ARGAZKIA / Adam Radomsky
2024/12/01

2024an 100 urte bete dira Lenin hil zela. Mendeurrenaren harira, Ikerketa Sozialisten Institutuak (ISI) nazioarteko kongresu bat antolatu zuen apirilerako, eta teoria iraultzailearen eta Leninen pentsamendu politikoaren gaurkotasuna aldarrikatzea izan zen helburua. Zenbaki honekin, helburu berarekin bat gatoz, eta teoria iraultzailea eta estrategia sozialista sendotzeko ekarpen bat egin nahi dugu; horretarako, tradizio sozialistaren ordezkari handi eta onenetako baten militantzia politikoa defendatuko dugu, gutako baten militantzia politikoa alegia.

Nahiz eta zeregin handia izan, eta ezinezkoa bada ere aldizkariaren zenbaki bakar batean barne hartzea, gure helburua Leninen teoriaren puntu nodalak seinalatzea izan da, eta puntu horiek sistema kategorikoaren barruan identifikatzea eta ordenatzea; azken batean, hierarkia politiko bat egitea haren pentsamendua historizatzeko, eta, horrela, biziberritzeko eta gaurkotzeko. Izan ere, gure ustez, hura gaur egunera ekartzeko modu bakarra da eguneratzea. Eguneraketa hori ez da hura berrikusteko asmoz egin behar, baizik eta Lenin bere pentsamendua lantzera eraman zuten zeregin berberak orainaldian identifikatzeko; zeregin leninista gaur egun identifikatzeko. Bakar-bakarrik oraingo gure zereginek ematen dute Lenin gaur egun berpizteko aukera. Lenin momifikatu baten oroitzapena, distantziatik, hura hiltzeko beste modu bat baino ez da.

Zenbaki honetan Leninen pentsamendua ulertzeko funtsezkotzat jotzen ditugun sei gai eskaintzen ditugu.

Lehenak eskubide politikoen aldeko borrokaren eta iraultza sozialistaren arteko harremanari egiten dio erreferentzia, 1917ko iraultza sobietarrean eta gaur egun. Tsarraren autokraziaren kontrako eta proletariotzaren eta nekazarien diktadura demokratikoaren aldeko borrokak aukera ematen digu –Errusiako momentu horretako errealitatean proletariotzaren diktadurara igarotzeko berariazko trantsizio espezifiko gisa– errealitateak aurkezten dizkigun berehalako zereginetatik komunistok zein zentzutan ezin garen aldendu ulertzeko, eta zein zentzutan ez den komunismoa sistema kapitalistaren kontraesanen aurka modu absolutuan hedatzen den teoria abstraktu bat, baizik eta gehiago den horren kontrakoa. Komunismoa, egungo errealitatearen ukazioa den heinean, errealitate horretan jardunez eta haren kontraesanak mugara eramanez bakarrik heda daiteke; hau da, gauzen egungo egoeraren ukazio erreal gisa. Eskubide politikoen aldeko borrokak, Leninen ikuspegiaren arabera, kontraesan horiek areagotzea du helburu, bai eta proletariotzaren bizi- eta borroka-baldintzak nabarmen hobetzea eta gero eta proletario gehiago klase-borrokaren eremu politikora batzea ere.

Komunismoa, egungo errealitatearen ukazioa den heinean, errealitate horretan jardunez eta haren kontraesanak mugara eramanez bakarrik heda daiteke; hau da, gauzen egungo egoeraren ukazio erreal gisa

Bigarrena Leninen ikuspegian garrantzi berezia hartzen duen eskubide politiko batekin lotuta dago: nazioek autodeterminaziorako duten eskubidearekin. Eskubide politiko bat den aldetik, hura aitortzeak beste edozein eskubideren funtzio eta helburu berak betetzen ditu. Hala ere, nazio-auziarekin lotutako eskubide berezia den heinean, egungo joera nazionalistak deuseztatzea da haren helburua, nazioen arteko harremanak tenkatzen baitituzte, proletarioak elkarren aurka jarriz. Nazioen arteko berdintasunerako eta proletariotzaren nazioarteko batasunerako dei bat da.

Hirugarrenak Leninen ikuspegian hegemonia proletarioaren kontzeptuaren errepasoa egiten du proletariotzaren eta nekazalgoaren arteko aliantzaren defentsaren testuinguruan. Leninek erantzuten zion gai nagusia honako hau zen: nola eraiki sozialismoa Errusian, nekazariak gehiengo nabarmena ziren herrialde batean, eta nola egin lan hori proletalgoaren zuzendaritzapean, kopuruz askoz ere gutxiago izanda? Hegemoniaren eta botere proletarioaren auziari krisi iraultzailearen testuinguruan emandako erantzunak dira, hain zuzen ere, proletariotzaren eta nekazalgoaren diktadura demokratikoa edo Politika Ekonomiko Berria.

