Nagorno Karabakh (Karabakh Garaia, etimologia errusiarretik eratorrita), Armenian Artsaj izenez ezagunagoa, Transkaukasian kokatutako eskualde bat da. Errusia eta Georgiaren hegoaldean dago, Turkiatik ekialdera, eta Irango iparraldearekin mugakide da. Politikoki, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko lehian dago haren gaineko kontrola. Nazioarteko potentzia nagusiek Azerbaijango Estatuari aitortzen diote subiranotasun legitimoa, baina hainbat prozesu politiko-militar tarteko, nazioartean aitorpen maila baxua duen Artsajeko Errepublika armeniarrak dauka lurraldearen zati baten kontrol efektiboa. Ia 30 urtez luzatu diren negoziazio-saiakeren ostean, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko tentsio latenteak kanoien zaratarekin batera egin zuen eztanda 2020ko irailean.
Erreportaje honek azken konfrontazio armatuaren inguruko gako batzuk aztertuko ditu, besteak beste, bere sorburua, potentzia inperialista nagusiek bertan dituzten interesak eta lehia armamentistiko aplikatuaren ezaugarri teknikoek etorkizuneko doktrina militarraren inguruan uzten dituzten arrastoak.
AURREKARIAK: SESB-EKO NAZIO AUZIA ABIAPUNTU
Karabakh Garaia oblast (eskualde) autonomo bat izan zen Sobietar Batasunean, Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren baitan. Historikoki, ordea, nazionalitate armeniarrekoa izan da bertako biztanleriaren gehiengoa. Boltxebikeek Kaukasoko auziak kudeatzeko organo politiko berezi bat sortu zuten SESBen artikulazio territorialerako prozesuan. Bertan, Karabakh Garaia Armeniarekin batzea ebatzi zuen hasiera batean, armeniar nazionalitatearen aitorpena eta internazionalismo proletarioa oinarri. Bakun (Azerbaijan), ordea, ez zuten erabakia begi onez ikusi, eta euren borondate politiko nazionalista inposatu zuten lurralde-politika sobietarrean, Moskuri presioa eginez. Kremlina beldur zen Karabakh Garaiko armeniarren autodeterminazio eskubidea egikaritzeak ez ote zuen SBAK-ren (Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista) eta Azerbaijango Alderdi Komunistaren arteko adiskidetasuna pitzatuko. Horrek Mendebaldeko potentzia inperialistentzat eta Turkiarentzat Azerbaijanen esku hartzeko koiuntura paregabea sor zezakeen; bereziki, Turkiaren eta Azerbaijanen arteko harreman kultural estua kontuan izanik. Gainera, Azerbaijan lurralde aberatsa da erregai fosiletan, eta horri kokaleku geoestrategiko zein logistiko izatearen faktorea gehitzen badiogu, Azerbaijango Errepublikak Sobietar Batasunaren barruan izan zuen garrantzia antzeman dezakegu. Horrenbestez, 1923an, Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren barruan txertatu zuten Karabakh Garaia, aparteko estatus administratiboarekin.
Kremlina beldur zen Karabakh Garaiko armeniarren autodeterminazio eskubidea egikaritzeak ez ote zuen SBAK-ren (Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista) eta Azerbaijango Alderdi Komunistaren arteko adiskidetasuna pitzatuko
80ko hamarkadako Glasnost erreforma politiko liberalizatzailearekin batera, ezkutuko tentsioak azalera atera ziren Kaukasoko hego-ekialdean (1). Sobietar Batasuna politikoki pitzatzen zihoan heinean, Karabakh Garaia Armeniako Errepublika Sozialistarekin batzeko eskaria zabaldu zen eskualdeko armeniarren artean, azeriar nazionalisten haserrea piztuz. Moskun azeriarren xantaia historikoari men egin zioten Gorbatxovek eta enparauek, armeniarrei jaramon handirik egin gabe. Segidan, azeriarren eta armeniarren arteko liskar bortitzak areagotu ziren eskualdean, 1988tik 1994ra arte iraungo zuen gerrari oin emanez. 1994an su-etena sinatu eta berehala, bi aldeek eskualdearen banaketa territoriala adostu zuten Errusiako Federazio berriaren tutoretzapean. Akordioaren oinarriek armeniarrei egiten zieten mesede hasiera batean, izan ere, haiek gailendu ziren frontean.
