ARGAZKIA / Jk Odolgabe
Jose Castillo
@josecast23
2024/06/03

2024ko hauteskundeak besterik gabe igaro dira: hemendik kanpo, gaurkotasun politikoa jarraitzen duen inor gutxik erakutsi du interes berezirik Euskal Autonomia Erkidegoko edo Kataluniako hauteskundeekiko. Duela urte gutxira arte, hitzordu ia historiko gisa bizi zituen jendeak hauteskunde ziklo horiek; izan ere, lurralde horietako ezkerreko alderdiek besteak beste alderdi biko sistema haustearekin eta zerua indarrez hartzearekin egiten zuten mehatxu. Orain, ordea, "dagoenaren" kudeatzaile hobeak izateko asmoa baino ez dute, eta, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, hautesleei xantaia egiten die “beldurraren” botoaren ideiaren bidez. Baina, zer gertatu da hamarkada batean, ezkerreko alderdiak mutur batetik bestera igarotzeko?

2008ko krisiaren ondorengo urteetan politizatu zen belaunaldiari, sistemak ematen zituen aukerak pitzatu zirela medio, bere bizi-proiektuak kolokan jarri zizkion krisiak, eta, ondorioz, mobilizazio sozial eta laboralen garaia izan zen hura. Beharbada, Kataluniako prozesu independentistarekin batera, 2010etik 2015era bitarteko manifestazioak eta mobilizazioak izan dira protestako azken masa-mugimendua Europan. Era berean, urte horietan “ezker berriko alderdiak” edo besterik gabe populista moduan izendatuak ere sortu ziren. Alderdi berri horiek Europako herrialdeetako hauteskunde-sistema nazionalak haustea bilatzen zuten; izan ere, ia estatu guztiak gobernatzen zituen, batetik, jada sozioliberalismora bihurtutako alderdi sozialdemokrata klasiko batek, eta, bestetik, eskuin kontserbadore edo liberaleko alderdi batek.

2010eko hamarkadako fenomenoak dira, besteak beste, Podemosen agerpena, Syriza boterera iristea, udal hautagaitzek irabazi izana hiriburu handietan –hala nola Madrilen eta Bartzelonan–, Jeremy Corbynen lidergoa (Alderdi Laborista britainiarra) eta Kataluniako autodeterminazio-erreferendumak (alderdi instituzional independentistek lagunduak). Gertakariok elkarrengandik urrun daudela iruditu arren, eragile komun bat dute, uste bat: krisiaren ondorioen aurkako mobilizazioek eta itxaropenaren galerak sortutako energia guztia, finean, instituzioek beregana zezaketela [1]. 

Podemosen agerpena, Syriza boterera iristea, Jeremy Corbynen lidergoa, Kataluniako autodeterminazio-erreferendumak... Gertakariok elkarrengandik urrun daudela iruditu arren, eragile komun bat dute, uste bat: krisiaren ondorioen aurkako mobilizazioek eta itxaropenaren galerak sortutako energia guztia, finean, instituzioek beregana zezaketela

Horrela, Syrizak hitz eman zuen zorraren kontrolaren bidez Europako agintariek ezartzen zioten austeritate gurpila hautsiko zuela, eta porrot egin zuen. Podemosek buruzagi-talde txiki sasierradikal bat izaten bukatu du, Sumar PSOEren parametro politikoetan guztiz integratu izanaren ondorioz. Elite politiko autonomiko eta estatalek elkarri ez erasotzeko itun batekin amaitu da Kataluniako prozesu independentista; eta, finean, herritarrak saldu dituzte, Kataluniako Errepublika berehala zetorrela uste izan zuen belaunaldi oso bat. Ildo beretik, EAEko azken hauteskundeek egiaztatu dute EH Bildu sistema bipartidistaren aktore aurrerakoi bat baino ez dela, eta Ezker Abertzalea barne hartzen duen alderdia boterera iristeak ez lituzkeela aldatuko euskal sistema politikoko botere-orekak. Areago, Pello Otxandiano lehendakarigaiaren hitzetan, “sistema eragilea eguneratzea” bilatzen dute, inolaz ere ez hura zalantzan jartzea [2]. 

