Adierazpen askatasunaren mugei buruzko eztabaida sinple bat izatetik harago, Haselen askatasunaren aldeko protestek, Espainiako Estatu osoan egin ziren lehen protesta nabarmenak izan zirenez, joera politiko jakin batzuk erakusten dizkigute, pandemiaren osteko krisi kapitalistan sakonduko direnak. Era berean, protesta horiek erakusten digute estatu burgesa ez dagoela adierazpen askatasunaren mugak handitzeko prest; aitzitik, errepresio politikoaren sistematizazioa eta hedapena bizi ditugu.
COVID-19aren krisiaren testuinguruan Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) egindako kanpaina politiko adierazgarriak ohartarazi zuen «askatasunik eza pobrezia dela eta, pobrezia, askatasunik eza». Mezu horrekin, askatasun politiko-zibilak erabiltzeko eskubidearen eta gure bizitza erreproduzitzeko aukera material eta ekonomikoen artean dagoen harreman banaezina agerian gelditu zen. Askatasun politikoak murrizteak eskubide indibidual eta kolektibo txikiagoa ekartzeaz gain, pobrezia bera da pertsona ororen bizitza askatasunez garatzeko lehen galga material eta eraginkorra.
GKSren lelo hori abiapuntutzat hartuta, gaur egun etengabe zalantzan jartzen den adierazpen askatasunaren gaira egokitu, eta esan genezake «askatasunez adierazteko ezintasuna pobrezia dela eta, pobrezia, askatasunez adierazteko ezintasuna». Beste era batera esanda, adierazpen askatasunaren mugak ezartzen dituen botere posizioa da problematizatu eta argitu behar dena, horixe delako askatasun zibil eta politikoen mugak erabakitzeko boterea duten subjektu horien aginte sozialaren boterea; lehenengo iraultza burgesen konkistak izan ziren horietako batzuk.
Erantzuna argia da, informazio-fluxu handiena kontrolatzen duten komunikabide-multzo handiek beren iritzia inolako oztoporik gabe askatasunez adierazteko eskubidea dute. Espainiako Estatuan ikusi ditugu azken hamarkadetan Ezker Abertzaleko politikariak barregarri uzten, hutsaltzen nahiz haien heriotzarekin amets egiten zuten egunkari eta tertulianoak, edo, oraintsuago, Pablo Iglesiasen irudiari egindako era guztietako hutsaltze eta eraso pertsonalak. Jokabide horiek ez dira politikari ezkertiar horiek Espainiako metaketa-erregimen kapitalistarentzat arriskutsuak direlako sortzen, baizik eta, gizarte-iruditerian, muga horietatik harago baimenduta ez dagoena markatzen duten erreferenteak direlako.
Era berean, Espainiako Estatuan artista disidenteak erbestera edo kartzelara eraman dituzten gorroto, irain edo kalumnia delituez hitz egin dezakegu; hala nola, Valtonyc-en kasuaz edo Pablo Haselen duela gutxiko espetxeratzeaz. Haseli dagokionez, ez da bere abestietako hitzengatik edo bere aurrekari penal txikiengatik joan kartzelara; komunista izateak eta azken ondorioetaraino eramandako bere borondate politikoak, hau da, sistema kapitalista gainditzeko proiektuari kultur arloaren bidez babesa eman nahi izateak, eraman dute kartzelara. Era berean, adierazpen askatasunaren aurkako delituek 2008ko krisi kapitalistaren hasieratik gora egin izana ez da kasualitatea, ez eta, gehienetan, espektro politiko jakin baten aurka egin izana ere.
Hasieran genioen bezala, pobretze eta proletarizazio-garai masiboetan, hala nola, krisi kapitalistan, adierazpen askatasunaren mugak estuago bilakatzen dira. Ez da harritzekoa, metaketa kapitalista ahulenari eusten dion aparatu politikoa orduan agertzen baita. Horrenbestez, Pablo Haselen espetxeratzea eta hori gertatu den unea ez dira kasualitatea. Era berean, espetxeratzeak eragindako protestek eta poliziaren erantzun errepresibo kalkulatuak etorkizunerako joera politikoak erakusten dituzte, eta militante politiko orok aztertu beharko lituzke.
