistak gidatutako gizartean automatikoki erreproduzitzeko joera dago, eta, esan dugun bezala, baliagarria da Kapitalarentzat. Hain zuzen ere, puntu horretan egiten dute bat arrazakeriak eta xenofobiak: xenofobiaren bidez, arrazismoa areagotzen da, «immigranteen mehatxua» pertsona arrazializatuen talde batekin edo besteekin identifikatzen delako.
Izan ere, xenofobia, beste klase batzuekin gerta badaiteke ere, bere bertsiorik orokor eta gordinenean etorkin pobreekin gertatzen da. Lehen esan bezala, Kapitala eta aberastasuna besoak zabalik jaso ohi dira. Pobreziak, ostera, oso bestelako harrera izango du, ustezko lan-mehatxuagatik («lana lapurtzen digute»), mehatxu kulturalagatik («ez dira integratzen») edo finantza-mehatxuagatik («laguntza publikoetatik bizi dira»), besteak beste. Dena den, «mehatxu» kulturalen eta «mehatxu» finantzarioen existentziaren abstrakzio bat egingo bagenu, hau da, sinesten badugu lan-indar etorkina bizitza nazionalean eta ekonomia ofizialean (ez ezkutukoan) erabat «integratzea» posible dela, gizarte-harreman kapitalisten esparruan xenofobiak beharrezkoa izaten jarraituko luke. Horrek aipatu ditugun «mehatxu» horiek ere beharrezkoak direla esan nahi du.
Lan-indarraren merkatze orokorra hainbat arrazoirengatik gerta daiteke, eta horietako bat lan-merkatuan lan-indarraren sekzio merkeago eta diziplinagarriago bat sartzea da. Egoera zaurgarrian dauden eta bizi-maila baxuagoa duten etorkinek lanpostu jakin bat baldintza okerragoetan eta bertako langile batena baino soldata nabarmen baxuagoa onartzera behartuta badaude, horrek, eskura dauden lanpostuen kopurua murrizteaz gain, sektore horretako soldaten jaitsiera bultzatzen du. Lan-indarraren merkatuan, merkatu guztietan bezala, merkantzia horren jabeek elkarren artean lehiatu behar dute merkantzia hori ahalik eta baldintza onenetan saltzeko. Merkantzia hori, hala ere, ezin da edozein preziotan saldu, eta nazio bakoitzean, historia- eta kultura-arrazoiak direla medio, gutxieneko soldata hori, eta haren batez bestekoa, ez du langileak bizirauteko behar duen gutxieneko kopuruak soilik zehazten, zatitxo bat aurrezteari eta aisialdiari ere badagokio. Nolanahi ere, argi dago migratzailea heldu ohi den xede herrialdeak, oro har, bizi-maila handiagoa izaten duela haren jatorrizko herrialdeak baino, eta horrek, azken batean, batez besteko diru-sarrera handiagoa esan nahi du. Esaten ari ginen moduan, pertsona migratzaileak bizi-maila okerragoa baldin badu, eta, gainera, soldata bat lortzeko edozer gauza onartzera behartuta badago, bere lan-indarra lan-merkatu nazional horretan ohikoa dena baino prezio merkeagoan salduko du. Jakina, baldintza okerragoetan eta soldata txikiago baten truke lan egiteko prest dauden pertsonak badaude, gutxieneko soldata eta lan-baldintza horiek izango dira sektoreko estandarra markatzen hasiko direnak. Cissèk honela azaltzen du: «Langile atzerritarrei eragiten dieten neurriak lan-merkatu osoa antolatzeko eta lan-indar osoa kontrolatzeko erabakitako politiken parte dira. Paperik gabeko langileak edozein motatako lan-baldintzak eta edozein soldata onartzera behartuz, langabeen sekulako langile-poltsa bat sortuz eta mantenduz, Estatua da lehia zuzenean antolatzen duena, soldatak jaitsarazten dituena eta langile batzuk beste batzuekin aurrez aurre jartzen dituena» (12).