IRAUNGITZE DATADUN BAKEA
Lehen talka horrek, ordea, itxiera faltsua izan zuen 1994an abiatutako Minskeko negoziazio-prozesuarekin. Bide diplomatikotik ebatzi beharreko ataza nagusiak eta bakoitzak zabaltzen zituen aukerak ez ziren batere errazak (2):
1. Karabakh Garaiaren estatusa: Armenian integrazioa? Bere horretan estatu berri bat osatzea? Azerbaijanen barruan autonomia ematea? Hala izanez gero, zein mailatan? Azerbaijanek anexionatzea?
2. Kontentzio militarrerako eta akordioa betetzeko bermeak: desmilitarizazioa? Potentzia inperialista atzerritarren tropak bidaltzea? Norenak?
3. Tropa armeniarren erretreta: zein epetan? Karabakh Garai osoan ala zati batean bakarrik? Nork kontrolatuko ditu eskualderako sarbideak?
4. Lekualdatutako biztanleriaren itzulera: noiz? Kalte-ordainak emateko betebeharra, bai ala ez? Herrialde bakoitzak barne-laguntza programa propioa izango luke biztanle horientzat? Nazioarteko eragileek laguntzarik eskainiko lukete?
5. Konfrontazio militarraren osteko aldebiko harremanak: nork hartuko du bere gain bi herrialdeak lotzen dituzten azpiegituren berreraikuntza? Noiz kenduko du Azerbaijanek Armeniaren aurkako blokeoa?
Auzion erantzuna, nazioarteko harremanetako adituek eta pazifikatzaile profesionalek diotenaren kontrara, ez datza aktoreen «bakerako» borondate subjektiboan (bakea bera helburu balitz bezala), potentzia inperialisten zein haien aliatu lokalen arteko lehiaren indar-korrelazio objektiboan baizik. Karabakh Garaian zein mundu mailan aldatu egin dira lasterketa inperialistarako baldintzak 1994tik gaurdaino: potentzia batzuk indartu egin dira, besteak ahuldu, aldaketa kualitatiboak ekarri dituzten faktoreak sartu dira jokoan, aliantzak koiunturaren arabera moldatuz joan dira… Funtsean, potentzia burgesen arteko botere-harremanak lege dinamikoei lotuta daude; «bake-prozesu» deiturikoen oinarri eta akordioak, aitzitik, estatikoak dira, gatazken momentu zein baldintza konkretuei dagozkielako. Horregatik, ulertzekoa da lehia geopolitikoetan inplikatutako subjektuek akordioak behin eta berriz urratzea. Oro har, bi arrazoik daramatzate gatazka armatuetako aldeak bake-akordio iraunkorrak edo su-etenak sinatzera, hurrenez hurren: indar batek bestearen gaineko erabateko garaipena lortzeak edo bi indarrak modu orekatuan ahultzen aritzeak. Bata galtzaileen errendizioa kudeatzeko prozesua da; bestea, fronteko oreka luzatzearen poderioz bi aldeek impasse estrategikotik irteteko nahiz indarrak eskala handiagoan metatzeko egiten duten geldiunea. Alde bat bestea baino indartsuago sentitzen denean, eta gailentzeko aukera objektiboak identifikatu bezain laster, denbora kontua izango da akordioa hautsi eta gerrako danborrak jotzen hastea. Horra «bake-prozesuen» porrotaren arrazoia. Ahulek bake-akordioen baldintzei eusten diete Nazio Batuetan, indartsuek, aldiz, euren indar propioei.
