«Guk lorategi bat eraiki dugu. Dena ondo doa. Gizateriak inoiz eraiki duen askatasun politikoen, oparotasun ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren konbinaziorik onena da. Baina munduaren gainontzeko zatirik handiena oihan bat da, eta oihanak lorategia indarrez har lezake. Izan ere, oihanak hazteko gaitasun handia dauka, eta euste-horma ez da izango lorategia babesteko bezain garaia» - Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politikorako goi-ordezkaria
2022ko udazkenean, dagoeneko Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren hasieratik urte erdia baino gehiago igaroa zela, goranzko inflazio-krisia Mendebalde osoa suntsitzen ari zela, eta Europari negu gorria zetorkiola Errusiako energia merkearen murrizketagatik eta areagotzen hasita zegoen hegoalderako immigrazioagatik, Josep Borrellek adierazpen polemikoak eta argigarriak egin zituen. Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak “lorategi” batekin konparatu zuen Europa, eta munduaren gainontzeko zatirik handiena “oihanarekin”. Ez zitzaion arrazoirik falta Borrelli; lorategia eta oihana elkarren mendekoak direla argudiatzea besterik ez zitzaion falta izan. Hau da, ezin da Ongizate Estatuaren lorategirik existitu baliabideen ustiapena eta lapurreta modurik gordinenean egiten den oihanik gabe.
Testu honen xedea ez da mundu-sistema kapitalista antolatzen duten zentro-periferia harremanen azterketa egitea. Aitzitik, azken hamarkadan Estatu Batuetako eta Europar Batasuneko migrazio-politikan martxan jarri diren politikak eta kontuaren atze-oihalean dauden arrazoi geopolitikoak aztertuko ditugu. Argi dago Borrellek aipaturiko lorategia krisian dagoela aspaldiko urteetan; hala erakusten dute soldaten beherakadak eta estatuko zerbitzuak kaskartu izanak, osasungintza kasu. Baina Europan zehar indarra hartzen ari den eskuin muturrak (eta hain muturrekoa ez denak) migrazio- politikak eta muga arteko kontrolak gogortzea proposatzen du.
Eskuin muturreko alderdi politikoek –hiru talde parlamentario baitituzte jada Europako Parlamentuan eta alderdi nagusiak baitira botoetan zenbait estatutan (guztietan gobernatu ez arren), hala nola Italian, Frantzian, Herbehereetan edo Austrian– “Europa gotorleku” moduko bat eraikitzea proposatzen dute. Europako gainbehera ekonomikoaren eta sozialaren arrazoiak proletariotza migratzailearen errua balira bezala. Ordea, errealitatea da zentro kapitalista deritzon horretako estatu guzti-guztiek soilik pertsona migratuen eskulan kantitate ikaragarrien bidez garatu dutela beren gizarte-eredua, eta eskulan horrek tokiko lan-indarrak bete nahi ez zituen lanpostuak betetzeko balio diela, bai eta zenbait sektoretako soldata-kostuak merkatzeko ere.
Zentro kapitalista deritzon horretako estatu guzti-guztiek soilik eskulan migratzaile kopuru ikaragarrien bidez garatu dute beren gizarte-eredua, eta eskulan horrek tokiko lan-indarrak bete nahi ez zituen lanpostuak betetzeko balio die, bai eta zenbait sektoretako soldata-kostuak merkatzeko ere
Ezein alderdik, haren erretorika arrazista gorabehera, ez dio immigrazioari uko egingo. Gizarte-harreman kapitalisten funtzionamendu normalaren funtsezko zutabe bat baita. Orduan, zeri egin behar diogu aurre? Benetako arriskua da harreman ekonomiko kapitalistak kudeatzen dituzten alderdientzat arazoa ez direla migratzaileak, baizik eta helmugako herrialdeko soldata-erlazioan sartzen ez diren migratzaileak. Azken batean, arrazakeriak desberdinarekiko gorrotoaren forma kulturala hartzen du, baina, haren sakonean, langile pobrearekiko gorrotoa dago, ezin baita integratu soldata-zirkuituetan, zeinek gure gizarteetako eguneroko bizitza antolatzen duten. Eta orduan bihurtzen da arazo.