Ondorioz, segituan heldu ohi da bertakoak diren langileen erreakzioa. Baina erreakzio hori ez da pertsona gehiago lanean aritzea –bakoitzak lanordu gutxiago egingo lituzke premia berberak asetzeko– zerbait negatiboa dela dioen logika sozial orokorraren aurkakoa izaten. Produkzio-harreman kapitalistak naturalizatzeak, hau da, munduaren antolaketa hau beharrezkoa dela pentsatzeak, lehiaren kontzientzia besterik ezin du sortu. Eta puntu horretan, era guztietako aurreiritzi arrazista eta nazionalistek lagunduta, langileen kontzientzia xenofoboa sortzen da. Horregatik, kontua ez da alderdi politiko honek edo hark xenofobia txertatzen duela langile klasearen barruan, baizik eta diskurtso xenofobo horren existentziarako beharrezko baldintzak sortzen dituen eguneroko praktika bat dagoela. Politika burgesean egiten dena da errealitate sozial kapitalistan jada emanda dauden baldintza horiek aprobetxatzea masak haien alde mobilizatzeko; hori da populismo xenofoboa. Zehatzago esanda, kontua ez da eskuin muturraren hauteskunde-agerraldiak Europako gizarteak eskuindarrago bihurtzea dakarrela, sozialdemokraziak aditzera eman nahi duen bezala; aitzitik, eskuin muturraren hauteskunde-agerraldiak agerian uzten du Europako gizarteak gero eta eskuindarragoak direla.
Kontua ez da alderdi politiko honek edo hark xenofobia txertatzen duela langile klasearen barruan, baizik eta diskurtso xenofobo horren existentziarako beharrezko baldintzak sortzen dituen eguneroko praktika bat dagoela
POPULISMO XENOFOBOA: ERTAIN KLASEAREN BUNKERRA
Krisi orokortu honek, «nazio barruko bizitza xumearen aurkako mundu globalizatuaren mehatxu» gisa aurkeztu nahi zaigunak, klase-aliantzak birmoldatzea eragin du. Nazional-populismoaren adierazpen politikoen artean egon daitezkeen desberdintasunak gorabehera (13), guztiek dute jokaera komun bat: itxiera erreakzionario bat gauzatzen da, eta, horren ondorioz, klase ertain kontserbadoreak Ongizate Estatu dekadente baten hondakinen artean gordetzen dira, gero eta parametro baztertzaileagoak erabilita.
Horrela, ikusten dugu eskuin muturrak presio handia egiten duela botere exekutiboaren gogortasuna eskatzeko (polizia-kontrola handitzea, kaleen militarizazioa, salbuespen-legeak, oinarrizko askatasun politikoak ezabatzea), gizartean ezinegona ziurtatuta dagoen eta Zuzenbide Estatua bake soziala mantentzeko bitarteko bat baino gehiago oztopo bihurtzen den une historiko honetan (14). Sozialdemokraziak, berriz, ez du zalantzarik Estatuaren aurrekontuak diru-zorro neutral bat balira bezala kudeatzeko, eta errepresio-neurriak gogortu eta justifikatu ditu. Horrela, denborak aurrera egin ahala zalantzarik gabe gogortuko den dinamika baten aurrekariak ezarri ditu.
Iker Madridek El rumor de las periferias. A vueltas con el rap underground y el drill (15) artikuluan gogoratzen duen bezala, Kultura Ikasketa Garaikideen Zentroaren ekarpena aipatuz, «”garai gatazkatsuetan”, gizarte-ezinegona adierazpen politiko antolaturik aurkitzeko gai ez denean, ezinegon hori errugabeen gainera erortzen da». Testuinguru ezegonkor horiek «izu moral» moduko bat sortzen dute herritarrengan, gogorarazten du Madridek. Beren mundua eta posizioa galtzeko beldurrak gidatuta, zenbait giza-taldek etsai bat identifikatzeko joera dute, eta «balio tradizionalen» zaindari gisa agertzen dira. Egoera horretan, hain zuzen, ez dira falta izan Europako klase ertainaren gainbehera azaltzeko eta aurre egiteko errudun klasikoak: «eliteak», «ustelkeria», «subiranotasun nazionalaren galera» eta, nola ez, «etorkinak».
