Iragan den ikasturtea bizia izan da proletalgoaren antolakuntza politikorako espazio berriak lortu eta lehendik eskuratutakoak defendatzeari dagokionez. Gaztetxeak, Zentro Sozialistak eta ikasle gelak hartu dira, eta beste hainbeste desalojo, isun, epaiketa zein erasorekin erantzun diete burgesiaren agenteek. Antolakuntza politiko independentea lurraldean barrena hedatu eta gorpuzteko aferari helduta, diruz, armaz eta funtzionarioz blindatutako etsaiekin egin dute topo Mugimendu Sozialistak eta bere bidelagunek. Jabego pribatuari metro karratuak irabazi, azpiegiturak forma sozial berri baten baitan antolatu, oldarraldiaren aurrean babestu… helburuak bezain handiak dira aurrean dituzten erronkak.
Erreportaje honek 2021-2022 ikasturtean Langile Kontrolpeko Espazioen alorrean jazotako gertakari nagusiak izango ditu begitan, Euskal Herriko lurralde-eskalan. Zerrendatutako fenomeno gehienak Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen parte diren espazioei dagozkie, salbuespenak salbuespen. Izan ere, Mugimendu Sozialistak mahaigaineratutako tresnak baimentzen duen lan-eredua izan da azken aldian espazio gehien eskuratu dituena, ikuspegi defentsibotik eskala handiagoko gatazkak diseinatzeko gai izan den bakarra eta errepresioari ekonomikoki aurre egiteko eraginkorrena.
Babes sareak hiru Zentro Sozialista berri zabaltzea, lau gaztetxe zein gazteguneren ateak irekitzea, ikasle gela bat berme guztiekin eskuratzea eta, gutxienez, bederatzi desalojori aurre egitea ahalbidetu du urtebete baino gutxiagoan; horietako asko; horietako asko, gainera, aldi berean gertatu ziren. Eta ez hori bakarrik, desalojo baten harira jasotako 7.000 euroko isunak osoki artatzeko eta 70.000 euroko beste zigor-sorta baten aurkako kanpainari indartsu ekiteko gai izan da Erraki. Gertakariok eta Langile Kontrolpeko Espazioen bestelako erasoak hilabeteka xehatuko ditugu hurrengo lerroetan.
Babes sareak hiru Zentro Sozialista berri zabaltzea, lau gaztetxe zein gazteguneren ateak irekitzea, ikasle gela bat berme guztiekin eskuratzea eta, gutxienez, bederatzi desalojori aurre egitea ahalbidetu du urtebete baino gutxiagoan
IRAILA: BI DESALOJO ETA ERASO BAT
Epaiketan defentsarako eskubidea urratu ostean, Errotxapeako (Iruñea, Nafarroa) Gaztetxearen aurkako desalojo-agindu irmoa igorri zuen epaiak 2021eko irailaren 2rako. Hala, sarrailagileekin batera nabera bertaratu zen Espainiako Polizia, eta hustu egin zuen. Gaztetxearen aldiriak itxi egin zituzten, eta bertan protestan ari ziren ehunka lagunen kontra jo zuten borra zein pilotakadekin. Hainbat lagun zauritu, 150 identifikatu eta beste sei atxilotu zituzten poliziek. Errakik hurrengo hilabeteetan abiatutako elkartasun-dinamikari esker, pertsona horiek jaso zituzten 7.000 eurotik gorako isunei aurre egitea lortu zen.
Irailaren 13an Hazparneko (Lapurdi) Ttattola Gaztetxea hustu zuten Frantziako jendarmeek. Ordubeteren buruan hustu zuten eraikina, eta bertan ziren bi gazteri komisaldegira joateko agindua igorri zieten.
Abuztuaren 21ean okupatu zuten Hazparneko gazteek Davidenea eraikina, 2020ko urtarrilaren 31n gaztetxerik gabe geratu ostean. Hemezortzi urtez Hazparneko Ttattola Gaztetxea izandakoa hustera derrigortu zituzten gazteak. Gazte Asanbladak abuztuan okupatutako Davidenea eraikinak, berriz, urteak zeramatzan hutsik. Hala ere, espazioa husteko agindua jaso zuten gazteek. Bertan jarraitzeko hautuan berretsi ziren, eta irailaren 4an manifestazio bat egin zuten, «Hazparnen gaztetxe bat aldarrikatzeko eta gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoa nahiz elkartzeko espazio eskasia salatzeko».
Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxeko kideek espazioan lapurretak jasan zituztela salatu zuten. «Etxarriko atea bortxatu, materiala lapurtu eta hainbat kalte eragin zituzten. Ostutako gauzen artean, obra zein azpiegitura materialak daude. Baita gurea zein auzoko Gazte Asanbladarena den dirua ere», salatu zuten bertako kideek sare sozialetan. Lan-egunak antolatu zituzten erasoaren ondoren, espazioa txukuntzea eta kalteak konpontzea helburu. Handik egun gutxira, ordea, beste eraso bat jazo zen gaztetxean: lapurretak zein kalte materialak eragin zituzten, ateak zabalik uzteaz gain. Bilboko udaltzainek, gaztetxeko sarrera irekita zegoela probestuta, suhiltzaileei deitu eta ateak soldatu zituzten. Hala, legez kanpoko hustea egin zuten gaztetxean. Dena den, espazioa berreskuratzea lortu zuten gaztetxeko kideek, «elkartasun antolatuari esker».
Poliziaren «jokabide arbitrarioa» salatu zuten, izan ere, Etxarri II-ko kasuak erakusten duenez, indar polizialek geroz eta oinarri juridiko gutxiago behar dituzte langile klasearen erabilpen politiko iraultzailera bideratutako espazioak husteko. Gaztetxeko kideek larritzat jo zuten gertakaria, izan ere, «gaztetxeak proletalgoaren antolakuntza politikorako zein aisialdirako ezinbestekoak» direla ondorioztatu zuten.
URRIA: BI DESALOJO BIZKAIAN
Urriaren 6an Ertzaintzak Zornotzako (Bizkaia) Munarri Gaztetxea hustu eta eraitsi zuen. Gaztetxeko kideek adierazi zutenez, sei pertsona identifikatu eta beste bi atxilotu zituzten. Horrez gain, «Ertzaintzaren jarrera oldarkorra» ere salatu zuten. Desalojoaren momentuan, hiru pertsona eraikinaren barnean zeuden; haien artean, gaztetxean bizi zen errefuxiatu bat. Poliziak hirurak kanporatu eta identifikatu zituen. Ondoren, eraikina botatzeko lanei ekin zieten.
Zornotzako Gazte Asanbladak eraikina okupatu zuen duela ia bi urte, eta gaztetxea jarri zuen bertan. Gaztetxeko kideek irailaren erdialdean jaso zuten eraikina husteko agindua, eta handik aste batzuetara agortu zen ezarritako epemuga.
Urriaren 7an hainbat udaltzain Bilboko Errekalde auzoko Leninen Txokora bertaratu ziren. Atea indarrez botatzen saiatu ziren eta, orduan ere, ez zuten espazioa husteko inolako agindu judizialik. Barruan zeuden kideek espazioa babestea lortu zuten, eta udaltzainak barrura sartzea ekidin zuten.
Ostiral goizean berriro agertu zen polizia, espazioaren legezko jabearekin eta sarrailagilearekin batera. Ateko sarraila aldatzen saiatu ziren arren, espazioaren barnean zeuden kideek atea babestea lortu zuten. Atetik sartu ezin zirela ikusita, udaltzainek Leninen Txokoko leiho bat hautsi zuten, eta bertatik sartu ziren. Barruan zeuden kideak identifikatu, miatu eta mehatxatu zituzten, eta mugikorrak kendu zizkieten. Elkartasuna adieraztera bertaratu ziren hainbat pertsona ere identifikatu zituzten poliziek. Bilboko Kontseilu Sozialistak gogorki salatu zuen desalojoa: «Okupazioaren aurkako ofentsibaren barruan poliziak inpunitate osoa dauka», adierazi zuen. Gainera, Leninen Txokoa «langileen interesen aldeko lan politikorako espazioa» izan zela gogora ekarri zuen eta, bide horretan, «baita Mugimendu Sozialistarentzako bitarteko garrantzitsua ere». Poliziak ez zuen inolako jakinarazpenik igorri aurretik. Kontrara, epaileak 2020an ezarritako behin-behineko neurri bat erabili zuen, «ateko giltzen entrega» ezartzen zuena.
ABENDUA: BI ERASO GOIERRIN
Abenduak 20: Legazpi eta Ordiziko gaztetxeen aurkako erasoak.
