ARGAZKIA / Miren Alberdi
Irati Zubizarreta
2022/10/04

KOKAPEN OROKORRA: LAN INDARRAREN MIGRAZIOA ETA HERRIALDE HARTZAILEEN ONURAK

Migrazioaren fenomenoa borondatezko auzi naturala baino, beharrizan egoera batek bultzatutako mugimendua dela ulertu behar dugu. Gaurdaino, kapitalismoak miseria, goseteak, langabezia, hondamendi ekologikoak, gerrak, pertsekuzio politikoak eta biztanleria migratzera behartzen duten beste hainbat egoera sortu ditu. Mundu osoko populazioarekin alderatuta migratzaile kopurua nahiko txikia dela hauteman daitekeen arren (% 3,6 2020an[1]), ikusiko dugun eran, migrazioa elementu zentrala da sistema kapitalistaren mundu mailako garapen, orokortze prozesu nahiz krisien lausotze saiakeretan.

Hasteko, munduan kalkulatutako 283 milioi migratzaile internazionaletatik, 164 milioik (% 64) arrazoi ekonomikoengatik migratuko luke, hau da, lan eta bizi baldintza hobeen bila[2]. Horrek, funtsean, egungo migrazio internazionala lan indarraren migrazio gisa ezaugarritzen du. Migratzaileen parte hartze produktiboak (gainbalioaren ekoizpena) nahiz erreproduktiboak (langileen ekoizpen fisiko eta espirituala) ekarpen zuzena egiten diote herrialde hartzaileetako kapital metaketa prozesuari. Bestalde, migrazio fluxu horiek herrialde azpigaratuetatik (periferia kapitalista) herrialde garatuagoetara (zentro nahiz erdi-zentro kapitalistak) gauzatzen badira ere, alderantzizko joera ere nabari da. Alabaina, alderantzizko joera horietan, emigratzen duen herrialde garatuko industria bera kokatzen da herrialde azpigaratuan. Kasu zehatz horietan bidalitako lan indar kualifikatuaren aldi baterako erabilera bertakoekiko modu bereizian eta baldintza hobeetan izaten da. Horrenbestez, azken kasu horri ez zaio gehiegi erreparatuko.

Beraz, gure arreta periferia-zentro mugimenduan kokatuz gero, bigarrenari, hau da, herrialde hartzaileari dagokionez, honakoak lirateke langileria atzerritar horretatik lortzen diren onura nagusiak:

• Herrialde hartzaileak lan indar etorri berria lan indar gisa sortzeko kostua aurrezten du, ez baititu bere gain hartu behar pertsona horien hezkuntza edota lan heziketak, besteak beste. Gainera, behin erabilita, lan indar autoktonoa baino merkeagoa izango da beretzat.

• Langileria atzerritarrari aitortutako eskubide formal (paperean adieraziak) eta errealik gabe, lan indar askoz ere zaurgarriagoa eta, beraz, erabilerrazagoa sortuko da, zeinak behar handiagoa izango duen lanaldia noiznahi luzatzeko, lan intentsitatea areagotzeko... Lan eta langabezia baldintza duinak izateko edo salaketarako inongo aukerarik gabe (migratzaile ilegaltzat hartzen direnen kasuan, bereziki). Era horretan, langile klase autoktono «gatazkatsu» edota garestiagoa langileria etorkin zaurgarriago batengatik ordezkatuko da.

• Horrela, etorkinek osatutako langile aktibo eta langabetuen (erreserba armada) presioaren ondorioz, bertakoen soldatak nahiz lan baldintzak okertuko dira, eta horrek langile klase internazionalaren soldata gainbeherarako dagoen joera berresten du.

