Behatxulo bidezko begirada ARGAZKIA / Arteka
2021/02/24

Ez dago atzerabueltarik: aurrera doa azpian hartzen gaituen Juggernauta. Bizi-baldintzen etengabeko degradazio forman, miseria forman, hamaika ertz izan ditzakeen indarkeria forman. Eta, zalantzarik gabe, oinarrizkoenak diruditen bermeak ere ez dira berme basakeria kapitalistan, ez eta zinez bermatutako aukera. Ezta etxebizitza bera ere.

Hari zoro horretan, gero eta gehiagoren aukera bakarra da legeria burgesarekin haustea eta, aterpe bat ziurtatzeko, okupazioaren hautua egitea, edo egin behar izatea. Hortik jaio dira, erantzun modura, jabetza pribatuaren defentsa egin ahal izateko hamaika tresna berri. Unean-unean indarrean diren mekanismo burges formalek, nolabait, huts egiten dutenean, zirrikiturik irudikaezinenek hartzen dute indarra. Indarkeria forma berriak agertzen dira. Horixe da, hain zuzen, desokupazio enpresen sorrera.

Erreportaje honetan, Espainiako Estatuko desokupazio enpresen –bereziki, Desokupa modura ezaguna den enpresaren– inguruko hainbat zertzelada emango dira, mundu ilun eta lauso horren inguruko hainbat arrasto argitara ateratzeko. Besteak beste, aztergai izango dira lege-babesa, Desokupak esku hartzeko baliatzen dituen metodoak, Desokupak barne hartzen duen enpresa-konglomeratua edota enpresa horiek dituzten hainbat harreman.

LEGEDI BURGESAREN ITZALA, ETA BABESA

Judizioz kanpoko zerbitzuak saltzen dituzten segurtasun pribatuko enpresak dira desokupazio enpresak, eta horien artean ezagunena da Desokupa izenekoa. Prozedura judizialek izan ohi dituzten epeak –luzeagoak– saihesteko kontratatzen dira enpresa horiek, kaleratze estrajudizialak modu azkarrean egin daitezen. Horretarako ezinbesteko elementuak izan ohi dira indarra eta intimidazioa.

Intimidazioa eta indarra tartean izan arren, ordea, horrek ez dakar zuzenean jarduera horiek legaltasunetik kanpo egotea. Enpresa horiek behin eta berriz errepikatzen dute parametro guztiz legalen barruan gauzatzen dutela haien jarduna, eta izatez, hala da.

Espainiako Gobernuaren segurtasun pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legeak arautzen ditu desokupazio enpresak Espainiako Estatuan. Hala, lege horrek zehaztutako mugen barruan esku hartzen dute Desokuparen gisako enpresek, jarraian ikusiko ditugun legezko metodoak erabiliz:

• Intimidazio ez fisikoa darabilte. Gizonezko gihartsuak izan ohi dira enpresa horietako matoiak. Beldurra sortzeko asmoz, maizterren atearen aurrean edo eraikinaren parean egon ohi dira, atea irekiz gero, ezingo dutela berriro itxi pentsarazteko. Horrez gain, maiz bertaratzen dira etxearen inguruetara edo atarira, maizterrek haiek ikusteko eta presioa areagotzeko.

• Etxebizitzaren jabeak zehaztutako diru kopuru bat eskaintzen diete maizterrei, etxebizitza utz dezaten. Metodo horri dagokionez, bi auzi azpimarragarri daude. Batetik, metodo zehatz hori aplikatu ahal izateko, erosteko ahalmen nabaria behar dute kontratatzaileek –hutsik duten etxebizitzaz gain, kontuan izan behar dugu zerbitzu bakoitzak 2000-4000 euro arteko kostua duela, maizterrari eskainitako zenbatekoaz gain–. Bestetik, erabiltzen duten intimidazio estrategiak eta aldi berean ezartzen dituzten bestelako neurriek –jarraian ikusiko ditugunak– ez die dirua onartu eta alde egin beste irtenbiderik uzten maizterrei.