1994tik 2004raino luzatu zen Minskeko Prozesua, aipatutako bost aferen soluzioak kolpetik negoziatzeko helburuarekin. Pack batean negoziatu nahi zuten bide horretan, lehenik eta behin, alde batera utzi zen hiru aldeko formatu diplomatikoa, Armeniako Estatua eta Artsajeko Errepublika ordezkaritza bakarrean zentralizatuz. Besteak beste, Karabakh Garaiari segurtasun-bermeak emateko edota lurraldeak trukatzeko hainbat aukera aztertu ziren, Azerbaijani eskualdea itzultzearen ordainetan beteko liratekeenak. Kontaktu hura agortu egin zen ordea, eta Minskeko taldea prestigio politikoa galduz joan zen apurka-apurka.
Pack programaren porrotaren ondoren, «pausoz pausoko irtenbidea» abiatu zen Pragako prozesuan (2004-2006). Txekiako hiriburuan berrartu zituzten elkarrizketak, eta Karabakh Garaiak «bakea» sinatu ostean izango zuen estatusa adostea zen asmoa. Halere, Armenian nahiz Azerbaijanen barne-presio handiak egon ziren ordezkaritza politikoen gain, aurkariei bide diplomatikotik inposatu ezin zitzaizkien helburu maximalistak exijitzen baitzituzten hainbat sektore sozialek zein tokian tokiko oposizio politikoak (3).
Azken negoziazio-saiakera Madrilgo Prozesua (2007-2018) izan zen. Bertan, pack irtenbidearen aukera berrartzen saiatu ziren, hasiera bateko ibilbide-orriaren hainbat zehaztapen programatikorekin (4). Negoziazioa itopuntura heldu zen orduan ere, eta Azerbaijanek gerrako makinak koipeztatzeari ekin zion.
Saiakera diplomatiko guztien ezinak ondoko arazoa nabarmendu du: ez Azerbaijan ez Armenia ez dira Karabakh Garaia oso-osorik berenganatzeko bezain indartsuak izan, oraingoz. Azerbaijan Armeniari demografikoki, ekonomikoki, militarki nahiz diplomatikoki gailentzen zaion arren, ez du lurraldean zuzenki esku hartzea lortu. Armeniarrak, berriz, ez dira gai izan bertan boterea egonkortzeko, Artsaj Armeniako Estatuarekin batzeko eta nazioarteko onarpena erdiesteko. Hortik Artsajeko Errepublikaren existentzia eta aparteko estatusa. Indar-korrelazio militarrak, aurrerago ikusiko dugun moduan, joera bera islatzen du: armeniarrek eskualdeko lur-eremu menditsuak eskaintzen dien gotorlekua mantentzen dute, baina ez dute erasorako gaitasunik. Haien estrategiak abiapuntu defentsiboa izan behar du ezinbestean, azeriarren erasorako gaitasuna urratzen saiatuz, gehienez jota (5).
Saiakera diplomatiko guztien ezinak ondoko arazoa nabarmendu du: ez Azerbaijan ez Armenia ez dira Karabakh Garaia oso-osorik berenganatzeko bezain indartsuak izan, oraingoz
2016ko apirilean Azerbaijanek ofentsiba bat jaurti zuen zenbait kokaleku estrategiko mugakideren aurka, Lau Eguneko Gerra izendatu zena. Errusia oldarraldia une batez geldiarazteko gai izan bazen ere, ez zirudien egoera bere horretan geratuko zenik. Alde batetik, azeriarrek euren posizio militar zein diplomatikoak indartzen jarraitu zuten, eta bestetik, Erevanen (Armenia) aginte politikoan zegoen fakzio burgesa gobernutik kanporatu zuten 2018ko protesten ostean. Nikol Pashinyanen exekutibo berriak jarrera gogorragoa izan du Karabakh Garaiko auzian, besteak beste (6). Azerbaijan ere ez da salbuetsita geratu barne-gatazketatik, izan ere, krisialdi ekonomikoak eta ustelkeriak Ilham Aliyev-en gobernuaren kontra jarri du iritzi publikoaren zati esanguratsu bat. Hala, Karabakh Garaia berreskuratzearen aldeko manifestazio gogorrak antolatu ziren 2020ko udan, Armeniari gerra deklaratzea exijituz. Klase menperatzaile azeriarrarentzat abagune perfektua zabaldu da barne-kontraesanak bandera nazionalaren pean estali, lurralde armeniar estrategikoak bereganatu eta negoziaketak indar-posizio mesedegarriago batetik berrartzeko (7).
