Ainhoa Jugo
2024/10/02

Azken urtean, ideia erreakzionarioak hainbat esparru sozial eta politikoren erdigunean jarri dira, Espainiako Estatuan edo Europar Batasunean ez ezik, maila globalean ere bai. Marko politikoa eskuinerantz ari dira lerratzen eta ideia erreakzionarioak gora doaz. Prozesu hori egungo egoeraren barruan ulertu behar da, non, kontraesan ekonomiko kapitalisten ondorioz, metaketa global kapitalistaren oinarri materialak gero eta murriztuago dauden.

Europaren kasuan, alderdi politikoek ezin diote aurre egin Ongizate Estatuaren atzerakadari; ondorioz, egunetik egunera beren bizi baldintzak okertzen ari direla ikusten dutenek –etxebizitza lortzeko zailtasun handiagoak dituztenek, miseriazko soldatak jasotzen dituztenek edo inflazioaren hondamendiak jasaten dituztenek– erreakzionatu egin dute ezintasun egoera horren aurrean, indar erreakzionarioen autoritarismoarekin bat eginez. Testuinguru honetan, ez dago langile mugimendua gidatuko duen norabide politikorik; bestela esanda, ez dago, langile klasea kontzientziatuz eta burgesiaren klase erasoaldiari aurre eginez, proletarioen borroka antola dezakeen Alderdi Komunistarik. Ezintasun horrek ideia erreakzionarioenetara garamatza.

Gainera, langile gehienen bizi baldintzak larriagotzearen ondorioz sortutako gatazka arintzeko, norabide autoritarioa hartu du Estatuak. Errealitate horren adibide dira zigor esparrua gogortzea, mugak militarizatzea edo polizia kopurua etengabe handitzea. Horrek guztiak haztegi egokia sortzen du arrazismoa, ustezko segurtasunaren diskurtsoa eta gainerako joera erreakzionarioak hedatzeko, zeinek, aldi berean, agertoki perfektua ezartzen baitute erreforma juridiko gehiago autoritarismo-klabean ezartzeko. Biraketa autoritarioak eta ideia erreakzionarioek, dudarik gabe, eragina dute elkarren kausalitatean.

MIGRAZIO FLUXUAK ETA MIGRATZAILEAREN KONDIZIOA

Kapitalismoaren historia, aldi berean, migrazio fluxuen historia da. Hasieratik eta bere garapen historiko osoan zehar, kapitalismoak esklaboen, pobreen eta behartsuen desplazamendua eragin du. Hortaz, banaezinak dira metaketa kapitalistaren prozesu historikoa eta proletariotzaren mundu mailako mugimendua.

Historian zehar proletarioak modu masiboan lekualdatzeko arrazoiek sustrai ekonomikoak eta politikoak dituzte. Arrazoi horien atzean produkzio harreman kapitalistak ezkutatzen dira, hau da, kapitalaren metaketa. Horregatik, migrazioaz ari garenean, fluxu horien kausak gizarte kapitalistaren ezarpenean kokatu behar ditugu. 

Adibidez, kapitalismoaren aurreko gizarteetan “kanpoko zirkunstantziek” eragiten zituzten nagusiki migrazio fluxuak, adibidez klimaren bat-bateko aldaketek edo nekazaritza gizarteen erreprodukzio aukerak oztopatzen zituzten uholdeek eta lehorteek. Aldiz, gizarte industrial burgeserako trantsizioan, produkzio harreman kapitalistak harreman feudalen gainetik jartzen hasi ziren; orduan, lur jabetzarik gabe geratu zirenen lehen desplazamendu masiboak gertatzen hasi ziren, zeinek landa-eremuetatik hiriguneetara migratu zuten soldata baten bila. Hau da, masa proletarizatuak migratzen hasi ziren beren lan indarra saldu ahal izateko; desplazamendurako arrazoiak erabat ekonomikoetara mugatu ziren, eta horrek arrazionalitate hertsiki ekonomikoa eman zien lekualdatze horiei.

Produkzio harreman kapitalistak finkatu ondoren, inperialismoak munduko lurraldeak erlazionatzeko modu historikoa izateari ekin zion. Kapitalaren errentagarritasunarekin eta metatze tasa mantentzearekin lotutako kontraesanak sortu ziren, eta, ondorioz, burgesiak espazio berriak bilatu behar izan zituen bai esplotazio kapitalistarako, bai kapital soberakina eta soberako eskulana modu errentagarrian inbertitzeko. Burgesia horren helburua zen merkatua zabaltzea kapitalismoak oraindik garatzeko aukera zuen eremuetara, hala nola Afrikara eta Asiara.

