ARGAZKIA / Beñat Etxebarria
Jose Castillo
@josecast23
2022/03/02

Mundu guztiak daki unibertsitate publikoa jada ez dela lehen zen hori. Ikerketa-erreportaje honen bidez, kapital pribatuak unibertsitate publikoko arlo osoen gaineko zuzeneko kontrola lortzeko darabiltzan alderdi kuantitatibo eta kualitatiboak ezagutzera eman nahi dira. Joera hori, kasualitatea izatetik urruti, Estatuaren unibertsitate-eredu kapitalistaren sorrerari eta krisi garaietako eredu aldaketari dagokio.

Agerikoa da hezkuntzak, eta bereziki unibertsitateak, beste gizarte instituzio batzuekin batera, harreman sozial kapitalisten erreprodukzioan eta betikotzean betetzen duen zeregin nagusia. Instituzio hori etorkizuneko lan-indar merkantzia erreproduzitzeko oinarrizkoa da, gaur egun ikasgeletan dauden eta etorkizun hurbilean lan-merkatua edo langabezia-ilarak, lan-erreserbako armada, osatuko dituzten ikasleak baitira.

Unibertsitateek eta lan- edo ekoizpen-eremuek antzeko antolakuntza eredua daukate. Giza-masa zabalak aginte burokratizatu, inpertsonal, errutinario eta hierarkizatuaren mende elkartzen diren lekuak izan ohi dira. Bi tokietan lana kanpo-pizgarrien bitartez saritzen da, soldata edo kalifikazio akademikoak kasu. Soldatak norbanako zehatz bat gizarte kapitalistan gizarteratzea arautzen badu, notek norbanakoa prestatu eta Kapitalaren erreprodukzio-beharren estandar historiko-koiunturaletara egokitzen dute.

Horrenbestez, unibertsitatean, hezkuntza sistema kapitalistaren osotasunaren parte den heinean, gizartean nagusi diren ekoizpen-harreman sozialak ikasten direla esan daiteke. Horregatik, definizio horri jarraiki, ezin dira bereizi unibertsitate publikoa eta pribatua ezarritako gizarte-baldintzak erreproduzitzeko azken helburuari dagokionez. Jomuga horretara heltzeko modu desberdinak dituzte, ordea. Gainera, nabarmendu behar da helburu hori lortzeko unibertsitateak darabilen bitarteko nagusia ez dela soilik gaitegi kurrikular zehatz batzuk irakastea, baizik eta hainbat praktika, ohitura, ikasle-­irakasle arteko interakzio-forma eta abar baliatzea ere. Horiek ahalbidetzen dute unibertsitateko hezkuntza-­munduan txertatuta dagoen ikasleak ekoizpeneko gizarte-­harreman nagusiak barneratzea, sistema publiko zein pribatuari propioa zaien ezaugarria, alegia [1].

Halere, ikusi dugun bezala, unibertsitate publikoak klase kapitalista osoaren interesei erantzuten badie harreman sozial kapitalisten erreprodukzioan, Estatuko zuzendaritzaren bitartez, unibertsitate pribatuak kapitalista pribatuen talde jakin batzuen interes eta behar zuzenei erantzuten die. Jakina, kapitalismoan Kapitalaren fakzio ezberdinak merkatu-eremu zabalagoen eta ekoizpen-gaitasun handiagoak lortzeko etengabeko lehian ari direnez, kapital pribatu indibidual guztiak unibertsitate publikoan eragiten saiatzen dira, irakaspenak eta ikerketa lanak euren interes propioetara egokitzeko.

Unibertsitate publikoak klase kapitalista osoaren interesei erantzuten badie, unibertsitate pribatuak kapitalista pribatuen talde jakin batzuen interes eta behar zuzenei erantzuten die

Artikulu honen xede nagusia hau da: unibertsitate publikoa gizarte kapitalistaren helburu orokorrek gidatzen badute ere, proletalgoaren artikulazioaren eta borroka politiko antolatuaren bidez, historikoki unibertsitate pribatuetan egon ez diren irakaskuntza eta katedra askatasuneko espazioak zein askatasun politikorako kuotak lortu izan direla ulertaraztea. Hala eta guztiz ere, bizi dugun Kapitalaren krisi eta ofentsiba burgesaren garaian, lorpen horietako asko atzerakadan daude. Nabarmen ikusten da hori kapital pribatuek unibertsitate publikoaren gaineko botere-kuota handiagoak eta zuzeneko kontrol handiagoa lortu izanarekin.