2020KO GERRA
2020ko irail amaieran, armeniarren eta azeriarren arteko liskar armatuak piztu ziren mugan (8). Ordukoa, ordea, azken urteetan ohikoak izan diren noizbehinkako talkak baino larriagoa izan zen, Azerbaijango Armadaren ofentsiba zabalagoa ekarri baitzuen segidan. Azeriarrek korazatuak eta infanteria arina erabili zituzten gertuko borrokan, helikopteroen eta drone dispositiboen laguntzarekin. Distantzia luzeetan, aldiz, zehaztasun handiko misil telegidatuak eta irismen handiko droneak baliatu zituzten. Azerbaijan hasieratik nagusitu zen 200 kilometrotik gorako frontean, armeniarren gotorlekuak eta Karabakh Garaiko hegoaldeko orografia malkartsua hegoaldetik gaindituz. Armeniako Armadan nahasmena gailentzen zen bitartean, azeriarrek azpiegitura estrategikoak kolpatu eta hornidura-bideak hartu zituzten eskualdeko hainbat kokalekutan, frontean aurrera eginez.
Norgehiagokak eztanda egin zuenean Azerbaijanen intentzioak ezezagunak ziren oraindik: Karabakh Garaia oso-osorik hartu nahi zuen, ala lurralde-aitzinamendu partziala besterik ez zuen bilatzen? Ez zegoen argi. Armeniako, Azerbaijango eta Errusiako ordezkariek 44 eguneko borrokaren ostean sinatu zuten akordioa, Karabakh Garaiko hiru barruti Azerbaijanen eskuetara epe jakinetan igaroko zirela adieraziz (9). Bakuk kanpaina azkar eta arrakastatsua erdietsi zuen. Alde batetik, Artsaj osoa okupatzen saiatzeak ekar zezakeen higadura-gerra arriskutsua saihestu du. Bestetik, berehalako konkista territorial egonkorrak lortu ditu, sostengu militar zein diplomatiko sendoekin.
GATAZKA LOKALAK, TENTSIO GLOBALAK
Artsajeko norgehiagoka geopolitiko interburgesa maila lokalean, zonaldean eta mundu mailan garatzen ari diren dinamika konplexuen emaitza da. Horren inguruko ulermen-marko minimo bat osatzeko, abiapuntu interesgarria izan daiteke Karabakh Garaian inplikazio maila desberdinak dituzten aktoreen interesak aztertzea; euren jokabide, posizio nahiz interdependentziekin. Armenia eta Azerbaijanen arteko antagonismoa ezaugarritu dugu orain arte. Begirada maila lokaletik apur bat altxatzen badugu, Errusia, Turkia eta Iran ikus ditzakegu zonaldean. Dimentsio zabalagoan, aldiz, Mendebaldeko bloke inperialista eta Txina, aurrez aurre.
