Datozen urteetan lur planetak eta gizateriak hil ala biziko erronka bati egin beharko diogu aurre, kolapso ekologikoa saihesteko itzulerarik gabeko puntua gainditzear baitago. Klima-aldaketa geldiarazteko, enpresak, gobernuak eta nazioarteko erakundeak hainbat plan prestatzen ari dira, baina, hondamendi naturala saihesteko eraginkorrak izatetik urrun, hutsune handiak erakusten ari dira. Izan ere, merkatuaren eta lehiaren logika kapitalistetan oinarritzen dira plan horiek eta, areago, klima-aldaketaren kostuak langile-klaseak eta periferia globalak ordaintzea bilatzen dute.
Urtero legez, 2024aren hasieran, munduko kapitalistarik handienak lider politiko nagusiekin bildu ziren Suitzako Davos hirian. Munduak etorkizun hurbilean dituen erronkei buruz eztabaidatu zuten; baina, beti ere, haiek guztiek defendatzen duten sistema kapitalistaren biziraupena bermatu nahian. Munduko Ekonomia Foroak, edo Davosko Foroak, bere Arrisku Globalei buruzko Txostenean ohartarazi zuenez, datozen hamar urteetan planetak izango dituen hamar arrisku handienetako bost ingurumenari lotuta daude: muturreko gertaera klimatikoak, ekosistemen aldaketa drastiko eta atzeraezinak, biodibertsitatea galtzea, baliabide naturalak agortzea eta muturreko kutsadura.
Kapitalista handiek diotenez, sistema kapitalistak aurre egin beharreko arazo handien erdia dira sistema bera planetan uzten ari den aztarnaren ondorio. “Seigarren espezie-suntsipen masibo posiblearen erantzuleak gara, baina, erantzun eta ondorio okerrenak saihesteko posizio paregabe batean ere bagaudela” ondorioztatu du txostenak. Hala ere, txostenak nahita ahaztu du denok ez garela hondamendi ekologikoaren eragileak, baina, hala eta guztiz ere, bai ondorioak, bai konponbideen zama langile-klasearen gain eroriko direla. Esan gabe doa horiek eragin handiagoa izango dutela periferia globaleko langile-klasean.
Oxfamen 2023ko txosten baten arabera, biztanleriaren %1ek %66 pobreenak beste karbono dioxido ekoizten du, eta, erregai fosilen ustiapen intentsiboaren bidezko ekoizpen kapitalistaren ondorio zuzenak alde batera utzita, luxuzko bizimodua da Oxfamen txostenak erakusten duen desoreka handi horren arrazoi nagusienetako bat. Luxuzko bizimodu horrek barne hartzen ditu, hala nola, etengabeko hegaldiak, auto handiak gidatzea, etxe ugariren jabetza edota dieta exotikoa. 2023an bertan, Klima Aldaketari buruzko NBEren Konferentzia (COP28 modura ezagutzen dena) Arabiar Emirerri Batuetan egin zen, erregai fosilen ekoizle eta esportatzaile nagusietako bat, eta, gainera, Dubaiko estatuko petrolio-konpainiaren zuzendariak inauguratu zuen.
Oxfamen 2023ko txosten baten arabera, biztanleriaren %1ek %66 pobreenak beste karbono dioxido ekoizten du
Arazoa sortzen duten berberek arazo horrek ondorioak eta konponbidearen zama modu desorekatuan banatu nahi dituzte, hori, baldin eta konponbiderik badago. Artikulu honen helburua nazioarteko erakunde nagusiak, potentzia globalak eta enpresa handiak klima-aldaketa geldiarazteko diseinatzen ari diren planei sarrera bat egitea da. Horretarako, karbono-isuriak murrizteak dakarren lehia geopolitikoan eta horrek langilerian izango dituen ondorioetan eta zametan jarriko dugu fokua.
BA AL DAGO KLIMA-ALDAKETAREN AURKAKO PLAN GLOBALIK?