Hedapen horrek harreman sozialak eraldatu zituen mundu mailan. Alde batetik, zentzu politikoan, lurraldearen antolaketak nazio-estatuaren forma hartu zuen. Bestetik, zentzu ekonomikoan, lanaren nazioarteko banaketa berriak mundua bitan banatu zuen: erdigune inperialista eta periferia. Kapitalismoaren bi ezaugarri horiek erabakigarriak dira migrazio fluxuak ulertzeko.

Lehenengo elementuari dagokionez, nazio-estatuak ekoizpen harreman kapitalistak maila globalean garatzeko modu politiko moduan eratu ziren. Horrek mundua lurralde nazional independenteetan banatzea ekarri zuen. Estatuek, beren dominazioa kudeatzeko eta interes ekonomikoak hedatzeko tresna burges gisa, muga politiko berriak eraiki zituzten planetan zehar. Horrela, burgesiak, lurraldearen gaineko subiranotasun politikoa finkatzearekin batera, migrazio legeria eta politikak ezarri behar izan zituen, lurraldeetan sartzeko eta bizitzeko prozedurak arautuz.

Nazio-estatuen nazioarteko ordena politiko kapitalistaren ondorioz, langile nazionala eta atzerritarra juridikoki bereizten hasi zen burgesia, eta bereizketa hori aprobetxatu zuten diskurtso arrazistak zabaltzeko, zeinak proletariotza banatzen baitzuten. Hori horrela izanik, esan dezakegu kapitalismoaren antolaketa politikoa dela nazio-estatuen ideia arrazistei zentzu historikoa ematen dien oinarri materialetako bat. Gaur egun, adibidez, segurtasun gabeziaren, Ongizate Estatuaren suntsipenaren edo soldata atzerakadaren kausa da, itxuraz, etorkinen etorrera, eta horrek arrazakeria hedatzen zein migrazio fluxuen murrizketa justifikatzen laguntzen du. Nahiz eta zentzu komun burgesak estatu bateko biztanleen eta atzerritarren arteko mugak edo bereizketak naturaltzat jotzera bultzatzen gaituen, egiaz botere harreman kapitalistek egituratzen dute zatiketa hori.

[...] langile nazionala eta atzerritarra juridikoki bereizten hasi zen burgesia, eta bereizketa hori aprobetxatu zuten diskurtso arrazistak zabaltzeko, zeinak proletariotza banatzen baitzuten

Bigarren elementuari dagokionez, aurreratu dugu kapitalismoaren hedapen historikoak garapen desberdina eragin zuela erdigune inperialistan eta periferian. Kapitalaren dinamikak berezkoa duenez aberastasuna ateratzeko etengabeko beharra, eskualde garatuenetako enpresek merkatu berriak bilatu behar izan zituzten, ekoizpen kostuen eta irabazien arteko marjina handitu ahal izateko. Koloniak, adibidez, aproposak izan ziren beren ekoizpen plantak ezartzeko eta kostuak jaisteko; hori ahalbidetu zuen eskulan merkeagoa erabiltzeak, zeinetan definizioz urratzen baitziren gutxieneko eskubide politikoak. Aldi berean, burgesiak baliabide natural ugari eskuratu ahal izan zituen zuzenean eta doan. Ondorioz, lanaren nazioarteko banaketa artikulatu zen, eta horrek mugatu egin zituen eskualde periferikoek ekoizpen garapenerako zituzten aukerak. Estatu formalki independenteak baina politikoki erdigune inperialistak kontrolatuak ezarri ondoren –hau da, deskolonizazio prozesuaren ondoren–, nazioarteko orekan ez zen ia aldaketarik gertatu. Lurralde inperializatuen garapen ekonomikoa, beraz, mugatu egin zuten potentzia kapitalista handiek; bestela esanda, gune inperialistaren garapen ekonomikoa periferiaren azpigarapenari esker baino ez zen posible izan. Gaur egun, garapen bidean dauden herrialdeen ñabardurak gorabehera, oso argitzailea da banaketa: batetik, erdigune inperialista daukagu, garapen teknologiko handieneko ekoizpen tarteak dituena, eta, bestetik, periferia, balio erantsi txikieneko ekoizpenera kondenatua.