PRIBATIZAZIOA: KAUSA ETA ONDORIOAK

Unibertsitate publikoaren pribatizazio masiboaren hasiera 1970eko hamarkadan hasitako kapital-metaketaren krisian koka dezakegu. Hala ere, Europako unibertsitate publikoen sistemarentzat, mende berriaren hasierako planena izan zen atzera bueltarik gabeko data nagusia, 2000. urte inguruan. Gaur egun, krisi kapitalistak Estatuko gastu publikoaren murrizketari dagokionez ezartzen duen zuzeneko emaitza gisa, hainbat motatako enpresa pribatuak unibertsitate publikoen finantzaketaren parte aktibo izatera igaro dira. Horrela, unibertsitatearen ikerketa-eremu zabalen eta haren helburu ekonomikoen gainean erabakitzen dute.

Hainbat motatako enpresa pribatuak unibertsitate publikoen finantzaketaren parte aktibo izatera igaro dira

Gainera, hori Europar Batasunak bere kide diren estatu guztiei ezarritako ibilbide luzeko joera da. Europako Batzordeak jada 2001eko urtarrileko txosten batean gomendatu zuen I+G+b deritzon ikerketa zientifikoko gastuaren bi heren inguru enpresen ekarpen pribatuen bidez estaltzea [2]. Helburu horrekin, enpresa pribatuek unibertsitateetako sail osoak azpikontratatzen dituzte, haien finantzaketa baldintzatzen dute edo unibertsitateko campusetan bertan parke teknologikoak sortzen dituzte, enpresa horien zuzeneko babes ekonomikoaren bidez.

Europako Batzordeak jada 2001ean gomendatu zuen ikerketa zientifikoko gastuaren bi heren inguru enpresen ekarpen pribatuen bidez estaltzea

Joera hori agerian geratzen da unibertsitate-mundu anglosaxoian, enpresa pribatuak fakultate osoak zuzenean kontrolatzera igaro diren horretan, mundu akademiko latino-mediterraneoan gehiago irauten duen eredu publikoan baino. Horren adibide da, Britainiako BP petrolio-konpainiak (British Petroleum) eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitateak (AEBetako unibertsitate publikorik entzutetsuena) sinatutako ituna, Energy Bioscience Institute sortzeko. Horrek, azken hamarkadan, Britainiako petrolio-enpresaren 500 milioi dolarreko zuzeneko finantzaketaren bidez, genetikoki eraldatutako zerealetatik abiatuta sortutako bioerregaiei buruzko hainbat ikerketa aurrera eraman ditu. Noski, finantzaketa horren truke, petrolio-­enpresak beretzat gorde du ikerketa horietatik lortutako emaitza guztiak komertzialki ustiatzeko eskubidea.

Izan ere, ikertzaile zientifikoaren askatasunaren arazoa ibilbide luzeko arazoa da unibertsitate anglosaxoian. 2002. urtean dagoeneko New England Journal of Medicine aldizkari akademikoak publikoki barkamena eskatu behar izan zuen, aldizkariko batzorde editoriala ohartu baitzen 1997tik argitaratutako artikuluen erdiak, sendagai desberdinak baloratzen zituztenak, ebaluatutako produktuak ekoizten zituzten farmazeutikekin lotura ekonomikoak zituzten ikertzaileek idatzitakoak zirela. Hala, katedra-independentzia eta ikertzaileen lanaren egiazkotasuna zalantzan jarri ziren [3].