Klima-aldaketa geldiarazteko nazioarteko planez ari garenean, NBEk bultzatu duen eta modan dagoen 2030 Agenda datorkigu burura denoi. 2015ean abiarazi zuten Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda, eta hamabost urteko plan bat ezarri zen, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) deritzen hamazazpi azken helburu erdiesteko. Munduan pobrezia eta gosea desagerrarazteko baieztapen hotsandikotik hasi eta hiri iraunkorrak sortzeko eta ekosistemak babesteko helburuetaraino doaz helburu horiek. Beraz, hasiera batean, munduko estatu guztiak biltzen dituen erakundeak diseinatutako planaren helburuak izango lirateke klima-aldaketa geldiaraztea eta mundu berdinzaleago baterako baldintzak sortzea.
Alabaina, helburuok borondatezko adierazpen bat baino ez dira, eta ez dute behartzen estatu bakar bat ere horiek lortzeko neurri eraginkorrak hartzera. Foro askotan, batez ere eskuin muturrekoetan, elite globalista jakin batzuek diseinatu duten plan batekin parekatzen dute 2030 Agenda, eta diote puntuz puntu ezarriko dela, norbanakoaren askatasun osoa zein nazioen berezitasunak ezabatu arte. Hala ere, hori ez da agenda horren eta NBEren beraren izaera, mundu-mailako hegemonia lortzeko borrokan jarduten duten burgesien eta estatuen tentsio interinperialisten mende baitaude etengabe. Beste era batera esanda, ez dago elite globalik; mundu-mailako sistema bat dago, kapitalismoa, hegemonia politikoa eta ekonomikoa lortzeko etengabeko borrokan diharduten hainbat burgesiak osatzen dutena.
Horregatik, 2030 Agenda ez da herrialdeen arteko berdintasunezko parte-hartze prozesu baten ondorioz ezarritako adostasun bat: desirazko gogoetak dira, eta konponbideak emateko aginduak baino gehiago erronken deskribapen bat eskaintzen dute. Izan ere, gobernu nazionalek ziurtatu dute agenda horrek ez ditzala ezertara behartu. Horrela, helburu noble horiek babesten dituztelako irudia eman dezakete, baina, egiazki, desparekotasuna eta baliabide naturalen agortzea areagotzen dituen logika politikoa eta ekonomikoa mantentzen jarrai dezakete. 2030 Agendari egin dakiokeen kritikarik handiena ez da norbanakoaren askatasuna ezabatuko duelako izaera konspiranoikoa; baizik eta aurpegia zuritzeko plan bat dela eta ez dela beteko, Kyotoko protokoloa edo Milurteko Helburuak bete ez ziren bezala.
2030 Agenda ez da herrialdeen arteko berdintasunezko parte-hartze prozesu baten ondorioz ezarritako adostasun bat: desirazko gogoetak dira, eta konponbideak emateko aginduak baino gehiago erronken deskribapen bat eskaintzen dute
Hain zuzen ere, 2030 Agenda bederatzi urtez ezarri ondoren, NBEk berak onartzen du urrun daudela CO2 emisioak murrizteko eta ekosistemak babesteko klima-helburuak betetzetik. NBEk 2023aren amaieran egindako balantzean, onartzen du planetako lur-ekosistemaren hiru laurden eta itsas ingurumenaren %66 inguru nabarmen aldatu dituela gizajarduerak. Energia fosilak eta energiarik kutsagarrienak ere munduko biztanle gehienen eguneroko errealitatea dira. Adibidez, 2.300 milioi pertsonak ikatzaren, kerosenoaren edo biomasa-solidoen mende jarraitzen dute janaria prestatzeko erregai nagusi gisa. Sukalde garbirik ez izateak ia 3,7 milioi heriotza goiztiar eragiten ditu urtean, eta emakumeak eta haurrak dira arriskurik handiena pairatzen dutenak.
2030 Agenda bederatzi urtez ezarri ondoren, NBEk berak onartzen du urrun daudela CO2 emisioak murrizteko eta ekosistemak babesteko klima-helburuak betetzetik
NORK ORDAINDUKO DU HONDAMENDIA?
2030 Agendak ez ditu gobernu nazionalak neurriak hartzera behartzen, baina 2015eko Parisko klimaren goi-bileran gobernu arteko akordio bat lortu zen, tenperatura globalaren batez besteko igoera 2 gradu zentigradutara mugatzeko, industrializazio aurreko mailekin alderatuta. Halaber, mende honen amaieran 1,5 graduko kota ez gainditzeko eta 2050ean klima-neutraltasuna lortzeko ahaleginak handitzea adostu zen. Horretarako, funtsezkoa da atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murriztea. Hau da, giza jarduerak atmosferara askatutako CO2 (berotze globala eragiten duen gas nagusia) kantitatea hustubide naturalek xurgatzen dutenaren baliokidea izatea, basoek, kasu.