Pobretze eta proletarizazio-garai masiboetan, hala nola, krisi kapitalistan, adierazpen askatasunaren mugak estuago bilakatzen dira
HASEL ETA ZIKLO BATEN HASIERA
Haren intentsitateagatik, lurralde-hedapenagatik eta denboran zehar izan duen iraupenagatik, Pablo Haselen espetxeratzeak eragindako protesta mugimendua, konfinamendu osteko lehen mobilizazio politiko handia izan dela esan dezakegu. Are gehiago, esan daiteke Espainiako Estatuan ez dela hain mobilizazio bateratuez osatutako eta lurralde hain desberdinetan lekututako ziklorik gertatu 15-M mugimendutik. Haselen aldeko protestetan, gazteenek bizi duten belaunaldi eta politika haustura agerian gelditu zen. Baina, osotasunean aztertu nahi badugu, beste ezer baino lehen, abstrakzio ariketa bat egin beharra daukagu, eta azken hamarkadetan Espainiako politikan izan diren ziklo politiko ezberdinak aztertu.
Haselen aldeko protestetan, gazteenek bizi duten belaunaldi eta politika haustura agerian gelditu zen
1. Ametsen hamarkada luzea (1990-2008):
Garai luze hori ulertzeko, metaketa multzo nagusian, hau da, Europar Batasunean, integratuta dagoen espainiar kapitalismo mota zehatza ulertu behar da. Europa mailako lanaren barne-banaketa horretan, Europa erdialdeko estatuen aurrean bigarren mailako lekua du Espainiako Estatuak; argi eta garbi, ekonomia inportatzailea da, eta balio erantsi txikiko zerbitzuen sektorekoa. 80ko hamarkadako desindustrializazioarekin, frankismo berantiarraren garapenaldian eraiki zen klase ertaineko gizarte ahula desegin zitekeen.
Hala ere, Espainiako kapitalismoak hondamendi hori geldiarazi ahal izan zuen une batez, bi palanka artifizialen bidez: kreditua eta higiezinen espekulazioa. Erregimen frankistak, bere azken garaian, langileen geruza zabalak kontsumo-gizartean sartzeko aukera ireki zuen, Espainiako Estatua higiezinen jabeen gizarte bihurtzea helburu nagusitzat hartuta. Hala, Espainiako kapitalismoa Europako Ekonomia Erkidegoarekin desindustrializatzen eta homologatzen hasi zenean, biztanleriaren zati handi batek etxebizitzaren bat zuen jabetzan. Soldatak debaluatzen hasi zirenean, familia asko hasi ziren higiezin bat edo batzuk jabetzan edukitzeak ematen zizkien errentetatik bizitzen, higiezinen merkatuko prezioek goranzko joera hartuta zuten ziklo batean: higiezinen burbuila deitu zitzaion horri[1].
90eko hamarkadaren amaieratik hasi eta mende berriaren lehen urteetan zehar, Espainiako klase ertainen existentzia jada ez zen oinarritzen lan-errenten bidezko ordainsari handi batean. Kontrara, bere posizioa kreditua eskuratzeko erraztasunean oinarritzen zen. Gauzak horrela, familiaren zorpetzeari eta familia proletario batentzat prezioek gora egin zutenean etxebizitza bat jabetzan edukitzeak eragiten zuen aparteko errentari dagokienez, guztiz artifiziala zen. Halaber, hazkunde eta metaketa kapitalistaren eredu horrek zenbatuta zituen egunak, eta 2008ko nazioarteko krisi kapitalistarekin lehertu zen.
Ikuspegi politiko batetik begiratuta, ametsen hamarkada hori da estatu mailan lozorro politiko handiena izan duena —euskal agertoki politikoa salbuetsita, hori oraindik ETAren jarduera armatuari lotutako gatazketan eta Estatua autodeterminazioerreferendum bat negoziatzera esertzeko borrokan murgilduta baitago—; izan ere, Espainiako sindikatu nagusiek (CCOO eta UGT) 90eko hamarkadaren hasieran hainbat greba deitu bazituzten ere, patronalarekin negoziatzean eta adostean oinarritzen zen estrategia. Negoziazio horiek Espainia euroan sartu zedin ordurako abiatuta zeuden lan-erreformek sortutako efektuak arintzeko helburua zuten. Hori dela eta, lan-baldintzen debaluazioa proletalgoaren bizi-baldintza errealen debaluazioaren aurretik hasi zen.
Garai hartan, —mobilizazio-ziklo handienak Euskal Herriaren kasua izan ezik, bere mobilizazio-ziklo propioa baitzuen— Irakeko gerraren eta M-11ko Madrilgo atentatu jihadistetan gertatutakoa argitzearen harira gertatu ziren. Gainerakoan, aldarrikapen sozial gehienak Zapateroren gobernuaren lehen agintaldian gizarte-mailako zenbait eskubide zibil hedatzeari buruzkoak izan ziren. Garai horretan ordenamendu juridikoan zenbait aldaketa egitea lortu zen, hala nola, ezkontza homosexualaren onarpena edo memoria historikoaren legea.