Artikulu honetan, 2008ko krisiaren ondoren sartu ziren alderdien bilakaera politiko eta programatikoaren laburpena egin nahi dut, batez ere hurbilen daudenetan arreta jarriz: euskal alderdien sistemaren parte direnetatik hasi, Espainiako Estatukoekin jarraitu eta Europako beste estatu batzuetakoekin amaituko dut. Izan ere, askok eragin berezia izan zuten Europako ekosistema politiko instituzionalean, adibidez Greziako Syrizaren kasuak.

Horrez gain, eskuin kontserbadore tradiziona­laren bilakaera eta kontinente osoan zehar eskuin muturreko alderdi xenofobo berrien agerpena ere laburbilduko ditut. Horrela, zertzelada teoriko eta historiko batzuk eman nahi dizkiot biztanleriaren geruza handien artean zabalduta dagoen sentsazioari; finean, hauteskundeetan gero eta gutxiago jokatzen dela eta partida aldez aurretik dagoela erabakita.

EZKER BERRIAREN GORAKADA ETA GAINBEHERA

Podemosen lehen batzar politikoaren amaieran Pablo Iglesiasek hau esan zuen: “Zerua ez da ados­tasunez hartzen, eraso bidez hartzen da”. Esaldi hori imajinario kolektiboan geratu zen krisiaren ondoren sortutako ezkerreko alderdi berrien adierazpen gisa, eta ezin hobeto laburbiltzen du 2014 eta 2015 urteetan transmititu nahi zutena: emanak zeuden sistema politiko parlamentarioak lardaskatu eta bipartidismoaren alderdi klasikoen botere-orekekin amaitu behar zen, politikari-belaunaldi berri batekin.

Hamarkada bat geroago, inork ez du zerurik hartu, eta badirudi alderdi horien ziklo politikoa nitxoko komunikabide bihurtu dela. Edo, are okerrago, Syriza eta EH Bildu bezalako alderdiak ezkerreko alderdi teknokratiko bihurtuta, tokiko kapitala hobeto kudeatu eta modernizatzea besterik ez dute proposatzen, a posteriori pixka bat bidezkoagoa den birbanaketa bati ekiteko. Batzuek, hala nola Sumarrek, ezkerretik kanpo amaitu dute, Alemaniako Alderdi Berdearen luzapen gisa.

Has gaitezen Syriza eta EH Bilduren kasuekin. Syriza Greziako gobernu-boterera 2015ean iritsi zen, eta, nire ustez, horixe da Europako ezker berriko alderdien ziklo politikoaren puntu gorena. Hain esanguratsua, ezen Podemos 2020 hasieran Espainiako Gobernura iritsi izanak baino askoz ere garrantzi handiagoa duen. 2015eko urtarrilerako zeuden aurreikusita hauteskunde parlamentarioak Grezian, eta inkesta gehienek Greziako Gobernura Syriza eta Alexis Tsipras iritsiko zirela iragarri zuten. Syrizak 2014ko udan eman zuen argitara hauteskunde horietarako programa politikoa, eta segur aski hori izango da alderdi instituzional batek Europako erakundeen aurrean izandako erradikaltasun-puntu handiena, baita gure oroimenean ezkerreko alderdi batek izan duen ez-betetze programatiko eta politiko handiena ere. Izan ere, Syrizak ez zuen bere hauteskunde-programa bete; ordea, sistema parlamentario kapitalistetan hori egitea ohikoa izanik ere, traizioa erreferendum bat egin ondoren izan zen. Erreferendum horrek EBko erakundeek proposatutako austeritate-programari desafio egiten zion, eta Greziako herriaren gehiengo zabal batek babestu zuen.

Baina konta dezagun gutxinaka. Syrizaren programak, Tesalonikako programaren izena hartu zuenak, hainbat neurri proposatu zituen: lehenik, zor publikoaren balio nominalaren zati bat bertan behera uztea, jasangarria izan zedin eta “Zorraren Europako Konferentzian” birnegoziatua izan zedin; bigarrenik, Greziak zuen zor publikoa ordaintzeko luzapen bat ezartzea premiazko inbertsio publikoak egiteko; eta, hirugarrenik, Europako arau fiskalei aurre egitea eta gastu publikoa EBko Egonkortasun eta Hazkunde Itunak ezarritako defizitaren kontabilitatetik kanpo uztea. Asmo horiek guztiak eraso argi bat ziren Europako eliteen aurka, zeinak Mendebaldeko herrialde batean inoiz ikusi gabeko murrizketak eta doikuntzak inposatzen ari baitzitzaizkion greziar langile-klaseari.