• Bestalde, herrialde hartzaileek bizi duten biztanleriaren zaharkitze etengabeak areagotutako arazoei irtenbidea emateko (pentsio sistemaren iraupena, kasu), desoreka lausotuko duen langileria aktibo berriaren sarrera aipa genezake. Edota, txanponaren beste aldean, are orokortuagoa den errealitatea; pentsio sistema horretarako sarbiderik izango ez duen langileria, aipatutako gastu soziala aurreztea dakarrena.

• Azkenik, aipatutako elementuek langile klasearen elkartasun antolatuaz kontrara, bere baitako zatiketa eta etsaitasuna sortuko dituzte. Ez elementuek bere horretan; burgesiak kontrolpean dituen instituzio, bitarteko zein komunikabideek lau haizetara zabalduko dituzten irakurketa interesatuek baizik. Irakurketa horiek orokortuak eta hegemonikoak izango dira gizartean: langileria autoktonoaren bizi baldintzen dekadentziaren arduradun izango dira atzerritik «bertakoen lana nahiz diru laguntzak lapurtzera» (sarritan «inbasioan») datozen horiek. Zatiketa hori, nola ez, burgesiaren biziraupen interesen mesedetan dator, langile klasearen batasuna ekiditea baita azken horrek leukakeen potentzialtasun iraultzailea eragozteko premisa handienetako bat.

Azken puntu horri jarraikiz, atzerritar langileenganako sortuko den iritzi ezkorra ez da garrantzi txikikoa. Bada, kontrako iritzi sozial bat sortuz, herrialde hartzailean topatuko dituen lan eta bizi baldintza miserableak onartuak eta normalizatuak izango dira jendartean. Hots, kondizio miserableetan bizitzea «merezi duela» edota «berak bilatu duela» atxikitzen zaion subjektu baten iruditeria sortuko da, ondoren, behin kondizio horiek aplikatuta, inor asaldatu ez dadin. Finean, gizartearen iritzia moldatuko da Kapitalak langile klasearen sektore konkretuak era basatian esplotatu ditzan inongo arazorik gabe.

Kondizio miserableetan bizitzea «merezi duela» edota «berak bilatu duela» atxikitzen zaion subjektu baten iruditeria sortuko da, ondoren, behin kondizio horiek aplikatuta, inor asaldatu ez dadin

Bestalde, jatorrizko herrialdeen onurei erreparatuz gero, nagusiki honakoa ikus genezake: nolabaiteko ekarpena lortu ohi dute emigratutako langileek euren familiei diru-bidalketak egiten dizkietenean («remesas»), horrek familien erreprodukzio kostuaren zati bat aurrezten duelako.

Egungo krisi orokor testuinguruan, gainera, aipatutako elementuen garrantzia areagotu egiten da. Izan ere, burgesiak bere etekinak handitzen jarraitzeko, berebiziko premia du lan indarraren erreprodukzio kostua ahalik eta baxuena izatea. Kasu horretan, ikusi modura, behar hori asetzeko modua langile etorkinengan topatuko du. Esandakoa irudikatze aldera, nekazaritza, eraikuntza, ostalaritza edota asistentzia-lanen adibideak jar genitzake. Sektore horiek lehiakorrak izatea ezinezkoa litzateke babesgabetasun egoerak ahalbidetutako esplotazio maila ikaragarrira azpiratzeko prest dagoen langileria langabe baten faltan, nekez lortuko litzateke-eta irabazi-tasa mantentzea. Nekazaritzan fokua jarriz, El Ejido hiriko (Almeria) egoera dugu lehen lerroan. Bertan gauzatzen den nekazaritza intentsiboan, egunerokoan era jarraian lan egiten duten 12.000 langileez haratago, 40.000 langile dituzte eskura, prest behar denerako. Azken horiek, era esporadikoan erabiliak dira, uzta jaso behar denetan, esaterako. Zonalde horretan negoziazio aukerarik gabeko biztanleria immigrante zabalik ez balego, zaila litzateke horrelako ezaugarriak dituen agertoki bat imajinatzea.

