XX. mendea urte gutxian gertakari asko jasotzen dituen mendea da, non gizateria, bere askatasuna etorkizun hurbilean ikustetik, betiko kateen artean estuenekin lotuta egon zitekeela irudikatzeraino pasa zen. Zehatzagoak izanda, garai hartan, ezabatu egin zituzten munduko hamaika txokotan sistema demokratiko liberalak egonkortu izanaren ondorioz ordurako aitortutzat ematen ziren eskubide eta askatasun orokorrak. Gertakari horien artean dago gaurkoan aztergai dugun Portugalgo Krabelinen Iraultza bera ere (1974), zeinak amaiera eman zion XX. mendean Europan egon zen diktadura luzeenari (1926-1974).
XX. MENDEA ETA DIKTADURAK
Aurreratu bezala, XX. mendeak urte korapilatsuak hartzen ditu, eta horrek analisirako gertakari ugari uzten dizkigu gaur egungo ikuspegitik. Gertakari horien adibide dira mende horretan zehar munduko bazter askotan indarrean egon ziren diktadurak. Aurreko mendeetan zehar nekez lortutako eta jada ukaezinak ziruditen aurrerapenei bizkar eman zietenez, gertakariok krisi eta gerra testuinguruan erradikalizatu ziren hegal kontserbatzaileek eskubide oro kolokan jartzea ekarri zuten[1]. Horrek, era berean, ateak ireki zizkien zentzu askotan paradoxikoak ziren prozesu batzuei; izan ere, aurreko urteetan garatzen ari zen kapitalismoa vs komunismoa antagonismo konponezinaren testuinguruak bazter askotan bi bloke horien arteko aliantza antifaxista bat egotea bultzatu zuen, non gidaritza politikoa korronte batek edo besteak zuen lekuaren eta indar politikoen arabera. Finean, mugimendu kontrairaultzaile batzuek, hala nola faxismoak, kolokan jarri zuten gizartearen modernizazio kapitalistarako edo komunistarako garai iraultzailerik izatea[2].
PORTUGALGO DIKTADURAREN EZAUGARRI NAGUSIAK
Hainbat hamarkadetako ezegonkortasun politikoa bizi izan zuen Portugalek; sistema monarkiko konstituzionalak porrot egin zuen, eta 1910ean Portugalgo Lehenengo Errepublika ezarri zen. Erregimen parlamentario horrek, ordea, ezegonkortasun politiko eta sozial handia eragin zuen. Horrela, 1926ko maiatzaren 28an, estatu kolpe odolgabe baten bitartez, amaiera eman zitzaion dekadentzian zegoen sistema hari, eta hasiera Europako diktadura luzeena izango zenari. Erregimen autoritario horrek bi aldi izan zituen; lehena, 1926-1932 urte tarteari dagokion aldia izan zen, zeinetan Estatuaren indar armatuek izan zuten erregimenaren kontrol zuzena. Bigarren aldia, lehen urte haietako desgobernua konpontzeko asmoz sortutako Estado Novo («Estatu Berria»), «Portugalgo Bigarren Errepublika» edota «Errepublika Korporatibo» izenez ezagutzen denari dagokio; hasiera batean Antonio de Oliveira Salazar izan zuen buru (1933-1968), eta, gerora, Marcelo Caetano (1968-1974)[3].
Portugalgo ordena politiko berria historialariek «estatu organiko» modura kalifikatzen dituztenen artean kokatu izan da[4]. Horiek erregimen kontserbadoreak izan ziren, eta ez zuten zuzenean ordena tradizionala bere horretan aldarrikatzen, baina oinarrian zituzten printzipioak bat zetozen gizarte feudalarekin, eta, indibidualismo liberala ukatuz, langile mugimenduari –indartsua zen garai hartan– kontrajartzeko helburua zuten[2]. Zentzu horretan eta krisi sozialek eta ezegonkortasun politikoek sor zitzaketen indar iraultzaileei beldurrez egonkortu zen aipatutako Estado Novoa. Salazar izan zen estatu berri hori zuzentzeko hautatua eta Portugali izaera faxista zuen estatu autoritarioaren norabidea eman zion figura[5]. Izaera katoliko nabaria eta Elizaren babesa zituen erregimenak nazionalismo erradikala eta politika antikomunistak sustatu zituen, eta eskubide politiko, sozial eta laboral oro ukatu zuen, sindikatu bertikal bakarra onartu baitzuen, beste erregimen batzuek egin zuten bezala[6]. Estatutik bereizten zen edonolako antolakuntza politikoak existitzeko aukerak ukatu zituen, eta, ondorioz, erregimenarekiko oposizioan antolatzen ziren mugimenduek klandestinitatera jo behar izan zuten[7].