Hala ere, gerora Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro izan zenak onartuko zuenez, programa hori oinarri sozialari begirako aurpegi-zuritze bat baino ez zen. Benetako gobernu-programa, EBrekiko negoziazioetan ezarri nahi izan zena, ezkutuan egin zuten Syrizaren zuzendaritza-batzordeak eta hurbileneko kideek. Finean, erretorika eta praktika ez zetozen bat: lehena austeritatearen aurkakoa zen, Europako Batzordeari, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari aurre egitearen aldekoa; baina, praktikan, euroaren parametroen barruan mantentzea eta EBZren likideziari eustea negoziatu zen Varoufakis ministroarekin. Horretarako, hurrengoa onartu zuten: Greziako Estatuak murrizketak ezarri beharko zituen Estatuaren kaudimena ahalbidetu eta minimoki birnegoziatutako zorra ordaintzeko. Beraz, uste zen Europako erakundeak lasaitu egingo zirela eta, azkenean, Greziako zor publikoa berregituratzeko negoziazio bat egongo zela, nahiz txikia izan.

Hala ere, gerora Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro izan zenak onartuko zuenez, programa hori oinarri sozialari begirako aurpegi-zuritze bat baino ez zen. Benetako gobernu-programa, EBrekiko negoziazioetan ezarri nahi izan zena, ezkutuan egin zuten Syrizaren zuzendaritza-batzordeak eta hurbileneko kideek

Syriza Greziako Gobernura iritsi bezain laster egiaztatu zen programa zer moderatua zen. Izan ere, Varoufakis Finantza ministro gisa joan zen eurotaldearen lehen bileran, honako baldintza hauek onartu ziren: Greziak bere hartzekodunekin zuen zor guztia behar zen epeetan eta interesekin osorik ordaintzea, eta ez ezartzea politikarik Europako erakunde hartzekodunen –Greziari finantzatzeko modua ematen zieten– ikuskapen eta oniritzirik gabe. Hala ere, Syrizak EBrekiko negoziazioak tenkatu zituen, neurri batean bere oinarri sozialaren mobilizazioak behartuta; hala, Bruselak proposatutako austeritate-neurriak betetzeari buruzko erreferenduma deitu zuen.

Erreferenduma EBZk Greziari likidezia eten ondoren egin zen, banku-korralito baten erdian, non bankuak itxita eta dirua erretiratzeko murrizketak zeuden. Austeritate-neurriak onartzeari uko egitearen aldeko botoak garaipen handia lortu zuen. Ondoren, baina, Syrizak erreferendumean bozkatutakoa baino austeritate programa zorrotzagoa onartu zuen, eta hura izan zen Europako ezker berriaren lehen porrot handia. Varoufakisek onartu du inoiz aktibatu gabeko arma bat zutela erreferendumaren emaitza ezartzeko: EBZren esku zeuden Greziako Estatuaren bonuen aldebakarreko kitapen bat egitea. Horrela, eta ikusirik EBko estatu kide batek zor-bonuak ordaintzeari utz ziezaiokeela, EBZk ez zukeen baimenik izango Italiako eta Espainiako Estatuak salbatzeko haien zorra hedapen kuantitatiboko diru-politiken bidez erosiz [3 ] (Alemaniako Konstituzio Auzitegiak salatu egingo baitzuen, hegoaldeari zorra erostearen aurkako kide nagusia izan baita). 

Horietako promes bat bera ere ez zen gauzatu, eta, lau urteko legegintzaldia arlo sozialean eta soldataren arloan murrizketak ezartzen igaro ondoren, 2019ko hauteskundeetan eskuin kontserbadorea berriro iritsi zen gobernu boterera. Bidean, Greziako sare militantearen zati handiena desegin egin zen, eta hauteskunde-zikloen zurrunbiloak irentsi zuen. Gaur egun, Wall Streeteko finantzen mundutik datorren lider gazte bat ari da Syriza birbideratzen –Stefanos Kasselakis, Goldman Sachseko kide ohia, Joe Bidenen kanpainan parte hartu zuen AEBn–. Lider gaztea ezkerreko koalizioa konfrontazio oro atzean uzten duen diskurtso eta praxi baterantz birbideratzen ari da, zeina greziar kapitalismoaren efizientzia hobetzeko eta Europako testuinguruan kokatzeko diskurtso teknokratikoan zentratzen den a posteriori hobekuntza sozial batzuk egiteko giltzarri gisa.