Unibertsitateko ikerketako sail osoak zuzenean edo zeharka kapital pribatuen finantzaketaren menpe egoteak ikertzaile asko autozentsurara behartzen ditu, finantzatuko diren emaitzak lortzeko, eta ez gizarte osoaren onerako garrantzitsuenak direnak. Horren harira, Naomi Kleinek, Kanadako kazetari eta idazle ezagunak, adibide argigarri bat aurkeztu zuen [4]. 1998an, Nancy Olivieri doktoreak, Torontoko Unibertsitateko zientzialari eta talasemia izeneko odol-gaixotasunean adituak, Apotex erraldoi farmazeutikoarekin ikerketa-kontratu bat sinatu zuen. Enpresak nahi zuen Olivierik deferiprona drogak talasemia zuten gaixo gazteengan zuen eraginkortasuna azter zezala. Zenbait kasutan substantziak bizitzarako arriskutsuak ziren albo-­ondorioak sor zitzakeela egiaztatzen zuten frogak aurkitu zituenean, Olivierik ikerketan parte hartzen zuten pazienteak eta gaian espezializatuta zeuden adituak informatzea erabaki zuen. Apotexek ikerketa bertan behera utzi zuen, eta, bere ondorioen berri ematen bazuen, Olivieri auzitara eramango zuela mehatxu egin zuen, ikertzaileak ahaztutako bere kontratuko klausula bat seinalatuz. Klausula horretan, enpresari aitortzen zitzaion ikerketa amaitu eta, bi urteko epean, emaitzak argitaratzeko eskubidea beretzat gordetzeko eskumena.


Gainera, sistema kapitalistaren joera propioekin bat etorriz, epe laburrekin eta inbertsioak lehenbailehen balorizatzeko saiakeren eskutik, korporazio pribatu handiek ikerketa aplikatuan inbertitzeari lehentasuna eman ohi diote, ikerketa teoriko edo orokorrean inbertitzeari baino. Hau da, unean uneko industrian zuzenean eta berehala aplika daitezkeen emaitzak estrapolatzeko xedea duten ikerketa zientifikoen finantzaketa lehenesteko joera dute. Joera horri jarraiki, zientzia sozial eta abstraktuagoen eremuan mugitzen den ezagutza lantzen duten karrerak debaluatu egin dira, hala nola Filosofia edo filologiak giza- eta gizarte-zientzien adarretan, edota Arte Ederrak alor artistikoan.

PRIBATIZAZIOA ESPAINIAKO ESTATUAN

Aipatu dugun bezala, Espainiako Estatuko unibertsitate-sistema, finantzaketa pribatuaren mende baino, historikoki finantzaketa publikoaren mende egon diren Mediterraneoko sistemen artean kokatzen bada ere, joera hori nabarmen aldatzen hasi zen 1999an, Bolonia Plana onartzean. Izan ere, gaur egun, duela hilabete gutxira arte Unibertsitate ministro zenak, Manuel Castellsek, inoiz ez du ezkutatu AEBetako unibertsitate-sistemarekiko miresmena, non finantzaketa pribatuaren pisuak garrantzi handia duen Estatuko finantzaketaren aldean. Are gehiago, ministroak hitzez hitz adierazi zuen unibertsitate publikoek eta irakasleek elkarren artean lehiatu beharra dutela, lankidetzan aritu beharrean, eta unibertsitatearen finantzaketa zein irakasleen soldatak ere horren araberakoak izan behar direla [5].

Castellsek behin baino gehiagotan jarri du adibide gisa Kaliforniako Berkeley Unibertsitatea, non 1979tik 2003ra eskolak eman zituen. Harvard edo Stanford gisako unibertsitate pribatu handien mailara iritsi gabe (urtean 1.000 milioi dolar baino gehiago biltzen dituztenak dohaintzetan), Kaliforniako unibertsitate publikoak 634 milioi dolar lortu zituen 2019an funts pribatuen ekarpenekin, Madrilgo Complutense Unibertsitatearen aurrekontu osoaren pareko zerbait. Sistema hori guztia goretsi du LOSU siglez ezaguna den Espainiako unibertsitateen lege berriaren idazketa gidatu duen ministroak.