Legazpiko (Gipuzkoa) Gaztetxearen aurkako erasoen berri eman zuten bertako kideek abenduaren amaieran. «Gaztetxean antolatutako ekimenetan barran lanean aritzen den jendearen aurkako errespetu faltak, espazioa nahita zikintzea eta gaztetxeko materiala apurtzea bezalako erasoak» salatu zituzten, besteak beste. Gaztetxeko asanbladako kideek aipatu zutenez, ez dute Legazpiko Gaztetxeak «taberna soil baten» erabilera izaterik onartuko. Kontrara, «harreman-eredu berriak hedatzeko» eta «gazteen arazoen aurka antolatzeko» balio dezakeen espazio gisa definitu zuten gaztetxea. «Berdintasuna eta errespetua» aldarrikatu zituzten, beraz. Aipatutako egoera aldatu ezean, neurriak hartu beharko zituztela ohartarazi zuten.
Gertaera horiek salatu eta egun gutxira, beste eraso bat jasan zuen Legazpiko Gaztetxeak. Sare sozialen bidez zabaldu zituzten irudietan ikus daitekeenez, kristalak hautsi, materiala apurtu eta nahasi zieten. Asanbladak elkarretaratzera deitu zuen eta, aurretik, egun osorako itxi zuten gaztetxea. Handik gertu, gaztetxeko atea eta diru-kutxa hautsi zituzten Ordizian (Gipuzkoa). «Bertan antolatzen diren eragileen eta asanbladaren aurkako erasotzat» jo zuen Ordiziko Gaztetxeak gertatutakoa.
URTARRILA: ERASO BAT ETA DESALOJO BAT
Larraungo (Nafarroa) Printza guneak eraso bat jasan zuen urtarrilaren 10ean. Espazioko kideek salatu zutenez, pertsona batek traktorearekin bertako atea jo eta lehertu egin zuen. Erasoen aurrean, klase elkartasuna lelopean, «erasoari erantzun antolatua» emateko deia zabaldu zuten, elkarretaratzera deituz.
Urtarrilaren 13an Gasteizko (Araba) Zentro Sozialistaren desalojoa gauzatu zuen Ertzaintzak. Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik abendu amaieran eman zuten Laboral Kutxaren jabetza juridikopean den gunearen aurkako huste aginduaren berri. Ertzainak goizetik joan ziren Monseñor Estenaga kalera, polizia-lerroa osatu zuten eta eguerdian hasi ziren Zentro Sozialista husten. Ingurua zelatatzeko drone bat ere eraman zuen poliziak.
Jende ugari bertaratu zen Monseñor Estenaga ingurura, desalojoaren aurka protesta egitera. Ertzaintzak karga gogorrak egin zituen haien aurka, eta hogei lagun baino gehiago zauritu zituen. Haietako bati burua ireki zioten eta beste bati, aldiz, eskua hautsi. Ospitalera joan behar izan ziren zauritu ugari, eta Ertzaintza haiek identifikatzera bertaratu zen.
Arratsaldea baino lehen burutu ziren desalojoa eta protesta Zentro Sozialistaren ondoan. Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik arratsalderako ere elkarretaratzea deitu zuten. Hustea salatzeko protestak, berriz, goizean goizetik hasi ziren. Lagun bat Eduardo Dato kaleko Laboral Kutxaren egoitzan kateatu zen, protesta modura. Hainbat lagun bertaratu ziren hari babesa adieraztera. Orduan ere gogor jo zuen haien aurka Ertzaintzak, jendea banketxetik urrunduz. Haietako batzuk atzeman zituzten, eta guztiak identifikatu zituzten. Suhiltzaileek 11:00ak aldera jaitsi zuten Laboral Kutxaren egoitzan lotuta zegoen pertsona, eta poliziek atxilo eraman zuten.
«Gaur garaitu egin gaituzte, baina Zentro Sozialisten beharra agerikoa da eta, horregatik, antolatzen jarraituko dugu», adierazi zuten Gasteizko Kontseilu Sozialistako kideek desalojoaren ondoren.
OTSAILA: ERAUNTSIA
Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxeak lapurreta ugariak salatu zituen otsailaren 7an. Aurreko asteetan, atea hautsi eta ondasunak lapurtu zizkioten espazioari behin baino gehiagotan. Kalteei aurre egiteko, kanpaina ekonomiko bat abiarazi zuten.