2. Krisiaren hamarkada (2008-2019):
Amerikako Estatu Batuetako finantza-munduan eztanda egin zuen nazioarteko krisia, Espainiako Estatuan, higiezinen burbuilaren eztandan islatu zen lehenengo, eta zorraren krisian ondoren. Higiezinen burbuilaren kreditu zurrunbiloan parte hartu zuten finantza-erakundeak Estatuak erreskatatu behar izan zituen.
Hor hasten da Espainiako klase ertainaren ametsaren amaiera. Nolabait ere, krisi horrek klase ertainetan hain ohikoa den aspirazio-joera apurtzen du, non klase horietako pertsonen seme-alabek gora egiteko aukera izaten duten formakuntza akademikoaz baliatuta. Hala ere, krisiaren lehen hamarkada honetan, klase ertain horien haustura politikoa oraindik ez zen espainiar kapitalismo moduarekiko erabateko haustura modura gertatu. Ezta gutxiago ere, ziklo horretako kontsigna politiko nagusia izan baitzen krisiaren aurreko garaira, aurreko ametsera, itzuli nahi izatea.
Grina horrek M-15eko protesta-zikloan hartu zuen forma, protesta horietan, nagusiki, orduko klase ertain horren ondorengoek hartu baitzuten parte, gora egitea ahalbidetuko zien igogailua parez pare itxi zietela ikusita. Alabaina, haien gurasoek edo gertuko beste senide eta lagun batzuek, gertutik ezagutzen zuten etxebizitza bat, auto bat eta etengabeko aisialdia erosteko aukera izan zuten mundua. Gizarteko geruza horrentzat, klase ertainen gainbehera erreferentzia kultural eta ideologikoa zen. 80ko hamarkadaren azken zatian eta 90eko lehen erdian jaiotako gazteak ziren, 2008ko krisi kapitalistak eztanda egin zuenean sartu zirenak lan-mundura.
Hori protestetan agerian gelditu zen, «benetako demokrazia partehartzaile batera» itzultzea eskatzen zuten bitartean, haien inkontzientean Ongizate Estatuaren garairik distiratsuena irudikatzen baitzuten. 2011n plazen okupazioarekin hasitako protesta-zikloa erradikalizatuz joan zen, eta zenbait bide interesgarri hartu zituen; horren adibide da Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak babestutako etxebizitza-batzarrak sortzea; herritar proletarizatuenek jasaten zituzten etxegabetzeen aurrean, autodefentsarako mekanismo gisa erabiltzen ziren.
Hala ere, ziklo hori guztia bideratzea eta neutralizatzea oso erraza egin zitzaien erakundeei. Nahikoa izan zen alderdi politiko berri batek, Podemosek, proletarizazio bidean zen klase ertainen nahiak parlamentuan ordezkatzeko aukera eskaintzea, protesta-zikloaren intentsitateak behera egin zezan. Dena den, hemen sakondu ezin dugun analisi interesgarri bat eginez, Podemosek bultzatu zuen forma politiko nazional-populistak bere muga propioa bere jaiotzari bide eman zion hipotesian topatu zuen: krisi kapitalistan eta bere testuinguruan jaio zen, eta krisiak berak erreforma ekonomiko sozialdemokraten mugak erakutsi zituen[3].
Aipatzekoa da urte horietan Kataluniako prozesu independentista eta Ezker Abertzale berriaren instituzionalizazioaren zatirik handiena gertatu zirela, EH Bilduren eskutik. Horregatik, Euskal Herriko protesta zikloa Espainiako Estatuan baino askoz ere disruptiboagoa izan zen, ziklo baten amaieratik zetorrelako. Katalunian, bestalde, M-15a ez zen oharkabean pasatu, eta xehetasun gehiagotan sartu gabe, iraganeko ongizate-egoerara itzultzeko nahia Kataluniako Errepublika independentearen proiektuan islatu zela esan daiteke. Prozesu hori, ordea, une oro Kataluniako burgesia txikiko eta ertaineko ordezkari politikoek gidatzen zutela argi zegoen, eta, Espainiako Estatuarekiko haustura iritsi zenean, elite politikoen esku utzi zuten.