Izan ere, lege hori Castellsek berak aurkeztu zuen Bartzelonako Unibertsitatetik (UB), unibertsitate-sistema publikoa pribatizatzeko joera aldaketaren unibertsitate paradigmatikoa dena. Kataluniako unibertsitate publiko entzutetsuenean, enpresa pribatuek kontrolatzen dituzte unibertsitateko katedra gehienak, gerora gradu desberdinetako irakasgaien gaitegian eragina dutenak. Adibidez, Zurich aseguru pribatuen enpresa suitzarrak akordio bat sinatu zuen 2013an UB-Zurich unibertsitate-katedra finantzatzeko, zientzia aktuarialen [6] eta finantzen arloetan «kalitate handiko» hezkuntza eta ikerketa sustatzeko.

Ibilbide luzeagoa du 2008tik UBren eta Santander Bankuaren artean sinatutako Ekimen Ekintzailearen Katedrak (Cátedra de Iniciativa Emprendedora). Bere helburua da «Unibertsitatean kultura ekintzailea sustatzea, interesa duten ikasleen formakuntza eta prestakuntza hobetzeko era guztietako jarduerak antolatzea eta arlo horretako ikerketa bultzatzea». Are gehiago, hainbat enpresaburuk lotura zuzenak dituzte UBko erabaki politikoetarako organoekin. Izan ere, Veronica Landak IzquierdaDiario.es webgunean 2018an argitaratutako ikerketa baten arabera, UBko Gizarte Kontseiluko hamazazpi kideetatik zortzik enpresa pribatuekin eta multinazionalekin harremana zuten, baita hainbat patronalekin ere [7].

Kataluniako beste unibertsitate publiko entzutetsu batean, Pompeu Fabran, Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Mango Katedra dugu (Cátedra Mango de Responsabilidad Social Corporativa), Espainiako Mango ehungintzako multinazionalak finantzatzen duena, hain zuzen ere. Multinazional hori hainbat aldiz salatu dute bere produktuak haurren esplotaziopean edo siriar errefuxiatuak legez kanpo erabiliz ekoizteagatik. Kataluniatik urrunduz, bereziki deigarria da Burger Kingek Extremadurako Unibertsitatean «energia-eraginkortasunaren kontrolerako» finantzatutako katedra, zeinaren hasierako proiektua energia-­eraginkortasunari buruz ikertzea zen, bai, baina bere jatetxeetakoa.

Finantza-enpresen esparrura itzuliz, aipatutako Santander Bankua Espainiako Estatuko unibertsitate publikoekin lotura gehien dituen finantza-erakundeetako bat da, hainbat ikerketa-beka eta dibulgazio akademikoko sail osoak finantzatzen baititu. Adibidez, Madrilgo Complutense Unibertsitateak antolatutako udako eta neguko ikastaroen sistema osoa Ana Botin buru duen bankuaren kontura doa. Gainera, bere web-orrian hainbat beka ematen dituen sistema bat aurki daiteke, eta horiek lortzeko, ikasleak bere datu pribatuak eta akademikoak eman behar dizkio bankuari. Zehazki, Complutense Unibertsitateak Santanderrekin duen kontratuari esker, urtean 5,5 milioi jaso ditzake Madrilgo unibertsitate publikoak, Espainiako Estatuko unibertsitate publikorik handienak.

Hala ere, nazioarteko kapital handien inbertsio nagusia Espainiako unibertsitate pribatu nagusien zuzeneko erosketa eta kontrolean datza oraindik ere. Izan ere, horietan zuzeneko kontrola izan dezakete, inolako estatu-trabarik gabe. 2019an, Londresen egoitza zuten bi inbertsio-funtsek unibertsitate pribatu bana erosi zuten Madrilen. Pemira inbertsio-funtsak Europako Unibertsitatea bereganatu zuen 770 milioi euroren truke urte amaieran. Bestalde, CVC Capital Partnersek 1.100 milioiren truke itxi zuen Alfontso X.a Jakituna Unibertsitatearen (UAX) transferentzia.

Unibertsitate pribatuen zuzeneko erosketa eta influentzia-kontrol hori unibertsitate publikoaren zeharkako pribatizazio-modu bat ere bada, unibertsitate horiek erraztu egiten baitiete ikasleei soldatapeko lanaren mundurako sarbidea, unibertsitateak finantzatzen dituzten enpresen zuzeneko kontaktuen bidez. Izan ere, Unibertsitate Sistemaren Behatokiaren (OSU) arabera, 2011 eta 2017 artean unibertsitate pribatuek eskainitako gradu-sorta % 51 handitu zen, eta publikoena, berriz, % 11 baino ez [8].