Errusiari dagokionez, Karabakh Garaiko gatazkarekiko posizioa zertxobait aldatu duela sumatu da azken urteotan. Dagoeneko ez ditu armeniarrak baldintzarik gabe babesten, eta ez zaio Azerbaijan gehiegi gogaitzea komeni. Zergatik? Lehenik eta behin, Azerbaijan ere Errusiako industria militarraren bezero garrantzitsu bilakatu delako. Bigarrenik, azeriarrek Errusiako islamistei babesa emateak barne-segurtasun arazo larriak ekar ditzakeelako Moskurentzat. Hirugarrenik, Azerbaijanen merkatu energetikoaren garrantzia klasikoa ere jokoan dago. Halere, Azerbaijanen eustea bermatzeak Errusiaren kanpo-politikan ezinbestekoa izaten jarraitzen du. Horretan Armeniak «koltxoi» funtzioa betetzen du Errusiarentzat, nolabait esatearren. Azerbaijan Turkiaren aliatua denez, lurralde armeniarren konkista hipotetikoek haren eragina Errusiaren mugetan hedatzea ekarriko luke, NATOren posizio geopolitiko orokorrak indartuz. Gauzak horrela, Armeniak eta Errusiak Segurtasun Kolektiborako Hitzarmen militarra dute sinatuta, eta beraien arteko harreman komertziala estua da Eurasiako Batasun Ekonomikoaren baitan. Hori bai, 2018tik hona Armeniak Europar Batasunarekin izandako gerturapena ez da Errusiaren gustukoa izan, eta Kremlinak Karabakh Garaiko auzietan babes diplomatiko garrantzitsuak kentzearekin egin diezaioke presioa Erevan (10), zeina nahiko bakarturik dagoen. Hala eta guztiz ere, ez dugu bistatik galdu behar Errusiaren bitartekaritzarekin lortutako azken armistizioak inplikazio interesgarriak dituela Kremlinarentzat (11):
Azerbaijanen eustea bermatzeak Errusiaren kanpo-politikan ezinbestekoa izaten jarraitzen du
1) Azerbaijanen kontrolpeko lurraldeetan tropak kokatu ahal izatea, SESB desegin zenetik estreinakoz.
2) Zonaldeko potentzia garrantzitsuenaren posizioa berrestea, baketzean esku hartu duen kanpo-eragile bakarra izaki.
3) Turkiako Armada han kokatu dadin saihestea.
4) Armeniarekin zuen aliantza bermatzea.
Turkiari helduz, arras ezaguna da Azerbaijanekin duen jarrera: «nazio bat, bi herrialde», Tayyip Erdoğan presidente turkiarraren hitzetan. Turkiak bere Internazional Islamista baliatu zuen gainera, Siriako zein Libiako mertzenarioak Karabakh Garaira borrokatzera bidaliz (12). Edonola ere, Ankaratik (Turkia) Bakura helarazitako laguntza erabatekoa eta ageria izan da: mediatikoki, politikoki, diplomatikoki nahiz militarki. Behin bake-akordioa sinatuta, «bakearen begiraleak» bidali nahi izan zituen Turkiak Karabakh Garaira, eta Errusiak atea itxi zion hasiera-hasieratik. Bistan denez, Turkiak borondate espantsionistari heltzen dio Kaukason ere, Errusiari pultsua egiteko determinazioz.
Iranek gatazkan behatzaile posizioa izan duela esan dezakegu oraingoz, ez baita haren esku-hartzerik frogatu. Liskarrak hasi zirenean, ez zen ezein alderekin esplizituki lerratu. Besterik gabe, bere mugetatik gertu gerra bat pizteak segurtasun nazionalarentzat ekar zezakeen arriskuak kezkatzen zuen. Horregatik, bi aldeei konpromiso diplomatikora heltzeko deia luzatu zien. Bestalde, Irango biztanleriaren %16a azeriarra da (13); Azerbaijango biztanleriaren gehiengoa, berriz, musulman xiita, Irangoa bezalaxe. Halaber, Iran berunezko oinekin dabil Azerbaijango politikan minarik ez zapaltzeko. Oraindik ez dakigu zenbaterainokoa den Errepublika Islamiarrak Karabakh Garaian eragiteko duen ahalmena. Arriskuen disuasioaz haraindi, Irani botere-oreka interesatzen zaio Kaukaso aldean, Errusiarekin eta Indiarekin lotzen duen korridore logistikoari eusteko. INSTC izeneko proiektu horrek Suezko kanalarekiko alternatiba interesgarria suposatuko luke (14). Errusiak Armeniaren eta Azerbaijanen artean aukeraketa egingo balu, korridoreak Iranekin duen lotura galduko luke. Gainera, bietako edozein Errusiarengandik aldendu eta NATOren orbitara gerturatzea mehatxu militar zuzena litzateke Iranen interesentzat (15). Hori gutxi balitz, herrialde persiarraren jarrera baldintzatu dezakeen beste kanpo-faktore bat gehiago dago: Israelen eta Azerbaijanen arteko konplizitatea.