Kontua da gas horien emisiorik handiena industria-ekoizpen kapitalistan sortzen dela, eta, ondoren, garraioetako mugikortasunean, hala nola hegazkinetakoa edo auto pribatuetakoa. Karbono dioxidozko gas-masa handi bat sortzen dute horiek. Baina industria-ekoizpen kapitalistaren beherakadak etengabe hedatzen egon behar duen metatze-prozesua gelditzea ekarriko luke. Hori dela eta, gobernu gehienak bultzatzen ari diren planak pertsonen auto pribatuko mugikortasunaren tasazioan oinarritzen dira, bai eta teknologia ekologikoetarantz joko duen industriaren balizko birmoldatze batean ere. Eta hori, azken horrek metaketa kapitalistaren erritmoari eutsiko diolakoan, metaketa horren hedapena murriztu beharrik gabe.
Argi dagoena zera da, Mendebaldeko erdi-mailako klaseen bizi-eredua amaitzen ari dela. Bizi-eredu horren adierazgarri zen auto pribatu baten jabetza izatea. Autobia guztiak ordainpekoak bihurtzeko plan bat bultzatzen ari da Europar Batasuna. Era berean, hirien erdigunean gidatu ahal izateko, gero eta gehiagotan da derrigorrezkoa auto moderno eta karbono-isuri txikiagodun baten jabe izatea. Helburu horiek logikoak dirudite, aurre egin behar diogun klima-erronkaren ondorioz, baina langile-klasearen soldatak eta bizi-mailak etengabe debaluatzen diren testuinguru batean ezartzen direnez, langileriaren zati handi bat mugikortasunetik kanpo geratzea ekartzen dute. Bitartean, gizarteko geruzarik aberatsenek mugikortasunerako eskubideari eusten diote, arazo handirik gabe.
Adibidez, Europan auto elektrikoa ezartzean, Europako lanaren banaketaren eskema desorekatua errepikatzen ari da, iparraldearen eta periferiaren arteko haustura nabarmenarekin. Jato automobilgintzako aholkularitza-enpresaren datuen arabera, auto elektrikoak Europako iparraldeko merkatu-kuotaren %15 bereganatu zuen 2022ko hirugarren hiruhilekoan, eta hegoaldean, berriz, %3,8, ia lau aldiz gutxiago. Norvegia da ibilgailu elektrikoen salmentan liderra, lau matrikulaziotik ia hiru elektrikoak baitira. Urrun, bigarren postuan, %34,5eko kuotarekin, Islandia du atzetik. Suediak osatzen du podiuma, non 2022ko uztaila eta iraila bitartean saldu ziren auto berrien %30,1 elektrikoak izan ziren. Txanponaren beste aldean hegoaldeko estatu periferikoak daude, hala nola Espainia, Italia edo Grezia, non auto elektrikoen salmenta %4koa baino baxuagoa den. Espainiako kasuan, elektrikoak %3,51ko kuota du.
Hala ere, gasolinazko eta dieselezko ibilgailuak ezabatzeko Europako planak martxan jartzeko ez da aintzat hartu, batetik, auto elektrikoa modu ekitatiboan hedatu ote den, eta, bestetik, ba ote dagoen ibilgailu horiek ordezkatuko dituen garraio publikoko sistema indartsurik, biztanleriaren geruza guztientzat dagoena eskuragarri. Gainera, gasolina-autoak ekoitzi dituzten enpresa handi berberen gain ari da erortzen ibilgailuen birmoldaketa. BMW, Volkswagen, Audi eta Porsche enpresak zigortu ditu Bruselak, isurketak murrizteko teknologia garatzearen aurka egiteagatik, baina, aldi berean, auto elektrikoak garatzeko eta ekoizteko Europako funtsen kuotarik handienak jasotzen ari diren enpresatako batzuk dira hauek.