Errudun faltsu horiek guztiek eta kultura erreakzionarioak horiei esleitutako esloganek, egungo gauzen egoera modu arrazoituan azaldu beharrean, berez justua omen den aberastasunaren banaketa oztopatzen duten kanpoko eragile gisa agertzen dituzte. Leloa ezaguna da: «eliteak zekenak dira», «politikoak ustelak dira», «subiranotasun nazionala galtzeak ez du aberastasunik sortzen nazioarentzat» edo «etorkinak gure zergetatik bizi dira». Azken topiko horrek gure arreta merezi du; izan ere, aipatutako giza-taldea, «delitugileekin» eta langabeekin batera, lehen lan-indarraren soberakin gisa izendatzen genuena da, edo, Madridek aipatzen duen bezala, «soberakin negatiboa». Eduardo Matos-Martinen hitzekin, Madridek azpimarratzen du sektore horiek «baztertze inklusibo» egoeran daudela. Hau da, «ekoizpen-ordenatik eta eskubide zibiletatik kanpo, baina Estatuaren dominazioaren eta haren errepresio aparatuen eremuaren barruan». Arrazoi beragatik, Emmanuel Rodriguez historialariak uste du herritartasunak «ertain klasearen perimetroa» duela (16). Gizarteko proletarioak eta pobreak jada ez dira halakotzat hartzen, «baizik integratuta ez dauden edo, are okerrago, integraezinak diren pertsonatzat», gehitu du Rodriguezek bere azken liburuan. Egileak Matos-Martinen ildo beretik jotzen du: «Estatuak mota guztietako politika "bereziak" aplikatzen ditu –ez-unibertsalak, beraz–, bereziki zuzenduak "ahal duenari aukera-berdintasun esparrua itzultzeko”, integrazio "artifizialeko" gutxienekoak bermatzeko (pobreentzako politikak) edo indarkeria legitimoaren monopolioaren arau errepresibo inplizitua aplikatzeko». Ondorioz, etorkinak kide diren menpeko giza-taldea ez da eremu publikoan agertzen, ertain klaseko talde subsidiario gisa aitortzen da, edo pobre gisa agertzen bada, «gizarte-arazo» edo «mehatxu-leku» moduan agertuko da, Rodriguezek ondorioztatzen duenez. Miguel Mellino haratago doa Gobernar la crisis de los refugiados (17) lanean, esanez «klase agintarien eta talde sozial "natibo" batzuen artean adostasun politiko berri bat gauzatzen ari dela, beste batzuen (migratzaileak, beltzak, asiarrak, langile disidentziak, disidentzia politikoak, etab.) aurkako indarra, indarkeria eta errepresioa erabiliz». Ahulenen aurkako lintxamendu mediatiko eta poliziala txalotzen dela ikusten dugunean, arestian aipatutako izu moral horren instituzionalizazioaren lekuko gara. Europar Batasunean, prozesu horrek Mellinok salbuespen-egoera berri deitzen dionaren itxura hartzen du: jostura politikoko ibilgailu berri gisa eta herritarrak hierarkizatzeko gailu material gisa.
«Klase agintarien eta talde sozial "natibo" batzuen artean adostasun politiko berri bat gauzatzen ari dela, beste batzuen (migratzaileak, beltzak, asiarrak, langile disidentziak, disidentzia politikoak, etab.) aurkako indarra, indarkeria eta errepresioa erabiliz». Miguel Mellino
Ertain klasea, batez ere langile aristokraziak eta burgesia txikiak osatua, egoera ezin hobean dago politika horiek guztiak legitimatzeko. Burgesia txikiak, atzerriko Kapitalaren eta Kapital nazional handiaren mehatxupean, lehiakortasun-baldintzak berdindu nahi ditu merkatuan. Hain zuzen ere, haien interes politikoen artean honako hauek aurki daitezke: protekzionismoa, zerga progresiboak, eliteen botereari mugak jartzea, enpresa txiki eta ertainentzako babesak eta laguntzak, ustelkeria politikoaren eta aukera-berdintasun ekonomiko-politikotik baztertuko lituzkeen araubide juridikoaren aurkako borroka, etab. Langile aristokrazia, bere aldetik, zalantzatiagoa da. Oro har, prestazio publiko hobeen aldeko borroka politikoan eta bere proletarizaziorako norabidean bultzatzen duten politiken aurka aurkitzen da. Bientzat aurrekontu publikoen zorroa funtsezkoa da; beraz, zaku hori zerga zein jarduera ekonomiko nazionalaren bidez bete ezin izatea edo ekonomikoki «alferrikakoa» den gastuari eusteko ezintasuna (adibidez, etorkinentzako laguntzetan), mehatxu zuzena da haien izanarentzat.