Politikan konparazioak beti tentuz hartu behar diren arren, esan liteke antzeko zerbait gertatzen ari zaiola EH Bilduri euskal testuinguru politikoan Pello Otxandiano EAEko lehendakarigai aukeratuta. Gasteizko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan aurkeztutako eszenografiak eta programak erradikaltasun proiektu oro behin betiko uzten ari direla erakusten dute, eta, horren ordez, dagoena EAJk ordezkatzen duen eskuin tradizionalak baino modu eraginkorragoan kudeatzearen alde egiten dutela.

EH Bilduk aurkeztutako programak EAEko industria-sareari bultzada berri bat eman nahi dio, sare hori Europako balio-kate nagusietan eta kate globaletan estrategikoki kokatzeko, eta, ondoren, enpresa-irabazi horien nolabaiteko banaketa egin ahal izateko. EH Bilduk aurkeztutako plan industriala aurreko kanpainetan ez bezalako hizkera batean mintzo da, hots, enpresa-hizkuntzan: EAEko enpresen nazioarteko posizionamendua du lehen helburu, baita bertako sare industrialarentzat inbertsio publiko giltzarriak sortzea ere.

Beraz, azpimarratu behar den ideia nagusia da politika sozialdemokrata historikoaren programaren lehentasun-ordena bera aldatu egin dela euskal ezkerreko alderdi handienaren azken programan. Kontua ez da zerga-tasa handiagoekin kapitala birbanatzea; aitzitik, lehenengo helburua kapitala erakartzea da, gero ikusteko nola erabil daitezkeen irabazi horiek kapital teknologizatuago batean eta munduko merkatuan funtsezko kokapena duen batean. Horretarako, diru publikoa kapital pribatuko inbertsioak erakartzeko erabili behar bada, EH Bilduk ez du arazorik izango. Izan ere, haren programaren arabera, erakunde publikoak dira kapitalari balorizazio-baldintza hobeak sortzeko bermatzaileak, nahiz eta horrek beste partida sozial batzuetatik dirua itzultzea ekar dezakeen.

Azpimarratu behar den ideia nagusia da politika sozialdemokrata historikoaren programaren lehentasun-ordena bera aldatu egin dela euskal ezkerreko alderdi handienaren azken programan. Kontua ez da zerga-tasa handiagoekin kapitala birbanatzea; lehenengo helburua kapitala erakartzea da

Jakina, kapitala erakartzeko eta hobeto kokatzeko politika horiek gauzatzeko, proiekzio geopolitiko argia behar da lurralde propioarentzat, eta lehengaiak eta hainbat hornidura-kate lehentasunez eskuratzea ziurtatu behar da. Horregatik, EH Bilduk eta, oro har, ezker instituzionaleko alderdiek beren programan aurkezten dituzten nazioarteko politikako proposamenetan ere, moderazio argia dago: ez dute NATOtik irteteari buruzko aipamenik egiten, eta EBko erakundeen aurkako kritika guztiak alde batera uzten dituzte. EH Bilduren kasuan, EAEko hauteskundeen programan ez zegoen Europako erakundeen aurkako kritikarik, eta EAEk erakunde horietan duen ordezkaritza politikoa hobetzeko deia baino ez zen egiten. Gogoratu, duela soilik hamar urte Syrizaren kanpainan oso presente zegoen nazioz gaindiko erakundeen kontrako kritika. Beraz, arlo honetan moderazio eta asimilazio argia egon da. 

Bestalde, Espainiako Estatuan, PSOEren ezkerrera dagoen ezkerra erabat neutralizatu da, eta haren orbitan ari da bueltaka. Podemos, Espainiako bipartidismoaren aurka egin nahi zuen alderdi izatetik PSOEren eranskin izatera murriztu da. Alderdi horrek, gogora dezagun, 78ko erregimena zuzentzen eta kohesionatzen du. Aldiz, Sumar operazioak –mesede handia egiten die PSOEren zuzendaritzaren interesei– aukera ematen dio sozialdemokrazia klasikoari bere ezkerrean gobernantzarako gatazka handirik ematen ez dion alderdi bat izateko, aldi berean aukera ematen diena gobernatzeko, Pedro Sánchezen alderdiak ezin baitu hori bere kasa lortu.