Unibertsitate pribatuen zuzeneko erosketa eta influentzia-kontrol hori unibertsitate publikoaren zeharkako pribatizazio-modu bat ere bada

EHU-RI ERASOA

Ikerketari amaiera Euskal Herrian emanez, erreportaje honek euskal lurraldeko unibertsitate publiko nagusia, EHU, izango du aztergai. Azken hori izanik ikasle eta finantziazio gehien behar duena, Euskal Herriko erreferentziazko unibertsitate publikoa bihurtu baita. Dena den, azterketa bera egin liteke Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) inguruan, bere fundazio korporatiboan 50 enpresa pribatuk baino gehiagok, lokal zein multinazionalek, parte hartzen baitute. Horien artean La Caixa bankua edo Volkswagen automobil-enpresa nabarmentzen dira.

EHUra itzuliz, ikerketa honetan deskribatutako joera globala Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako unibertsitate publikoari ere atxikitzen zaiola ikusten dugu, ikasturte hasierako ekitaldietan azken bi errektoreek urtero esaten dituzten hitzen bidez. 2019ko ikasturtearen hasieran, Nekane Balluerka EHUko errektoreak finantzaketa pribatu gehiagoren beharra aldarrikatu zuen. «Ikuspegi horretatik, unibertsitate publikoa garatzeko, zentzu guztia dauka sektore pribatuko baliabideak ere biltzeak, zerbitzuen edo transferentzia-­kontratuen bitartez, horrek Unibertsitatearen independentzia inolaz ere baldintzatu gabe», azaldu zuen Balluerkak. Ez zuen argitu, ordea, inplikazioa eskatzen zien burgesiaren agenteekin batera unibertsitatearen independentzia nola bermatuko zen, hau kapitalismoaren oinarrizko legeen aurkakoa izanik.

Egungo errektoreak, Eva Ferreirak, 2021eko apirileko elkarrizketa batean, ekarpen pribatuak onartzen dituen finantzaketa publikoaren eredua defendatu zuen, eta kanpo-funtsak nabarmen handitzearen alde egin zuen; hori guztia, EHU ikerketa-funtsen nazioarteko lehian posizio hobean kokatzeko helburuarekin. Horrek agerian uzten du unibertsitate publikoak finantza-­kapitalaren nazioarteko zirkuituetan integratzeko duen premia larria. Zirkuitu horiek erabakiko dituzte, epe luzera, Unibertsitatearen biziraupena eta etorkizuna, Unibertsitateak gero eta larriagoa den lehia kapitalista globaleko testuinguruan iraun nahi badu.

Joera horien froga EHUk eta sektoreko 39 enpresa pribatuk bultzatutako fabrikazio aurreratuko aeronautikako zentroa da, 2017tik Zamudioko Bizkaiko Parke Teknologikoan kokatua dagoena. Proiektuak 16 milioi euroko inbertsioa jaso du guztira finantzaketa publiko-pribatuan, sektoreko ITP Aero, WEC Taldea eta Danobat makina-erremintaren euskal kooperatiba enpresen ekarpenekin, besteak beste. Proiektu horren bidez, EHU aeronautikarekin lotutako prozesu industrialak ikertzen ari da, eta emaitzak zuzenean transferitzen dizkio proiektua finantzatzen ari den industriari. Zenbait korporazioren agindupeko ezagutzaren pribatizazioaren adibide garbia da hori.

Katedrei dagokienez, EHUk ere ez dio ihes egiten ikerketa osoan deskribatu dugun ereduari, euskal unibertsitate publikoaren kasuan Confebaskek, euskal patronalak, zuzenean kontrolatutako katedra bat baitu. Lan Harremanen Eredu Berria garatzeko Confebask Katedra izen ofizialtzat duenak, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean du egoitza, eta, bertan, «lan-harremanen eredu berriari buruzko gogoeta egitea da helburua, XXI. mendeko lehiakortasun-testuingurura erabat egokitutako lan-harreman moderno eta kolaboratiboak eratzeko eta sustatzeko bidean aurrera egiteko». Burgesiaren hizkuntzan, lan-harremanak malgutzea eta langileak batzen dituen erresistenzia-marko edo esparru sindikal oro suntsitzea besterik ez dena, lan-baldintzak negoziatzerakoan enpresaburuaren eta langilearen arteko harreman indibidualak inposatzeko.

