«Natura gizakiaren gorputz inorganikoa da; natura, berez, ez da giza-gorputza. Gizakia naturatik bizi dela esateak esan nahi du natura gizakiaren gorputza dela, eta, ez hiltzeko, gorputz horrekin batera jardun behar duela etengabe» - Karl Marx
«(...) Diru-balioa duen animalia basati oro, eta etekinak eman ditzakeen landare basati oro segituan dira sarraskian amaituko den lasterketa baten xede» - Anton Pannekoek
«Wall Street natura antolatzeko modu bat da» - Jason Moore
Gauza jakina da dagoeneko gizateria bere bizi-oinarriak suntsitzeko prozesuan dela. Gero eta sarriago gertatzen diren fenomenoak dira biosferaren suntsiketa, energia eskasia, behin eta berriz gertatzen diren lehorteak, elikadura krisiak edota baliabide naturalen agortzea. Eta fenomeno horien sakoneko arrazoia kapital metaketaren arrazionaltasunaren menpean gertatzen den gizartearen eta naturaren arteko elkarrekintzan datza. Idazki honen asmoa zera da: batetik, kapital metaketak ezinbestean ingurune naturalaren degradazioa ekartzen duela erakustea, eta bigarrenik, degradazio hori gauzarazten duten fenomeno zehatzak azaltzea.
NATURAREN ETA GIZARTEAREN ARTEKO BATASUNA
Marx, haren lehen ikerketetan, azaltzen ahalegindu zen gizartearen lanaren bidezko erreprodukzioak naturaren eraldaketa kontzientea ekartzen duela. Filosofoak bere 1844ko lehen Eskuizkribu Ekonomiko-filosofikoan azaltzen du ekoizpen-jarduera –lanaren zehaztapenik oinarrizkoena– gizakiaren eta naturaren arteko bitarteko bat dela. Bitarteko hori erabiliz, gizakiak ingurunea eraldatzen du naturak eskura uzten dizkion ondasunak hartzeko eta kontsumitzeko, eta horrela, bere beharrak asetzeko. Gizartearen eta naturaren arteko interakzio metaboliko horren bitartez, gizakiak lantzen duen ingurune naturalaren materialtasuna itxuraldatu egiten du. Azken batean, gizakiaren ekoizpen-jarduerak, objektu erabilgarriak sortzeaz gain, natura eraldatu ere egiten du.
Gizakiaren ekoizpen-jarduerak, objektu erabilgarriak sortzeaz gain, natura eraldatu ere egiten du
Garrantzitsua da aipatzea, Jason Moorek azaltzen duen legez, gizakiaren eta naturaren arteko harreman metabolikoaren deskribapen hori ikuskera cartesiarraren kontrakoa dela; izan ere, azken horrek harremanaren bi kideak, gizakia eta natura, bi esfera isolatu eta independente gisa deskribatzen ditu. Ordea, naturak eta gizarteak batasun organiko bat osatzen dute. Horrela, antolaketa sozialean gertatzen diren aldaketek beste aldaketa batzuk eragiten dituzte naturan, eta gauza bera gertatzen da alderantziz[1]. Bi ikuskera kontrajarri horien arteko desberdintasuna ez da metodologia kontu hutsa; izan ere, gizartearen eta naturaren arteko harremana ulertzeko moduak ondorio garrantzitsuak ditu ingurumenean eragiten den kaltearen arrazoi sistemikoak aztertzean.
KAPITALOZENOA ALA ANTROPOZENOA?
Gaur egun, magufoek eta zenbait pertsonaia interesatuk izan ezik, pertsona gutxik ukatzen dute hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren degradazioaren arteko harreman estua. Harreman hori era zabalean ikusarazi da ikerketa enpirikoen bitartez[2]. Alabaina, harreman hori egia hutsa izanik ere, ez du asmatzen ingurumenaren kaltearen azpiko kausak deskribatzen. Harreman horren atzean dagoen argudiaketaren arabera, gizateria da –era abstraktuan– naturaren suntsiketaren azken kausa. Horrela, ideia horren aldekoek adierazten dute gaur egun Antropozenoaren aro geologikoan egongo ginatekeela, giza jarduerak prozesu geofisiko globaletan eta ekosistemetan duen inpaktuak ezaugarritutako aroan[3].