MIGRATZAILEEN LAN INDARRAREN ERABILERA

Esanak sakonago aztertzeko asmoz, eta bide batez, langile klasearen baitan sektore honek pairatzen duen lan indarraren debaluazio zehatza ikertzeko, autore marxista ezberdinek «superesplotazio» kontzeptua darabilte, hau da, esplotazioa bere azken mugetaraino eramatea, lan indarraren deuseztapeneraino. Kontzeptu horri jarraikiz, langile klase atzerritarrari lan indarra bere kostu minimoaren azpitik ordainduko zaio. Kostu minimo horren muga biziraupen fisikorako behar-beharrezkoak diren baliabideek definituko lukete. Beste hitz batzuetan, lan indarraren superesplotazioak bere erreprodukzio atrofiatua dakar: bizirauteko beharrezko baliabideetarako sarbiderik izan ezina (argia, ura, etxebizitza, osasungintza…) edota baliabide horien kalitatea okertzea (fast food merkea, esaterako). Ez dago esan beharrik kondizio horiek pertsonarengan eragiten dituzten kalteek (desnutrizioa, gaixotasunak nahiz horiek artatzeko ezintasuna…) sarri heriotza zuzen batera kondenatzen dutela hori pairatzen duen pertsona.

Ondorioz, bistan da langileria immigranteak bizi duen egoera krudelkeriak ezaugarritzen duela. Dena den, langile atzerritar izatearen baitan zenbait ezaugarrik pertsona bera zaurgarriago egin dezakete: administrazio-egoera (legezkotasun-­egoera), arraza- edo etnia-talde bateko kide izatea, herrialde hartzailearen ezaugarriak, jatorrizko herrialdearen eta herrialde hartzailearen arteko harreman interburgesak, generoa, adina, lan egiten duen ekoizpen-adarra…

IMMIGRAZIOAREN KONTROLA: ATZERRITARRAK ATXIKITZEKO ZENTROAK

Garbi dago, beraz, Kapitalari mesede berezia egiten diola immigrazioak, lan indar merkearen joan-etorri etengabearen markoan. Alabaina, mundu mailako migrazioaren kudeaketa erregimen baten pean, estatuek fluxu horien kontrol estua daramate, eta behar eta komeni zaien lan indarra sartzen eta soberan dituztenak (edota arrisku izan daitezkeenak) kanporatzen dituzte. Arlo horretan koka ditzakegu barne-mugak deiturikoak: barne polizien komisaldegiak, kuartel militarrak, aduana postuak, portu eta aireportuen igarotze internazional puntuak… Baina, batez ere, Atzerritarrak Atxikitzeko Zentro (CIE) famatuak. Gaur-gaurkoz, Europar Batasunean 250etik gora daude, horietako zortzi Espainiako Estatuan. Espazio horien justifikazio juridikoari dagokionez, helburua zera litzateke: pertsona ordura arte atxikita edukitzea gehienez 60 egunez (ez nahitaez elkarren segidakoak), kanporatzeak kale egin ez dezan (ihesaldi posible batengatik). Errealitatean, baina, helburu hori ez da betetzen, mundu mailan agintzen diren eta azkenean gauzatzen diren kanporatze kopuruak % 30-40 artekoak baitira soilik. Kanporatzeak porrot egiteko arrazoi ezberdinak badaude ere, nagusiena igaroko duen edota joango den herrialdeak pertsona hori ez onartzean datza. Kasu horietan, pertsona askatu eta «kanporaezintzat» hartuko da; kanporatze aginduak indarrean jarraituko du, ordea, aukera denean gauzatu dadin. Momentu horretan hasiko da hain orokortua den, baina aldi berean hain isilpean gertatzen den erokeria: pertsona horiek klandestinitate absolutuan biziraun beharko dute. Lan egiteko eskubiderik gabe, pisu bat alokatzeko aukerarik gabe, eta kanporatze agindu bat poltsikoan haien dokumentu legal modura. Gainera, gogorarazi behar da hirugarren herrialdeetara ere kanporatzeak egiten direla, hau da, ez jatorrizko herrialdera. Era berean, garrantzitsua da nabarmentzea aire-konpainiek parte hartu dutela deportazio-hegaldi pribatu eta komertzialetan.