Algortako (Getxo, Bizkaia) Gaztetxe berria ireki eta berehala desalojatua izan zen otsailaren 11n. Ostiral gauean bertan, eraikina okupatu eta zenbait ordura, Ertzaintzaren hainbat furgoi bertaratu ziren gaztetxe ingurura, eta gogor kolpatu zituzten bertan zeuden dozenaka kide. 11 pertsona zauritu zituzten ertzainek, eta beste sei identifikatu zituzten. Kasu horretan ere, agindu judizialik gabeko hustea izan zen, erabat poliziala. Larunbat arratsaldean protesta egin zuten Algortako plazan, «desalojo ilegal eta bortitza» salatzeko. Pasa den abenduan, Algortan bertan kokatzen den Txorimalo Gaztetxeak gaztetxe izaera alboratu zuen. Euren esanetan, «belaunaldi gazteagoen atxikimendu faltagatik» izan zen, eta espazioa «bestelako proiektuetarako» erabiliko zela iragarri zuten asanbladako kideek.
Errakik, bestalde, Antolakuntzari ateak ireki adierazpena egin zuen otsailaren 11n. «Langile Kontrolpeko Espazio ezberdinek okupazioaren kontrako ofentsibak eragiten duen egoera latza salatu eta batera eta indartsu erantzuteko konpromisoa» adierazi zuen bertan, hainbat espaziotako kideen ordezkaritzarekin. Izan ere, aurrez aipatutako gertakari guztiak ikusita, «Langile Kontrolpeko Espazioen biziraupena bera inoiz baino baldintza lazgarriagoetan» dagoela ondorioztatu zuten, okupazioaren kontrako ofentsibaren eraginez. Langile Kontrolpeko Espazio kontzeptuaren baitan, gaztetxeak, zentro sozialak, etxebizitza okupatuak zein Zentro Sozialistak kokatzen direla gogorarazi zuten gainera.
«Espazio berriak irekitzea inoiz baino zailagoa da, horiek normaltasunez erabiltzeko gero eta arazo gehiago daude, eta desalojoak errepresio polizial perfekzionatuagoetarako laborategi bihurtu dira», azaldu zuen Errakik koiunturari begira. Pandemia garaian, gainera, erasoak justifikatu eta ugaritzeko testuingurua ezarri zela salatu zuen: «identifikazioak, ekimenak egiteko baimenen ukapena, espazioen itxierak, desalojo ilegalak, eta abar». Zenbait kasutan, oinarrizkoenak diren eskubide politikoak urratzera ere iritsi direla nabarmendu zuen babes sareak, biltzeko eskubidea zein bizilekuaren bortxaezintasuna, esate baterako.
Eskubide politikoon ezabapena espazioen auzitik harago doala zehaztu zuen, ordea. «Gizarteko arlo guztietan esku hartzera doan Estatuaren erreforma totalitarioranzko joeraren ondoriotzat» jo zuen Errakik Langile Kontrolpeko Espazioen aurkako erasoa. Halaber, «manifestatzeko, kalea erabiltzeko edota ideia politikoak adierazteko geroz eta askatasun gutxiago» dagoela agerian utzi zuen babes sareak. Gauzak horrela, «proletalgoaren jardun politikoa bideragarri egiten duten askatasun politikoak defendatzea», dagokiola berretsi zuen.
Otsailaren erdialdean, Arabako Foru Aldundiak obrak hasi zituen Laudioko (Araba) Lamuza parkean. Lanok aitzakiatzat hartuta, parkeko espazio guztiak hustu zituen Laudioko Udalak; horien artean, Laudioko Gaztetxea. Obrek iraun artean, «herriko gazteek politika egiteko espazio baten falta» sumatu zen bertan. Hori gutxi balitz, udalak ez zuen inondik inora bermatu lanak amaitzean gaztetxeko kideek gunea erabili ahal izango zutenik. Ondorioz, gaztetxeko ateak berriz irekitzeko hautua egin zuten bertako kideek. Udalaren erantzuna beranduago helduko zen.
Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxearen aurkako eraiste-agindua igorri zuen bertako udalak otsailaren 20an, gaztetxeko kideei deus esan gabe. Huste arriskua ikusirik, lekualdatzearen alde lanean hasi ziren gazteak. Elkarrizketak izan zituzten udalarekin eta horren ondorioz, antolakuntza politikorako espazio bat lortu zuten. «Azken urteetan erakutsitako irmotasunari, borrokari eta antolakuntzari esker lortu dugu udala gurekin negoziazio-mahai batean esertzea eta, hortaz, antolakuntza politikorako espaziorik gabe ez geratzea», ondorioztatu zuen Burlatako Gaztetxeak. Aurrerago, apirilaren 1ean, gaztetxe berriaren irekiera ospatu zuten.