Nahiz eta migratzaileak alderdi atzerakoietan soilik agertu diren arma politiko gisa, ez litzateke harritzekoa izango xenofobia ezkerreko oinarri sozial boto-emailearen gero eta sektore gehiagotan sartzen hastea. Izan ere, gogora dezagun arku-parlamentarioaren eta hautesleen ezein aukera ez dagoela xenofobiaren baldintza historikoetatik salbuetsita. Euskal Herrian asko deliratu da ustezko «euskal DNA antifaxistari» buruz, baina gaur egun, 40 urte inguruko euskal bikote batek, bi seme-alaba, hipoteka, etxebizitza jabetzan, bi auto eta ondo ordaindutako lan egonkorrak dituenak, oro har, interes handiagoa du beherapen fiskaletan, hezkuntza-itunen hedapenean, kaleetako «segurtasuna» mantentzean, familia-soldatari eustean eta bere jabetza babestean, beste ezertan baino, bere burua «aurrerakoi» edo «ezkertiar» gisa identifikatu arren. Zer esan bikote helduagoa bada, higiezin bat baino gehiago badu jabetzan eta erretiratuta edo erretiratzear badago. Deskribatutako gizarte-taldeen pisu demografikoa eta talde horiek egiten duten presio politikoa izugarria da herrialdean, eta horien kontserbadurismorako joera jada nabaria da Euskal Herriko bake soziala gehiegi aztoratu ez den egoeran, delinkuentzia-mailak oraindik baxuak direnean, erakunde autonomikoek nolabaiteko aurrekontu-oreka mantentzen dutenean, immigrazioa ez denean kontrolpetik atera eta eskuinak migrazio-fenomenoarekin egiten duen presio politikoa oraindik handiegia ez den bitartean.
40 urte inguruko euskal bikote batek, bi seme-alaba, hipoteka, etxebizitza jabetzan, bi auto eta ondo ordaindutako lan egonkorrak dituenak, oro har, interes handiagoa du beherapen fiskaletan, hezkuntza-itunen hedapenean, kaleetako «segurtasuna» mantentzean, familia-soldatari eustean eta bere jabetza babestean, beste ezertan baino, bere burua «aurrerakoi» edo «ezkertiar» gisa identifikatu arren
Hala ere, azken datu eta gertakariek adierazten dute joera horiek aldatzen hasi direla. Euskal Autonomia Erkidegoko kriminalitate-tasa, adibidez, % 10 igo zen 2021ean. Jabetza pribatuaren aurkako delituak dira arau-hauste penal gehienak, eta aurreko urtearen aldean % 24,2 igo dira. Azpitalde horren barruan ohikoenak etxebizitzetako lapurretak izan ziren; % 18,1eko igoera izan zuten 2020arekin alderatuta (% 18). EAJri lotutako Deia egunkariak zabaldutako datu ustez kezkagarri horiek 2021eko datuen eta konfinamendua izan zen aurreko urtekoaren arteko konparazioetan oinarrituta atera dira. Beraz, datu horiek kezkagarriak baino gehiago alarmistak dira, baina horrela azalduta, eragina dute iritzia sortzerakoan; are gehiago, kontuan izanda EAEn delituen gorakada ez dela guztiz faltsua. Espainiako Estatuko Barne Ministerioaren zifrak aztertuz gero, ikus daiteke 2022ko lehen hiruhilekoan erregistratutako 24.796 arau-hauste penalek nabarmen gainditzen dituztela mugikortasun-murrizketen aurreko 2019ko 22.979 arau-hausteak (19). Gaurkotasuneko gertakariak eta horiei dagozkien erreakzioak are interesgarriagoak dira: Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusian delitu gisa tipifikatutako 1.609 ekintza eta 157 atxiloketa egin zirenez, ELA, SVPE, CCOO, UGT eta Ezker Abertzaleko LAB sindikatua kexu ziren Bilboko Udalak Udaltzaingoko kalez jantzitako agenteak erdira murriztu zituelako, eta horregatik udal gobernuaren kudeaketa «negargarritzat» jo zuten (20).