Mundu mailako migrazioaren kudeaketa erregimen baten pean, estatuek fluxu horien kontrol estua daramate, eta behar eta komeni zaien lan indarra sartzen eta soberan dituztenak (edota arrisku izan daitezkeenak) kanporatzen dituzte

Legalki presondegietatik bereizi nahi badira ere, errealki immigrazioaren zigor espetxe bilakatzen dira. Bi desberdintasun nagusirekin: alde batetik, espetxeratuek ez dute deliturik, paperik ez izatea falta administratibo bat baita. Bestalde, errepresio-­indarrei zentro horiek kontrolatzeak eta kudeatzeak dakarkien zigorgabetasuna Espainiako poliziaren eskutik. Espainiako zenbait atxikitze zentro iraganeko espetxeetan (Madrilen eta Malagan, kasu) nahiz barruti militarretan (Algeciras) kokatzen dira. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan atxilotzen diren gehienak aipatutako Madrilgo zentrora eramaten dituzte, orain CIE Aluche izendatua baina errealki iraganeko Carabanchel espetxea dena. Ez da zaila asmatzea, beraz, zentro horiek barrutik duten itxura nahiz funtzionamendua: zeldak logela modura, kameren presentzia itogarria, aisialdi ekintzarik eza, polizien jazartze jasangaitza, espazio nahiz elikadura osasungaitzak… Atxikitze zentroen sorreratik gaurdaino, hamar heriotza ezagutarazi dira Espainiako Estatuan, eta inongo ikerketa zein ondorio penalik ez da egon.

Zentro horiek dokumenturik gabeko atzerritarra («irregular» edota «ilegal» izendatua) zuzenean delitugile arriskutsua den ideia hedatzen dute, eta gizarteari bi mezu helarazten zaizkio horrela. Batetik, proletarizazio prozesu bizian dagoen, eta, beraz, etorkizun ziurgabea ikusten duen langile klase autoktonoaren aurrean lasaitasunaren, ordenaren eta kontrolaren mezua zabaltzen da, kanpotik etorrita euren egoera ezegonkorra are ezegonkorrago bihurtu dezaketen gaizkile horiek kontrolpean eta gotortuta izanda. Bestetik, proletalgo atzerritarrari helarazten zaio harenganako jarraipen, jazartze eta kriminalizazio sutsua egingo dela.

Zentro horiek dokumenturik gabeko atzerritarra («irregular» edota «ilegal» izendatua) zuzenean delitugile arriskutsua den ideia hedatzen dute

Hori gutxi balitz, atxikitze zentroetako egoera larrienetako bat gazteen presentzia da –gehienak mugan bertan geldiarazten dituzte helduen akonpainamendurik gabe–. Kasu horietan, Espainiako Estatua behin eta berriz izan da salatua adin txikiko gazteak 18 urtetik gorakotzat izendatzeagatik, baita gazteek kontrakoa froga zezaketenean ere. Beste kasu batzuetan, gazteek, zeharka bizi ohi dituzte zentroaren ondorioak, haien familia-kideak gotortu eta akonpainamendurik gabe kalean gelditzen baitira (gehienetan haurren kargu diren emakumeak atxilotzean).

Azkenik, emakumeek zentroetan pairatzen duten egoera mahaigaineratu beharrekoa da. Izan ere, jakina da zentro horietan giltzapetuta dauden emakume asko sexu-abusuen eta prostituzio-trafikoaren biktima direla. Ez hori bakarrik, emakume horiek kanporatu eta jatorrizko herrialdera itzularaztean, maiz, ihes egin nahi zuten sare horietara bueltarazten dituzte. Horrela, zentroek prostituzio sareekin lotura zuzena izan ohi dute; izan barnean aritzen direnean ez-ikusiarena egiten dutelako, edo izan sare horietatik ihes egin dutenak berriro haietara itzularazten dituztelako.