3. Krisian sakontzea eta pandemia (2019-2021):
Egindako ibilbide historiko labur horrek egungo une politikora iristeko balio izan digu. Gaur egun, krisi kapitalista, aurrez ere susperraldi zantzuak eman ordez sakontzen jarraitzeko zantzuak ematen zituena, areagotu eta sakondu egin da COVID-19aren pandemiaren eragina dela-eta. Aski dira pandemiaren azken urteko datu soil batzuk, bizi dugun debaluazio sozialaz jabetzeko:
• Eurostatek 2020. urtearen amaieran emandako datuen arabera, Espainiako biztanleen % 20,7 pobrezia-arriskuan zegoen.
• Datuak nabarmen egiten du gora 25 urtetik beherako gazteei dagokienez, horietatik % 48 pobrezia-arriskuan baitaude. Langabezia-tasa % 40an mantentzen da gazteei dagokienez.
• Eurostatek berak emandako datuen arabera, Euroguneko estatu guztien artean, Espainiakoan jaitsi zen gehien familien batez besteko errenta pandemiaren hasierako konfinamendu-aldian. Batez beste, % 14ko jaitsiera izan zen.
Datu horiek guztiek ondorio nabarmen bat uzten digute belaunaldi proletario berrien psike kolektiboan: 90eko hamarkadaren amaieran edo 2000ko hamarkadaren hasieran jaio ziren gazte gehienek krisi kapitalistaren sarraskiak baino ez dituzte ezagutu helduaroan eta politizazio garaian. Baina, are gehiago, ez dute aurreko belaunaldiak izan zuen erreferentzia argirik: klase ertaineko bizitza duina, enplegu egonkorrarekin eta goiz emantzipatzeko aukerarekin.
90eko hamarkadaren amaieran edo 2000ko hamarkadaren hasieran jaio ziren gazte gehienek krisi kapitalistaren sarraskiak baino ez dituzte ezagutu helduaroan eta politizazio garaian
Are gehiago, gazte horietako asko ez dira politizatu 2011n hasitako protesta-zikloan, oraindik haurrak baitziren. Eta egun dagokien politizazio garaian, krisiaren lehen aldi hartako protesta-olatutik sortu ziren alderdi sozialdemokratak ziklo amaierara iritsi dira, Podemosek hauteskundeetan izan duen higadurak eta Pablo Iglesias presidentearen dimisioak erakusten duten bezala. Gauza bera esan daiteke, hauteskundeetan zenbait joera desberdin izan ditzaketen arren, erakundeen estrategia politikoak agortzen ari direla erakusten duten beste proiektu batzuei buruz.
Testuinguru horri pandemiaren hasieran murriztutako eskubide zibil eta politikoen galera gehitu behar zaio, ordutik, kontsumo araututik kanpo dagoen sozializazio oro kriminalizatua eta jazarria izan baita. Horrek itotze- eta depresio-egoera bat eragiten du gazte geruza proletarioengan, eta hori bat-bateko matxinada politiko moduan gorpuztu daiteke, aurreko mobilizazio-zikloan baino intentsitate handiagoko matxinadetan. Horrela gertatu zen Pablo Haselen espetxeratzearen kontrako protestetan. Bere inguru politikoak atxiloketa ikusgarri bat prestatu zuen, unibertsitatean itxialdi bat eginez, Estatuak bere aurpegirik errepresiboena erakuts zezan eta protesten intentsitatea handiagoa izan zedin. Eta horrela izan zen, protestek txinpartaren bat behar zuten eta hori Hasel izan zen, baina lurra lehenagotik ondua zegoen.
Protestek txinpartaren bat behar zuten eta hori Hasel izan zen, baina lurra lehenagotik ondua zegoen
Are gehiago, Haselen aldeko protestetan, hurrengo mobilizazio-zikloan ohikoa izan daitekeena ikusi ahal izan zen: gizarteko geruza proletarioenen eta gaur egun deskonposizioan dauden klase ertainen oinordekoen hainbat segmenturen presentziaren konbinazioa, bat etorrita. Gainera, nabarmentzekoa da bertaratutako gehienen batez besteko adina txikia dela, eta haietako askok ez dutela militantzia politikorik. Haselena lehen kasua baino ez da, eta esku artean lehergailu bat daukagu: hamarkada oso bat proletarizazio-prozesu etengabeak eta bizi-baldintzen debaluazioak ezaugarritu izana. Lehergailu hori hurrena lehertuko duen txinparta zein izango den jakitea baino ez da falta.