Jose Mari Esparza Ezker Abertzalearen Txalaparta argitaletxeko editore historikoak ¿Migración? No, gracias (Migrazioa? Ez eskerrik asko) izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen duela gutxi Noticias de Navarra-n (21). Aipatu dugun langile aristokraziaren ohiko xenofobiaren adibide ugari biltzen ditu testuak, baina egungo egoeran garrantzi kualitatibo handia duten bi elementu azpimarra daitezke. Alde batetik, hasieran aipatzen duen gertakaria: «Duela ez asko, nire herrian ezkerraren hauteskunde ekitaldi batean, emakume batek hitza eskatu zuen eta galdera bat utzi zuen airean: Zer egingo dugu immigrazioarekin?». Bigarrenik, Esparzaren konklusio politikoa dago: «Ezkerretik horri buruz argi hitz egiten hasten garenean, zirrikitu gutxiago utziko dizkiegu eskuinari eta Voxeko arratoiei. Eta, zalantzarik gabe, gehiago konbentzituko dugu nire herriko bizilaguna, orain ez baitu zertan lehen irabazten zuenaren erdia irabazi».
Joerak ikusita, eta jada espekulaziozko terminoetan hitz eginda, ez litzateke harritzekoa izango etorkizun ez oso urrun batean kriminalitatearen hazkundea immigrazioarekin faltsuki lotzea, gizartean integratuta dauden sektore zabalen arteko deriba autoritarioa areagotzea eta ertain klaseak immigrazioari gogorrago egiteko eskatzen hastea. Horren ondorioz, logikoa litzateke alderdi politikoek, sindikatuek eta gainerako eragile ezkertiarrek nolabaiteko hegemonia kultural zein politiko xenofoboa eurenganatzea pixkanaka, nahiz eta diskurtso ez hain esplizituekin eta zentzu komunaren aitzakiapean egin, hala nola, esanez «kontrolatu beharreko arazo bat dela, gure bizimodua mehatxatzen duelako». Era berean, horretarako, «zoritxarrez, sakrifizioak egin beharko direla» esango dute.
Ez litzateke harritzekoa izango etorkizun ez oso urrun batean kriminalitatearen hazkundea immigrazioarekin faltsuki lotzea, gizartean integratuta dauden sektore zabalen arteko deriba autoritarioa areagotzea eta ertain klaseak immigrazioari gogorrago egiteko eskatzen hastea
Are gehiago, zenbat eta handiagoa izan alderdi politiko baten izaera nazionalista, orduan eta aukera gehiago dago pentsamendu xenofoboa bere proposamen politikoetan ezartzeko, kontu handiz bada ere. Nazionalismoak beti bere nazioaren, kulturaren, lurraldearen eta idiosinkrasiaren biziraupena lehenetsiko duenez, arazo gisa aurkeztuko zaio identitate hori galarazten duen edo bertakoei «bizitza nazionalera» sarbidea zailtzen dien kanpoko eragin oro. Hortik datoz azkenaldian hainbeste nabarmentzen ari diren nazionalismoaren bi jarrerak: batetik, subiranotasun ekonomiko-politiko nazionalaren galeraren aurka, «antiglobalismoa»; eta, bestetik, bizi-baldintzen okertzearen aurka, xenofobia.
PROLETARIOEN ARTEAN PROLETARIOENAK
Oro har, gizartean «proletario» edo «burges» bezalako kategoria garbiak aurkitzea alferrikako ariketa da, determinazioak abstraitzen dituzten kategoria sinpleak direlako. Hau ez da akatsa, metodo kontua baizik. Gizartearen zientzia egiteko, abstrakzioa tresna bat da. Hala ere, errealitate materialean kategoria abstraktuak aurkitzeko zailtasun hori egiazkoa izanik, Mediterraneoko pateretan bilatzea baino gauza errazagorik ez dago proletario kategoria purutasun osoan aurkitzeko.