• Sarbide kontrolena da, haien hitzetan behintzat, gehien erabiltzen duten metodoa. Segurtasun pribatuaren inguruko legearen arabera, desokupazio enpresetako mertzenarioak gaituta daude, enpresak hala akreditatzen badu, eraikinaren barnera sartu nahi duten guztiei etxebizitzaren jabeak direla edo alokairuan daudela egiaztatzen duen lege-agiri bat eskatzeko. Modu horretan, setio egoeran uzten dituzte maizterrak. Izan ere, kalera irteten badira badakite agian ezin izango dutela gero berriro sartu, eta aldatu egingo dietela ateko sarraila. Etxe barruan gordetzeko hautua egiten badute, ordea, hornidura –janaria eta abar– bermatuko dietenak ezin izango dira eraikinera sartu, aurrez aipatutako agiri horietakoren bat erakutsi ezean. Metodo hori gauzatzeko baldintza bakarra da atariko presidenteak kontrol horiek egitea baimentzea desokupazio enpresari.

Modu horretan, setio egoeran uzten dituzte maizterrak. Izan ere, kalera irteten badira badakite agian ezin izango dutela gero berriro sartu, eta aldatu egingo dietela ateko sarraila. Etxe barruan gordetzeko hautua egiten badute, ordea, hornidura bermatuko dietenak ezin izango dira eraikinera sartu

Aipatzekoa da talde horiek ez dutela inoiz eraso fisikorik egiten, zeharo legez kanpokoa bailitzateke halako esku-hartze oro; gainera, nahikoa zaie bestelako metodoekin. Gehienetan arte martzialetan trebatutako pertsonek osatzen dituzte enpresa horiek, eta horrek, delituaren larritasuna areagotu baino ez luke egingo, arma zuri bidez egindako erasoen kategoriaren barruan zigortzen baitira formakuntza hori duten pertsonek egindako eraso fisikoak.

Dena den, ez da horren argia talde horien izaera legala, luzea baita legez kanpoko prozedurak erabiltzen dituztela salatu duten norbanako eta gizarte-eragileen zerrenda. Kasu horien nolakotasunean eta zehaztapenetan sartu gabe, oro har, honako legez kanpoko prozedurak seinalatzen dituzte salaketa horietan: mehatxuak, maizterrak jakin gabe zaintzak egitea eta, maizterra etxetik atera eta une batez hutsik geratu denean higiezina haiek okupatzea, hornidura etetea legez kanpo, eta abar. Desokupak kontratatuta 2019-2020 artean Bartzelonan jardun zuten bi pertsonaren testigantza jaso zuen Metropoli Abierta atariak (1), eta haien arabera, gutxienez birritan izan zuen enpresak polizia-agente baten laguntza. Polizia-zerbitzutik kanpo zegoela esku hartu zuen bi etxe-kaleratze gauzatzeko.

GENEALOGIA BATEN ARRASTOAK

Daniel Esteve da, Desokupa enpresaren sortzaileen artean, sona mediatiko handiena izan duen bozeramailea –segurtasun pribatuan, hainbat negoziotan eta arte martzialetan trebatua aurretiaz–. 2016an sortu zuten marka komertziala, ordutik gutxienez 5.600 kaleratzetan esku hartu duena. Beren hitzetan, «Espainiako Estatuaren segurtasun indarrek gomendatutako enpresa bakarra» (2) dira sektore horretan. Talde operatiboak dituzte Estatuaren lurralde osoan, tartean, Hego Euskal Herrian. Joan den urtearen amaieran 95 lagun zituzten kontratatuta. Estevek aitortu izan duenez, zenbait egunetan hamahiru probintziatan aritu izan dira aldi berean. Horretarako, esku-hartzeak gauzatzen dituen talde bakoitzak bere buruzagi propioa du, Esteveren konfiantzazko gizonen bat, aginte zentralarekiko autonomia operatiboarekin. Dena den, «kasu zailenetan, mediatikoenetan edo bortitzenetan», hark zuzenean esku hartu nahi izaten duela adierazi izan du enpresaburuak (3).

Talde operatiboak dituzte Estatuaren lurralde osoan, tartean, Hego Euskal Herrian. Joan den urtearen amaieran 95 lagun zituzten kontratatuta. Estevek aitortu izan duenez, zenbait egunetan hamahiru probintziatan aritu izan dira aldi berean

Enpresa abarkatzaile erraldoi bat baino, konglomeratu korporatibo zabalago baten parte da Desokupa. Izan ere, arduradun nagusiak eta haiekin negozio gehiago partekatzen dituzten pertsonak beste hainbat enpresetako goi-karguen artean agertzen dira. Bartzelona (Herrialde Katalanak) inguruan ardaztutako sozietate mugatuak dira guztiak, denbora-tarte bertsuan sortuak eta, maiz, admnistrazio-kargudunak zein egoitzak partekatzen dituztenak. Zenbait kasutan, negozio-esparru nahiz funtzio berberak betetzen dituzten enpresak dira, gainera. Erakunde horien zerrenda (4) eta bakoitzaren ezaugarriak azaldu ahala, Desokupa negozio-egitura konplexuago baten filiala dela identifika dezakegu, haren sortzaileek mediatikoki esleitu nahi dioten kontakizun boluntarista espontaneoa gezurtatuz eta atzetik duen enpresa-estrategia kontzientea agerian utziz.