Auto elektrikoa modu ekitatiboan hedatu den kontuan izan gabe ari dira aurrera eramaten gasolinazko eta dieselezko ibilgailuak ezabatzeko Europako planak, baita ibilgailu horiek ordezkatuko dituen garraio publikoko sistema indartsu eta biztanleriako geruza guztientzako irisgarri bat ote dagoen kontuan izan gabe ere
Esan daiteke klima-aldaketari aurre egiteko nazioarteko planak ekologiaren komertzializazioan oinarritzen direla. Hau da, trantsizio ekologikoa egongo da soilik errentagarria bada. Izan ere, atmosferara isurtzen diren gas kutsagarrien kuotak burtsan saltzen eta kotizatzen dira. Munduko Bankuak Biokarbono izeneko funts bat du 2004az geroztik, karbono-gasak isurtzeko eskubideak salerosteko. Horren ondorioz, erosteko ahalmenik handiena duten enpresek etengabe atzeratu ahal izango dute berotegi-efektuko gasak murrizteko helburua, eskubide horiek erosita.
Azken batean, langile-klasearen mugikortasun-eskubidea mugatzen den bitartean, ez da gauza bera gertatzen enpresek sortzen dituzten isuri-kopuru handiekin. Klima-aldaketa geldiarazteko nazioartean hamaika plan egin diren arren, industria kapitalistaren arazoa da errentagarriagoa izaten jarraitzen duela erregai fosiletan inbertitzeak energia garbiko proiektuetan inbertitzea baino. Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, petrolioaren eta gasaren industrian erabilitako kapitalaren errentagarritasuna %6tik %9ra bitartekoa izan zen 2010etik 2022ra, eta, aldiz, energia garbiko proiektuena %6tik beherakoa izan zen. Gainera, industria-birmoldaketarako plan guztiek eragin desparekoa dute gune inperialistan eta periferiako proletarioengan, artikulu hau amaitzeko ikusiko dugun bezala.
DESKARBONIZAZIOAREN B ALDEA
Auto elektrikoa sartzea, CO2 gasak murrizteko beste neurri batzuk bezala, ez da, berez, larrialdi klimatikoaren irtenbidea. Mugikortasunari eusteko asmoz (errentagarritasun kapitalista murriztuko ez den kantitate batean) auto elektrikoa modu masiboan sartzeak bigarren mailako ondorioak ditu. Argi dago auto elektrikoek ez dutela karbono dioxidozko gasik isurtzen, baina auto horiek egiteko litioa edo koltana bezalako mineralak behar dira. Material horiek erauzteak ondorio suntsitzaileak eragiten ditu horiek dauden ekosistemetan.
Auto elektrikoen funtzionamendurako litiozko ioien bateriak behar dira, eta litioa ekoizteaz gain, beharrezkoa da beste metal arraro asko ekoiztea. Munduko litio-erreserbarik handiena lurpean dago Txileko Andeetako mendikatean, gehienbat Atacamako gatzagaren inguruan. Ura gatzaga horietatik atera eta iragaziz lortzen da litioa. Beraz, litioa biltzeko, beharrezkoa da lurpeko ur hori ponpatzea. Arazoa litio kantitate handiak lortzeko ponpatu behar diren kantitate izugarrietan datza. Izan ere, kalkuluen arabera, meatze-enpresa bakar batek, segundoko, 1.700 litro lur azpiko ur ateratzen ditu mineral baliotsu hori lortzeko.
Ur-ponpaketa masibo horrek ondorio izugarriak ditu inguruko ekosistemetan, Andeetako Atacama eskualdeko habitat osoan lehortea eta ur falta sortzen baititu. Adibidez, inguruko espezieen elikadura-katea hausten du gatzaga horietako ur gazietan bizi diren espezie asko hiltzean, edo edateko uraren eskasia sortzen du inguruko biztanleentzat, lurpeko ur horiek gatzgabetuz lortzen baita edateko ura.