Izan ere, Yolanda Díazen alderdiaren mugarri nagusiak PPren lan-erreforma finkatzea eta gutxieneko soldataren igoera izan dira. Azken hori, esan gabe doa, oso urrun dago inflazio-krisiaren ondoriozko bizitza-kostuen igoeren parekoa izatetik. Hala ere, Estatu politika handi guztiak PSOEk zuzendu ditu, eta inork ezin izan ditu ahuldu, ez Podemosen ustezko erradikaltasunak oposizioan, ezta haren ordezko deskafeinatuak ere, hots, Sumarrek. Badirudi azken horrek ez diola inongo trabarik jartzen, ezta historiako gastu militar handienari, ezta Mozal Legeak PPk utzi zuen moduan jarraitzeari ere.

Horrela, Europako alderdi berdeekin berdindu da Espainiar Estatuko ezkerra. Kasu, Alemaniako Alderdi Berdeak gerra-politikak zuzenean sustatzen ez baditu ere, ez dago horien aurka, eta kutsu ekologista duen sozioliberalismo moduko bat hartzen du bere programa ekonomikoan. Horren erakusgarri da 2024ko Europako hauteskundeen ondoren Sumarrek lortutako eurodiputatu guztiak ez direla Europako Ezkerraren taldean sartuko (GUE/NGL); aitzitik, Berdeak/Europako Aliantza Librearen Taldean sartzea dute xede [4].

ESKUINA ALTERNATIBA GISA

EAEko politika instituzionalak badu Europan gero eta arraroagoa den berezitasun bat: EAJren eskuinean oraindik ez dago gobernuaren gidaritzan eragin dezakeen eskuin erradikalago eta nabarmen xenofoborik. PPk eta VOXek, batez ere azken horrek, anekdotikoak izaten jarraitzen dute Gasteizko Legebiltzarrean, eta oraingoz ez da euskal eskuin mutur nazionalistarik sortu Katalunian gertatu bezala. Ildo horretan, EAJren programak bere ildo historikoei jarraitzen die, baina orain Imanol Pradalesen agindupean gaztetutako lidergoarekin. Jeltzaleek badakite EAEko soziologia zentzu aurrerakoi baterantz biratzen ari dela, Europako leku askotan gertatzen ari denaren kontrara, eta, horregatik, eskuin kontserbadoreenetik urrun daudelako irudia erakutsi nahi dute, eta, nolabait, euskal ongizate sistemaren eta klase ertainen kuota batzuk mantendu.

Baina ez da ahaztu behar EAJn ere izaten ari direla alderdi gehienak ezkerrera edo eskuinera izaten ari diren pultsio autoritarioak. EAJk Ertzaintzan duen arazoa horren froga da; izan ere, azkenaldian, EAEko poliziaren ezaugarria basakeria handiko ekintzak egitea eta ekitapenldi ludikoetan (adibidez futbol partidetan) errepresioa areagotzea izan da. Horrek kalte egin liezaioke alderdiaren irudiari, baina, gainerakoan, EAJk teknologizazio altuko/ertaineko euskal produkzio-inguruneari eustea eta atzerriko inbertsioak erakartzea helburu duen programa bat aurkeztu du. Horrek, gero, euskal ongizate-sistemaren kuota jakin batzuk salbatzea ahalbidetuko du. Enpresei laguntza publikoak emateko inbertsio-funts bat proposatzen dute, eta, horrela, eskuina ez da egongo gobernantza ekonomikoaren helburuak lortzeko estatu-mekanismoak erabiltzearen aurka. EH Bilduren programa ekonomikotik bereizten da nazioarteko proiekzioari eta zenbait azpiegitura proiekturen aurrean duen jarrerari dagokienez. Adibidez, EAJk ez du gerra-politika atlantisten aurka egiten, eta zenbait megaproiektu zuzentzen ditu, hala nola Abiadura Handiko Trena (AHT edo Euskal Y-a).

