Bala baten marka Neguko Jauregian (1917ko urria)
2024/04/01

1905a zen. Errusian iraultza piztu zen. Langileak eta nekazariak kalera irten ziren; grebak, matxinadak eta etengabeko protestak antolatu zituzten, eta hainbat egun eta hilabete iraun zuten. Horren ondorioz, Nikolas II.a Tsarrak monarkia konstituzional bat ezartzeko eta 1906ko Lehen Dumara deitzeko konpromisoa hartu zuen, eta hauteskunde demokratikoetara deitzea zekarren horrek. Boltxebikeek, Lenin buru zutela eta lehen iraultza horrek ustekabean harrapatu zituela, hauteskundeetan ez parte hartzeko eta boikota egiteko deia luzatu zuten.

1907an, iraultza jada itzalirik zegoela eta iraultzaileek kaleak masiboki utzita, Bigarren Dumara deitu zuten. Boltxebikeek parte hartzea erabaki zuten. Duma laburra izan zen, hilabete gutxikoa. Hura desegin zedila eta ministro boltxebikeak atxilotu zitzatela agindu zuen Tsarrak, azken horiek tribuna parlamentarioa iraultzara deitzeko erabiltzen zutela argudiatuta.

Zerbait aldatu zen bi urtean. 1905ean, iraultzaren goren une bete-betean, boltxebikeek boikot parlamentariora deitu zuten; 1907an, berriz, iraultza atzera-egite bete-betean zegoela, hauteskunde parlamentarioetan parte hartu zuten. Hala ere, gertaera horiek badute ildo nagusi bat: boltxebikeen parte-hartzea beti egon zen aukera iraultzaileei lotuta. Ez zuen zentzurik parlamentuan parte hartzera eta hura legitimatzera deitzeak masak iraultzara jotzen ari ziren garai batean. Hala ere, atzera-egite egoera batean, 1907an, parte hartzera deitu zuten, baina beti helburua iraultzan jarrita. Horren adibide da parlamentuko kide hautetsiek tribuna iraultzaren aldeko propaganda eta agitazioa egiteko erabiltzen zuten bitartean, boltxebikeek talde armatu antolatuak zituztela kolpe politikoa gauzatzeko. Horregatik desegin zuten Bigarren Duma eta boltxebikeak atxilotu.

1905ean, iraultzaren goren une bete-betean, boltxebikeek boikot parlamentariora deitu zuten; 1907an, berriz, iraultza atzera-egite bete-betean zegoela, hauteskunde parlamentarioetan parte hartu zuten. Hala ere, gertaera horiek badute ildo nagusi bat: boltxebikeen parte-hartzea beti egon zen aukera iraultzaileei lotuta

 Estrategia boltxebikean, auzi parlamentarioa iraultzaren mende egon zen beti. Hala izan zen 1920an III. Internazionalaren inguruan izandako eztabaidetan ere. Eztabaida horietatik, ondare gisa geratu da Leninen Ezkerkeriaren gaitz infantila komunismoan idatzi ospetsua. Kasu horretan, eztabaidaren testuingurua ez zen jada Errusiako iraultza boltxebikea gauzatzeke zeregin gisa, baizik eta Europan zehar jendarteratu eta hedatu beharreko iraultza gisa. Zeregin horren mende zegoen Leninek parlamentuan parte hartzea defendatzea.

 Aipatutako edozein kasutan, kontua ez zen parlamentuan parte hartzeari buruzko erabakia hartzea, iraultzarik gabeko testuinguru batean. 1905 eta 1907 artean masen artean gogo iraultzailearen atzera-egite bat izan bazen ere, bi urte horietan, iraultzaren zentzuan bultzatzeko gaitasun militarrak antolatu zituzten boltxebikeek. Epe horretan, parlamentuko agitazioak lagundu egin behar zuen kaleen konkista eta greba masiboak berriz ere jendarteratzeko; eta, boltxebikeen arabera, egoera iraultzaile batera eraman behar zuten horiek guztiek. Horregatik, estrategia iraultzaile bati erantzuten zion estrategia parlamentarioak. Parlamentuko parte-hartzearen helburua ez zen, inola ere, instituzioak kudeatzea, proletarioentzako hobekuntzak lortzea, edo sozialdemokrata kontrairaultzaileek gaur egun “bitartean” esanez justifikatzen duten hutsune bat betetzea. Izan ere, ez diote berariazko erantzunik ematen “bitartean” horri, baina aski ezagutzen ditugu horren inplikazioak: “bitartean” iraultzaren aurkako lanak egitea, iraultza ezinezko bihurtzea.