Garapen desorekatu horrek, produkzio mailan ezberdintasunak eragiteaz gain, logikoki, gizartean ere eragiten ditu. Horrela, bizitzeko bi modu erabat ezberdinetan banatuta dago mundua. Mendebaldeko langileen borroka funtsezkoa izan zen bizi maila “onargarria” lortzeko; bizi maila horrek oinarri ditu zerbitzu publikoen nolabaiteko orokortzea, soldata-masek pisu handia izatea ekonomian eta zenbait eskubide politikoren aitortza. Baina munduaren beste zatiaren berealdiko esplotazioak modu penagarri eta ankerrean bizitzera behartzen ditu milaka milioi pertsona, eguneroko miseriaren eta heriotzaren mende, eta bidezkoa da onartzea hura gabe gauzaezinak izango liratekeela erdiguneko kontsumo moduak. Demagun multinazionalek ez dituztela planetako gainerako langileak esplotatzen; akaso uste dugu haiek guretzat ekoitzitako tresna elektronikoek, elikagaiek eta jantziek prezio bera izango dutela? Mendebaldeko bizimodua, kapitalismoaren gizarte koordenatuen pean, munduko pobreek mantentzen dute partzialki behintzat.

Mendebaldeko bizimodua, kapitalismoaren gizarte koordenatuen pean, munduko pobreek mantentzen dute partzialki behintzat

Gaur egun gertatzen diren migrazio fluxuen zati handi baten oinarrian bi bizimodu horien arteko egundoko polarizazioa dago. Etorkizun oparoagoa bilatzea da Mendebaldeko herrialdeetara migratzen dutenen motibazio nagusia. Pobrezia, gosea eta krisia funtsezko faktoreak dira ulertzeko zenbat proletario pilatzen diren “mundu askea” deiturikoaren mugetan. Gerrak eta jazarpen politikoa, izatez, fenomeno beraren ondorio logikoak dira. Estatuek eta potentzia garatuetako burgesiak mota guztietako diktadoreak promozionatzen dituzte proletariotza periferikoaren asmo politikoak geldiarazi eta beren menpe mantentzeko. Era berean, beren interesak arriskuan ikusiz gero, gerra hedatzen laguntzen dute. Eta, azken batean, planetako eskualde askotan era tragiko eta aldiberekoan gertatzen diren fenomeno horiek gertatzea ahalbidetzen duen ordena politiko eta sozialari eusten diote.

Ikuspegi horretatik, migratzailea munduaren zati garatuko proletarioaren interes berberak dituen proletarioa baino ez da; izan ere, bien emantzipazio aukera, nahitaez, nazioarteko burgesiaren botereari eusten dion jabetza-erregimena indargabetzean datza. Hala ere, migratzaileak, bere jaioterrian esplotazio handiagoa jasateaz gain, burgesia nazionalak egindako bereizketa juridiko eta diskurtsiboari aurre egin behar dio. Mekanismo horrek langile klasea politikoki zatitzeko funtzioa betetzen du “kultura nazionalaren oztopo gaindiezinei” edo, zuzenean, arrazismoari dei eginez, baina, horrez gain, migratzailearen eskulanaren posizio debaluatua mantentzeko ere balio du. Eskubide politiko eta sozial jakin batzuk ukatzeak –hau da, bigarren mailako herritarraren presentziak– areagotu egiten du kolektibo pobretuak berez dakarren mendekotasun harremana.

Gauzak horrela, migratzaileak okerren ordaindutako edo aitortza sozial txikieneko lanpostuetara soilik irits daitezke, baliabide edo prestakuntza ezaren ondorioz. Hori gutxi balitz, aparatu politiko oso bat dago Kapitalaren zerbitzura, migratzaileek kondizio horretan jarrai dezaten tematzen dena lurraldera iritsi eta lehen urteetan behintzat. Eskubide osoko herritartasuna lortzeko baldintza izanik lan kontratu bat berehala lortzea edo pare bat urtez modu irregularrean irautea, proletariotzaren zati bat lan merkatuko maila eskasenetan egotera kondenatzen du Estatuak. Hala, burgesiak eta Estatuak biztanleria migratzailea gainerakoengandik bereizita bizitzera behartzen dute, eta indar politiko erreakzionarioek egoera hori baliatzen dute beren diskurtso xenofoboak eta gezur arrazistak hedatzeko. Aipatutako bereizketak ahalbidetzen du, gizarte burgesean, gertaera berak aldi berean haserrea eta kezka eragitea baldin eta gizartean migratzaile bat badu protagonista, edo, besterik gabe, gertaera garrantzirik gabea izatea baldin eta langile nazional batekin lotuta badago. Arrazismoak, azken batean, termino ideologikoetan adierazten du burgesiak sortzen duen langileen arteko banaketa ekonomikoa.