Hari horretatik tiraka, erakunde sionistaren posizioaren inguruan argipen txiki bat lagungarria izan daiteke mapa geopolitikoa apur bat gehiago argitzeko. Israel, suntsipen masiboaren azoka erraldoia izaki, Azerbaijani material beliko gehien saltzen dion potentzia bihurtu da. Kalkuluen arabera, 2006 eta 2009 artean 825 milioi dolarretan baloratutako armamentua saldu zioten sionistek azeriarrei (16). Etekin ekonomiko hutsaz gain, zein izan daiteke Israelen asmoa? Litekeena da bere etsai nagusia den Irani inguruan arazoak sortu nahi izatea, irandarrek Palestinako erresistentzia edo Libanon Hezbola babestearekin eragiten dioten kaltearen ordainetan.
Munduko potentzia nagusietara jauzi eginez, aipatzekoa da AEBen absentzia. Kaukaso une honetan ez da Sam Osabaren lehentasunezko zonaldea, eta Nagorno Karabakhen, zehazki, inoiz ez dute arreta gehiegi jarri izan. Bertan esku-hartze zuzena egiteak Errusiarekin buruhauste gehiegi dakartza mesede gutxirako. Gainera, ez luke zentzu handirik izango Pentagonoak, Afganistan bezalako kokaleku estrategiko batean amore eman eta ihes egitea erabaki ondoren, alferrikakoa den gune arriskutsu batera tropak lekualdatzea. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi Washingtonek Kaukason bere kartak jokatzen ez dituenik. Bigarren edo hirugarren mailako garrantzia duten zonaldeotan zeharka mantentzen du Mendebaldeko bloke inperialistak bere eragina, bertako aliatuen laguntzarekin. Zentzu horretan, Turkiak, Azerbaijanek eta Georgiak betetzen dute Errusia geldiarazteko funtzioa, irabazi territorial, komertzial eta militarren pizgarriarekin.
Kaukasoko kanoi-hotsek ez dute Txina axolagabe utzi. Herri Errepublikaren Kanpo Auzietako Ministerioa argiki mintzatu zen gerraren aurka, bi aldeei «bakea eta egonkortasuna» eskatuz. Erraldoi asiarra geroz eta inbertsio handiagoak egiten ari da Kaukason, mundu mailan Belt and Road Initiative (BRI) izenez ezaguna den proiektu komertzial espantsionistaren baitan. Hala, Azerbaijanekin zein Armeniarekin harreman estuak garatu ditu, batez ere Azerbaijanekin. Eskala eurasiar zabalagoan, Turkia, Iran eta Errusiaren arteko oreka interesatzen zaio. Izatez, ez du potentzia bakarrak indar gehiegi metatzerik nahi, lurralde-maila zabala hartuko duten akordio komertzialetarako aukera-sorta zabala bilatzen duelako. Txinari hitzarmenetarako ezinbestekoa zaio Eurasiako potentzien arteko liskar hipotetikoak saihestea, «inbertsore ez-partidistaren» (17) figura azalduz. Gainera, nahiago izaten du beste herrialdeetako barne-politikaren inguruan adierazpen espliziturik ez egin. Beste lurralde batzuen gaineko kontrola bide finantzario zein enpresarialetik jorratzen ari da burgesia txinatarra. Estatu subiranoen lurrak edota baliabide naturalak bereganatzeko planak diseinatzeraino heldu da, zorra presio-mekanismo gisa baliatuta (18).