Estrategia iraultzaile bati erantzuten zion estrategia parlamentarioak. Parlamentuko parte-hartzearen helburua ez zen, inola ere, instituzioak kudeatzea, proletarioentzako hobekuntzak lortzea, edo sozialdemokrata kontrairaultzaileek gaur egun “bitartean” esanez justifikatzen duten hutsune bat betetzea. Izan ere, ez diote berariazko erantzunik ematen “bitartean” horri, baina aski ezagutzen ditugu horren inplikazioak: “bitartean” iraultzaren aurkako lanak egitea, iraultza ezinezko bihurtzea

Egoera antzekoa zen 1920an. Errusiako Iraultza, boltxebikeen buruetan, Munduko Iraultza piztu behar zuen lehen txinparta bezala jaio zen, eta zeregin horri erantzuten zion III. Internazionalak. Horren inguruan izandako eztabaidek iraultza mundu mailan hedatzea zuten helburu. Parlamentuko parte-hartzea zeregin handi horren mende geratzen zen. Helburua, beste behin ere, iraultzaren alde agitazioa egitea zen. Eztabaida, beraz, hauxe zen: parlamentuan parte hartzeak iraultzaren aldeko bultzada ahalbidetzen zuen ala ez. Hor sortu zen “ezkerkeria”: testuinguru iraultzaile batean instituzioetan parte hartzera deitzea kaltegarria zela uste zutenak definitzen zituen adierazpena. Defendatzen zuten ordena burgesaren legitimazioa izango zela horren emaitza, eta ez hura desegitea.

Horrela, bada, parlamentarismoaren inguruko eztabaidak, III. Internazionalaren baitan, iraultza gauzatu ahal izateko nazioarteko batasun estrategikoaren beharrari erantzuten zion, iraultza kolpe militar gisa eta Alderdi Komunista moduan antolatutako proletariotzaren botere-hartze politiko gisa ulertuta. Inolaz ere ez zen parlamentarismoaren inguruan pentsatu hura antolakunde komunisten jokabide normaltzat hartuta edo erreforma-politiken bidez langile-klasearen egoera hobetzeko bidetzat jota. Are gehiago, parlamentarismoari buruzko eztabaidak ez zuen interesik komunistek iraultza gauzatzeko gaitasun antolaturik ez zuten lekuetan (kasu honetan, antolakuntza armatu bat) eta boterea hartzeko baldintzarik ez zegoen tokietan,eta burgesiaren instituzioetan parte hartzea ez zen aukera bat ere.

Parlamentarismoari buruzko eztabaidak ez zuen interesik komunistek iraultza gauzatzeko gaitasun antolaturik ez zuten lekuetan eta boterea hartzeko baldintzarik ez zegoen tokietan, eta burgesiaren instituzioetan parte hartzea ez zen aukera bat ere

 Azken hori ere pisuzko arrazoi bat izan zen boltxebikeek 1905ean masek konkistatutako Lehen Duman ez parte hartzea erabaki zezaten. Izan ere, iraultza-testuinguru bat izatea ez zen nahikoa boltxebikeen ikuspegitik, eta, batez ere, Leninen ikuspegitik. Alderdi Komunistaren beharra defendatzen zuen; kontzientzia iraultzailea zeraman proletariotza antolatuaren abangoardiaren beharra, iraultza sozialista egiteko baldintza gisa. 1905a urte zaila izan zen antolakuntza boltxebikearentzat; are gehiago, antolakuntza eskaseko urtea izan zen, eta 1905eko protestak aurreikusi ez izanak jokoz kanpo utzi zituen aldi batez. Baldintza horietan, parlamentuan parte hartzeak ez zuen zentzurik, abangoardia komunista ez baitzegoen prestatuta bere zeregin historikoari erantzuteko, eta hauteskundeetan parte hartzeak desorientazio ideologiko eta politikoa ekarri zuen. Hau da: helburu batzuk betetzeko jaio zen antolakuntza komunista, baina horiek burutzeko baldintzetan ez zegoenez, kalterako izango zen parlamentuan parte hartzea.

 Hala eta guztiz ere, parlamentarismoaren inguruko eztabaida, ikuspegi komunista batetik, Munduko Iraultza Sozialistaren estrategiaren mende baino ezin da ebatzi. Hori falta bada, ez dago balio duen eztabaidarik. III. Internazionalaren barruan aurrez aurre zeuden posizioen jatorria eta azalpena da –nahiz eta ez den hala azalpena agortzen– munduko iraultzaren garapen-egoera desberdina zela herrialde batetik bestera. Iraultza boltxebikea, lehenik eta behin, kolpe politiko-militar gisa gertatu zen (I. Mundu Gerrako krisi belikoaren ondorioz estatua desegiten ari zen egoera batean), eta, aldiz, Mendebaldean, antzeko testuinguru beliko batean, baldintza iraultzaileak zertxobait ezberdinak ziren: ibilbide demokratiko luzea duen masa-antolakuntza proletario zabalak (kapitalismoaren garapen zabalagoaren eta proletarioen esperientzia metatu handiagoaren ondorio) atea ireki zion beste termino batzuen gainean eraikitako konfrontazio iraultzaile bati eta demokrazia eta ordezkagarritasuna zentzu proletarioan zabaltzeari, komunismoaren printzipio garatuagoekin bat etorriz. Zentzu horretan eta testuinguru horretan ulertu behar dugu, alde batetik, parlamentarismoaren inguruan kontrajarritako jarrerak egotea eta, bestetik, borroka horren sintesi gisa sortzen den estrategia bateratu baten beharra izatea.

Ibilbide demokratiko luzea duen masa-antolakuntza proletario zabalak (kapitalismoaren garapen zabalagoaren eta proletarioen esperientzia metatu handiagoaren ondorio) atea ireki zion beste termino batzuen gainean eraikitako konfrontazio iraultzaile bati eta demokrazia eta ordezkagarritasuna zentzu proletarioan zabaltzeari, komunismoaren printzipio garatuagoekin bat etorriz
EZ DAGO IRUZKINIK