Endnotes kolektiboak adierazten duen bezala, «herrialde aberatsago batera emigratzea izan daiteke, alde handiz, norbere lan-indarraren prezioa igotzeko modurik eraginkorrena» (22). Beste batzuetan, emigratzea izan daiteke lan-indarra saltzeko modu bakarra. Eta beste batzuetan, emigratzea izan daiteke erregimen zapaltzaileetatik eta gerretatik ihes egiteko modu bakarra. Azken kasu hori errefuxiatuena da –asilo-eskatzaile guztiak ez dira halakotzat hartzen; hainbat faktoreren mende daude: gatazka-eremua, jatorrizko herrialdea, etab.–. Hala ere, errefuxiatuak sarritan ustezko babeslekutik babestu behar izaten du. Estigma, lana aurkitzeko ezintasuna, legez kanpokoa izatea eta apartheid isila ez dira, hain zuzen, errefuxiatu batek bere babeslekuan aurkitu nahi lituzkeen elementuak. Baina migrazio-fluxu handien baitan, zentzurik ba al du errefuxiatuen eta migratzaileen artean bereizketa egiteak? Ez al dira migratzaile horiek guztiak beren herrialdeko bizi-baldintza kapitalisten errefuxiatuak? Kapitaletik, zoritxarrez, ezin gara errefuxiatu edo babestu. Kapital indibidual edo nazional honetatik edo hartatik babes gaitezke, baina ez Kapitalaren botere inpertsonaletik. Zentzu horretan, etorkina, bizirauteko bitartekoen bila herrialde batetik bestera ihes egiten duena, Kapitalaren boterearen menpe egoteaz gain, ziur aski beste edozein proletario baino menpekoagoa da.
Kapital indibidual edo nazional honetatik edo hartatik babes gaitezke, baina ez Kapitalaren botere inpertsonaletik
Egia esan, migratzaileak ez du zertan kapital indibidual batekin soldata-harremanik izan, eta, batzuetan, ezkutuko ekonomiatik harago ez zaio beste aukerarik geratzen. Jarduera horiek estigmatizatuta egoteak (zibilizazio «garatuen» kontzientzia fin eta hipokritaren baitan duten legitimotasun ezagatik), xenofobia ez ezik, etorkinek jasan behar dituzten miseriak ere areagotzen ditu mundu osoko proletarioen klase borroka historikoaren ondoriozko lan-babesak, mediku-aseguruek eta beste konkista batzuek estaltzen ez dituzten jardueretan. Edonola ere, etorkina soldatapeko harreman batean sartu edo ez, haren desjabetu izaera bereziak, beste edozein proletariok bezala bere bizitza bere kabuz erreproduzitzeko duen ezintasunak (baina bertako langileek baino zailtasun handiagoarekin eta are baldintza okerragoetan), proletario guztien artean proletarioena bihurtzen dute etorkina. Posizio horri gehitu behar zaio lehen xenofobiari buruz deskribatutako joera bikoitza. Alde batetik, bertako langilearen ustez problematiko gisa aurkezten da, eta horrek nazionalismoa eta etorkinarekiko gorrotoa sortzen edo areagotzen du: «Lehenengo bertakoak». Bestalde, langile atzerritarrekin lankidetzan eta zapalkuntza partekatuan bizitzeak interes komunen kontzientzia sor dezake. Azken kontzientzia hori indartzea politika sozialista internazionalista ororen zeregina da. Are gehiago xenofobia izanik proletarioen arteko lehiaren eta liskarraren arrazoietako bat eta, aldi berean, ondorioetako bat. Izan ere, migratzailearen egoera berezi hori potentzialki eta bitarteko jakin batzuekin, Kapitalarentzako benetako arazo bihur daiteke, laguntzen, harresien eta deportazioen bidez kudeatu ezineko arazo; klase kapitalistaren harremana erreproduzitzearen aurkako benetako mehatxu gisa egin beharko lioke aurre. Cissè argi mintzo da horri buruz: «Hasieratik saiatu gara erakusten gure borrokaren eta Frantziako langileen borrokaren arteko lotura. Sarritan esaten genuen borroka bat eta bakarra dela» (23).
ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK
(1) Castillo, J. Fondos, condicionalidad y crisis: la tormenta perfecta que se cierne sobre la Unión Europea. Arteka, 2022.
(2) Narbona, I. & Hernández, I. Energía y transporte: los síntomas del agotamiento de una época. Arteka, 2022.