Europako estatuetara jotzen badugu, iparrorratz politikoak eskuinerantz egiten duela ikus dezakegu. Gainera, eskuin liberal edo kontserbadore tradizionalak eskuin muturraren ituna eta homologazioa behar ditu gobernagarria izateko. Italian Giorgia Meloniren Italiako Anaiak tradizio neofaxistako alderdiak agintzen du, eta Portugalen, azken hamarkadetan nabarmen ezkertiarra izan den soziologiako herrialdean, Alderdi Sozialistak eta bere ezkerreko alderdiek gehiengo parlamentarioa galdu dute eskuin tradizionalaren mesedetan, eta Chega alderdia, eskuin muturrekoa, goraka doa hirugarren indar politiko gisa. Bi horiek adibide paradigmatikoak dira.

Europako estatuetara jotzen badugu, iparrorratz politikoak eskuinerantz egiten duela ikus dezakegu. Gainera, eskuin liberal edo kontserbadore tradizionalak eskuin muturraren ituna eta homologazioa behar ditu gobernagarria izateko

Enric Juliana La Vanguardia egunkariko zuzendari laguntzaile eta Europako koiuntura politikoko analista onenetako batek bere azken analisi politikoetako batean adierazi duen bezala, egungo belizismo gorakorrean, EBko botere-erakundeei funtzionalagoa zaie eskuinak gobernatzea gobernu nazionaletan eta Europako erakunde giltzarrietan [5]. Pandemiaren krisian, moneta-politika hedakorreko eta gastu publikoko erantzunak nagusitu zirenean, Europako botereari errazagoa zitzaion politika horiek ezkerreko alderdien bidez legitimatzea, Europako berreskuratze-funtsak "Estatuaren itzulera" eta "austeritate-politiken amaiera" gisa saldu baitzituzten. Aitzitik, datozen urteetan eskuina funtzionala izango da Europar Batasuneko politika handiak legitimatzeko, gastu publikoa handitzean oinarrituko baitira, bai, baina gerraren industria modernizatzera bideratuta. Gainera, aurrekontuak orekatzeko austeritate-politikak aplikatu beharko dira.

Horregatik, Europako Parlamenturako hauteskundeen testuinguruan, eskuin kontserbadore eta liberal tradizionala saiatzen ari da Europako eskuin mutur berriaren zati bati erosotasun politikoa eta programatikoa ematen. Zehazki, Europako Alderdi Popularrak, EBko lehen indar politikoak –haren kide da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko egungo presidentea– eskuin muturraren zenbait proposamen programatiko onartuko ditu, hala nola mugak gehiago militarizatzea edo immigrazioa kontrolatzea. Horren truke, alderdi xenofobo horietako batzuek EBren legitimitate politiko-ekonomikoa eta NATOren legitimitate militarra onartzea espero da.

ESKUIN MUTURRAREN INTEGRAZIOA

2010eko hamarkadaren lehen urteetan ezker berriko alderdiak Europako panorama politikoan sartu baziren ere, esan daiteke horiek ez direla jada erakundeen panoramako outsiderrak, baizik eta atzerakada nabarmenean daudela. Eskuin muturreko alderdi nazionalista berriek erretiratze hori baliatu dute Europako lehen lerro politikoari erasotzeko, hainbat herrialdetan hauteskundeak irabaziz eta beren burua EBko hurrengo legegintzaldian eragina izateko funtsezko alderdi gisa kokatuz.

Ezker berriko alderdiak atzerakada nabarmenean daude. Eskuin muturreko alderdi nazionalista berriek erretiratze hori baliatu dute Europako lehen lerro politikoari erasotzeko, hainbat herrialdetan hauteskundeak irabaziz eta beren burua EBko hurrengo legegintzaldian eragina izateko funtsezko alderdi gisa kokatuz

Horrela, Bruselako eliteek beren programan euroeszeptizismoa murrizten duten eta NATOrekiko militarizazio- eta mendekotasun-politikari men egiten dioten eskuin muturreko alderdiak normalizatzeko asmoa dute. Eskuin muturreko bi bloke handi daude Europan: Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldea (ECR) eta Nortasuna eta Demokrazia (ID). Horietako lehena, ECR, erabat normalizatu eta asimilatu nahi da, Europako gobernantzaren dinamikekin homologatzeko.