Harreman hori egia hutsa izanik ere, ez du asmatzen ingurumenaren kaltearen azpiko kausak deskribatzen. Harreman horren atzean dagoen argudiaketaren arabera, gizateria da –era abstraktuan– naturaren suntsiketaren azken kausa
Gizateria ingurumen-kaltearen azken kausa dela babesten duen ideia azalekoa eta oso problematikoa da hainbat arrazoiengatik, baina, bereziki, gizazteria ez delako desberdindugabeko osotasun gisa existitzen; ez delako jarduera-batasun homogeneoa duen eta agente kolektibo gisa diharduen gizateria abstrakturik existitzen. Hori ezin da gertatu klasetan banatutako gizarte batean. Gizakien eta naturaren arteko egungo interakzioaren eta horrek dakarren ingurumen-kaltearen kausa kapital metaketak eragiten duen gizarte-antolaketa da.
Kapital metaketaren agindupean inposatzen da etekinik handienaren bila lehiatzearen arrazionaltasun ekonomikoa. Beste era batera esanda, kapitalismoak baliabide merkeak eta seguruak lortzeko borroka lehiakorra eskatzen du, eta kutsadura, ur eskasia, ekosistemetako kaltea edota baliabide naturalen agortzea bigarren mailako ondorioak baino ez dira. Kapitalak ingurune naturalarekin duen harremanaren helburua ez da naturarekin harreman iraunkor bat ezartzea, baizik eta haren erabilera errentagarria[4]. Gizarte-antolaketa kapitalista ere, non kapital eta lan inbertsioko erabakiak aginte kapitalistaren esku dauden, natura antolatzeko modu bat da. Aldi berean, ingurunearen kaltearen eta klima-aldaketaren prozesuen jatorria klase-banaketan eta kapitalistek ekoizpen materialaren eta baliabideen gainean duten kontrolean dago. Ez gara Antropozenoan bizi, Kapitalozenoan baino[5]: gizarte batean zeinetan, azken buruan, Kapitalaren erreprodukzio zabalduak eta burgesia globalak egiten duen Kapital horren metaketak gobernatzen dituzten lanaren antolaketari buruzko erabakiak, baliabideen inbertsioa eta hortik sortzen den naturarekiko harremana.
Kapitalismoak baliabide merkeak eta seguruak lortzeko borroka lehiakorra eskatzen du, eta kutsadura, ur eskasia, ekosistemetako kaltea edota baliabide naturalen agortzea bigarren mailako ondorioak baino ez dira
KAPITALOZENOA ZENBAKITAN
Ingurunearen kalteak klase-izaera nabarmena duela aipatzen denean, adierazten da, besteak beste, 2019an munduko populazioaren %10 aberatsenak eragin zuela CO2 igortzeen %48; aldiz, %50 pobreenak emisio globalen %12 eragin zuen[6]. Beste era batera esanda, tamainan bost aldiz txikiagoa den talde batek munduko populazioaren erdiaren CO2 emisioa baino lau aldiz handiagoa egiten du.
Gainera, prozesu ekonomikoak kontrol kapitalistaren menpean egonda, garapen teknologikoaren eta zientifikoaren xedea etekin handiagoak izatea da, eta, ondorioz, naturarekiko interakzioa jasanezina bihurtzeak ez du axolarik. Plastikoen industriren sorrerak –normalean petrolioaren deribatu kimikoetatik abiatutako polimero sintetizatuak– aurrerapen handia ekarri zion garapen kapitalistari. Izan ere, petrokimikoetatik eratorritako plastikozko produktuak egokiera handiko materialak izaten dira, erraz fabrikatzen dira, eta haien ekoizpenak oso kostu txikiak ditu. Hori bai, plastikoaren erabilera masiboarekin batera dator ingurumenaren degradazioa. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) 2022ko txosten bateko datuen arabera[7], urtean 350 milioi tona plastiko ekoizten dira. Eta kontua da hondakin plastiko guztiak ez direla behar bezala tratatzen: urtean gutxi gorabehera 19 milioi tona plastikok lurreko ingurune naturaletan, ibaietan, kostaldeetan eta itsasoetan amaitzen dute[8].