INTEGRAZIO SOZIALA AZTERGAI

Baliabide urrien aurrean (lanpostu, etxebizitza, diru-laguntzak…) migratzaileak konpetentzia desleiala egiten duten eta delitugile arriskutsu diren ideiari identitate nazionalaren kontrako mehatxu izatea eransten zaio. Bestela esanda, atzerriko proletalgoaren ezaugarri kulturalak herrialde hartzailearen ustezko elkarbizitza harmoniatsuaren nahiz batasunaren apurtzaile modura identifikatzen dira. Beraz, etorrera horiek kolokan jarriko lituzkete nazio-estatuen oinarri gorenak. Lehen begiradan, ideia erreakzionario eta zeharo xenofobo/arrazista badirudi ere, ideia horrek uste baino onarpen sozial handiagoa du gurean. Asimilazio erabatekoa babesten duten horietatik (bereizgarri kulturalen ezabapena) hasi, eta «aniztasunaren» aterkipean integrazio politago bat aldarrikatzen duten sozialdemokratetaraino, oinarrian, izateko, pentsatzeko eta jokatzeko modu zehatzak derrigortzen dira: bertako status quo-a kaltetuko ez duena, normaltasuna bermatuko duena eta ordena sozial burgesari ekarpena egingo diona.

Dena den, jo dezagun orain gizarte zerbitzuetara, instituzio horren bihotz oneko maskara humanista desestaltzera. Ongizate Estatuaren baitan kokatzen den alor horrek, «auzi sozialari» erantzungo lioke, asistentzia lan baten bidez. Itxuraz, badirudi problematika sozial ezberdinei erantzuteko borondatez jaioa eta mantendua dela, gizartearen konpromiso sozialaren isla. Errealitatea, baina, oso bestelakoa da.

• Asistentzia programa horiekin, batetik, Estatuaren kontrakotasunak neutralizatzea bilatzen da, harekiko atxikipen eta onarpena bultzatuz langileriaren barruan. Horrek problematika horien ulerkera okerrean sakontzen du, aditzera eman nahi baita instituzio burges horiek ez dutela zerikusirik jazotzen diren gertaerekin]3]. Beraz, gizarte antolaketa egoki batean naturalki ematen diren egoera «akastun» gisa ulertuz, horien ebazpena gizarte eredu horretan bertan bilatzen da, eta, horrela, antolaketa horren gaindipenerako ideia bera zapuztuta gelditzen da. Horrek, aldi berean, langile klasearen despolitizazioan eragiten du, jendea aktibo militante izatetik ikusle pasibo izatera zokoratzen baitu.

• Aipatutako helburuaz haratago, martxan jarriko diren asistentzia programak ekimen pribatuek bidera ditzaten pentsatuta daude, kapital inbertsiorako edota onura fiskalerako eremu bilakatuz. Horrek asistentziaren kalitatea bera ezbaian jartzen du, zerbitzua enpresen errentagarritasunari azpiratua izango baita.

• Aurrekoari jarraikiz, asistentzia zerbitzu horiek, modu oso edo partzialean, langile klaseak berak ordaindu beharreko gastu sozial bilakatzen dira, zeina aipatu enpresen diru mailegu bilakatuko den. Horrela, Estatuak saldu nahi duen borondate oneko berdintasun eta soldata-banaketa baino, oinarrian egongo dena aipatutako kapital inbertsioa handitzea izango da, ezberdintasun sozial horien erreprodukzioaren eragilea, hain zuzen.