Txinari hitzarmenetarako ezinbestekoa zaio Eurasiako potentzien arteko liskar hipotetikoak saihestea, «inbertsore ez-partidistaren» figura azalduz
BELLUM 4.0
Orain arte, Armenia aireko eraso gehienak uxatzeko prestatuta zegoen, Errusiari erositako defentsa-sistemei esker. Kupula hori zaharkituta geratu da baina, gaur egun hegazkin arruntak eta ehiza-hegazkinak ez ezik, droneak ere guda-zelaian sartu direlako, doktrina militarra eraldatuz. Sistema zaharrek ez dituzte tramankulu horien radar-sinadura anitzak antzematen. Ondorioz, Azerbaijan gai izan da aterki antiaereo armeniarra hausteko (19). Hala ere, operazio konplexua prestatu behar izan zuten, aire-defentsak frontearen atzeguardian ezkutatuta egon ohi direlako. Erronka horri aurre egiteko, lehenik eta behin, Azerbaijango Armadak radarretan arrasto nabarmena uzten duten hegazkin sobietar zaharrak bidali zituen amu modura; radar armeniarren arreta deitu, haien kontra misilak jaurtitzera derrigortu eta droneak estaltzeko. Horri esker, azeriarrek aire-defentsa armeniarren posizioak triangulatzea lortu zuten, drone bidez erasotu eta neutralizatu ahal izateko.
Tripulaziorik gabeko hegazkinek superpotentzien monopolioa izateari utzi diote, «dronen demokratizazioa» gauzatzen ari da estatu burgesen artean. 2020an Karabakh Garaian ikusi genuenez, dagoeneko Azerbaijan bezalako herrialde txikiek ere eskuratu dituzte droneak, lehen herrialde bakan batzuek egin zitzaketen operazio sofistikatuetarako aukera zabalduz. Dena den, egia da Azerbaijanek arma berriok modu eraginkorrean erabili ahal izateko beharrezkoa izan dela lehen mailako potentzia inperialistekin harreman komertzial zein militar zuzenak izatea.
Tripulaziorik gabeko hegazkinek superpotentzien monopolioa izateari utzi diote, «dronen demokratizazioa» gauzatzen ari da estatu burgesen artean
Oraindik ikusteke dago nola eboluzionatuko duen dronen erabilerak, batez ere dispositibo txiki zein ertainetan airetik airera erasotzeko armak integratzea edo defentsarako laser-arma eraginkorrak ekoiztea lortzen denean. Hori bai, egia da aurrekontu militar txikia duten potentzientzat ehiza-hegazkinak alferrikakoak bihurtzen ari direla. Izan ere, abiazio tripulatua oso garestia da (pilotuak entrenatu behar dira, puntako hegazkinak erosi, horiek munizioarekin hornitu, mantentze-lanak egin…), eta gaur egungo defentsa-sistemen garapen maila ikusita, aireko erasoak hegazkin kopuru handiekin baino ez dira eraginkorrak izaten estatuen arteko neurketetan. Halaber, drone dispositibo militarren ugaritzearen lekuko izan gaitezke datozen urteetan, eta litekeena da horien erabilpena esparru zibiletara are gehiago hedatzea.