Leninek erantzuten zion gai nagusia honako hau zen: nola eraiki sozialismoa Errusian, nekazariak gehiengo nabarmena ziren herrialde batean, eta nola egin lan hori proletalgoaren zuzendaritzapean, kopuruz askoz ere gutxiago izanda? Hegemoniaren eta botere proletarioaren auziari krisi iraultzailearen testuinguruan emandako erantzunak dira, hain zuzen ere, proletariotzaren eta nekazalgoaren diktadura demokratikoa edo Politika Ekonomiko Berria

Laugarrenean, Leninek Hirugarren Internazionalean zuen taktika eta ezkerkeriarekin zituen eztabaidak errepasatuko ditugu. Iraultzaren urgentzia, zeinak boltxebikeen kezka izatetik errusiar guztien eta herrialde guztietako proletariotzaren zati handi baten bizitzan presente zegoen aktualitate izatera igaro baitzen, neurri eraginkorrak eskatzen zizkion komunisten nazioarteko antolakuntzari. Horrelako testuinguru batean, non boltxebikeek boterearen konkistara jauzi egin zuten Errusian, Munduko Iraultza Sozialista bizitu eta hura Europan zehar zabaltzeko lehen urrats gisa, hainbat eztabaida izan ziren ezkerkeriarekin, hala nola hartu beharreko taktika iraultzaileari eta komunisten nazioarteko borrokaren batasunari buruzkoak.

Bosgarrenean Leninen klasiko bat jorratzen da, Estatua eta iraultza, botere komunistaren teoria eta haren garapenaren askotariko faseak identifikatzeko helburuz: proletalgoa Alderdi Komunistan eratzen denetik hasi, botere sobietarraren garapena eta proletalgoaren diktadura ondoren eta klaseak abolitu diren gizarte komunista azkenik. 

Garrantzitsua da aipatzea komunistak ez garela burrunbatsuak gure hitzetan eta ez dugula haien benetako esanahia eufemismoekin ezkutatzen: proletalgoaren diktaduraren kontzeptuak, benetan diktadura iragankor gisa ulertuta, hemen eta orain politika proletario independente batean pentsatzeko aukera ematen digu. Diktadurarik gabe, ezin da politikan pentsatu. Marxismoaurreko garaietara atzera egitea bezala litzateke hori, non gizarte berri bat aldarrikatzeko arrazoi edo filantropismo abstraktu bati egiten zitzaion erreferentzia, edo non gizarte hori proletariotzaren borroka ekonomikoaren bidez eraiki nahi zen, kooperatibak garatuz eta abar. Gaur egun sozialdemokratek erabiltzen duten "%99 gara" moduan ezagutzen dena da hori, proletariotzaren diktaduraren eta klase-politika independente baten ukazioa, alegia.

Proletalgoaren diktaduraren kontzeptuak, benetan diktadura iragankor gisa ulertuta, hemen eta orain politika proletario independente batean pentsatzeko aukera ematen digu. Diktadurarik gabe, ezin da politikan pentsatu. Marxismoaurreko garaietara atzera egitea bezala litzateke hori, non gizarte berri bat aldarrikatzeko arrazoi edo filantropismo abstraktu bati egiten zitzaion erreferentzia, edo non gizarte hori proletariotzaren borroka ekonomikoaren bidez eraiki nahi zen, kooperatibak garatuz eta abar

Azkenik, seigarren gaiak inperialismoari buruzko Leninen teoria jorratzen du, bai eta haren teoriaren potentzial politikoa Mundu Gerraren testuinguruan aldarrikatzearen garrantzia ere. Gaur egun, mamu hori gero eta nabarmenago datorkigu gogora. Kapital-bloke monopoliko handien arteko lehia, monopolioa botere politiko gisa, herrialde inperialistetan garatutako baldintza sozial eta politikoak herrialde periferikoetako proletarioei egindako espoliazioaren barruan... Elementu horiek guztiek aukera ematen digute gaur egun botere burgesaren antolaketa politikoari eta haren oinarri sozialari buruz pentsatzeko; aukera ematen digute proletalgoaren eraketari buruz pentsatzeko burgesiaren diktaduraren aurka borrokan ari den bloke antagoniko gisa.

Espero dugu zenbaki honek lagunduko duela Leninen pentsamendua eta haren obraren handitasuna pixka bat hobeto ulertzen. Lagungarria izan dadila Lenin militantea aldarrikatzeko, taktikaren maisu hori, zeina gai izan baitzen bizitzea egokitu zitzaion testuinguruan komunismoa zer zen ulertzeko, eta zeinak beti izan behar zuen esanahia eman baitzion komunismoari: botere politikoa konkistatzeko borroka iraultzailea, lanaren emantzipazio ekonomikoa ahalbidetuko zuena. Hori da Marxengandik oinordetzan hartu zuen zeregin handia, eta hari leial izan zitzaion hil zen egunera arte.

EZ DAGO IRUZKINIK