Otsailaren 22an Gasteizko Campuseko hainbat ikaslek espazio berri bat zabaldu zuten Magisteritza Fakultatean. Bertatik, Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) egindako presioari esker, ikasleria antolatuak hurrengo egunerako lortu zuen espazioa bereganatzea. EHUk onartu egin zuen gela hori aurrerantzean Ikasle Abertzaleakek, Unibertsitateko Indar Batasunak eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak antolakuntza politikorako erabiltzea.
MARTXOA
Errotxapeako Gaztetxearen desalojoaren aurkako mobilizazioan atxiloturiko sei pertsonen epaiketa izan zen martxoaren 15ean. Bertan, fiskaltzak hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen zuen auzipetutako bost kiderentzat, «agintearen aurka atentatzea» egotzita, «tresna arriskutsuak» edukitzearen larrigarriarekin. Haietako biri, isunak ere ezarri nahi zizkien fiskaltzak, «lesioengatik». Horrez gain, seigarren akusatuarentzat bi urteko espetxe-zigorra eskatu zuen, «agintearen kontra atentatzea» nahiz «lesioak eragitea» egotzita.
Azkenean, zigor altuak saihestea lortu zuten sei gazteek. Ez zituzten espetxeratu, baina bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zieten bost kideri, fiskaltzarekin akordio bat halabeharrez sinatu ondoren. Horietako bi isundu egin zituzten, «lesioak eragitea» eta «kalte-ordainak» zirela-eta. Seigarren kideak isun altuak jaso zituen: 1.080 euroko bat «erresistentziagatik», eta 2.020 euroko beste bat «kalte-ordainetan».
APIRILA: HIRU ZENTRO SOZIALISTA BERRI
Bilboko Urkila Zentro Sozialistaren irekieraren berri eman zuen bertako Kontseilu Sozialistak apirilaren 3an. Errekalde auzoan zortzi urtez hutsik egondako lokala «proletalgoaren antolakuntza independentea sustatzeko helburuz» espropiatu zuten Kontseilu Sozialistako kideek. Oinarrizko Produktuen Biltegia bertara lekualdatu zuten eta Mugimendu Sozialistako zenbait eragileren jardun politikorako aterpe ere bihurtu zen. Ondoren, jantoki sozialak antolatu zituzten Urkilan, hilean hiru hitzordurekin. «Langileon arteko elkargune bat sortzea» izan zen egitasmoaren helburua.
Gernikan (Bizkaia) beste Zentro Sozialista bat zabaldu zen apirilaren 16an, Busturialdeko Kontseilu Sozialistaren eskutik. Han ere, «esparru guztietan botere berri baten hazia izango diren bitarteko propioak garatzearen beharra» adierazi zuen Mugimendu Sozialistako eragileak. San Bartolome kaleko gune berria, hain zuzen ere, «horretara datorrela» azpimarratu zuten.
Egun berean, beste Zentro Sozialista bat zabaldu zuten Iruñeko (Nafarroa) Arrosadia auzoan. Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kideen esanetan, «Mugimendu Sozialistaren erreferentziazko adierazpena» izan zedin espropiatu zuten Arrosadiako espazioa. Poliziak berehala hustu zuen ordea, espazioa ordu luzez blokeatu ostean. Kontseilu Sozialistako kideek prentsaurrekoan salatu zutenez, «desokupazio-enpresen erako sarbide-kontrola» ezarri zuten indar polizialek. Gunerako sarbidea «gau eta egun» zelatatua izan zela adierazi zuten, bai eta «ateak kolpatu», «leihoetatik sartzen saiatu» eta bertan ziren kideak identifikatu zituztela.
Kasu hartan ere, «poliziaren zigorgabetasuna, arbitrariotasun juridikoa eta askatasunen urratzea» nabarmendu zituen eragile sozialistak. Izatez, inguruko kaleak ixtera heldu zen polizia, eta «zuhurtasunezko» huste-agindu soil batekin nahikoa izan zen Iruñerriko Zentro Sozialista desegiteko. Poliziak «epailea bailitzan» jokatu zuela ohartarazi zuten militante sozialistek, eta halaxe mugatu zizkietela gunearen defentsa juridikorako izan zitzaketen aukera urriak.