(3) Arteka. Guerras imperialistas por delegación. Arteka 23, 2021.
(4) Migrazioare inguruko datuak dituen ataria. Flujos migratorios internacionales. migrationdataportal.org, 2020.
(5) Roura, A. 30 años de la caída del Muro de Berlín: 3 razones por las que las barreras fronterizas en el mundo aumentaron de 15 a 70. (2019ko azaroaren 11). bbc.com.
(6) Repeckaite, D. How Deportation Became the Core of Europe’s Migration Policy. (2020ko uztailaren 4a). jacobin.com.
(7) International Organization for Migration (IOM). 2021 Global Migration Indicators report, 2021. 11-24. orr.
(8) Times of Malta. "I don’t want Maltese workers picking up rubbish" - Muscat (2019ko maiatzaren 2a). timesofmalta.com
(9) International Organization for Migration (IOM). (2021) 2021 Global Migration Indicators report. 23. orr.
(10) Cissé, M. Palabra de sin-papeles. Gakoa Liburuak. Donostia, 2000. 208-209. orr.
(11) Mezzadra, S., Neilson, B. La frontera como método. Traficantes de sueños. Madril, 2017. 77. orr.
(12) Cissé, M. Palabra de sin-papeles. Gakoa Liburuak. Donostia, 2000. 229. orr.
(13) Estaire, O. Los populismos de derecha italianos: similitudes y diferencias (2021eko urriak 6). descrifrandolaguerra.es
(14) Zuzenbide estatuaren etenduraren eta askatasun politiko eta zibilen murrizketaren gaian sakontzeko bi testu: Etxeberri, X. Los estados de excepción que no tenían nada de excepcional. Arteka, 2021. Arteka. Pandemia y seguridad global, un acuerdo internacional contra la urbe. Arteka, 2020. gedar.eus.
(15) Madrid, I. «El rumor de las periferias». A vueltas con el rap underground y el drill. (2022ko uztailaren 17a). ikermadrid12.medium.com
(16) Rodríguez, E. El efecto clase media. Crítica y crisis de la paz social. Traficantes de sueños. Madril, 2022, 247-248. orr.
(17) Mellino, M. Gobernar la crisis de los refugiados. Soberanismo, neoliberalismo, racismo y acogida en Europa. Traficantes de sueños. Madril, 2021. 35-36. orr.
(18) Deia. La criminalidad aumenta un 10 % en Euskadi con 84.781 delitos en 2021 (2022ko otsailaren 21a). deia.eus.
(19) Epdata. País Vasco - Crimen: asesinatos, robos, secuestros y otros delitos registrados en cada comunidad autónoma. (2022ko ekainaren 2a). epdata.es
(20) Olabarri, D. «Me llega a apuñalar un poco más fuerte en el pecho y ahora estaría muerto». (2022ko abuztuaren 29a). elcorreo.com.
(21) Esparza, J. M. ¿Migración? No, gracias (2022ko urriaren 22a). noticiasdenavarra.com.
(22) Endnotes. Gather us from among the nations. Endnotes #4 (2015eko urria). endnotes.org.uk
(23) Cissé, M. Palabra de sin-papeles. Gakoa Liburuak. Donostia, 2000. 229. orr.
BIBLIOGRAFIA
Cissé, M. Palabra de sin-papeles. Gakoa Liburuak. Donostia, 2000.
Frontex. Strategic Risk Analysis 2022. Varsovia, 2022.
Mellino, M. Gobernar la crisis de los refugiados. Soberanismo, neoliberalismo, racismo y acogida en Europa. Traficantes de sueños. Madril, 2021.
Mezzadra, S., Neilson, B. La frontera como método. Traficantes de sueños. Madril, 2017.
Rodríguez, E. El efecto clase media. Crítica y crisis de la paz social. Traficantes de sueños. Madril, 2022.
Sassen, S. Inmigrantes y ciudadanos. De las migraciones masivas a la Europa fortaleza. Siglo XXI Editores. Madril, 2013.
Waqcuant, L. Los condenados de la ciudad. Gueto, periferias y Estado. Siglo XXI Editores. Buenos Aires, 2013.
HEMEN ARGITARATUA