Gauza bera esan daiteke koltanaz, zeina beharrezoa baita kotxe elektrikoetarako txipen ekoizpenerako. Hori, gehienbat, Kongoko Errepublika Demokratikotik ateratzen da, munduko herrialderik pobreenetako batetik. Meatzeetan ateratzen da, non lan esklaboa eta haurren lana ohikoak diren, baina, horrez gain, hura masan erauzteak akuiferoak eta uzta-soroak kutsatzen ditu. Beraz, erregai fosilen kontsumoa murrizteko neurri ustez ekologikoak hartzea (GJHen oinarria), askotan, periferia globaleko baliabide alternatibo berrien espoliazioan oinarritzen da, eta horrek inpaktu ekologiko atzeraezinak ditu.
Erregai fosilen kontsumoa murrizteko neurri ustez ekologikoak hartzea, askotan, periferia globaleko baliabide alternatibo berrien espoliazioan oinarritzen da, eta horrek inpaktu ekologiko atzeraezinak ditu
Thomas Wiedmann ingurumen-zientzialariaren ikerketa baten arabera, deskarbonizazio-prozesua uzten ari den aztarna materialak aise gainditzen du planetak jasan dezakeen baliabide naturalen erauzketa-erritmoa. Izan ere, litioaz eta kobaltoaz gain, teknologia garbiak ekoizteko, aluminioa, altzairua, burdina edo kobrea era masiboan lortu behar dira. Ikerketa horretako datuen arabera, baliabide naturalen guztizko kontsumoa 26.700 milioi tonakoa zen 1970ean, aldiz, 2010eko hamarkadan, 100.000 milioi tonatik gorakoa izan zen. Eta, 2050erako, zifra hori 180.000 tonara iritsiko dela kalkulatzen da. Hau da, deskarbonizazio prozesua, paradoxikoa badirudi ere, baliabide naturalak erauztean eta agortzean oinarritzen da.
Hala ere, mugikortasun zibilaren eremuko isurketak murriztu nahi diren bitartean, nahita ahazten da potentzia kapitalista nagusien armadek uzten duten karbono-aztarna, AEBetakoa buru dela. Armada estatubatuarra munduko petrolio kontsumitzailerik handiena da eta, horren ondorioz, berotegi-efektuko gasen igorle nagusietako bat. Pentagonoko berotegi-efektuko gasen urteko emisioak 59 milioi tona karbono dioxido baino gehiagokoak dira. Nazio-estatu bat balitz, armada estatubatuarra munduko 47. igorlerik handiena izango litzateke, Portugal, Suedia edo Danimarka baino emisio handiagoekin.
Eta armada estatubatuarra etengabe ari da hedatzen petrolio eta erregai fosilen baliabideen gaineko interes estatubatuarrak planeta osoan zehar babesteko. Gainera, tentsio geopolitikoek, AEBen armadak hegemonia globalari eusteko sakonago lan egin behar izatea ekarriko dute, eta, horrekin, haren karbono-aztarna areagotzea. Adibidez, munduko merkatu kapitalistan ondorio zuzenak dituen aldaketa klimatikoetako bat itsasarte komertzialen ur-mailaren murriztea da. Panamako Kanaleko uretatik munduko merkataritzaren %3 igarotzen da, eta Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea lotzeko funtsezkoa da. Kanala lehortea jasaten ari da, euririk ez dagoelako, eta horrek itsasontzien joan-etorria murriztera behartu du azken hilabeteetan.
Aldi berean, Yemengo erresistentzia Mendebaldeko merkataritza-ontziei eraso egiten ari zaie Bab el-Mandeb itsasarteko uretan, Palestinako herriaren aurkako genozidioarekiko elkartasunez. Horrek kolokan jartzen du munduko merkataritza, merkataritza-bideak lotzen dituzten estugune nagusietako bi arriskuan baitaude. Horregatik, Estatu Batuek itsas armada Itsaso Gorriko uretara eraman behar izan dute, ontzi militarrek kontsumitzen duten erregai fosil kantitate handia kontuan hartu gabe.
Gainera, tentsio geopolitiko interinperialistek elikagaiak garestitzea eragiten dute, elikagaiak garraiatzeko bide asko blokeatzen baitira, Ukrainako gerraren ondorioekin ikusi zen bezala. Elikagaien garestitze orokor horrek, lehenik eta behin, periferiako proletarioei eragiten die. Izan ere, bertako estatuek kanpo-zor izugarria dute, eta horrek bereziki ahultzen ditu elikagaien prezio globalaren edozein gorakadaren aurrean, elikagaien erosketa ezin dutelako finantzatu. Gaur egun, munduko 195 herrialdeetatik, gutxienez 34 ez dira gai beren janaria ekoizteko, ur- edo lur-mugak dituztelako. Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean kokatuta daude gehienak.
