Kamerak ARGAZKIA / Arteka
2021/01/28

Ohikoa den arren, ez da zuzena politika normaltasun egoera batean epaitzea; araua nagusi den lekuetan, egunerokotasun-izaera hartzen duten menderatze-harremanetan desagertzen da politika. Krisia hasten denean agertzen da politika, normaltasunaren mugetan. Batzuek salbuespen-egoera deitzen diote muturreko egoera horri, edo koiunturaren araberako behar iragankor bati erantzuten dion egoera, kanpokotasun gisa sortzen dena. Uste dugu, ordea, posible denaren mugek definitzen dutela, normaltasunak berak baino askoz gehiago, zer den eta nola den existitzen den hori. Normaltasuna, beharbada, azpian duen errealitatearen kontrapartida enpiriko bat besterik ez da: langile klase osoaren aurka araututako salbuespen-egoera etengabe bat.

Arbitrariotasun autoritarioa –autoritarismoa, azken finean– eta eskubideen urraketa etengabea indartzeko koiuntura mesedegarri bihurtu da mundu mailako pandemia. Hala ere, pandemia ez da autoritarismoa eratzen den eremua edo oinarria, joera autoritarioa gauzatzeko bitartekoa baizik, ekoizpen kapitalistaren garapen sozialari estuki lotuta dagoena, eta latentea dena, beti agerikoa ez izan arren.

Pandemia ez da autoritarismoa eratzen den eremua edo oinarria, joera autoritarioa gauzatzeko bitartekoa baizik, ekoizpen kapitalistaren garapen sozialari estuki lotuta dagoena, eta latentea dena, beti agerikoa ez izan arren

Azken hilabeteak bereziki argigarriak izan dira kasurako: polizia-indarkeria etengabea eta, ondoren, borreroak biktimizatzeko eta autoritarismo faxista legitimatzeko burgesiaren komunikabideen kanpaina, burgesiaren zuzeneko diktadura pasiboki defendatuko duen kolektibitate abstraktua sortzea bilatzen duen osasun-ideologiaren babespean. Indarkeria hori defendatzen eta justifikatzen dutenek lasaitasuna eskatzen dute eta ziurtatu, arauak betez gero eta protestarik egiten ez bada, ez dela arazorik izango. Diotenez, egoera hau ez da araua, munduko pandemia egoerak nahitaez ezarritako salbuespena baizik. Baina, horren ordez, erantzun beharko genuke langileen aurkako polizia-indarkeriak, normaltasun-egoera batean ere, sistema hori ezaugarritzen duela; sostengatzen dutenen odoletik elikatzen da sistema hori, eta indarkeria horren nabaritasuna aurre egiten diotenen askatasun-nahien araberakoa da.

Indarkeriazko gertakari horiek babesten dituen ideologiak gero eta gehiago sakontzen du despolitizazioan eta desdemokratizazioan, politikaren eta demokraziaren ordez, pandemiari aurre egiteko ondo prestatutako espezialista eta burokraten diktadura tekniko bat defendatzeko. Demokrazia burgesaren eta parlamentuaren ordezkagarritasunaren ezabapena dakar horrek. Modu horretan, ageriko iruzur bat diren arren, agerian geratzen dira horien oinarriak eta oso klasista den klase ertain batera hedatzen dira sozialki; gai politikoei buruz medikuek, eta ez hautatutako ordezkariek, erabaki dezatela aldarrikatzen du klase horrek. Testuinguru horretan indartu egiten da polizia-agintaritza, boterea «guztion intereserako» erabili behar baitu, baina beti «guztion aurka». Horrela, gizarte honek autoritarismoa ikasten, onartzen eta sostengatzen du, bere burua defendatzeko neurri gisa.

Donostia, poliziaren indarkeriaren eta zigorgabetasunaren atarikoa.

Azken hilabeteetan, euskal polizia autonomikoak hainbat aldiz kargatu du Donostian (Gipuzkoa), gertatzen ari zena ulertzen ez zuten herritarren begirada harrituen aurrean. Itxurazko irrazionaltasun edo salbuespen hori, ordea, poliziaren indarkeriaren ezinbesteko ezaugarria da, eta, beraz, poliziarena errepresio-erakunde gisa.