Motor elektrikoak bultzatutako ibilgailua da erakundeen lehen aukera gaur egungo garraio ereduak eragiten dituen CO2 igorpenak saihesteko –barne-errekuntzako ibilgailuetan oinarritua dago eredu hori–. A priori, kutsatzen ez duen energiak bultzatutako ibilgailuak orokortzea aurrerapauso handia izan beharko litzateke ingurumenaren kaltea murrizteko, baina auto elektriko estandar baten 80 kWh-eko litio bateria bat ekoizteko, 2,4 eta 16 tona arteko CO2 emisioak izaten dira. Konparazio batera, gasolio motorra duen ibilgailu batek 10.000 eta 64.000 arteko kilometro kopurua egiten igorriko lukeena. Gainera, digitalizazioarekin eta elektrifikazioarekin zerikusia duen industriak litioa, kobaltoa edota nikela bezalako lehengai oso espezifikoak behar ditu, eta elementu horiek fintzeko eta prozesatzeko, agente kimiko kaltegarriak eta ur kantitate izugarri handiak erabili behar dira.
Kapitalak, halaber, naturarekiko jasangarritasun gutxiko energia-erabilera ekartzen du. Metaketaren logikak –hau da, Kapitalaren izaria etengabe haztea– baliabideen erabilera jarraitua eskatzen du, eta horren konfigurazio praktikoak ezinbesteko egiten du energia fosila. Egungo energiaren kontsumoa 1950ekoa baino sei aldiz handiagoa da, eta, energia-iturri berriztagarrietatik lortzen den energia kantitatea gero eta handiagoa den arren, energia kantitate hori munduan kontsumitzen den guztiaren bosten bat baino txikiagoa da. Munduan erabiltzen den iturri fosilen energia kantitatea ez da hazi besterik egin azken hamarkadetan[9]. Izan ere, energiarekin lotutako industria-jarduera errentagarrienetako bat da kapitala inbertitzeko eskura dauden ekoizpen arloen aukeren artean: gaur egun, Blackrock inbertsio funts erraldoia da Repsol, Enagas eta Iberdrolaren lehen akzioduna.
Nabarmendu behar den beste gai garrantzitsu bat lurraren erabilera kapitalista da. Nekazaritzara bideraturiko lur proportzioa eta nekazaritzak behar dituen baliabideen kopurua gero eta handiagoak dira. Bizitzeko egokia den planetako lur guztiaren %50 nekazaritza-ekoizpenerako erabiltzen da. Are gehiago, mundu mailan erauzten den ur gezaren %70 nekazaritzara bideratzen da, eta jarduera hori da akuiferoen kutsaduraren ia %80ren eragilea. Nekazaritza eta abeltzaintza industriaren handitasunaz jabetzeko, azkenik, nabarmentzekoa da abereek animalia ugaztun guztien %94 hartzen dutela eta, aldiz, animalia basatiek, %6. Horrekin batera, baso-soiltzea izan da nekazaritza eta abeltzaintza industriaren ekoizpena handitzeko baliabide garrantzitsuenetako bat.
Ongarrien erabilerak –lurraren emankortasuna eta laboreen errendimendua handitzeko balio dute– garrantzi berezia dauka garapen kapitalistarako. Izan ere, historian zehar ongarriak eskura izateak eta erabiltzeak baldintzatu dituzte metaketa globalaren zikloak. Era berean, nitrogenoa bezalako ongarri ez-organikoak, zeintzuen erabilera hamar aldiz handitu den azken sei hamarkadetan, ekosistemen eta ur baliabideen kutsadura-iturri handiak dira.
Metaketaren arrazionaltasunaren pean –eta horrek dakartzan baliabideen ahitzearen eta garestitzearen pean– ezarri diren naturarekiko harremanak hain kalte handiak ditu egun, ezen harreman hori arazo bihurtu baita garapen kapitalistak aurrera jarrai dezan. 70eko hamarkadatik aurrera, agintariak eta zientzialariak modu serioagoan hasi ziren aintzat hartzen ingurumen arazoengatiko kezka, baita arazo horien eta jarduera ekonomikoaren hazkundearen arteko harremana ere. Hala ere, arazo horiei aurre egiteko proposamen gehienek merkatua mekanismo eraginkor gisa ikusten zuten baliabideak banatzeko. Horrela, euren proposamenek ideia hau zuten ardatz: merkatu-pizgarrien bidez –zergak, jarduera batzuk murriztu nahi izanez gero, ala laguntzak, zenbait jarduera bultzatu nahi izanez gero– eta erregulazioaren bidez posible izango litzateke baliabide naturalak modu efizienteagoan eta jasangarriagoan erabiltzea. Gaur egun, hori da oraindik ere gehiengoaren ikuspegia.