EHUk ere ez dio ihes egiten ikerketa osoan deskribatu dugun ereduari

EHUk katedra horren bidez euskal patronalari eskaintzen dizkion aukeren artean, euskal enpresarien konfederazioak graduko praktikak eskaini diezazkieke katedrak berak hautatutako ikasleei. Gainera, patronalak bere interesei egokitutako gradu eta master amaierako lanei bekak ematen dizkie eta Ekonomia edo Enpresa graduetan emandako curriculumean eta irakasgaietan eragina dauka. EHUren parte den katedra horren zuzendaria Jon Bilbao da, Confebaskeko Lan eta Lege arloko zuzendaria.

Aipatutako guztia EHUk bere barne-­langileen lan-baldintzak pribatizatzen eta debaluatzen ari den testuinguru batean gertatzen da, azpikontratak erabiliz edo lan-plantillak zuzenean murriztuz. Horri dagokionez, Unibertsitateko garbitzaileen adibide paradigmatikoa dugu; izan ere, nahiz eta euskal unibertsitate publikoa Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko aginte politikoaren pean egon, unibertsitate-instituzioak hainbat enpresaren bidez azpikontratatzen ditu garbitzaileak. Horrek esan nahi du garbitzaileek (nabarmenki feminizatutako sektorea) Eusko Jaurlaritzaren beste zerbitzu batzuetako garbitzaileek baino % 13 gutxiago kobratzen dutela, edo sektoreko % 40ek lanaldi partzialak eta, beraz, soldata partzialak dituztela. Beharbada, lotura estua dute Confebaskek lan-harreman berriei buruz ematen duen katedrak eta EHUk bere barneko langileei ezartzen dizkien lan-baldintzek.

Hori gutxi balitz, beharbada enpresa pribatuekin egindako lankidetza kasurik agerikoena arma-ikerketaren esparruan gertatzen da. Azken urteotan, EHUko ingeniaritza-eskolek armagintza industrian parte hartzen duten hainbat enpresarekin hitzarmenak eta lankidetzak dituztela ezagutzera eman da, ikerketarako eta ikasleek praktikak egin ahal izateko, hala nola Sener edo ITP enpresekin. Azken horrek, Josep Pique PPko ministro ohia buru duela, pieza ezberdinak ekoizten ditu Saudi Arabiako armadako ehiza-hegazkinentzat. Petromonarkiako armadak zortzi urte baino gehiago daramatza hegazkin horiekin Yemengo biztanleria zibila bonbardatzen.

EHUko ingeniaritza-eskolek armagintza industrian parte hartzen duten hainbat enpresarekin hitzarmenak eta lankidetzak dituzte

Gainera, EHU Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialarekin elkarlanean ari da, Gobernu Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 26an onartutako akordio baten ondorioz. Plataforma horretako kideen artean TEDAE (arma-enpresen patronala), INTA (Defentsa Ministerioaren ikerketa-­erakundea), DGAM (Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialaren Zuzendaritza Nagusia) eta ekoizpen militarrean diharduten hainbat enpresa aurki daitezke. Berriro ere, hainbat arma-enpresa pribatuk –diru-laguntzei dagokienez industria militarra Estatuak nabarmenki babesten duen arren– Unibertsitatean sartzeko eta ikasleek suntsipenezko industriari buruz duten ezagutza baldintzatu ahal izateko [9].

ONDORIOAK

Enpresa pribatuek unibertsitate publikoetan gero eta erosoago egoteko edo kontrol zuzen handiagoa izateko joeraren errepaso labur honetatik hainbat ondorio politiko atera daitezke. Lehendabizikoa, eta bistakoena dena, gaur egun zaila dela unibertsitate publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa argi bat egitea; izan ere, kapital pribatua unibertsitate publikoan hain integratuta egonda, zaila da pentsatzea Kapitalaren interesekiko independentea den eta gizarte osoaren zerbitzura dagoen organo gisa jarduten duela.