Europa martxan jartzen ari den migrazio-eredua izendatzeko, Michael Foucaulten obra ezagunari erreferentzia eginez, zelatatu eta zigortu hitzak erabil ditzakegu. Eredu horretan, alde batetik, mugak bijilatu eta kontrolatzen dira, Europako estatuek beren gain hartu eta beren ekoizpen-prozesuetan uneko ziklo ekonomiko bakoitzean benetan integratu dezaketena izan dadin pertsona migratzaileen joan-etorria. Eta bestetik, destinoko mugen barruan soldatapeko bizimodu arruntean integratzen ez diren migratzaileak zigortzen dira. Eta horrela, zenbait neurri politiko jartzen dituzte martxan: migratzaileak itzultzea eta mugakide diren herrialdeei ordainketak egitea migratzaileen joan-etorriak kontrola ditzaten, eta aldi berean, zigor kodea pixkanaka gogortzea, besteak beste lapurreta txikiak edo bandalismo-ekintza txikiak gogorrago zigortzeko. Eta ekintza horiek egiten dituenak deportazioa izan dezake zigor modura, baldin eta pertsona hori legez kanpoko egoeran badago edo dagoen herriko nazionalitaterik ez badauka.
Europa migrazioa kudeatzeko eredu estatubatuarrera hurbiltzen ari da; izan ere, munduko potentzia ekonomiko nagusiak migrazio-harrera bijilantziaren, kontrolaren eta zigorraren konbinazioaren bidez kudeatu du urte luzez. Hortaz, gure “lorategi” europarraren orainari buruzko sarrera horren ondoren, ozeanoaren beste aldera joango gara ikusteko zer antzekotasun dauden Estatu Batuek aplikatu dituzten migrazio-politiken eta Europar Batasunak azken hamarkadan aplikatzen dituenen artean.
ESTATU BATUAK: MIGRATZAILEEN ETA HESIEN NAZIO BAT
Batik bat migratzaileek eraikitako naziotzat hartzen dira Estatu Batuak. Izan ere, aukera berrien bila kanpotik etorritako populazioaren bidez hedatu zen herrialdea mendebalderantz eta eraiki zen haren industria guztia. Hala ere, amets amerikarraren kontakizun horrek ahaztu egiten du Estatu Batuetako eraikuntza estatala eta nazionala hiru zutabetan oinarritu zela: arrazakeria instituzionalizatua, esklabismoa eta jatorrizko populazioa suntsitzea edo kanporatzea.
George Washington lehen presidente estatubatuarrak onartu zuen Estatu Batuetako biztanleriaren nazionalizaziorako lehen legea, Naturalizazio Legea izenez ezaguna. Lege horrek finkatu zituen errepublika independente berriko herritar izateko arauak, 1790ean. “Izaera oneko” pertsona zuri libreen eskubide esklusibo bat zen herritartasuna, eta herrialdean gutxienez bi urtez bizi izan zirenena. Kanpoan geratzen ziren jatorrizko amerikarrak, kontratupeko zerbitzariak eta esklabo beltzak.
Ez zen denbora luzea pasatuko immigranteak deportatzeko lehen legea etorri zen arte. John Adamsek ezarri zuen legea, nazioaren beste aita fundatzaile batek alegia, presidente zenean, zeinak 1798an atzerriko lagunen eta etsaien legeak onartu baitzituen. Lege horiek modua ematen zuten, presidentearen agindupean, “Estatu Batuetako bakerako eta segurtasunerako arriskutsutzat” jotzen zen edonor herrialdetik kanporatzeko. Lehen demokrazia liberal-burges osoetako batean ezarritako erregulazio-lege goiztiar horiek erakusten dute estatu kapitalistek ezinbestean behar dituztela immigranteak erakartzeko legeak, eta aldi berean, baita immigranteak kanporatzeko eta zigortzeko legeak ere, immigranteok ez badira asimilagarriak.