Izaera katoliko nabaria eta Elizaren babesa zituen erregimenak nazionalismo erradikala eta politika antikomunistak sustatu zituen, eta eskubide politiko, sozial eta laboral oro ukatu zuen, sindikatu bertikal bakarra onartu baitzuen, beste erregimen batzuek egin zuten bezala (Baer, 1992). Estatutik bereizten zen edonolako antolakuntza politikoak existitzeko aukerak ukatu zituen, eta, ondorioz, erregimenarekiko oposizioan antolatzen ziren mugimenduek klandestinitatera jo behar izan zuten
Ordea, Salazarren agintaldia krisian sartu zen 1958. urte inguruan. Diktadoreak geroz eta zailtasun gehiago zituen Portugalgo Inperioa zen horri eusteko; gastu ekonomikoak gorantz zihoazen, herriaren haserrea handituz zihoan, geroz eta zailtasun gehiago zituen Europa mailako isolamenduari aurre egiteko… Horrek eta lider politikoa gaixotu izanak Salazar boteretik ordezkatua izatea ekarri zuten. Horrela, 1968. urtean Marcelo Caetanok ordezkatu zuen. Caetanok erregimena krisialditik aterako zuen esperantza zegoen, helburu hauek baitzituen: Portugal zabaltzea, Europako herrialdeekin harremana sendotzea eta haren koloniak mantentzea, baina testuingurua korapilatzen hasia zegoen. Izan ere, batetik, auzi kolonialean bi faktore erabakigarri indartzen joan ziren: kostu ekonomikoa sostengaezina zen eta militarren atsekabea gero eta handiagoa, termino militarretan behintzat, militarrak behartuta baitzeuden jada galdutzat ematen ziren gerra horietan etengabe, eta, gainera, baldintza eskasetan borrokatzera. Gaitasun militarrei dagokienez, urteak aurrera joan ahala, gerra horiei aterabidea emateko ezintasunak militarren haserrea areagotzea ekarri zuen, gerra kolonialari konponbide politikoa emateko aldarria geroz eta ozenago oihukatzen baitzen[3]. Bestetik, azken urteetan garatu zen bloke antifaxistaren indar eta erreferentzia ere azpimarratu behar da. Oposizioko mugimenduak erregimenaren hasieratik egon baziren ere, urte horietan erradikalizatu egin ziren, eta Salazarren krisialdiaren aurrean, zenbait ideologiak osatutako oposizio erradikal horrek zailtasunak jarri zizkion Caetanoren alternatiba erreformistari. Alta, eragin sozial handia izan zuen mugimendu bat izan bazen ere, ez zuen gaitasunik izan erregimenaren norabidean aldaketarik eragiteko[7].
Azken urteetan garatu zen bloke antifaxistaren indar eta erreferentzia ere azpimarratu behar da. Oposizioko mugimenduak erregimenaren hasieratik egon baziren ere, urte horietan erradikalizatu egin ziren, eta Salazarren krisialdiaren aurrean, zenbait ideologiak osatutako oposizio erradikal horrek zailtasunak jarri zizkion Caetanoren alternatiba erreformistari
1974KO APIRILAREN 25EKO ESTATU KOLPETIK KRABELINEN IRAULTZARA
Salazarren agintaldiaren amaieratik nahigabe soziala handitzen joan zen, eta Caetano boterean jartzeak, hori konpondu baino gehiago, areagotu besterik ez zuen egin: mobilizazio sozial handiak egon ziren bloke antifaxistaren gidaritzapean, geroz eta jende gehiago antolatzen hasia zen erregimenaren oposizioan, erregimenaren aurka altxatzen zirenei errepresio gogorraz erantzuten zitzaien, eta horrek manifestarien gorrotoa handitzen zuen… Mobilizazio sozial horiek, ordea, ez zuten erregimenaren aldaketa bultzatzeko gaitasunik izan. Mugimendu hori indartu bitartean, militarren haserrea ere areagotu egin zen, eta horrek klandestinitatean gerra kolonialaren aurka antolatzen hastea ekarri zuen[7].
Militarren antolakuntza zabala eta plurala izan zen; maila ezberdinetako kapitainak eta soldaduak aldaketa-premiaz jakitun ziren, eta arazo horrentzako aterabide ezberdinak garatu zituzten. Proposamen horietako gehienek hasieran ez zuten erregimenarekin inongo hausturarik ekarri, gerra kolonialarentzat sustatu zen aterabide nagusia aterabide politikoa izan baitzen.