Azken hilabeteetan, euskal polizia autonomikoak hainbat aldiz kargatu du Donostian (Gipuzkoa), gertatzen ari zena ulertzen ez zuten herritarren begirada harrituen aurrean. Itxurazko irrazionaltasun edo salbuespen hori, ordea, poliziaren indarkeriaren ezinbesteko ezaugarria da, eta, beraz, poliziarena errepresio-erakunde gisa

Lehenengo karga abenduaren 14an izan zen, bi egun lehenago gertatutakoa salatzeko deitutako manifestazio baten ondoren. Izan ere, abenduaren 12an, Ertzaintzak Trinitate Plazan zeuden hainbat gazteri eraso egin zien, eta hainbat pertsona zauritu zituen. Gazteen esanetan, aurreko asteetan nabarmena izan zen polizia gehiago zegoela auzoan.

Handik hilabetera, urtarrilaren 16an, berriz ere Trinitate Plazan, poliziak, hamalau ibilgailurekin, espazioa okupatu eta bertan zeudenen aurka egin zuen. Hainbat pertsona identifikatu eta lau gazte atxilotu zituzten, baita hainbat pertsona zauritu ere. Egun bat geroago, irudi berdina, beste atxilotu batekin.

Urtarrilaren 20an, Ertzaintza berriro oldartu zen Donostiako Alde Zaharrean, eta bi pertsona atxilo eraman eta bederatzi zauritu zituen. Ospitaleratu egin behar izan zuten zaurituetako bat, masailezurra hautsita. Bereziki aipatzekoa da argitara atera zen audio-grabazioa, non poliziaren agintari batek «jotzera tiro egiteko» agintzen zuen. Filtrazio horren garrantzia ez datza ezer berririk kontatzean. Audio-grabazioa garrantzitsua da, hain zuzen ere, jakina dena agerian uzten duelako, eta horrek formalismo oro gainditzea ahalbidetzen duelako eta gertakari batzuei buruzko hitzezko kritika soilak baino eskakizun handiagoak inposatzen dituelako, jada biluzik dagoen errealitate bat agerian uzteko eraginkorra izateari uzten dion neurrian.

Ondoren zabaldutako informazioak ere ez du harritzen. Ohartarazi zutenez, Ertzaintzak erabiltzen dituen foam SIRX balek % 50eko arriskua dute garezurra hausteko, baldin eta inpaktua jasotzen duenarengandik 40 metro baino gutxiagora egonda jaurtitzen badira. SIR munizioarekin, distantzia hamabost metrora jaisten da. Horien ordez gozokiak jaurti behar ote lituzketen galdetzen dute poliziaren esku-hartzearen defendatzaileek. Egia esan, inork ez du zalantzan jartzen indarkeria eta errepresioa poliziaren eginkizun zehatzak direnik, inork ere ez, polizia demokratizatu nahi dutenek salbu.

Antzeko errepresio kasuak izan ziren Santurtzin (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa), besteak beste. Asko izan dira poliziaren indarkeriari emandako erantzunak. Burgesiaren komunikabideak, poliziak zuzenean esku hartuta daudenak, gaitzetsi egin dituzte erantzunak. Era berean, poliziaren indarkeria salatu eta aurkaratu dutenak mehatxatu dituzte polizia-salaketekin, horrekin poliziak eta Estatuak ezkutatu nahi dutena berretsiz. Estrategia argia izan da: indarkeriaren arrazoia kanpoan bilatzea, eta ez Estatuaren errepresio-erakundeen barne dinamikan. Hala, istiluak aldez aurretik antolatutakoak zirela baieztatzen dute zabaltzeko poliziaren indarkeriaren aurkako erantzuna ez dela erantzun bat, indarkeriaren kausa bera baizik. Horrek esan nahi du kanpaina horren helburua autoritarismoaren laborantza-eremu eta zimendu den poliziaren zigorgabetasuna hedatzea dela, are gehiago.