Lehen demokrazia liberal-burges osoetako batean ezarritako erregulazio-lege goiztiar horiek erakusten dute estatu kapitalistek ezinbestean behar dituztela immigranteak erakartzeko legeak, eta aldi berean, baita immigranteak kanporatzeko eta zigortzeko legeak ere, immigranteok ez badira asimilagarriak
Hala eta guztiz ere, 1820 eta 1920 artean ia berrogei milioi immigrante iritsi ziren modu legezkoan Estatu Batuetara, ia guztiak europarrak: lehenengo irlandarrak eta alemanak, gero italiarrak eta austro-hungariarrak, eta azkenik, britainiarrak edo errusiarrak. Eraikitzen ari zen errepublika berriak agindutako promesengatik emigratzen zuten europar zuriekin batera, Afrikako kontinentetik milaka pertsona eraman zituzten indarrez, eskulan esklabo gisa aritzeko. Kalkuluen arabera, independentzia lortu baino lehenagotik hasi eta 1863an esklabotza ofizialki abolitu zen arte, 380.000 pertsona inguru lekualdatu zituzten Afrikako zenbait herrialdetatik baldintza ezin okerragoetan, esklabo gisa saltzeko.
Ekintzaileez eta esklaboez gain, beste pertsona askok ere bidaiatu nahi izan zuten Asiako ekialdetik eta hegoaldetik Estatu Batuetara, baina ez zuten hainbesteko erraztasunik izan. Estatu Batuetako XIX. mendearen eta XX. mendeko lehen erdialdearen ezaugarri nagusiak, migrazioari dagokionez, populazio asiarraren kontrola eta harekiko xenofobia gordina dira. Estatu Batuetako Gerra Zibila amaitu eta urte gutxira, Gorte Gorenak erabaki zuen Gobernu Federalari zegokiola immigrazio-legeak ezartzea, eta ez estatu indibidualei. Gobernu Federalak, 1882an, Txinatarren Esklusio Legea eman zuen, txinatarrei Estatu Batuetara emigratzea debekatu ziena. Industrializazio prozesu betean, AEBko erdi-mailako klase zuri indartsuaren zati batek langile txinatarrei egozten zien soldaten jaitsieraren errua.
Antzeko zerbait gertatu zen japoniarrekin. 1907ko “zaldunen akordioa” deituriko ituna sinatu zuten AEBko eta Japoniako gobernuek, agintari japoniarrak izan zitezen beren populazioaren errepublika iparramerikarrerako emigrazioa murriztuko zutenak. Trukean, Estatu Batuek jada euren mugen barruan bizi ziren immigrante japoniarrei nazionalitate estatubatuarra erraztea eskaini zuten. Hori izan zen mugak kanpora ateratzeko lehen akordio aitzindaria. Ia bi hamarkada geroago, 1924ko Immigrazio Legea ezarri zen kuoten sistema gisa, sartzen ziren etorkinen kopurua mugatzeko, eta berriro ere asiarrak aipatzen ziren modu berezian[1].
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, migrazioaren joerak zeharo aldatu ziren, Estatu Batuetara migratzen zuten gehienak ez baitziren jada europarrak. XX. mendearen erditik hasi eta gaur egunera arte, Hegoaldeko eta Erdialdeko Amerika izan dira Estatu Batuetarako immigrazio-esportatzaile nagusiak. Orduan hasi ziren migrazio-foku berri horren kontrol-politikak, bi mugarri nagusi dituztelarik. Alde batetik, 2007an sinaturiko Mérida Ekimena jarri zen martxan; akordio horren bidez, Estatu Batuetako Kongresuak milioi askoko diru-partidak eman zizkien Mexikoko eta Erdialdeko beste herrialde batzuetako gobernuei, mugetako segurtasun-indarrak modernizatzeko. Eta bestetik, 1996an muga-harresi bat eraikitzen hasi ziren Estatu Batuen eta Mexikoren artean, Bill Clinton presidente demokrata gobernuburu zela[2].
Azken datu horrek honakoa ikusarazi behar digu: Trumpen aldekoek gaur egun egiten duten kontakizuna gorabehera, migrazio-politikak ez dira funtsean desberdinak izan errepublikarrekin eta demokratekin. Izan ere, bi alderdi politikoek dakite zein ekarpen handia egiten dion latinoamerikarren immigrazioak oraindik lehen potentzia globala denaren ekonomiari, baita legez kontrakotzat jotzen denak ere. Institute on Taxation and Economic Policy (ITEP) erakundeko ekonomialariek 2017an egindako ikerketa baten arabera, Estatu Batuetan bizi ziren dokumenturik gabeko 11 milioi immigranteek zergetan ordaindutakoaren portzentajea oso antzekoa zen zerga-ordaintzaile estatubatuarrek batez beste ordaindu zutenarekin alderatuta: batez beste diru-sarreren %8 estatuko eta tokiko zergetan. Horren perspektiba edukitzeko, kontuan hartu behar da zerga-ordaintzaile aberatsenen %1ek batez beste %5,4ko zerga-tasa baino ez duela ordaintzen estatuko zergetan[3].