Beraz, garapen kapitalistak bere zatien garapen desparekoa sortzen duen bezala, zentroa eta periferia sortuz, klima-aldaketaren kudeaketa bera garapen ekologiko desparekoa sortzen ari da. Garapen ekologiko despareko horren ondorioz, zentro inperialistako eskualdeetako erregai fosilen murrizketak oinarritzat du teknologia berde berrietarako beharrezkoak diren baliabide naturalak periferian erauztea. Gainera, baliabide horiek bermatzeko lehia militarrek periferia globaleko eskualdeak kolpatzen dituzte batez ere.
Garapen kapitalistak bere zatien garapen desparekoa sortzen duen bezala, zentroa eta periferia sortuz, klima-aldaketaren kudeaketa bera garapen ekologiko desparekoa sortzen ari da
ONDORIOAK
Azken batean, nazioarteko gobernuek eta erakundeek klima-aldaketa geldiarazteko sortutako plan guztiak metatze-prozesu kapitalistaren hedapena mantentzean oinarritzen dira. Baina hori inkoherentzia bat da bere berezko terminoetan, metatze-prozesu kapitalista errentagarritasunaren mende baitago, eta kolapso ekologikoa saihesteko baliagarriak izan daitezkeen metodoen alde soilik egingo baita baldin eta errentagarriak badira. Horren aurrean, oraingoz ikusten ari gara langile-klasearen geruzen gain ari dela erortzen kolapso ekologikoa saihesteko zama, eta mugikortasun eskubidea mugatzen ari zaiela, kontuan izan gabe, gehienetan, auto kutsatzaile hori soldatapeko lanera joateko behar izaten dutela langile horiek.
Bien bitartean, industria-birmoldaketa berdea kostu ekologikoak lurralde periferikoetara kanporatzean oinarritzen da, eta horiek ordaintzen dituzte sistemaren zentroko eskualdeetan karbono-emisioak murrizteko hartzen diren neurriak, baliabide naturalen erauzketa masiboaren truke. Kolapso ekologikoa saihesteko, litekeena da orain arte normaltzat jotzen genituen bizimodu jakin batzuk murriztu edo modu kontzientean kontrolatu behar izatea, hala nola oporretarako ohiko hegaldiak edo gasolina-autoaren eguneroko erabilera. Baina murrizketa hori, berdintasunez eta kontzienteki egin nahi bada, ezin da lehiaren eta merkatu kapitalistaren lege itsuen pean utzi, horiek baitira aurre egin behar diogun berehalako kolapso ekologikoaren eragile nagusiak.
BIBLIOGRAFIA
Castillo, J (2022). Bienvenidos al capitalismo de escasez. El Salto, abuztuak 17.
Granda, M (2022). La desigual carrera hacia el coche eléctrico: el norte cuadruplica en cuota de ventas al sur europeo. CincoDías, azaroak 26.
Munduko Ekonomia Foroa (2024). Global Risks Report 2024, World Economic Forum, Geneva.
Nazio Batuak (2023). A mitad de camino hacia los objetivos mundiales: un balance. Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuentzako web-orria.
Nazioarteko Energiaren Agentzia (2023). World Energy Outlook 2023. International Energy Agency.
Oxfam (2023). Climate Equality: A Planet for the 99%. Oxfam International, Oxford.
Roberts, M (2022). Climate Change and Wars. The Next Recession blog, apirilak 9.
Saito, K (2022). La naturaleza contra el capital: el ecosocialismo de Karl Marx. Bellaterra Edicions, Bartzelona.
Saito, K (2022). El capital en la era del Antropoceno. Penguin Random House Grupo Editorial, Bartzelona.
Smith, N (2015). La naturaleza como estrategia de acumulación, García Herrera, L. M. eta Sabaté Bel, F. eds. Gentrificación urbana y desarrollo desigual. Icaria, Bartzelona.
Wiedmann, T et al. (2015). The Material Footprint of Nations. Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, 112(20), 6271-6276 or.
HEMEN ARGITARATUA