Estatuak saldu nahi duen borondate oneko berdintasun eta soldata-banaketa baino, oinarrian egongo dena aipatutako kapital inbertsioa handitzea izango da, ezberdintasun sozial horien erreprodukzioaren eragilea, hain zuzen

Horrela, etorkinek pairatu behar duten errealitatea arindu nahirik, ezinbestean Estatuaren kontrolpean dauden hainbat eta hainbat elkarte ikus genitzake. Lehenik, Estatuak immigrazioari gizarte zerbitzuetatik erantzuteko estrategia orokor bat ezarriko du. Bigarrenik, eskualde administratibo bakoitzak horren araberako plan bat (ildo orokorrak) diseinatuko du. Jarraian, plan horren araberako programa ezberdinak diseinatuko dira, alor ezberdinei erantzungo dietenak (etxebizitza, enplegua, hezkuntza, hizkuntza…). Azkenik, programa horiek gauzatzeko, proiektu konkretuak jarriko dira martxan. Horrela, aipatutako proiektuak gizarte zerbitzuen barne diren sailek zuzenean kudeatzeaz gain, elkarte mordo bat egongo da hitzarmen bidez proiektu horietara lotuta. Batetik, hitzarmenak elkarteei diru kuota bat ahalbidetuko die[4] (haien jardunerako beharrezkoa izango dutena); bestetik, Estatuari kontrol bermea emango dion katea izango da. Modu horretan, elkarte horien lana zeharo determinatuta egongo da Estatuaren (esentzian, Kapitalaren) interesen arabera. Are, aurretik aipatu modura, elkarte horiek errentagarritasuna bilatzen duten enpresa pribatuak izaten dira maiz; CaixaBank edota BBVA horren erakusle. Azken horiek, etorkinen bueltan egiten dituzten inbertsioekin aurpegi zuriketa garbi bat bilatzen dute (langileriak begi onez ikus ditzan), zeina haien irabazi ekonomikoetan islatuko den.

Esanak esan, komunista modura, kontraesankorra litzateke gainditu nahi dugun gizarte ordena bera ontzat jotzen duen gizarteratze baten alde egitea. Are gehiago, konturatuko gara errealitatean etorkin proletalgoa jada integratua dagoela, Kapitalak berari esleitu dion tokian: lumpenproletalgo potentzial gisa. Horrenbestez, nahiz eta egon daitezkeen borondate onak gidatuta bizi-kondizio penagarriak baretu nahi dituztenak, esentzian egoera bera apaindu eta betikotu baino ez dute egiten. Modu berean, kontua ez da gobernuan boterean direnek atzerritarrekiko zein jarrera duten. Hau da, ez da ezein parlamentutan adostutako erabakiek eraldatu dezaketen errealitate bat. Kontrara, proletalgoak era internazionalean antolaturiko gizarte eraldaketa orokorra da bide posible bakarra, horren oinarriak hautsiz eta denon onurarako berriak eraikiz. Bide horretan, paternalismo kutsu handiz immigranteak nola gizarteratu eta nola ez pentsatzen dutenen aldean, gure hautua gaurdanik haien borroka adierazpen ezberdinei erreparatu, gureak ere badirela ulertu, eta sozialismoaren eraikuntzaren baitan integratzea litzateke.

BIBLIOGRAFIA

Cocks, P. (1980). Towards a Marxist Theory of European Integration. International Organization, University of Wisconsin.

De Lucas, J. eta Torres, F. (2002). Inmigrantes: ¿Cómo los tenemos?: Algunos desafíos y (malas) respuestas. Madril. Talasa.

Defensor del pueblo. (2020, junio). La contribución de la inmigración a la economía española. Estudio (N.o 2).

Gil F. eta Juliana G. (2019) Superexplotación del trabajo en el siglo XXI. Portugal: El Tiple.

Gobierno Vasco. (2022, octubre). VI Plan Intercultural de Ciudadanía, Inmigración y Asilo 2022-2025 (vi). Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco.