Estatu Batuetako gizarte-sistema jadanik berez murriztuari egiten dioten ekarpenean giltzarri izateaz gain, lan-indarraren funtsezko zati dira. Legez kanpoko egoeran dauden immigranteak nekazaritza-uztetako langile guztien erdia baino gehiago dira, eta eraikuntzaren sektorean lan egiten dutenen %15. Bihar denak kanporatuko balituzte, herrialdeak osasun publikoko arazo larri bat izango luke, garbiketa-sektorearen laurdena osatzen baitute. Horregatik, AEBk migrazio-kontrolak gogortzeko eta arintzeko aldiak aplikatzen ditu lan-merkatuaren premien arabera, lan-merkatuak markatzen baitu benetan immigrazio-legeen bilakaera.
Gaur egun, Kamala Harrisen eta Joe Bidenen tandem demokratak arraza-gutxiengoen alde agertu nahi du Donald Trump hautagai errepublikano nabarmen xenofoboaren aurrean. Baina datuek diotenez, 2023an, Bidenen agintaldian, Trumpen agintaldiko edozein urtetan atxilotu zirenak baino bi aldiz immigrante gehiago atxilotu zituzten Mexikoko mugan[4].
Desberdintasun nagusia alderdi bakoitzaren Migrazioko kanpo-politika da. Trumpek hitz eman du Latinoamerikako gobernuen laguntzarik gabe ere gogor jokatuko duela immigrazioaren aurka, bere mugen erabateko militarizazioak migrazio-fluxuak murriztuko dituelakoan. Ordea, hegoaldeko mugako herrialdeei eskaintzen zaien laguntza berrezarri eta handitu du Bidenek, herrialde horiek arduratu daitezen pertsonen fluxu horiek kontrolatzeaz.
Urrutiago joan gabe, aurtengo irailean bertan, presidentetzarako kanpaina betean, gobernu estatubatuarrak iragarri du 658 milioi dolarreko beste diru-partida bat bideratuko duela Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeei laguntzeko euren lurraldeetatik igarotzen diren migratzaileak har ditzaten. 2024an, Estatu Batuek dagoeneko 1.200 milioi dolar baino gehiago inbertitu dituzte Los Angeleseko Adierazpenean aurrera egiteko. Adierazpen hori 2022an sinatu zuten hogei bat herrialdek, eta, haren bidez, konpromisoa hartu zuten legez kanpoko migrazioa geldiarazteko eta migratzaileentzako legezko bideak zabaltzeko. Estatu Batuek immigrazioa kontrolatzeko eta murrizteko eredu bat eraiki dute, eta eredu hori hobetzen jarraitzen dute, immigrazioaren kontrola bere hegoaldeko mugara kanporatuz.
GOTORLEKU DEN EUROPA
Nahiz eta Europar Batasuna saiatzen den erakusten Estatu Batuen aldean potentzia toleranteagoa dela eta giza eskubideak sustatzen dituela, pertsonen zirkulazio askea delakoan bere sorrerako balioetako bat, EBk ere baditu hesiak eta kontrolak, zeinetan milaka migratzailek bizia galtzen duten urtero. Zentzu horretan, Espainiako Estatua aitzindari izan zen bere hegoaldeko mugaren sekuritizazioan. Afrikako lurretan dauden Ceuta eta Melilla hiri autonomoak inguratzen dituzten hesiek ez daukate parekorik Europan. 1990eko hamarkadan eraiki ziren arren, gaur egun ere Europako muga-hesirik garaienak dira; antzeko bakarra Calaisekoa da, Frantziak eraiki zuena Mantxako kanaletik Erresuma Batura igarotzen saiatzen ziren migratzaileei bidea eragozteko.
