ARGAZKIA / Manubeltz
Eli Irazu
2024/10/03

Hiri handiko kale oker eta estuetan, langile ezezagunek beren eskuez eraikitako horma hotz eta isil artean, gizakiaren anaitasunarekiko fede handi bat gero eta gehiago ari zen zabaltzen eta heltzen. ‘Kamaradak!’ - Maksim Gorki

Denok entzun ditugu, azken urtean, Gazako genozidioaren apologistek esan dituzten astakeriak; azken finean, astakeria handiak esan behar dira egiten ari direna justifikatzeko. Astakeria hauetako bat, ordea, burutik ezin kendu nabil, hain da txarra gogoan utzi didan zaporea. Sare sozialetan asko entzun den ideia honetaz ari naiz: herrialde arabiarrek hartu beharko lituzketela palestinarrak; ez hainbeste arrazoi praktikoengatik, baizik eta Palestinaren auzia arabiarren auzi gisa ulertzen delako.

Esango didazue, agian, ez dela hainbesterako, askoz okerragoak esan dituztela sionistek, eta arrazoia edukiko duzue. Baina iruditzen zait esaldi honen atzean oso zabaldua dagoen politikaren ulerkera bat dagoela, eskuina ez ezik, sozialdemokrazia ere zeharo kutsatua duena.

Gazako genozidioa talde partikular baten arazoa dela baieztatzea, hain zuzen ere, berdintasunaren ideiaren ukapen gordin eta nabarmena da. Eskuinak esperientzia handia dauka honekin, era agerikoan defendatu baitu beti berdintasun eza: nazionalismoaren aldarria altxatzen du etorkinak eta bertakoak bereizteko; matxismoarena emakumea eta gizona mailakatzeko, eta abar. Gizadia taldeetan banatzen dute, eta bakoitzak bere interesak dituela baieztatzen dute, eta bakoitzari dagokiola horiek defendatzea. Horrela, gizakia benetan zatitzen duen hori ezkutatzen dute: jabetza pribatua.

Baina eskuina ez da klaseaz ahaztu eta etengabe gizakien arteko ezberdintasunetan insistitzen duen bakarra. Identitate politiken intelektualak datozkit burura, arrazoia okzidentala eta patriarkala dela argudiatu dutenak beren katedretatik, eta marxismoa, “ideologia zuri bat”. Esan dutenak ezinezkoa dela zapalkuntza bat lehen pertsonan bizi ez duenak hura ulertzea; subjektibitate bakoitzak bere borroka partikularra duela... Ideologo hauek berdintasunaren alde daudela esaten dute, baina, praktikan, gizadiaren ikuspegi tribalista erreproduzitzen dute. Hauek ere gizadia benetan zatitzen duen hori ezkutatzen dute: jabetza pribatua.

Noski langile klasea anitza dela, noski aitortu eta aztertu behar ditugula gure klaseak pairatzen dituen zapalkuntza ezberdinak (...). Baina langile klasearen arteko ezberdintasunak seinalatu eta hurrengo arnasean gure klasearen batasuna aldarrikatzen ez duenak, zer aldarrikatzen du benetan?

Eta noski langile klasea anitza dela, noski aitortu eta aztertu behar ditugula gure klaseak pairatzen dituen zapalkuntza ezberdinak, baita hauen dimentsio subjektiboa ere. Baina langile klasearen arteko ezberdintasunak seinalatu eta hurrengo arnasean gure klasearen batasuna aldarrikatzen ez duenak, zer aldarrikatzen du benetan? Zapalkuntzak gainditzeko zer proposamen daukate klasea haren batasuna ukatzeko soilik aipatzen duten horiek?

Ez gaitzatela nahastu: gizakiaren berdintasun eta askatasuna ipar duenarentzako, langile klasea bakarra da, eta langile batzuen arazoa, guztion arazo. Ez dezala inork gutxietsi burua zorrotz eta bihotza irekia duenak ulertu dezakeena, egin dezakeena.

Sugar bat pizten ari zen hemen eta han, gizaki guztien arteko senidetasun argi eta indartsu batez lurra biltzeko sortua. Lurra bildu eta markatuko du; erraustu egingo ditu maltzurkeria, gorrotoa eta krudeltasuna, zeinek desitxuratu egiten baikaituzte, eta bihotz guztiak bihotz bakarrean urtuko ditu, langile askez osatutako familia lagunkoi estu batek lotutako gizon-emakume zintzo eta prestuen bihotzean. […] Eta existentzia deseroso eta tristearen kaos lausoan, izar argitsu alai batek, etorkizunerako argi txiki batek, hitz sinple sentitu hori argitu zuen: ‘Kamarada!’ Maksim Gorki

EZ DAGO IRUZKINIK