ECRk, bere liderrak maiz politikoki ez-zuzenak izaten badira ere, EB erreformatzea defendatzen du, hura desegin ordez: "nazioen Europa" bat sustatu nahi du, estatu kideek subiranotasun handiagoa eta Bruselan zentralizazio txikiagoa izan dezaten. Balio kontserbadore tradizionalak defendatzen ditu, hala nola familia, erlijioa eta nazio-nortasuna, baina ez dira hain erradikalak beren erretorikan. Erregulazio txikiagoko merkatu-ekonomia eta zerga-murrizketa bultzatzen dute, enpresen alde eginez eta austeritate fiskala sustatuz. Nazio-segurtasunaren eta nazioaren defentsaren garrantzia azpimarratzen dute; gastu militarra handitzearen eta immigrazio magrebtarraren aurkako politika irmoen alde egiten dute. Gizarte-gaietan jarrera kontserbadoreak dituzte, baina ez dira IDkoak bezain muturrekoak izaten. Haren funtsezko kideen artean daude VOX Espainian, Legea eta Justizia (PiS) Polonian eta Italiako Anaiak.

ID taldeko alderdiak askoz kritikoagoak dira EBrekin, eta batzuek zuzenean defendatzen dute beren herrialdeak Batasunetik ateratzea edo beren eskumenak nabarmen murriztea. Nazionalismo sendoa sustatzen dute, subiranotasun nazionalean, nortasun kulturalean eta immigrazioaren aurkakotasunean arreta handia jarriz. ECRk baino erretorika populistagoa erabiltzen dute, elite politiko eta ekonomikoen aurka beren burua "herriaren" defendatzaile gisa aurkeztuz. Zenbait alderditan merkatu librea babesten duten arren, ekonomia nazionala eta tokiko enpleguak babesteko politika protekzionistak ere sustatzen dituzte. Immigrazioaren aurkako jarrera oso gogorrak hartzen dituzte, etengabe azpimarratzen baitute Europaren arraza- eta kristau-izaera, eta muga kontrolatzeko eta legez kanpoko etorkinak deportatzeko politika zorrotzen alde egin. Funtsezko kideen artean daude Marine Le Penen Batasun Nazionala Frantzian, Alemaniarentzako Alternatiba Alemanian (AfD) eta Italiako Liga.

Laburbilduz, esan liteke ECRk nazionalismo kontserbadore moderatua hartzen duela, eta IDk, berriz, nazionalismo xenofobo erradikalagoa, immigrazioaren aurkako erretorika indartsu eta protekzionista duena. Ekonomian, ECR merkatuaren aldekoa da, erregulazio txikiagoa eta austeritate handiagoa defendatzen duen ikuspegitik; IDk, berriz, protekzionismoa sustatzen du, merkatu libreko elementuekin bada ere. Azkenik, populismoari dagokionez, IDk erretorika populista sendoa du, eliteen eta establishmentaren kontrakoa. Bi talde horien artean VOX dago gaur egun, Santiago Abascal buru duen alderdia delako bi taldeetako alderdiekin harremanak dituena eta Latinoamerikako eskuin populista edo neoliberaleko alderdi berriekin loturak sortzen dituena; horren adibide da, esaterako, nolako harreman estua duen VOXek Javier Milei Argentinako presidentearekin [6]. 

Ildo horretan, eskuin muturreko alderdi berriek nazioz gaindiko harremanei ematen dieten garrantzia azpimarratu behar da; izan ere, etengabe deitzen dituzte beren politiken arteko harreman zuzena eta koordinazioa ahalbidetzeko foroak. Adibide gisa, hor dugu VOXek maiatzean Madrilen antolatu zuen kongresu handia: eskuin muturreko liderrak bertaratu ziren, populistak zein atlantista eta neoliberalak. Aurreko hamarkadan, ezkerrak ez zuen inoiz izan koordinaziorik nazioartean, eta, adibidez, ez zen gai izan Syrizaren gobernuari laguntzearren Europa mailako kanpaina bat egiteko EBko erakundeak argi eta garbi xantaia egiten ari zitzaizkion une hartan.

ONDORIOAK

Gaur egungo egoera instituzionala tamalgarria da: eskuin muturrak bultzada irabazi eta Europa mailan homologatua dago, eta ez dago neofaxismoari eta EBko erakundeak sustatzen ari diren politika belizistei aurre egiteko prest dagoen alderdirik. Eta, nahiz eta ezkerrak nolabaiteko aurrerapena duen Espainiako Estatuko zenbait lurraldetan (Hego Euskal Herrian edo Galizian kasu), egia esan, bere programa inoiz baino moderatuagoa da: ezingo litzateke ia bereizi eskuin tradizionalaren programa ekonomiko-politikotik, behintzat elite enpresarial eta politikoei aurre egitea ekar dezaketen funtsezko puntuetan.