AUKERA POLITIKOAK ETA ERREPRESIOA
Testuinguru honetan, oso bide interesgarria ireki zaie agintean dauden eta krisiaren hasierako ziklo politikoa hegemonizatu zuten erakunde sozialdemokrata eta populistetatik urrun dauden antolakunde politikoei, haien hazkunde kuantitatibo eta kualitatiborako. Baina, hori diogun aldi berean, proletalgoaren kontzientzia kolektiboak eskuineranzko joera hartzeko aukera berriak daudela ohartarazi beharra daukagu, eta, bereziki, gazte proletalgoaren espektro zabalak jasan lezake hori.
Nuria Alabao analista politikoak gazte proletarioen egungo baldintza materialei buruzko artikulu batean aipatzen duen bezala[4], gaur egun langileen klase-baldintzak askoz ere gehiago zehazten ditu jabetzak —aktibo finantzario eta higiezinak, familia-ondare oinordegarria— soldatapeko enplegu gehienetan lortzen diren soldatek baino. Horrek esan nahi du, Alabaoren arabera, familia, ondarea pilatu eta transmititzen duen erakundea den aldetik, askoz garrantzitsuagoa bihurtu dela, baita langile gazteen posizio soziala, bizitzeko moduak eta bizi-aukerak zehazterakoan ere.
Testuinguru honetan, non baden hamarkada bat baino gehiago lan-indarraren prezioa bere erreprodukzio-prezioaren azpitik ordaintzen dela, gizarte-ongizatea, hein handi batean, gurasoek daukatenaren eta euren seme-alabei emateko prest daudenaren araberakoa da, bai eta horretarako unearen araberakoa ere. Hori dela eta, familiaren menpekotasunera itzultzeak gazteen autonomia aukerak baztertzen ditu, eta, autonomiarik gabe, zaila da haien gaztaroan zirkulu militanteetan sartzea. Horiek dira nolabaiteko kontserbadurismora itzultzeko baldintza materialak.
Ziklo politiko berri honetan, gazte proletarioen geruzen politizazioa oztopatu dezakeen beste efektu bat errepresioaren sistematizazioa da. Hemen asko dugu ikasteko Pablo Haselen espetxeratzearen kontrako protestetan baliatutako taktiken inguruan. Horietan, poliziak taktikak erabili zituen etorkizunean protestak bertan behera geratu zitezen, errepresioaren beldurragatik. Adibide gisa, Bartzelonan eta Katalunia osoan izandako lehen istiluen ostean, Espainiako Poliziak jendea erabat kikiltzeko taktika bat erabili zuen Madrilgo Puerta del Solen egin zuten protestan.
Esan bezala, istilu horietan Kettling edo kapsulatze metodo ezaguna erabili zuten. Plana argia zen: Puerta del Soleko sarbide guztiak ixtea eta giroa berotzen hastea, poliziek manifestaritzat jo zitzaketen pertsona guztiei miaketa umiliagarriak eginez. Ondoren, manifestariak mobilizazioaren lekuan itxi zituzten eta inpunitate osoz oldartu ziren haien aurka, ez baitzuten ihes egiteko lekurik. Diziplinazko jipoia izan zen zentzu guztietan, etorkizuneko mobilizazioak geldiaraztea helburutzat hartuta[5]. Hurrengo protestetan, gutxiago izan ziren arren, polizia-indarren mobilizazio ikusgarriak ikusi genituen. 500 pertsonako manifestazio baterako 1.000 polizia pilatzera iritsi ziren.
Horri Bartzelonan era indiskriminatu batean egindako kargak gehitu zitzaizkion, eta jakin badakigu han gazte batek begia galdu zuela mossoek foam jaurtigaiak erabiltzeagatik. Bestalde, sarekadak eta atxiloketa prebentiboak izan ziren Iruñean eta Bartzelonan bertan, non mossoek ustezko erakunde anarkista bat desegin zuten, ondoren, auzialdi judizialetan, ezerezean geratzeko. Laburbilduz, amorru handia pilatuta duen gazte proletario asko dago, baina orokorrean ez dute eskarmentu militanterik, ez eta protestak antolatuko dituen proiektu politiko argirik ere; beraz, oso erraza da hori poliziaren errepresioaren bidez uxatzea.