Poliziak «epailea bailitzan» jokatu zuela ohartarazi zuten militante sozialistek, eta halaxe mugatu zizkietela gunearen defentsa juridikorako izan zitzaketen aukera urriak
Laudioko Gaztetxearen aurkako prozedura judiziala ireki zuen udalak apirilaren 28an. EAJren Udal Gobernuak «desalojoaren alde» egingo zuela iragarri zuen gazteek espazioa berreskuratu eta handik gutxira.
MAIATZA: ISUN ERRALDOIA
Etxebizitza Sindikatuaren aurka Eusko Jaurlaritzak aurretiaz jarritako 30.000 euroko isunari 40.000 euroko beste bat gehitu zion Gasteizko Udalak maiatzaren amaieran, pandemia sasoian etxegabetze bati aurre egitearen ondorioz.
Polizia-indarrek 2021eko urtarrilean hustu zuten Gasteizko Herrandarren kaleko etxebizitza bat, bertan bizi ziren hamabost pertsona kale gorrian utzita. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren deialdiari erantzunez, hainbat lagun goizetik bertaratu ziren etxe ingurura, etxegabetzearen aurka protesta egiteko. Haien eta eraikinaren parean erresistentzia egiten ari ziren beste hainbat lagunen aurka oldartu ziren ertzainak eta udaltzainak.
Etxe barruan ere baziren hainbat pertsona, asmo berdinarekin: etxe kaleratzearen aurrean protesta eta erresistentzia egitea. Sindikatuak salatu zuenez, poliziak «izugarrizko bortizkeria» baliatu zuen haien kontra. Agenteek belaunak baliatu zituzten haiek itotzeko, eta borrekin ere eraso zieten. Azkenean, etxean bizi ziren familiak zein protestan zeudenak kanporatu zituzten, identifikazioak tarteko. Eraikinaren kanpoaldean, bitartean, polizien karga gehiago izan ziren. Zaurituak izan ziren, eta hiru pertsona eraman zituzten atxilo.
Zigorrak ezartzeko, Mozal Legea nahiz COVID-19ari lotutako salbuespen-neurriak erabili zituen Gasteizko Udalak. «Konfinamendu perimetrala urratzea eta segurtasun-distantziak ez errespetatzea» leporatu zieten hainbat pertsonari. Etxebizitza Sindikatuak salatu zuenez, «beste behin ere agerian geratu da COVID-19 pandemiaren testuingurua askatasunen murrizterako eta boteredunek gustuko ez dituzten ekintzak modu arbitrarioan zigortzeko aitzakia izan dela». Areago, milaka euroko isunak «aurrerantzean antzeko salaketak egiteko asmoa duen ororentzako mezua» direla azpimarratu zuen.
70.000 euroko zigor ekonomikoari aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina bat jarri zuen martxan Etxebizitza Sindikatuak, dohaintzak eta elkartasun-kontzertuak tarteko. Aurrekoa gutxi balitz, autofinantzaziorako bideen aurkako sabotajeak jaso dituzte, bestelako eragile sozialisten antzera. Ezker Abertzaleak eta bere orbitako eragileek Gasteizko Txosna Batzordean sartzeko beto politikoa ezarri zieten Etxebizitza Sindikatuari eta GKSri. Horrela, Arabako hiriburuko festetan txosnak jartzeko eskubidea ukatu zieten. 2021-2022 ikasturtean Gasteizen etxebizitzarekin arazoak zituzten 119 pertsonari aholkularitza eskaintzen eta kaltetuak antolatzen aritu den eragileari autofinantzaziorako bideak ukatzen saiatu dira, jardun politikoaren ondorioz 70.000 euroko isunak jaso dituen arren.
EKAINA: BI DESALOJO ARABAN
Ekainaren 13an agortu zen Laudioko Udalak Laudioko Gaztetxea husteko ezarritako epea. Bertako kideen arabera, ez zegoen desalojorako ordu edo data zehatzik finkatuta. Modu horretan, desalojoa «isilean eta erantzuteko aukerarik gabe gauzatzea» bilatu omen zuen udalak. Hala ere, aurrea hartu eta protesta kaleetara eramateko hautua egin zuten gaztetxeko kideek.