Nabarmena den Estatuaren militarizazioaren eta poliziaren zigorgabetasunaren joera iraunkorrarekin lotu gabe, baina, epe laburreko gertaera horiek ez lukete ezer adieraziko. Azken urteotan, herritarrak kontrolatzeko hainbat lege jarri dira martxan. Espainiako Estatuan Mozal Legea da, ziurrenik, ezagunena eta ondorio larrienak ekarri dituena.

Mozal Legeak bost urte

Herritarren Segurtasunerako Legea 2014ko martxoaren 30ean onartu zen, eta 2015eko uztailean jarri zen indarrean. 2018ko irailean legea indargabetzeko prozesu parlamentarioa hasi zen arren, hainbat urtez saiatu ondoren, eta nahiz eta indargabetzea onartu, gaur egun indarrean jarraitzen du, ordezkatuko duen lege berri bat onartu arte. Bitartean, errepresio-bolada betean gaude, non legea inoiz baino gehiago ezartzen ari den. Gainera, ezerk ez du adierazten balizko lege berri batek ezer aldatuko lukeenik. 36.6 artikulua jasotzen dute lege proiektu berriek, alarma egoeran gehien erabiltzen ari den artikulua, hain zuzen, eta badirudi ez dagoela hori kentzeko asmorik. Artikulu horrek Estatuko segurtasun indarrei desobeditzea zigortzeko aukera ematen du, arau-hauste larri modura.

36.6 artikulua jasotzen dute lege proiektu berriek, alarma egoeran gehien erabiltzen ari den artikulua, hain zuzen, eta badirudi ez dagoela hori kentzeko asmorik. Artikulu horrek Estatuko segurtasun indarrei desobeditzea zigortzeko aukera ematen du, arau-hauste larri modura

2015eko uztailean indarrean sartu zenetik 2019ko abenduaren 31ra arte, 1.009.729 isun jarri ziren araudi horren bidez, guztira, 563,3 milioi euroko zenbatekoarekin, betiere Espainiako Estatuko Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Baina datu horietan ez daude jasota Ertzaintzak, Foruzaingoak edo Mossos d’Esquadrak jarritako isunak.

Denbora tarte berdinean, Hego Euskal Herrian 29.000 zigor baino gehiago ezarri ziren Mozal Legea aplikatuta. Horien artean, 8.000 inguru egongo lirateke eskubide sozial eta politikoekin lotuta, hau da, zuzenean antolatutako gatazkekin.

Hala ere, alarma egoeraren lehen 100 egunetan, Espainiako Estatuko zigorren kopuruak % 42 egin zuen gora, Mozal Legea indarrean sartu eta lehen hiru urte eta erdiarekin alderatuta. Guztira, 1,2 milioi isun jarri ziren alarma egoeraren tarte horretan. Halaber, 45.000 zigor inguru ezarri dituzte Hego Euskal Herrian, eta 464 lagun atxilotu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Alarma egoeraren lehen 100 egunetan, Espainiako Estatuko zigorren kopuruak % 42 egin zuen gora, Mozal Legea indarrean sartu eta lehen hiru urte eta erdiarekin alderatuta. Guztira, 1,2 milioi isun jarri ziren alarma egoeraren tarte horretan. Halaber, 45.000 zigor inguru ezarri dituzte Hego Euskal Herrian, eta 464 lagun atxilotu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Espainiako Estatuko zigorren % 70 –guztira, 704.604– bide publikoan drogak kontsumitzeagatik edo edukitzeagatik jarri dira. Arau-hauste hori larritzat jotzen da. Ezarritako zigor kopuruari dagokionez, bigarren postuan daude herritarren segurtasunarekin lotutakoak; besteak beste, manifestazioak eta kontzentrazioak, segurtasun-indarrekiko errespetua eta lankidetza, identifikazio-dokumentuak, bandalismoa eta higiezinen okupazioa. Azpikategoria horiek guztiak, ikuspegi sistemikotik, nahastu egin ohi dira kasu askotan, testuinguru sozial jakin batean benetan erreprimitzen diren gertaerak manipulatzeko asmoz. Gatazka horiekin lotutako isunak 197.288 dira, isun guztien % 19,5. Kopuru hori ez da nolanahikoa, kontuan hartzen badugu gatazka sozial zuzenak duen posizio erlatiboa, askoz zabalagoa den drogen kontsumo orokorrarekin alderatuta.