Garai hartan, posizio sozialen eta ideien araberako lerro ezberdinak garatzen hasi ziren, eta, 1961an porrot egindako estatu kolpe saiakeraz geroztik, haustura gertatu zen horien artean. Barne haustura horietan, alde batetik, goi karguetako militarrak kokatu ziren. Erregimenarekin harremanetan jarraitu zuten haiek egoera gatazkatsutik ahalik eta indartsuenen ateratzeko. Beste aldetik, «Kapitainen Mugimendua» izenez ezaguna izan den mugimendua zegoen; erdi mailako militarretatik hasi eta soldaduetaraino iristen zen. Nahiz eta hasieran despolitizatutako mugimendu bat izan eta gerra kolonialaren erantzun militarrari aurka egiteko mobilizatu, laster hasi zen gerra kolonialak erregimenarekin eta haren interesekin zituen loturak identifikatzen. Mugimendu horretako kideek batarekin amaitzeko bestea gainditu beharra zegoela ondorioztatu zuten.
«Kapitainen Mugimendua» izenez ezaguna izan den mugimendua zegoen; erdi mailako militarretatik hasi eta soldaduetaraino iristen zen. Nahiz eta hasieran despolitizatutako mugimendu bat izan eta gerra kolonialaren erantzun militarrari aurka egiteko mobilizatu, laster hasi zen gerra kolonialak erregimenarekin eta haren interesekin zituen loturak identifikatzen. Mugimendu horretako kideek batarekin amaitzeko bestea gainditu beharra zegoela ondorioztatu zuten
Ordurako, Caetanoren erregimena egoera delikatuan zegoen, eta Portugalgo geroz eta kapa zabalagoek aldarrikatzen zuten erregimenaren amaiera. Gainera, aintzat hartzekoa da jada erregimenak ez zuela sorreratik izandako indar armatuen babesa, eta agerikoa zen ezingo ziola edozein kolperi aurre egin.
1973a urte erabakigarria izan zen. Gineako frontean zeuden erdi-mailako ofizial batzuen haserrearen ondorioz, mugimendua erradikalizatu egin zen; bilkura ugari egiten hasi ziren, eta erregimena gainditzea jarri zuten helburutzat. Hala, aldarri hori berehala zabaldu zen militar askoren artean, eta, ondorioz, Kapitainen Mugimendua zena, «Indar Armatuen Mugimendu» (Movimento das Forças Armadas, MFA) bilakatu zen[7].
Modu horretan, MFAk 1974ko apirilaren 24an, 22:55ean, Rádio Emissores Associados irratitik seinale bat bidali zien Lisboako unitateei, hurrengo minutuetarako prestaketak hasteko. Paulo Carvalhoren E depois do Adeus abestia izan zen seinalea. Bigarren seinalea tentsio une batzuen ostean etorri zen; adostua zegoen 00:20-00:22 artean iritsiko zela mezu hori, baina momentuko arazo tekniko batzuek kolokan jarri zuten beharrezkoa zen zehaztasun hori. Behin gauzak ongi bideratuta, Rádio Renascença irratian Zeca Afonso kantautorearen Grândola, Vila Morena abestiaren zati bat irakurri zuten:
Grândola vila morena
Terra da Fraternidade
O povo é quem mais ordena
Dentro de ti, ó cidade.
Harekin, Portugal osoan altxamendua hasiko zelako mezua zabaldu eta unitate guztiak mobilizatu zituzten (Centro de Documentaçao 25 de Abril). Ordu batzuk beranduago, 03:00etan, hiriburuko irrati-telebista okupatu zuten, eta gobernua komunikabiderik gabe utzi zuten. Segidan, Caetanoren lehen erantzuna etorri zen: bere tropei erantzuteko agindua eman zien, baina gehienek bat egin zuten altxamenduarekin, eta deia ez zen eraginkorra izan. 04:30ean, Lisboako kuartel nagusia okupatu zuten. MFAk ekintza horiek egiten zituen bitartean, jendeak, altxamenduarekin bat egin, eta kaleak hartu zituen, nahiz eta herritarrei etxean geratzeko mezua zabaldua zieten. Azkenean, 17:30ean eman zuen amore Caetanok, eta hala amaitu zen Europako diktadura luzeena[5].
ESTATU KOLPEAREN BILAKAERA
Hasieran mugimendu despolitizatua zen MFA hark, behin estatu kolpea emanda, bestelako bilakaera izan zuen. Erantzun espontaneo ugari eman zituzten mugimendu politiko desberdinek, nahiz eta haien artean aipagarriena PCPren (Portugalgo Alderdi Komunista) eragina izan zen, erreakzio espontaneo horiek norabide berean kokatzeko ahalegina egin baitzuen. Finean, PCPk jarri zuen lehen aldiz kolokan mugiezina zirudien oligarkia portugaldarraren posizioa[7].