Goizetik lagun ugari bertaratu ziren hustearen aurkako protestara. Lamuza parke ondoko errepidea moztu zuten lehenbizi, eta gero, Laudioko errepide nagusia. Trafikoa geratzea lortu zutenez, udaltzainak eta ertzainak bertaratu ziren. Agenteak protestan ari ziren gazteen aurka oldartu ziren, eta kargengatik kexu ziren beste laudioar batzuk ere kolpatu zituzten. Ertzaintzak errepidea indarrez desblokeatu behar izan zuen protesta desegiteko.
Gaztetxearen hustea eta Ertzaintzaren bortizkeria salatzeko kontzentrazio bat egin zuten arratsaldean bertan. Ekainaren 25ean, aldiz, manifestazioa egin zuten, Gazte langileok gaztetxea orain! lelopean.
Ekainaren 29an Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela Zentro Sozialista hustu zuen Ertzaintzak. Desalojoari aurre egiteko, hiru eguneko egitaraua izan zen bertan.
Hainbat lagunek han igaro zuten azken gaua, eta goizean goiz bildu ziren Desjabetuon Hotelaren aurrean, hura babesteko asmoz. 09:00etarako Legutiora bertaratu zen polizia, Desjabetuon Hotelaren aldirietara. Handik ordubetera gerturatu ziren Zentro Sozialistara eraikinaren legezko jabeekin, eta ateetako sarrailak aldatu zituzten sarrailagileen laguntzarekin.
Hotelaren ondoko kalea itxi zuten ertzainek, sarreretako baten aurreko aldearekin batera. Eraikinaren aurreko aldean, ordea, desalojoari aurre egiteko elkartutako gazteak kokatu ziren, eta Ertzaintzak bi sarrerak hartzean ere tinko mantendu ziren Zentro Sozialistaren aurrean, elkarren besoetatik helduta. Ateak irekitzean eta sarrailak aldatzeari ekitean jo zuen Ertzaintzak gazteen aurka. Hotelaren aurreko alde osoa hartu zuten poliziek, eta bigarrenez karga gogorrak jazo ziren.
Hogei lagunetik gora zauritu zituzten ertzainek bi kargetan. Medikuen arabera, lauzpabost laguni egin behar izan zizkieten erradiografiak, euretariko bati atzamarra apurtu zioten eta buruan grapak jarri behar izan zizkioten beste bati, borra kolpe batez traumatismo kraneoentzefalikoa eragin baitzion ertzain batek. Beste bi lagun atxilo eraman zituzten.
11:30ak aldera, hainbat ertzain Zentro Sozialistako teilatura igo ziren. Ordurako, Desjabetuon Hotelaren kontrako prozesuaren ondoriozko huste agindua gauzatu zuten. Desalojoa salatzeko eta atxilotutako kideak askatzea exijitzeko, protestara deitu zuten Legution bertan.
Hamabost urte hutsik eman ondoren, 2019an espropiatu zuten Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistari lekua eman zion eraikina. Bertan, «proletariotzaren babeserako hainbat tresna» jarri zituzten martxan: elikagai biltegia, ikasle gela eta Mugimendu Sozialistaren bilkura politikoetarako guneak.
UZTAILA: ZENTRO SOZIALISTA BAT GUTXIAGO
Uztailaren 6an Bilboko Urkila Zentro Sozialista hustu zuen poliziak, goizean. Bilboko Kontseilu Sozialistak azaldutakoaren arabera, goizeko 08:30ak aldera bertaratu ziren Ertzaintzaren furgoi pare bat, eta agenteek ostikoz bota zuten Urkilako atea. Eremua itxi, inguruan ziren pertsona guztiak identifikatu, sarraila aldatu eta barruko materiala jasotzeko debekua ezarri zuten. Kontseilu Sozialistak berak azpimarratu zuen bezala, Ertzaintzak ez zuen inolako agindu judizialik erakutsi barrura sartzeko, eta ez zen desalojoaren aurretiko jakinarazpenik egon.
BBK banketxea espazioaren jabe juridikoa denez, Kontseilu Sozialistako hainbat kide BBKren Errekaldeko sukurtsalera sartu ziren, protesta egiteko. Ertzaintza bertaratu zen, eta barruan zeuden pertsonak kanporatu zituen. Segidan, sukurtsalaren aurreko aldea itxi zuten agenteek. Arratsalde hartan bertan, dozenaka lagunek Bilboko epaitegien aurrean Urkilaren hustea salatu zuten.
HEMEN ARGITARATUA