ONDORIOAK
Hemengoa bezalako prozesu geopolitikoak aztertzeko balio dezaketen konklusio orokor batzuk ateratzeko, lehenik eta behin, potentzia lokal zein globalak gainjartzen diren delegazio gerretan estatu edo eragile subordinatua kasuan kasuko superpotentziaren luzapen instrumentala baino zerbait gehiago dela esan dezakegu. Gogoan izan behar dugu tokian tokiko burgesiak, bere interesak betearazten dituen gobernuak zein gerrako jauntxoek euren interes partikularrak dituztela. Azken instantzian, interes horiek izango dira gerrarako pizgarri edo balazta.
Bigarrenik, superpotentzien artean sortzen diren desorekak maila lokalean ere islatzen direla identifikatu dugu. Ordena globalaren birkonfigurazioa gatazka konkretu bakoitzean sumatzen da, ez baitago parametro-aldaketa orokorretatik ihes egin dezakeen antagonismorik.
Hirugarrenik, ekoizpen-indarren garapena esparru belikoan ere faktore determinantea dela ikusi dugu. Berrikuntza teknologikoek doktrina militarrak hankaz gora jarri ditzakete, eta modernizatzen ez diren fakzioak zapalduak izaten dira etengabe; merkatuan zein frontean (bien arteko desberdintasunik balego).
ERREFERENTZIAK
(1) Alejandro López Canorea, La frontera imposible (I): Artsaj, Descifrando la Guerra, 2020.
(2) Jorge González Márquez, El fracaso de la diplomacia en Nagorno Karabakh (I): el proceso histórico, Descifrando la Guerra, 2020.
(3) Jeffrey Mankoff, Why Armenia and Azerbaijan Are on the Brink of War, Foreign Affairs, 2020.
(4) Jorge González Márquez, El fracaso de la diplomacia en Nagorno Karabakh (I): el proceso histórico, Descifrando la Guerra, 2020.
(5) José Ignacio Castro Torres, Nagorno Karabaj: un nudo gordiano en mitad del Cáucaso, Instituto Español de Estudios Estratégicos, 2020, 18.orr.
(6) Jorge González Márquez, El fracaso de la diplomacia en Nagorno Karabakh (I): el proceso histórico, Descifrando la Guerra, 2020.
(7) Michael Safi, Qué está pasando ahora en Nagorno-Karabaj y otras claves para entender el conflicto entre Armenia y Azerbaiyán, elDiario.es, 2020.
(8) Jorge González Márquez, Escaramuza en el Cáucaso: ¿se abre un nuevo frente?, Descifrando la Guerra, 2020.
(9) Jorge González Márquez & Alejandro López Canorea, Acuerdo de alto el fuego en Nagorno Karabakh – Preguntas y Respuestas, Descifrando la guerra, 2020.
(10) Sara Setién, Conflicto de Nagorno Karabaj 2020: ¿Nos encontramos ante la solución definitiva?, Instituto Español de Estudios Estratégicos, 2020, 14.orr.
(11) Jorge González Márquez, El ejército ruso regresa a Nagorno Karabakh, Descifrando la Guerra, 2021.
(12) Fehim Tasketin, Syrian fighters add snarls to tangled south Caucasus, Al-Monitor, 2020.
(13) cia.gov/the-world-factbook/countries/iran
(14) HispanTV, Irán, Rusia y La India idean una ruta alternativa al canal de Suez, 2018.
(15) José Ignacio Castro Torres, Nagorno Karabaj: un nudo gordiano en mitad del Cáucaso, Instituto Español de Estudios Estratégicos, 2020, 12. orr.
(16) Sara Setién, Conflicto de Nagorno Karabaj 2020: ¿Nos encontramos ante la solución definitiva?, Instituto Español de Estudios Estratégicos, 2020,17.orr.
(17) Barthélémy Courmont, Le Haut-Karabakh, un enjeu pour Pékin, Iris, 2020.
(18) Irene Savio, ¿Puede China acabar comprándose un país? Así opera la peligrosa deuda de Pekín, El Confidencial, 2021.
(19) Cosas Militares, Lecciones de la Guerra del Nagorno-Karabaj, Análisis, 2020.
HEMEN ARGITARATUA