Gaur egungo egoera instituzionala tamalgarria da: eskuin muturrak bultzada irabazi eta Europa mailan homologatua dago. Ezkerrak programa inoiz baino moderatuagoa da: ezingo litzateke ia bereizi eskuin tradiziona­laren programa ekonomiko-politikotik

Jakina, eskuin muturrak ere, Meloni Italiako gobernuburuaren kasuak erakusten duen bezala, ez ditu bere promesa guztiak betetzen botere instituzionalera iristean, eta ez ditu funtsean aldatzen Europako botere-blokearen norabidea eta funtsezko politikak. Baina ez da gutxietsi behar eskuin muturrak langile migratzaileen, emakumeen edo LGTBI kolektiboaren geruza zabalentzat dakarren arriskua, gero eta botere instituzionaleko postu gehiago hartzen baititu.

Gaur egun, neofaxismoaren gorakada geldiaraziko duen nazioarteko bloke bat eraiki behar da, ez dena kolore guztietako sozialdemokraziak proposatutako “gaitzetan txikienaren” xantaian eroriko faxismoa geldiarazteko; izan ere, haren ustez eskuin mutur berriari aurre egiteko bide bakarra EBk bultzaturiko joera nagusiak onartzea da, gerrara garamatzan programa politikoa onarturik funtsean. “Ezker apurtzailea” deitutakoaren programak gero eta asimilatuago daudela ikusita, benetako alternatiba eskala handiko erakunde politiko bati forma ematea da; alderdi bat, bere egiten duena ezezko bikoitzaren programa: ez faxismoari eta ez gaitzetan txikienaren xantaiari.

“Ezker apurtzailea” deitutakoaren programak gero eta asimilatuago daudela ikusita, benetako alternatiba eskala handiko erakunde politiko bati forma ematea da; alderdi bat, bere egiten duena ezezko bikoitzaren programa: ez faxismoari eta ez gaitzetan txikienaren xantaiari

OHARRAK

[1] Ziklo politiko honen laburpen onenetako bat, Estatu espainiarraren kasuan, Emmanuel Rodriguezen La política en el ocaso de la clase media: el ciclo 15M-Podemos (2016) lanean dago.

[2] Pello Otxandianoren kasua eta EH Bilduren azken hauteskunde-kanpaina garrantzitsuak dira, programa sozialdemokrata argitzat jo dezakegunaren dokumentuak argitaratu baitituzte. Bertan, euskal kapitalismoa biziberritzeko eta modernizatzeko planaren ildo nagusiak azaltzen dira, gezurrezko erradikalismorik gabe (mitinetarako uzten dute hori). EH Bilduren programa, Otxandiano buru duela, online argitaratu duen Begirada, una mirada al país para el futuro liburuan kontsulta daiteke.

[3] Varoufakisek Europako erakundeekin egindako plan eta negoziazio sekretu horiek guztiak kontatzen ditu bere memoria politikoetan: Comportarse como adultos: Mi batalla contra el establishment europeo (2017). Horretaz gain, hurrengo liburuaren irakurketa ere gomendatzen dut, Eric Toussaint historialari eta Syrizaren Gobernuko kolaboratzailearena: Capitulación entre adultos, Grecia 2015: Una alternativa era posible (2020).

[4] Alderdi berdeen programari eta politikei buruz gehiago jakiteko, Artekako 11. zenbakian argitaratutako artikulua kontsulta daiteke: “Esplotazioa berdez zuritzeko”

[5] La Vanguardiako YouTubeko kanalean argitaratutako “Más armas, menos normas verdes” bideo-analisia. 

[6] Guztiz eguneratuta ez badago ere, eskuin-mutur berriaren programa politiko-ekonomikoari buruz gehiago jakiteko, Enzo Traversoren obra hau kontsulta daiteke: Las nuevas caras de la derecha: ¿Por qué funcionan las propuestas vacías y el discurso enfurecido de los antisistema y cuál es su potencial político real? (2019).

EZ DAGO IRUZKINIK