ONDORIO POLITIKOAK
Espainiako Estatuko espektro sozialdemokrata populistarentzat, Pablo Haselen aldeko protestak gorroto delituei dagokien zigor kodea aldatuta konpon zitezkeen; nolabait, adierazpen askatasunaren legezko mugak malgututa. Hala ere, Haselen aldeko protestak hasi zirenetik hilabete batzuk igaro direnean, badakigu hori amu bat besterik ez zela izan, kontrolatzen ez zituzten eta ulertu ere egin ezin zituzten protestak ahultzen saiatzeko. Izan ere, ordutik, Unidas Podemosek, Espainiako koalizio gobernuko kide subsidiario izanik, ez du zigor kodearen erreforma hori berriro aipatu.
Eta ez du aipatuko; izan ere, Mozal Legea bezala, Estatuak bere tresna errepresibo guztiak beharko ditu etorkizun hurbilerako. Nazioarteko Diru Funtsa argia izan da[6], protesta olatu bat dator, eta matxinada forma izan dezake edo espontaneoa izan daiteke; inork espero ez duenean egiten dute eztanda protestek, eta edozein gertakarik piztu dezake metxa. Horren aurrean, estatu burgesak blindatzeari ekin dio dagoeneko; izan ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gehitu egin dituzte polizia-indarrak handitzeko eta hobetzeko aurrekontu-partidak.
Estatu burgesak blindatzeari ekin dio dagoeneko; izan ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gehitu egin dituzte polizia-indarrak handitzeko eta hobetzeko aurrekontu-partidak
Beraz, proletalgo gaztearen zein helduaren geruza zabalak politizatzeko aukerak daude. Hala ere, aurretiazko esperientzia politiko militanterik gabeko populazio-geruzak izanik, estatu burgesak badaki errepresioaren erabilera kalkulatuta eta askatasun politikoak murriztuta eragin dezakeen disuasio-efektua zenbaterainokoa den. Horregatik, bere burua «gobernu aurrerakoiena» bezala aurkezten duenak ez du inolako urratsik egin Mozal Legea ezabatzeko, eta Podemosek ere ez du honezkero ia aipatzen.
Bere burua «gobernu aurrerakoiena» bezala aurkezten duenak ez du inolako urratsik egin Mozal Legea ezabatzeko, eta Podemosek ere ez du honezkero ia aipatzen
Baldintza objektibo azkartuen anabasa horretan, antolakunde komunistek beren autodefentsa- eta politizazio-loturak zabaldu behar dituzte. Babes‑eremu gisa jardun behar dute haien sumindura eta amorrua politikoki artikulatu daitekeen pertsonentzat; bat-batekotasun antzutik urrun, antolakuntzaren potentziak epe laburrera eta luzera garaipen politikoak lortzeko aukerak areagotzen dituela erakutsi. Mobilizazio politikoko ziklo berri bat dago potentzian, baina ezin da jakin gertatuko den ala ez. Hala ere, aukera bat jokoan dago jada.
OHARRAK
1. EBri homologatutako Espainiako kapitalismoaren eraikuntza ulertzeko Emmanuel Rodriguezen saiakera irakurtzea gomendatzen da (2015): Por qué fracasó la democracia en España. La Transición y el Régimen del 78, Madril, Traficantes de Sueños.
2. UGT eta CCOO sindikatu handiek jarraitutako estrategian sakontzeko, Germán Setién Escamendiren artikulua irakurtzea gomendatzen da (2021): Mutación del corporativismo y surgimiento de narrativas populistas. Estudio comparado de los procesos de protesta en Portugal y España en los inicios de la ‘Gran Recesión’, Política y Sociedad, 58(1), orr. 1-16.
3. Merezi du Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiaren memoriak (2017) modu kritikoan irakurtzea, krisi kapitalistaren testuinguruan politika ekonomiko sozialdemokrataren mugak ulertzeko: Comportarse como adultos: Mi batalla contra el establishment europeo, Bartzelona, Deusto Ediciones.
4. Nuria Alabaoren artikulua (2021): Financiarización, mercado de la vivienda y el retorno a la familia, CTXT, maiatzak 3.
5. Horri dagokionez, gomendatzen da Davis Pique Escuadrako Mossoen komisario izan zenekoaren Master Amaierako Lana irakurtzea, Síndrome de Sherwood izenekoa, non ikuspegi polizialetik kaleko protestak geldiarazteko eta erreprimitzeko hainbat taktika aztertzen diren.
6. Nazioarteko Diru Funtsaren txosten zabalago baten laburpena, COVID-19aren pandemiaren ondorengo protesta-uholdeari buruzkoa: La larga sombra de la COVID-19: Repercusiones sociales de las pandemias.
HEMEN ARGITARATUA