Hala ere, kontuan hartu beharreko elementu garrantzitsu bat ezkutatzen du burgesiak biztanleria migratzailearekiko duen gorroto-diskurtsoak: eskulanaren inportazio selektiboa. Esan dugunez, diskurtso arrazista, gizarte burgesean, proletario periferikoen aprobetxamendu ekonomikoarekin konbinatzen da –bai migratzailearen jaioterriko aprobetxamendua, bai bere estatukoa–. Burgesiak mugak militarizatu ditu migratzaileen sarrera eta irteera Kapitalaren beharren arabera arautu ahal izateko; horretarako, oinarri hartu ditu, batetik, munduko banaketa politikoa nazio-estatuetan, eta, bestetik, migrazio mugimenduak, garapen ekonomiko kapitalista desorekatuak sortuak. Burgesiarentzat, migratzailea merkantzia da, eskulan esplotagarria, baina sozialki mehatxutzat aurkezten dena. Migratzailea subjektu debaluatutzat ulertzen da, eta, hain justu, hura esplotatzearen interes ekonomikoa da arrazismo instituzional eta diskurtsiboaren oinarria.

Migratzailea subjektu debaluatutzat ulertzen da, eta, hain justu, hura esplotatzearen interes ekonomikoa da arrazismo instituzional eta diskurtsiboaren oinarria

Baina zer zentzu du burgesiarentzat lan indar izugarri errentagarria ematen duenaren existentzia kriminalizatzeak? Mugen militarizazioak kontraesan hori adierazten du. Burgesiak eskulana inportatu behar du, baina ez mugaz gaindiko bere jarduera inperialistak eragiten duen modu masiboan. Mugen kontrol militarrari esker, burgesiak bere Estatuaren botere mugak sendotzen ditu, eta, beraz, lurraldean sartzen den potentzial esplotagarriaren kopurua arautu dezake. Horrela, politika burgesarentzat funtzionala da arrazakeria, langileak zatitzeko edo biztanleria migratzailea zigor gisa erabiltzeko, baina, horrez gain, mugetako eraso militarra justifikatzeko ere balio du, bai behar diren migratzaileen kopurua gainditzen dutenen aurkakoa, baita Kapitalak eskatutako prestakuntza-baldintzak ez dituztenen aurkakoa ere.

Aitzitik, burgesiak eskulana behar duenean, mugak irekitzea eta behar horri erantzuteko izapide burokratikoak malgutzea eskatzen dute patronalek eta gobernuek. Baina beti Estatuaren aparatu militarraren kontrol zorrotzaren pean. 

Ikus ditzagun adibide batzuk. Extremadurako Eraikuntzaren Konfederazioak (CNC, gaztelaniazko siglan) ohartarazi zuen, eskulan faltaren ondorioz murriztu egin direla Extremadurako Autonomia Erkidegorako aurreikusitako sustapenak; adierazi zuen, gainera, ez dagoela proiektuak betetzeko behar adinako eskulanik, eta 9.000 profesional behar direla. Arazo hori atzerapenak eragiten ari da, eta beste proiektu batzuk ez dira aurrera ateratzen ari. Patronalak berak proposatu du irtenbidea: gune horretako migratzaileen egoera irregularra legeztatzea.

Urte honen erdialdean, Espainiako Diputatuen Kongresuan tramitatzen ari zen Legegintzako Herri Ekimenaren alde agertu zen Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidentea, Antonio Garamendi. Jakina, haren helburua ez zen gizaki orok izan beharko lituzkeen oinarrizko eskubideak aitortzea. Bete gabeko hainbat lanpostu ziren haren kezka. Izan ere, hainbat sektoretako patronalek, hala nola ostalaritza, nekazaritza eta eraikuntzakoek, eskulan gutxi dagoela salatu dute .

