Sistema kapitalistaren kritika bere logika indartuz gauzatzea erreformismoaren ohiko jarrera da. Ekinbide hori ez datza soilik komunikabide kapitalistek ematen dituzten datuak biltzean, modu kritikoan eginda ere logika horretatik kanpo geratuko ez litzatekeena, baizik eta informazioaren sistematizazio-modua eta datuek hartzen duten forma errealitatea interpretatzeko berme gisa onartzean. Gehienez ere, egia edo gezurra izan daiteke datu bakoitzaren zenbakizko balioa, baina ez datua bera, errealitatearen aurrean aldebakarreko jarrera adierazten duena.
Datuak egiazkoak diren ala ez alde batera utzita, nahi dugun helbururako garrantzirik ez duen ebazpena, kalkulagailua kapitalaren ezker hegalaren tresna nagusia bihurtzen da. Izan ere, gizarte berri bat eraikitzeko aukera kuantitatiboki deduzitzen du eta, ondorioz, gizarte berria, indarrean den gizartetik, zenbakietan eta horien zirkulatzeko eran bereizten da soilik.
Hala, ohikoa da iraganeko esperientzia sozialisten lorpenak produktibitate eta finantzen grafikoetan zerrendatuta ikustea, edo «estatu sozial» baten aukera ondorioztatzea kapitalaren zenbaki edo diru-produktua oinarri hartuta, esplotazio-baldintzetan ekoiztu dena, langile klaseari erauzitako soberakin gisa. Komunistok, ordea, ez ditugu gure emantzipazioaren baldintzak ekoizpen kapitalistaren produktu espezifikoan bilatzen, baizik eta, oso alderantziz, historikoki garatutako ekoizpen-erlazio sozialetan. Hortik ez da zaila ondorioztatzea bere aukerak ekoizpen kapitalistaren produktu espezifikoan –gainbalioa, diru-soberakinaren forman– oinarritzen dituenak nahitaez erreproduzitu behar dituela produktu horren ekoizpen-baldintzak, bere esperientzia «emantzipatzailea» ahalbidetu ahal izateko.
Ohikoa da iraganeko esperientzia sozialisten lorpenak produktibitate eta finantzen grafikoetan zerrendatuta ikustea, edo «estatu sozial» baten aukera ondorioztatzea kapitalaren zenbaki edo diru-produktua oinarri hartuta, esplotazio-baldintzetan ekoiztu dena, langile klaseari erauzitako soberakin gisa. Komunistok, ordea, ez ditugu gure emantzipazioaren baldintzak ekoizpen kapitalistaren produktu espezifikoan bilatzen, baizik eta, oso alderantziz, historikoki garatutako ekoizpen-erlazio sozialetan. Hortik ez da zaila ondorioztatzea bere aukerak ekoizpen kapitalistaren produktu espezifikoan –gainbalioa, diru-soberakinaren forman– oinarritzen dituenak nahitaez erreproduzitu behar dituela produktu horren ekoizpen-baldintzak, bere esperientzia «emantzipatzailea» ahalbidetu ahal izateko
Dena den, aukera horiek agortu egiten dira politika erreformistari oinarri gisa baliagarria zaion diru-soberakinaren forma kualitatiboaz jabetzen denean. Aurretik aipatu da estatuaren gastu publikora bideratutako soberakinaren zatia ekoizpen-baldintza kapitalistek mugatzen dutela, bai eta kapitalak soberakin hori kapitalizatzeko dituen beharrak ere. Ildo horretan, erreformismoaren jarduera-marjina oso estua da, diru publiko bihur daitekeen diru-soberakinaren ekoizpen kapitalistarekin batera bere publifikazio eta estatalizazio politika ahuldu nahi ez badu. Nolanahi ere, erreformismoak kuantitatiboki mugatu ez duen eta ikertu ez duen marjina estua da. Zenbat balio du ekoizpen kapitalistak eta zein dira bere erreprodukzioaren gutxieneko baldintzak? Posible al da erreformaren aldeko politikarentzat muga bat ezartzea?
Erreformismoaren jarduera-marjina oso estua da, diru publiko bihur daitekeen diru-soberakinaren ekoizpen kapitalistarekin batera bere publifikazio eta estatalizazio politika ahuldu nahi ez badu. Nolanahi ere, erreformismoak kuantitatiboki mugatu ez duen eta ikertu ez duen marjina estua da
Erreformismoak oinarri dituen zenbaki gordinek, kapitalistek irabazien balantzeetan aurkezten dituztenak, muga hori ezartzea eragozten dute eta, baita, langile klasearen bizi-baldintzak hobetzeko aukera eta marjina logikoki deduzitzea ere. Baina, batez ere, langileria osoa eragozten eta ezgaitzen dute sistema kapitalistaren kritika erradikal bat egiteko, non miseria premia objektibo gisa zabaltzen den, eta ez den aberastasunaren banaketa subjektiboaren auzi soila, gobernuan sartuz eztabaida daitekeena, edo, beharbada, «herriaren eskakizunen» aurrean amore eman dezan behartuz.