Hirugarren postuan daude armak edo lehergaiak edukitzeagatik, fabrikatzeagatik edo garraiatzeagatik jarritako isunak, gertakari hori, bere larritasunagatik, delitu penala ez denean. Guztira, 107.837 arau-hauste egin dira legea indarrean sartu zenetik, hau da, arau-hauste guztien % 10,5.

Arbitrariotasuna eta autoritatea

Mozal Legearen bereizgarririk nabarmenena arau-hauste administratiboa kontzeptua da. Arau-hauste administratiboak aukera ematen dio poliziari zigor bat epaitzeko eta betearazteko, prozesu juridiko arautu batek eskain ditzakeen berme urriak albo batera utzita. Jarritako zigorrak erregistratuta geratzen dira eta zigortuaren espedienteari gehitzen zaizkio, arau-hausleen erregistro bat osatuz. Gainera, legea indarrean jartzearekin batera, zigorrak gogortu egin ziren. Aurretik hutsegitea edo falta zena delitu arin bihurtu zen ondoren, eta arau-hauste arina zena delitu larri, 30.001 eta 600.000 euro bitarteko zigorrekin.

Arau-hauste administratiboak aukera ematen dio poliziari zigor bat epaitzeko eta betearazteko, prozesu juridiko arautu batek eskain ditzakeen berme urriak albo batera utzita

Zigortzailea eta betearazlea ordezkagarritasunaren eta errebokagarritasunaren printzipio demokratikoa aurresuposatzen duen bitartekaritza prozesu politikotik askatzean, zigor-funtzioa egitura zurrun bati egokitzen zaio, zeinaren aurrean ez dagoen defentsa posiblerik, ezta aurre egiteko gaitasunik ere. Azken batean, poliziaren hitza eztabaidaezina da, baina baita polizia bera ere, bere kabuz eta guztien aurka funtzionatzen duen, eta helegiterako aukerarik ematen ez duen botere-egitura baten betearazle bihurtzen baita.

Legearen beste ezaugarri bat, arbitrariotasun autoritarioaren printzipioari datxekiona, legearen aplikazio-xedearen definiziorik eza da: poliziaren interpretazioaren eta hitz eztabaidaezinaren mende dauden printzipio orokorrak, zigor arbitrarioetan ebazten direnak eta, arbitrariotasun orok bezala, herritarrei ezegonkortasuna, ziurgabetasuna eta babesgabetasuna eragiten dietenak. Errezeta autoritario zaharra da Estatuaren eta bere morroien irrazionaltasun bortitza, berme juridikoak eta herritarren eskubideak bertan behera uzten dituena.

Baina, agian, Mozal Legearen ezarpenik sonatuena polizia grabatzeko debekua da. Legearen arabera, debekatuta dago polizia grabatzea, grabazio horrek polizia-agentearen segurtasun pertsonala edo bere familiarena arriskuan jar badezake. Beste behin ere, polizia-agintaritzari mesede egiten dion eta bere ekintzei zigorgabetasuna ematen dien zehaztugabetasun baten aurrean aurkitzen gara. Zigorgabetasuna autoritarismoaren oinarrizko printzipioa da, ez bailitzateke autoritarismoa izango bere legezkotasunak bere aurka egitea ahalbidetuko balu. Polizia grabatzeko debekuak, gainera, bere jardunaren frogak biltzea eragozten du, kasu askotan balio judizialik ez duten probak, baina, gutxienez, poliziaren izaera bortitza erakusteko aukera ematen dutenak. Poliziaren indarkeria grabatzea eragotziz, bere kritika eta salaketa ere eragozten dituzte, eta babesik gabe uzten dituzte haien indarkeriaren biktimak.

Zigor mailak

Mozal Legeak hainbat ekintza zigortzen ditu, eta zigorrak hiru kategoriatan bereizten ditu, larritasun mailaren arabera: arina, larria edo oso larria.