Joan den abuztuan, Fabio Panetta Europako Banku Zentraleko (EBZ) Gobernu Kontseiluko kide eta Italiako Bankuko gobernadoreak adierazi zuen EBk eskulana inportatu behar duela, “legezko langile atzerritarren joan-etorria bultzatzen duten neurriak, erantzun arrazionala baitira ikuspegi ekonomikotik”. Era berean, Adrian Prettejohn Capital Economics enpresako analistak nabarmendu zuen “biztanleriaren zahartzearekin, immigrazio netoak nabarmen egin beharko duela gora, lan egiteko adinean dauden biztanleen kopurua mantentzeko egungo tamaina berean mantentzeko”.

MIGRAZIOAREN ERREALITATEA ESPAINIAR ESTATUAN

Espainiako Estatuko egungo migrazio errealitatea ulertzeko, lehenik eta behin ulertu behar dugu migrazio fluxuak arautzen dituen politika bi faktore hauen arteko orekan oinarritzen dela: batetik, periferiako eskulanaren trafikoaren kontrola eta, bestetik, estatu hartzaileen erantzukizun politika. Politika horien helburua estatu hartzaileak langile kopuru egokiaz hornitzea da, kapitala metatu ahal izateko; aldiz, pertsona horiek, herritar izanik, duten erantzukizun politiko eta soziala murriztu nahi da, askotariko herritar estatusak edo aldi baterako baimenak sortuz, adibidez. Pertsonak Kapitalaren interesen arabera sailkatzeko eta haiei baldintza sozial espezifikoak egozteko balio dute mugek.

Pertsonak Kapitalaren interesen arabera sailkatzeko eta haiei baldintza sozial espezifikoak egozteko balio dute mugek

Ikus ditzagun zifrak orain. Kontsultatutako datuen arabera, 2015etik gora egin dute Espainiako Estatura iritsi diren migratzaile legalek. 2015ean, 400.000 migratzailek pasatu zituzten estatuko mugak. 2022an, aldiz, kopurua 1.200.000ra igo zen. Kopuru horiei migrazio “irregularra” gehitu behar zaie, ez baitago zenbatuta mahaigaineratutako datuetan; azken horiek 31.219 izatera iritsi ziren 2022an, aurreko bi urteetan baino pixka bat gutxiago.

2015etik hona gora egin du Espainiako lurraldean urtero modu irregularrean sartzen diren proletario migratzaileen kopuruak. 2015ean, 20.000 pertsona baino gutxiagok lortu zuten Estatuko mugak pasatzea. 2021ean 40.385 eta 2020an 40.100 migratzaile izan ziren. Erregistratutako zifrarik altuenak 2018koak dira, 64.298 langile “irregular” sartu baitziren Espainiako Estatuan. Erregistratutako azken datuak 2023koak izan dira, eta, hartan, 56.852 migratzaile zenbatu ziren.

Horietako asko itsas bideetatik iristen dira. 2023an, 55.618 itsasoz iritsi ziren, eta 1.234 baino ez ziren iritsi lehorretik Ceuta eta Melillara. Egoera horrek, beraz, Mediterraneo itsasoa bihurtzen du azken urteetako migrazio fluxuen ibilbide nagusi, batez ere gatazka eremuetako masa proletarioen kasuan.

2014ko urtarrilean datuak biltzen hasi zirenetik, gutxienez 61.457 pertsona hil edo desagertu dira mundu osoko migrazio ibilbideetan. Mediterraneoan hil dira pertsona horien heren bat baino gehiago –28.806 pertsona–.

2023an migrazio-prozesuetan heriotza gehien eragiten duen arrazoia itotzea da (34.961 pertsona), eta, ondoren, garraio arriskutsuak (4.959 biktima). Indarkeriaren ondorioz 3.593 pertsona hil dira, eta 3.481 migratzaile hil dituzte muturreko ingurumen baldintzek zein aterpe, janari edo ur faltak. Gaixotasunek 1.579 heriotza eragin dituzte, eta istripuek 702. Gainera, 8.594 pertsona hil dira kausa ezezagunen edo aipatutako arrazoi bat baino gehiagok bat egitearen ondorioz. 

Joan-etorri horiekin lotutako beste arazo bat mugan egiten diren itzulketa irregularrak dira. Barne Ministerioaren datuen arabera, 2017an Espainiako Gobernuak 607 pertsona errefusatu zituen mugan eta, 2018an, berriz, 658. Espainiako Gobernuko kideek idatzitako erantzunen batean adierazitakoaz gain, Barne Ministerioak ez du praktika horri buruzko daturik ematen, ez urte horietakoak, ez hurrengoetakoak. Eta kazetaritza-iturri batzuk datuak bilatzen saiatu badira ere, ezin izan dute aurkitu praktika horren zifra zehatzik. Opakutasuna erabatekoa da.