Baina inflexio-puntua errefuxiatuen 2014ko krisia izan zen, Siriako gerrak eragindakoa. Urte horretan bertan, Schengen eremuak (ustez mugarik gabeko eta zirkulazio askeko Europako espazioa) 315 kilometro zituen muga-hesiz eta harresiz osatuak. Gaur egun, hainbat neurritako hemeretzi hesik inguratzen edo zeharkatzen dute, eta 2.000 kilometro baino gehiagoko luzera dute. Gainera, punta-puntako bijilantzia-sistema gero eta gehiagoz hornituta daude, hala nola kamerak, droneak, mugimendu-sentsoreak eta zaintza-dorreak dituztenak. Eslovenia, Hungaria, Bulgaria, Grezia edo Polonia dira azken hamarkadan euren mugetan hesiak jarri dituzten Europako estatuetako batzuk[5].
Schengen Mugen Kodeak, mugen Europako esparrua arautzen duenak, arrazoi larriengatik baino ez du baimentzen mugetako barne-kontrolak berriro ezartzea. Horretarako, ordena publikorako edota barne-segurtasunerako mehatxu larria dagoela argudiatu behar da. Salbuespen-mekanismo hori ia modu iraunkorrean erabili dute zenbait estatu kidek 2014. urtetik aurrera; horrela, salbuespena normaltasun bihurtu dute. Mugen normaltasun berri horren garrantziaz jabetzeko, kontuan hartu behar da 2006 eta 2014 artean mekanismo hori 35 aldiz erabili zela, eta gehienetan, migrazio-kontrolerako baino gehiago, arrazoi politikoengatik. Adibidez, Frantziak 2006ko urrian erabili zuen Ezker Abertzaleak Baionan egin zituen jardunaldi politikoak zirela eta; Alemaniak 2007ko maiatzean eta ekainean G-8aren goi-bilera zela eta; edo Norvegiak 2009ko azaroan eta abenduan, Oslon izandako Nobel Sariaren ekitaldia zela eta.
Baina 2015 eta 2018 artean, errefuxiatuen krisia deitutakoa hasi zenetik hiru urte eskasean, jada 72 aldiz aplikatu zuten itunaren klausula hori. Horietako askotan, gainera, Afrikarekin edota Ekialde Ertainarekin mugarik ez daukaten EB barneko herrialdeek aplikatu zuten, hala nola Norvegiak, Suediak, Danimarkak, Alemaniak, Austriak edo Hungariak. Nazio barneko mugen kontrola berreskuratzeko argudiatutako arrazoi nagusia “baimendu gabeko bigarren mailako mugimenduak” izan ziren. Hau da, migrazio-fluxuak Poliziaren edota militarren bitartez kontrolatzea. Zentzu horretan, Frantziako Estatua kasu paradigmatikoa da; izan ere, 2015ean Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren erredakzioaren kontrako atentatuak izan zirenetik, mehatxu terrorista iraunkorra dela argudiatuz, ez ditu inoiz muga-kontrolak erabat kendu, nahiz eta Schengen akordioak hala eskatzen duen[6].
Errefuxiatuen krisiak eragindako beste mugarri bat izan zen EB hegoaldeko mugen kontrola erabat kanpora eramateko bidea hastea. Duela hamarkada batzuk Estatu Batuak egiten hasi ziren moduan, azken hamarkadan EBko estatu kideak EBtik kanpoko hirugarren herrialdeekin migrazioa kontrolatzeko akordioak egitera bultzatu ditu Bruselak. Helburu horrekin, 2016ko martxoan, EBk Batasunaren migrazio-politiken bilakaera zehaztuko zuen akordio paradigmatiko bat sinatu zuen Turkiarekin. Bruselak gehienez ere 6.000 milioi ordaintzeko konpromisoa hartu zuen Ankararekin, Turkiako Estatuak bere mugetan atxiki zitzan Siriatik etorritako migratzaileak, baita beste herrialde batzuetatik etorritakoak ere, hala nola Afganistandik, Somaliatik edo Kongoko Errepublika Demokratikotik.