Adibidez, erakundeek klima-aldaketari aurre egiteko proposaturiko neurri garrantzitsuenetakoak dira isuri-eskubideen erregimenak, jatorri fosileko erregaien gaineko zergaren ezarpena edota energia berriztagarria ekoizteko dirulaguntzak. Bestalde, ingurumenaren degradazioaren erantzukizuna kontsumitzailearenera eta haren aukera pertsonaletara lekualdatzen dute, eta, horretarako, produktu ekologikoak eta tokiko kontsumo mugimenduak sustatzen dituzte.
Horrela, saihetsi ezin duten kontraesan batean erortzen dira nazioarteko erakundeek, hots, kapital globalaren aginte politikoek jasangarritasun globalaren arloan hartzen dituzten erabaki estrategikoak. NBEk ezarritako eta estatu kide guztiek bultzaturiko Garapen Jasangarrirako Helburuek argi eta garbi adierazten dute gai hori: ekonomia globalaren %3ko hazkunde ekonomikoa eskatzen da –Kapitalaren metaketa betierekoaren metafora besterik ez da–; horretarako, baliabide natural merkeak erabili behar dira etengabe, eta aldi berean, “naturarekiko harreman harmoniatsua” ezarri nahi da. Ikusi dugunez, kapital globala metatzeko prozesuaren lehiakortasun-aginduek ingurumenaren degradazioa dakarte. Gainera, garapen kapitalistak lan-indarraren produktibitatea handitzeko duen joera kontuan hartu behar da. Izan ere, Kapitalak lan indarra kapital konstantearekin ordezkatzen du –eta lan indar bizia kanporatzen du lan indar soberakin gisa–. Kapitalaren joera horrek arazoa larriagotu du. Kapitalaren erakundeak irtenbiderik gabeko kalezulo moduko batean daude, ekonomiaren geldialdiaren, ingurumenaren kolapsoaren eta gainpopulazio erlatiboaren gorakadaren artean. Azken prozesu hori lan-indarra sistematikoki kanporatuz egiten du Kapitalak[10]. Naturarekin harreman iraunkorra duen eta baliabide naturalen erabilera jasangarria egiten duen gizarte bat izateko aukera bakarra hau da: gizarte horrek Kapitalarekin eta haren etekinak lortzeko lehiaren arrazionaltasun ekonomikoarekin amaitzea, eta produkzioaren inguruko erabakiak kapital metaketaren irizpideen menpeko kontroletik askatzea.
(...) ekonomia globalaren % 3ko hazkunde ekonomikoa eskatzen da –kapitalaren metaketa betierekoaren metafora besterik ez da–; horretarako, baliabide natural merkeak erabili behar dira etengabe, eta aldi berean, “naturarekiko harreman harmoniatsua” ezarri nahi da
BIBLIOGRAFIA
[1] Moore, J. W. (2020). El capitalismo en la trama de la vida: ecología y acumulación de capital. Madril: Traficantes de sueños.
[2] Hickel, J., & Kallis, G. (2020). Is green growth possible? New political economy, 25(4), 469-486;
[3] Steffen, W., Persson, Å., et al. (2011). The Anthropocene: From global change to planetary stewardship. Ambio, 40, 739-761.
[4] Saito, K. (2022). La naturaleza contra el capital: El ecosocialismo de Karl Marx. Bellaterra.
[5] Moore, J. W. (Ed.). (2016). Anthropocene or Capitalocene? Nature, history, and the crisis of capitalism. Pm Press.
[6] Chancel, L. (2022). Global carbon inequality over 1990–2019. Nature Sustainability, 5(11), 931-938.
[7] OECD (2022), Global Plastics Outlook: Economic Drivers, Environmental Impacts and Policy Options, OECD Publishing, Paris.
[8] Konparazio bat egiteko: masa kantitate hori AHTko 50.000 trenen baliokidea izango litzateke.
[9] Energy Institute - Statistical Review of World Energy (2023)
[10] Alami, I., Copley, J., & Moraitis, A. (2023). “La «perversa trinidad» del capitalismo tardío: gobernar en una era de estancamiento, humanidad sobrante y colapso medioambiental.” Contracultura.
HEMEN ARGITARATUA