Kapital pribatuak zuzenean kontrolatzen ditu unibertsitate pribatuak, baina ez da kasualitatea unibertsitate publikoko arloak ere gero eta gehiago kontrolatzea. Nire ustez, bi arrazoirengatik gertatzen da hori: batetik, estatu kapitalista ez delako inoiz erakunde neutroa izan, eta bere asmoak klase kapitalista osoari lotuta egon direlako, zeinari koiunturaren arabera bere organoen zuzeneko kontrol handiagoa ahalbidetzen dion; bestetik, gaur egungo krisi kapitalistaren garaian, eta are gehiago produktibitate txikiko estatu oso defizitarioetan, Espainian kasu, estatuko administrazio ezberdinei ezinezkoa egiten zaielako gizarte-gastua (besteak beste, unibertsitate-gastua) ordaintzen jarraitzea. Horregatik, kostuak murrizteko, modu are zuzenagoan irekitzen dizkiote ateak kapital pribatuari.

Azken hau areagotzen jarraituko duen joera da. Beraz, inoiz baino premia handiagoa du unibertsitate publikoa defendatzeko estrategia politiko osoa birplanteatzeak, unibertsitate publikoa babestu beharreko gizarte-­ondasun neutrotzat ulertuta. Izan ere, unibertsitate publikoan langile klasearen interesak defendatzeko unea da, eta ez Estatuaren berezko hezkuntza-eredu instituzional burgesa. Hemen aurkeztutako datu guztiek garai batean langile klaseko sektoreentzat askatasun politiko eta akademikoen zenbait kuoten gotorlekua izan zirenak desagertzeko joera ikusteko balio dute, hain zuzen ere. Estrategia sozialistak hezkuntza sozialistaren ereduaren garapenari erreparatu beharko dio, eta hori gaur egun desagerpen bidean dagoen unibertsitate publikoko langile klaseko sektoreen defentsaren eskutik dator.

OHARRAK

1 Ikuspegi marxistatik hezkuntzaren soziologian gehiago sakontzeko, gaiari buruzko Mariano Fernández Enguitaren bi lan klasikoak gomendatzen ditut (egilearen zenbait postulatu ideologiko kritikoki behatuz gero, gaiari buruz irakurtzen hasteko aproposak izan daitezke): Marxismo y sociología de la educación, 1986, Akal, Madril; Trabajo, escuela e ideología, 1985, Akal, Madril.

2 «Futuros objetivos precisos de los sistemas educativos» [COM (2001) 59 final] izeneko informeaz ari gara; kontsultatzeak merezi du, gaur egun Europako hezkuntza sisteman orokorrean oraindik ere irauten duten joerak ulertzeko.

3 Evans, G.R. (2001): «The Integrity of UK Academic Research under Commercial Threat», Science as Culture, 10 (1), 97-111 orr.

4 Klein, N. (2002): No logo. El poder de las marcas, Bartzelona, Paidós, 122-123 orr.

5 El Sacapuntas (2020): «El ministro Castells: el tecnócrata hippie y su plan neoliberal para desmontar la Universidad pública», El Salto, maiatzaren 28a. Online eskuragarri.

6 Zientzia aktuariala metodo matematikoak eta estatistikoak aplikatzen dituen diziplina da, aseguruetan, finantzetan eta beste industria batzuetan arriskua ebaluatzeko.

7 Landa, V. (2018): «¿Quién gobierna en la Universitat de Barcelona?», IzquierdaDiario.es, urtarrilaren 24a. Online eskuragai.

8 Sacristán, V. (2017): «¿Quién financia la universidad?», Observatorio Sistema Universitario OSU. Online eskuragarri.

9 Gasteizkoak.org (2017): «La UPV/EHU cada vez más activa en la industria militar vasca y el militarismo (y el cuajo del lehendakari)», Viento Sur, irailaren 22a. Online eskuragarri.

EZ DAGO IRUZKINIK