Bruselak gehienez ere 6.000 milioi ordaintzeko konpromisoa hartu zuen Ankararekin, Turkiako Estatuak haren mugetan atxiki zitzan Siriatik etorritako migratzaileak, baita beste herrialde batzuetatik etorritakoak ere, hala nola Afganistandik, Somaliatik edo Kongoko Errepublika Demokratikotik
Akordio hori testuinguruan jartzeko, gogoratu behar da EBk berak geldiarazi egin zuela Turkia Batasunean sartzea, argudiatuz haren erregimen politikoak gabeziak zituela giza eskubideen errespetuari zegokionez. Akordioak bide eman zion Estatu horri berari, ordea, “beharrezko neurri guztiak” har zitzan “itsasoko edo lehorreko ibilbide berririk ireki ez dadin Turkiatik EBra legez kanpo migratzeko”. Horrez gain, akordioak berresten du Greziako Egeo irletara legez kanpo iristen diren pertsona guztiak, asilo-eskatzaileak barne, Turkiara itzuli behar direla. 2016an markak hautsi ziren Mediterraneoa eta Europa lotzen dituzten hainbat ibilbidetan hildako pertsona kopuruari dagokionez, 3.800 pertsona baino gehiago hil baitziren bide horietan.
Akordioaren ondoren, Greziak, Syrizaren gobernu ezkertiarraren agintaldian, bere irlen bidez sartzen zirenak giltzapetze-esparruetan egotera behartzeko politikak ezarri zituen, asilo-eskaerei edo Turkiara itzultzeko eskaerei buruzko erabakiaren zain. Amnistia Internazionalak eta NBEko Errefuxiatuentzako Agentziak (ACNUR) 2021ari buruz emandako datuen arabera, Turkiak 4 milioi pertsona errefuxiatu baino gehiago zituen, eta horien artean 3,6 milioi Siriatik zetozen, beste edozein herrialdetatik baino gehiago.
Turkiak 4 milioi pertsona errefuxiatu baino gehiago zituen, eta horien artean 3,6 milioi Siriatik zetozen
Baina hori ez da EB hamarkada honetan hirugarren herrialdeei ordainduta deuseztatzen saiatu den migrazio-gune bakarra; Libia edo Tunisia ere milioika euroko zaparrada batekin erosi izan ditu, Saheldik eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik etortzen diren errefuxiatuak kontrola ditzaten.
2017tik, EBk immigrazioren aurkako borrokan aliatu pribilegiatuetako bat bihurtu du Libia. Ehunka milioi euro ordaindu dizkiete Libiako agintaritzei, bereziki, migratzaileak itsasoan atzemateko eta Libiara itzultzera behartzeko ardura duten kostazainei laguntzeko. Libian, atxilotze-zentroetan kartzelaratzen dituzte. Hala eta guztiz ere, hildakoen kopurua ez da jaitsi Mediterraneo erdialdeko ibilbidean. 2023an bakarrik, 2.500 pertsona baino gehiago hil edo desagertu ziren itsasoa bide horretatik igaro nahian, eta hori 2017tik izandako kopururik handiena da.
Libiako agintariek erabiltzen duten muturreko indarkeriaren ondorioz, Tunisia ibilbide erakargarriagoa eta merkeagoa bilakatu da Saharaz hegoaldeko eta Sahelgo migratzaileentzat. Sarbide berri hori geldiarazteko, EBk beste akordio bat sinatu zuen Tunisiarekin 2023an, migratzaile horiek atxiki zitzan. Urte berean, ACNURen arabera, Mediterraneoa Italiarantz zeharkatu zuten sudandarren %84k Tunisian hartu zuten itsasontzia. 2022an, Libian hartu zuten ontzia %98k.
Mediterraneoko mugako herrialdeez gain, barne-lehia bat dago EB barruan, mugetako erantzukizunak nork hartuko bere gain. Horrela, Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeek presio egiten diete hegoaldekoei, immigrazioa oztopa dezaten. Presio horren ondorioz, hegoaldekoek, beren borondatez, hirugarren herrialdeekin akordioak egiten dituzte, haien mugetako sarrerak kontrolatzeko. Horren adibide bat da Espainiako Estatuaren eta Marokoren arteko akordioa, zeinaren bidez Marokoko monarkiak kontrolatzen dituen Ceutara, Melillara eta Gibraltarko itsasartera joaten diren migrazio-fluxuak. Baina adibide berriagoak ere baditugu, Italiak eta Albaniak sinatu duten ituna adibidez; haren bidez, Giorgia Meloniren eskuin muturreko gobernuak eta haren Albaniako homologoak ezarri dute Albaniako lurretan migratzaileak atxikitzeko zentroen eraikuntza finantzatuko duela Italiak, paperik gabeko migratzaileak eta asilo-eskatzaileak Italiatik Albaniara deportatu ahal izateko.