Kopuru jasanezin horiek ixten dute mundu osoko nahitaezko desplazamenduen gorakadak markatutako hamarkada; horri, gainera, EBren akordio berria gehitu beharko zaio, etorkizuneko Migrazio eta Asilo Ituna definituko duena. Akordio horrek asilo eskubidea are gehiago ahulduko du, eta Europako kontinenteko burgesiaren baimenik gabe EBra iristen saiatzen direnei oztopo handiagoak jarriko dizkie.

ONDORIOAK

Kapitalismoak gure bizitzak gobernatzen dituenetik, funtsean, ez da batere aldatu artikulu osoan deskribatutako errealitatea. 1913an, Leninek ohartarazi zuen kapitalismoak “nazioen migrazio modu berezia” ekarri zuela, non “garapen azkarrean dauden herrialde industrialek (...) munduko merkatutik kanporatzen dituzten atzeratutako herrialdeak, beren mugen barneko soldatak batez besteko tasaren gainetik igotzen dituzten eta, beraz, atzeratutako herrialdeetako proletarioak erakartzen dituzten”. Proletario migratzaileei dagokienez, errusiarrak zehaztu zuen “kapitalismo aurreratuak indarrez xurgatzen dituela bere orbitara, bizi diren urrutiko eskualdeetatik urruntzen dituela, munduko mugimendu historiko baten partaide egiten dituela, eta aurrez aurre jartzen dituela nazioarteko jabe industrialen klase batu eta boteretsuarekin”. Proletarioek migratzeko zituzten arrazoiei dagokienez, hau adierazi zuen: “zalantzarik gabe, muturreko pobreziak jaioterria uztera behartzen ditu pertsonak, eta kapitalistek modu lotsagabeenean esplotatzen dituzte langile etorkinak”. Baina, aldi berean, argi esan zuen “erreakzionarioek bakarrik itxi ditzaketela begiak nazioen migrazio moderno honen esanahi progresisten aurrean”.

Ordenaren Alderdiko politikariek muga natural eta eztabaidaezina ikusten duten lekuan, komunistok zatiketa artifizial bat ikusten dugu, burgesiaren botere politikoari erantzuten diona. Burokratek babestu beharreko lorategiak ikusten dituzten lekuan, proletariotza nazional eta periferikoaren azpiratzean oinarritzen den nazioarteko ordena ekonomikoa ikusten dugu komunistok. Enpresariek eskulan debaluatua ikusten duten lekuan, komunistok klase bereko kide bat ikusten dugu. Ezkerreko eta eskuineko erreakzionarioek beren frustrazio propioak askatzeko errudun bat ikusten duten lekuan, komunistok kamarada bat ikusiko dugu.

Leninek dioenez, “nazio bateko langileak beste batekoen aurka egitera bultzatzen ditu burgesiak, haiek bananduta mantentzeko ahalegina egiten baitu”. Politika komunistak, orduan, kontrako norabidean joan behar du: irmoki egiten dio aurre arrazakeriari, helburu izanik nazio guztietako proletariotzaren bat-egitea, indar politiko bateratuaren bitartez.


BIBLIOGRAFIA

Ritchie, G. et al. (eds.) (2022), Marxism and migration, Palgrave.

Mezzadra, S. & Neilson, B. (2017), La frontera como método, Traficantes de sueños. 

Vogel, R. D. (2013)., Marxist theories of migration, Wiley-Blackwell. 

González, N. (2011). Migrantes, procesos de irregularización y lógicas de acumulación y exclusión.

Lenin (1913). Capitalismo e inmigración del proletariado.

De Genova, N. (2028), The deportation power.

DATU OROKORRAK

Eusko Jaurlaritza (2022ko urria), VI Herritartasunaren, immigrazioaren eta asiloaren kulturarteko VI. plana 2022-2025, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Eusko Jaurlaritza (2018ko urria), Migraziorako Euskal Itun Soziala, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Portal de datos sobre migración, Flujos migratorios internacionales

Espainiako Barne Ministerioa, Inmigración Irregular 2024.

EZ DAGO IRUZKINIK