Arau-hauste arinak 100 eta 600 euro arteko isunekin zigortzen dira. Besteak beste, kategoria horretan zigortzen dira poliziaren aurrean ez identifikatzea, higiezin edo banketxe bat okupatzea, eraikinak eskalatzea, manifestazio edo protesta batean polizia iraintzea, kaleko salmenta ibiltaria edo kalean edari alkoholdunak kontsumitzea. Paradoxikoki, azken hori izan da azken hilabeteetako polizia-karga bortitzak justifikatzeko erabili den arrazoia, agerian utziz poliziari ekintzarik sinesgaitzenak ere balio diola bere autoritatea indartzeko eta herritarrak makurrarazteko. Esan gabe doa aipatutako gainerako ekintza zigorgarriak soil-soilik langile klasearen gaitasunen aurka zuzenduta daudela, agerian utziz ez dela herritar guztientzako lege soil bat, baizik eta, poliziaren indarkeriaren diziplina-eginkizuna betetzeaz gain, proletalgoa menderatzeko helburu politikoa ere betetzen duela.

Ildo beretik garatzen dira zigor larriak eta oso larriak. Lehenengoei 601 eta 30.000 euro arteko isunak jartzen dizkiete, eta bigarrenei 30.001 eta 600.000 euro artekoak.

Zigor larrien artean daude etxegabetze bat eragoztea, manifestazio bat eskatzen denean ez amaitzea, polizia grabatzea, edo Kongresuaren, Senatuaren edo parlamentu autonomiko baten egoitzaren aurrean manifestazioa egitea segurtasuna hautsiz. Baita drogak leku publikoetan kontsumitzea, zein bide publikoan edo adingabeak dauden tokietan sexu-zerbitzuak eskatzea edo onartzea ere.

Zigor oso larriak dira, aldiz, zerbitzu publikoen azpiegituretan biltzea edo manifestatzea, nahiz, uneko autoritateak agindutako debekuaren aurka, ikuskizunak edo jolas-jarduerak egitea.

Ondorioa.Eskubideen galera

Zigortzen diren kasu zehatzetatik harago, Mozal Legearen emaitzarik egiazkoena da poliziak kaleak okupatzea eta herritarren gaineko kontrol soziala areagotzea. Horrekin batera, emaitzaren parte da, batetik, poliziaren zigorgabetasuna eta, bestetik, gizarte-ezintasuna poliziaren errepresioaren aurrean. Horrek guztiak autoritarismoa eta menderakuntza indartzera darama. Baina ez hiritargoaren, talde sozial abstraktu gisa, gaineko menderakuntza; hiritargo horren barruan dagoen bultzada baten gainekoa baizik, gizarte berri baterako bultzada: proletalgo iraultzailea.

Zigortzen diren kasu zehatzetatik harago, Mozal Legearen emaitzarik egiazkoena da poliziak kaleak okupatzea eta herritarren gaineko kontrol soziala areagotzea. Horrekin batera, emaitzaren parte da, batetik, poliziaren zigorgabetasuna eta, bestetik, gizarte-ezintasuna poliziaren errepresioaren aurrean

Arbitrariotasunak eskubidea etetea dakar berekin eta, hainbeste arbitrariotasun eta eskubide murrizketaren artean, ustez guztiei eragiten diena, gailentzen den benetako helburua politika egiteko eskubidearen zentsura da, mundua aldatzeko eskubidearen zentsura. Baina hori ezin da argi eta garbi azaldu, ez bada eskubideen murrizketa kolektibitatearen borondatea gauzatzeko bitarteko gisa ikusten den koiunturaren bitartez. Bestela esanda, politikarako eskubidea, guk iraultzaren behar gisa itzuliko genukeena, modu batean soilik urra daiteke: eskubide horren ukapenak politika ezarritako mugetatik harago bultzatuko ez duen modu batean. Eskubide sozialak ukatzea da helburu hori lortzeko modurik eraginkorrena, eta horren eraginkortasunaren froga da, hain zuzen, «denok» abstraktu baten izenean eta mesedetan egitea hori.

EZ DAGO IRUZKINIK