Hala ere, EB ez da gotortu mugak kanpora ateratzearekin bakarrik; gainera, migratzaileak kontrolatzeko indar militar propioa eratu du: Frontex, Mugetako eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentzia. Frontex 2005ean hasi zen lanean, 50 langilerekin, 6 milioi euroko aurrekontuarekin eta funtzio tekniko oso mugatuekin. Gaur egun, agentzia horrek polizia eta militar gisa jarduten du migratzaileak itzultzen, EBtik kanpoko herrialdeetan ere jardun dezan legitimatu baitute. Zifrek Frontexen etengabeko hazkundea erakusten dute, gaur egun 2.100 langiletik gorako plantilla eta urteko 845 milioi euroko aurrekontua baititu[7].
Hala ere, EB ez da gotortu mugak kanpora ateratzearekin bakarrik; gainera, migratzaileak kontrolatzeko indar militar propioa eratu du: Frontex
Migrazio-kontrolean ahalegin handia egin arren, immigrazioa funtsezkoa da EBko 27 estatu kideetako ekonomiaren funtzionamendu normalerako. Gogora dezagun, 2014ko errefuxiatuen krisiaren hasieran, Angela Merkel Alemaniako orduko kantzilerrak errefuxiatu haiek babestu zituela, eta Alemanian gera zitezen animatu. Keinu hori buruzagi alemaniarraren elkartasun-adierazpen gisa ulertu zen, baina beste zerbait ere bazen. Izan ere, Siriatik atera zen lehen errefuxiatu-olatuko gehienak adin ertaineko gizonak ziren, goi-mailako ikasketak zituztenak, baina euren herrialdeko gerra egoeragatik ihes egiteko desesperatuta zeudenak. Beraz, errefuxiatu haiek pizgarri suertatu ziren Alemaniako makineria industrialarentzat, enpresariek soldata-kostu txikian eta ia prestakuntzarik jaso behar izan gabe erabil zitzaketelako. Ez zen gauza bera gertatu bigarren olatuarekin. Lehen errefuxiatu horiek beren familiak ekarri nahi izan zituztenean, Alemania ez zen harrerarako aurrekoan bezain prest agertu.
Antzeko jarrera suma dezakegu Pedro Sánchez Espainiako presidenteak aurtengo abuztuan bertan esandakoan, migrazioa “onurak ekartzen dituen premia bat” dela esan baitzuen. Gambiara, Senegalera eta Mauritaniara egindako bidaia instituzional batean esan zuen. Bidaia horren xedea herrialde horiekin akordioak egitea zen, Kanarietako kostaldera legez kanpoko migratzaile gutxiago hel daitezen. Sánchezek badaki azken urteetako enpleguari buruzko datu on samarren zati bat immigrazioari lotuta dagoela, azken bi urteetan, milioi bat pertsona gehiago enplegatu baitira; horietatik 350.000 espainiarrak dira, 536.000 atzerritarrak, eta gainerako enplegatuak nazionalitate bikoitzekoak.
Dena den, era askotako langile-talde horiek jasotzen dituzten soldatek oso desberdinak izaten jarraitzen dute. Latinoamerikatik datozen atzerritarren batez besteko soldata-sarrerak espainiarrenak baino %37 txikiagoak dira, afrikarrenak %34, eta europarrenak %17. Gainera, desberdintasunak handiagoak dira emakume migranteen kasuan[8]. Hori dela eta, gizarte-bazterkeriaren eta pobreziaren tasak handiagoak dira etorkinen artean, eta euren integrazioa ordena sozialean korapilatsuagoa da.