• (2018, octubre). Pacto Social Vasco para la Migración. Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco.

González Cámara, Noelia. (2011) Migrantes, procesos de irregularización y lógicas de acumulación y exclusión. Un estudio desde la filosofía política. Departament d'humanitats.

Harvey, D. (2007) Breve historia del neoliberalismo. Madrid. Akal.

Iamamoto, Marilda V. (1992) Servicio social y división de trabajo. Un análisis crítico de sus fundamentos. Brasil.

Marini, Ruy Mauro. (1973) Dialéctica de la Dependencia. México, DF. Ediciones Era.

Mezzadra, S. (2012). Capitalismo, migraciones y luchas sociales. La mirada de la autonomía. Nueva sociedad, 237.

Molina, M. C. (2016, 19 octubre). ¿Por qué el CIE de Aluche es conocido como el «Guantánamo español»? El Salto.

Netto, J.P (1992) Capitalismo monopolista y Servicio Social. Cortes Editora.

Organización Internacional para las Migraciones. (2022, septiembre). Informe sobre las migraciones en el mundo 2022 (N.o 1). Ginebra.

Peña López, A. A. (2013) Migración Internacional Y Superexplotación Del Trabajo. Ítaca.

Rodríguez, M (2021, 29 marzo). La muerte de Marouan Abouobaida en el CIE de València no tendrá responsables penales. El salto.

Tomé García, J. A. (2014) Internamiento preventivo de extranjeros conforme al nuevo reglamento de los CIE. Madril.

Wallerstein, I. (2017). La izquierda global contra la derecha global: De 1945 a la fecha. Mexico. Dirección General de Publicaciones y Fomento Editorial (UNAM).

• (2021). El problema de las migraciones no puede ser resuelto dentro de este sistema-mundo. Nota antropológica.

• (2002). Inmigrantes. La Jornada.

ERREFERENTZIAK

[1] Kontuan hartu eskura ditugun estatistikak ez direla guztiz fidagarriak. Izan ere, mundu-mailako migratzaile kopuruak eskuratzeko, estatuetako datu-erregistroetara jotzen da. Horrek bi arazo dakartza: alde batetik, estatu bakoitzak migrazioak ezaugarritzeko nahiz hauek zenbatzeko modu ezberdinak erabiltzen ditu. Beste aldetik, kasu askotan dokumenturik gabeko migratzaileak (ilegalki daudenak) ez dira kontabilizatzen. Horrenbestez, posible da datu hauek berez handiagoak izatea.

[2] Etorkizuna ilun ikusten da puntu honetan. Izan ere, inteligentzia artifizialean oinarritutako lan ez kualifikatuaren automatizaziorako tendentzia gorakorrak migrazioa bera bultzatzen duen faktore ekonomikoaren urritzea ekar lezake. Bestela esanda, herrialde garatuetako ohiko lan ez kualifikatuaren automatizazioak, hein handi batean berau gauzatzen duen lan indar immigrantearen beharra alboratzen du. Informe burges ezberdinek jada aipatzen dituzte horien ondorioak Arabia Saudin, Bahreinen, Egipton, Arabiar Emirerri Batuetan, Kuwaiten edota Omanen, besteak beste.

[3] Kontuan hartu, gainera, Estatu aparatua dela etorkina legal edo ilegal izango den erabakitzen duen instituzioa, bertaratutako herrialdean herritar edota immigrante izango den determinatuko duena. Zentzu horretan, hari dagokio desjabetu kondizioaren erreprodukzio legalaren ardura.

[4] Hitzarmen hauek ahalbidetutako diru kantitatea elkarteak berak gobernuaren proiektuak bete nahi dituen helburuen asebetetze mailaren araberakoa izango da. Hau da, gero eta gehiago bete estatuaren nahia, orduan eta diru kuota handiagoa. Diziplinamendu funtzio zuzena du, beraz.

EZ DAGO IRUZKINIK