Denbora gutxian onartzen joan ziren oinarrizko askatasun zein eskubide politikoak; nekazariek galduak zituzten lurrak berreskuratu zituzten, langileen kontrolpean geratu ziren enpresak berreskuratu zituzten, etab. Baina, bien bitartean, behin-behineko gobernua osatu eta bestelako helburu batzuk jartzen ari ziren boterean ezarri ziren alderdiak: demokratizazio parlamentariorako prozesua abiaraztea eta Europako gainontzeko herrialdeekin berrintegratzea[7].
Urte luzez egon zen Portugalgo herria diktadura horren menpe, eta asko izan ziren hari aurre egiteko aldarriak. Behin diktadurari amaiera emanda, ideia-aniztasuna azaleratu zen, eta horien artean pisu handia hartu zuten ideia marxistek. Haiek, diktaduraren amaiera ospatzeaz haratago, bestelako gizarte eredu baten aldeko aldarriak bultzatu zituzten, berdintasun erreal batean oinarrituko zen gizarte eredu baten aldekoak[8].
Erradikaltasun horren beste aldean, ordea, kolpe militarra eman zuten militar kontserbadoreak zeuden, eta ez zuten begi onez ikusi gizartearen erradikalizaziorako joera hori. Horregatik, eta iraultzak bilakaera komunista izango zuen beldurrez, eskuineko militarrek beste estatu kolpe bat eman zuten 1975eko azaroan, demokratizazio parlamentariorako joera mantendu eta garatu zedin[8]. Horrela, esperantzaz betetako iraultza batek sor zezakeen mugimendu iraultzaile indartsua baretu, eta Portugal Europan integratuta geratuko zen herrialde bat gehiago bilakatzea lortu zuten (logika kapitalistak adierazten zuen eran), zeinak ez zuen, aldarri erradikaletatik harago, iraultzarik gauzatzeko gaitasunik[7].
BITXIKERIA: ZERGATIK KRABELINAK IRAULTZAREN SINBOLO?
Lisboan bizi zen emakume bat zen Celeste Caeiro. 1974ko apirilaren 25ean, berak lan egiten zuen jatetxeak urtebete egiten zuen, eta egun horretako militarren altxamenduagatik ez balitz, bertako jabeek jatetxearen urteurrena ospatzeko asmoa zuten. Ospakizunerako, erosiak zituzten lore sortak, baina jatetxeko nagusiak, bertara iristean, altxamenduaren berri izan, eta, ondorioz, festa bertan behera utzi behar izan zuen. Celeste, orduan, kalera joan zen zer gertatzen ari zen ikusteko, eskuetan krabelin gorri eta zuriekin. Bide horretan, altxamenduan parte hartzen ari zen soldadu batek zigarro bat eskatu zion. Celestek, zigarrorik ez eta horren ordez, eskuetan zuen krabelin gorrietako bat eskaini zion. Soldaduak hura onartu eta bere fusilean jarri zuen. Gainontzeko soldaduek ere ekintza bera errepikatu zuten, Celestek esku artean zituen krabelin gorri eta zuri guztiak banatu zituen arte. Horrela bihurtu ziren krabelin horiek Portugalgo diktadurari amaiera eman zion egunaren sinbolo..
ERREFERENTZIAK
[1] Carmona, 2009
[2] Hobsbawm, 2011
[3] Sánchez, 1995
[4] Linz, 1975
[5] Sanchez, 1997
[6] Baer, 1992
[7] Rosas, 2004
[8] Birmingham, 1995
BIBLIOGRAFIA
Baer, W.; Leite, A.: The peripheral economy, its performance in isolation and with integration: The case of Portugal. University of Wisconsin Press, 1992.
Birmingham, D.: Historia de Portugal. Cambridge University Press, 1995, Cambridge.
Carmona, A.: La transicion a la democracia en el sur de Europa. La historia como instrumento para su comparación. Estudios Internacionales, Universidad de Chile, n. 162, 2009
Centro de Documentaçao 25 de Abril.
Hobsbawm, E.: Historia del siglo XX. Editorial Crítica, 2011
Linz. Juan J.: "Totalitarian and Authoritarian Regimes", Fred J. Greenstein eta Nelson W. Polsby, eds., Handbook of Political Science, vol. 3: Macropolitical Theory, Reading, Mass., 1975.
Rosas, F.: Portugal siglo XX (1890-1976): pensamiento y acción política. Editorial Regional de Extremadura, 2004, Badajoz.
RTVE: “Celeste Caeiro, mujer cuyos claveles dieron nombre a una revolución”.
Sánchez, J.: Las revolución portuguesa y su influencia en la transición española. Nerea, 1995, Madril.
HEMEN ARGITARATUA