Une honetan egoera honako hau da: Europako estatuek migratzaileen eskulana jaso beharra dute zenbait sektore ekonomikori eta haien gizarte-partidei eusteko, baina, aldi berean, ez dira gai immigrante horiek beren gizarteetan erabat integra daitezen bermatzeko. Horregatik, immigrazio-fluxu horiek Europako ekonomien benetako gaitasunera egokitzeko mugak kanporatzearekin batera, barnean, zigor kodeak gogortzen dituzte delitu txikiak kriminalizatzeko, hala nola supermerkatuetako lapurreta txikiak. Italiak, arlo horretan aurrelari dabilenak, debekatu egin nahi du agiririk gabeko immigranteek telefoniako SIM txartel bat eskuratzea, haiek isolatuta eta inkomunikatuta edukitzeko.
ONDORIOAK
Mendebaldeko bi potentzia nagusien azterketa honek erakutsi nahi izan du migratzaileen kontrola, bijilantzia eta kanporatzea ez direla eskuin muturraren agerpenarekin sortu, baizik eta berezkoak direla estatu kapitalisten funtzionamenduan, eta zerikusi handia duela ziklo ekonomikoaren koiunturarekin.
Migratzaileen kontrola, bijilantzia eta kanporatzea ez dira eskuin muturren agerpenarekin sortu, berezkoak dira estatu kapitalisten funtzionamenduan
Orain arte, Mendebaldeko bi familia politiko handiek gauzatu dituzte migrazio-politika nagusiak: sozialdemokratek eta kontserbadoreek. Politika horiek bat etorri dira estatuek une bakoitzean zuten integrazio- eta enplegagarritasun-gaitasunarekin. Azken adibidea Alemanian daukagu; izan ere, gobernuak, sozialdemokratek, berdeek eta liberalek osatuak, Schengen ituna bertan behera utzi, eta bere mugetara itzuli du kontrola duela gutxi. Hori eraso terroristak geldiarazteko aitzakiarekin egin da, baina baita herrialde alemaniarrak 1990eko bateratze garaitik bizi izan duen krisi ekonomiko okerrenaren erdian ere.
Eskuin muturrak dakarren arazoa ez da migratzaileen sarrera geldiaraziko duela; ezein sistema kapitalistak ezin du horrelako zentzugabekeriarik jasan. Arazoa gehiago da sarrerako bideetan egin ahal izango duten hertsadura, baita proletario migratzaileei zein lehendik bertan bizi zirenei eragingo dieten barne-lege errepresiboak ere. Gainera, diskurtso arrazista naturalizatzen ari da, eskuin muturra aurkezten ari den borroka kulturalagatik. Arrazoi horiengatik da benetan arriskutsua argi eta garbi xenofoboak diren alderdi horiek gora egitea. Dena dela, Josep Borrellek aipaturiko lorategiko ateak ez dira beti zabalik egon, ezta hurrik eman ere. Baina infernuan bizi denarentzat, lorategia beti da lorategi, baita zimelduta badago ere, eta ahal duen guztia egingo du bertara sartzeko. Gure zeregina, beraz, honakoa da: proletariotza mugarik, hormarik eta hesirik gabeko nazioarteko klasea dela hedatzea.
ERREFERENTZIAK
[1] Jenkins, Philip (2019): Breve historia de los Estados Unidos, Alianza Editorial, Madril.
[2] París Pombo, María Dolores (2022): “Externalización de las fronteras y bloqueo de los solicitantes de asilo en el norte de México”, Revista Interdisciplinar da Mobilidade Humana, 30 (64), 101-116 or.
[3] Gee, Lisa Christensen; Gardner, Matthew; Hill, Misha E. y Wiehe, Meg (2017): “Undocumented Immigrants’ State & Local Tax Contributions”, Institute on Taxation & Economic Policy.
[4] Sigmon, Eric (2024): “De la campaña a la práctica: síntesis de la política de inmigración del presidente Biden”, Real Instituto Elcano.
[5] Potro, Lucas (2023): “La Europa de los muros”, El Confidencial.
[6] Barbero, Iker y Donadio, Giacomo (2019): “La externalización interna de las fronteras en el control migratorio en la UE”, Revista CIDOB d’Afers Internacionals, 122, 137-162 orr.
[7] González-Páramo, Ana (2021): “Frontex, la cara oscura de la Unión Europea”, PAPELES de relaciones ecosociales y cambio global, 155, 67-78 orr.
[8] González Enríquez, Carmen (2024): “Inmigración, trabajo, productividad y desigualdad en España”, Real Instituto Elcano.
HEMEN ARGITARATUA