Praktika sindikalean ohikoa da langileen eskubideak, haien soldata-eskubideak eta lanetik ez kanporatzeko eskubidea aipatutako enpresa-balantzearen datuak baliatuta defendatzea. Datu horien bidez erakutsi nahi dute irabazi kapitalistak handiegiak direla eta, beraz, langileriarekin partekatu beharko liratekeela. Ez digute azaltzen, ordea, irabazien tamainari buruz ebazteko erabiltzen duten baremoa eta, beraz, dena iritzi subjektibo batera mugatzen da, ez duena inolako oinarririk, politikaren inguruan duten ikuspegi utopikoa gauzatzeko aurkezten dituzten aurreiritzi moraletatik harago. Horri gehitu behar zaio kalkuluak egiten saiatzen direnean, edo matematikaren esparruan sartzen direnean, haien ezintasuna nabarmenagoa egiten dela: 500 langileko plantilla murrizketari 10 pertsona inguruk osatzen duten administrazio-batzarreko kideen soldatarekin aurre egin nahi diote; kostu hori, ordea, ez da heltzen, ezta gutxiago ere, aipatutako langileen soldata-kostura.
Hala ere, ez du axola kalkuluak okerrak izateak. Honakoa da benetan garrantzia duena: jarduteko eta kapitala interpelatzeko modu horrek, non harreman kuantitatibo bat baino ez den zalantzan jartzen, ezkutatu egiten du posizio kualitatiboa eta joerazkoa, estrategikoa, gero eta langile gehiago gainbalioaren ekoizpenerako soberakin bihurtzera bultzatzen duena, administrazio-batzarrak funtsezko eginkizuna betetzen jarraitzen duen bitartean. Hau da, jokabide horrek erlazio kuantitatibo hutsera murrizgarri garen izaki gisa berdintzen gaitu, errealitatean ekoizpen kapitalistaren prozesuan aurkako posizioak betetzen ditugunean, eta, horregatik ere, erabili eta botatzeko modukoak gara, kapitalaren metaketak hala eskatzen duenean.
Honakoa da benetan garrantzia duena: jarduteko eta kapitala interpelatzeko modu horrek, non harreman kuantitatibo bat baino ez den zalantzan jartzen, ezkutatu egiten du posizio kualitatiboa eta joerazkoa, estrategikoa, gero eta langile gehiago gainbalioaren ekoizpenerako soberakin bihurtzera bultzatzen duena, administrazio-batzarrak funtsezko eginkizuna betetzen jarraitzen duen bitartean
Posizio horren ondorio politikoa klase antagonismoa desitxuratzea da, diru-diferentzia hutsera murriztu arte. Gorago esan dugu beharrezkoa dela diru-soberakinaren edo ekoizpen kostuaren gainetiko irabazi gordinaren forma kualitatiboa argitzea. Irabazia ez da lapurreta soil bat, engainuaren edo aberastasunaren banaketa desberdin baten emaitza, alegia. Aitzitik, irabazi hori ekoizpen kapitalistaren baldintza da, eta hori gabe soldata desagertu egiten da eta langile klasea hil.
Moralaren alorrean, non erreformismoa mugitzen baita bere banaketa-politikekin, absurdoa nabariagoa egiten da. Irabazi kapitalista ez da, erakutsi nahi diguten bezala, gozamenerako objektu soil bat, denok baldintza berdinetan eskuratu beharko genukeena; are gehiago, irabaziaren zati txiki bat baino ez dute kontsumitzen kapitalistek luxuetan. Baldintza den heinean, irabazia, gainbalioaren forma transmutatu gisa, langile klasea menderatzeko tresna da, kapitalizazioa da potentzian eta, horregatik, kontrol sozial handiagoa eta esplotazio kapitalistaren hedapen handiagoa, lana gobernatzeko eta esplotatzeko gaitasuna. Egin beharrekoa ez da, beraz, irabazia kontsumoaren mesedera banatzea, baizik eta irabaziaz jabetzea, desjabetzeak ekoizpen-prozesuaren gaineko langileen kontrola eta sozializazio komunista esan nahi duen neurrian. Hori da irabaziaren benetako zentzua: ez diru-kopuru hutsa izatea, diruak berak ezkutatutako harreman soziala baizik, non, erreformismo politiko eta sindikalak aldarrikatzen duen aberastasunaren banaketa kuantitatiboaren politikaren bidez, ezberdintasun kualitatibo oro, ekoizpen-bitartekoen gaineko nagusitasun klasista, lausotu egiten den.
Hori da irabaziaren benetako zentzua: ez diru-kopuru hutsa izatea, diruak berak ezkutatutako harreman soziala baizik, non, erreformismo politiko eta sindikalak aldarrikatzen duen aberastasunaren banaketa kuantitatiboaren politikaren bidez, ezberdintasun kualitatibo oro, ekoizpen-bitartekoen gaineko nagusitasun klasista, lausotu egiten den
Klase kontraesana ez da hau bezain laua: batzuk aberatsak dira eta beste batzuk pobreak; baizik eta: batzuek sozialki agintzen dute, eta besteak menderatuak dira. Izan ere, aberastasunaren jabetze desberdina produktibitate desberdinaren ondorio izan daiteke, edo arrazoi geografikoak direla eta, baliabideak eskuratzeko aukera desberdintasunarena, edo emankortasun natural desberdinena, eta ez ezinbestean eta soilik auzi sozialaren emaitza.
Ekoizpen kapitalistaren kostuetan dago, beraz, langile klaseak lor dezakeen soldataren muga. Eta kostu horiek dira, batez ere, menderatze kapitalista erreproduzitzeko kostuak, hau da, soberakinaren gainkapitalizazio kostuak, ekoizpen-prozesuaren menderatze klasista modu zabalagoan erreproduzitzea ahalbidetzen dutenak.
HEMEN ARGITARATUA