• Brownie Real Estate SL: Esteve bera higiezinen enpresa horren kudeatzailea da 2017ko irailetik. Enpresak Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Balmes kalean du egoitza.

• Conciencia y Respeto 1970 SL: Sozietate mugatuko enpresa hau etxebizitzen jabeei laguntza-zerbitzuak eskaintzeaz, higiezinen esplotazioaz eta lursailen administrazio zein kudeaketaz arduratzen da. Fernando Jacobo Lasaosa Huch da arduradun nagusia 2017ko abuztutik, Esteve ordezkatu baitzuen. Erakundearen egoitza Brownie Real Estate-k Balmes kalean duen berbera da. Lasaosak Bartzelonako lau enpresatan ditu kargu gorenak, hala nola, bidaia-agentzia batean, higiezinen salerosketan nahiz erreforman aritzen den beste erakunde batean, okintzan eta eraikuntza sektorean. Conciencia y Respeto 1970 SL erakundeak ondoko marka komertzialak erabiltzen ditu: Desokupa, Desocupa, Desokkupa eta Desblokea.

• Coexistance & Respect SL: Eraikuntza, instalazio eta mantenu lanetan aritzen da honako enpresa hau ere. Estevek zein Lasaosak zuzendaritza-karguak dituzte 2014tik, eta Bartzelonako Ecuador kalean dago kokatuta.

• Newton Innova SL: Ehunka korporaziotan goi-mailako karguak izan dituen Raul Pons Serraclarak diskotekak kudeatzeko 2010ean sortutako enpresa da, eta Esteve izan da kudeatzaile bakarra.

• La Isla Fifhting Championship SL: 2014an sortutako enpresa honetan ere administrari bakarra dugu Esteve. Borroka kirol ikuskizunak antolatzeaz eta sustatzeaz arduratzen da.

• Entendimiento Sumisión Anastrofe SL: Lasaosaren enpresetako bat da, higiezinen eraikuntza, promozioa, administrazioa eta esplotazioa bultzatzen dituena, eta 2017an sortutakoa. Negozioak Ecuador kalean du egoitza, Coexistance & Respect SL taldearekin batera.

ESKARIAREN ATZEAN

2016. urtean hasi ziren esku-hartzeak gauzatzen. Garai hartan, finken salerosketan jarduten zuten jabe handien edota higiezinen enpresen jabetzako higiezinetan egin zituzten horiek husteko lehen lau saiakera dokumentatuak, eta inola ere ez partikular edo familia baten jabetzakoetan, eurek dioten bezala. MK Premium, Norvet Property, Univness edo Korsal Project dira, hainbat etxebizitza berreskuratzeko asmoz, Desokuparen zerbitzuak kontratatu zituzten aurreneko jabeak (5).

MK Premiumen kasuan, Desokupa kontratatu zuen La Clota izeneko lursaila husten saiatzeko, Bartzelonako Horta-Guinardó barrutian. Beste zenbait operazioren artean, MK Premiumek Can Sesenta eraikinaren salmenta polemikoa kudeatu zuen, Raval auzoan, Clamarc SL-ren (Jäger & Pachowiak inbertsio funts alemaniarrarena) eta Bartzelonako Udalaren arteko bitartekaritza-lanetan. Udalak sei milioi euroren truke erosi zuen azkenean. Desokupako abokatua higiezinen elitearen ekitaldi esklusiboren batean ere ikusi izan dute, Bartzelonako Diagonal etorbideko Engel & Völkersen egoitzan. Enpresa hori munduko erraldoietako bat da prezio altuko higiezinen bitartekaritzan, 668 milioi euroko diru-sarrerak izan baitzituen 2016 eta 2017 artean, 1.200 jabetzarekin eta 250 agente higiezinekin. Merkatu-hobi zabala topatu du Bartzelonan bereziki.

Desokupak arrakasta izan zuen lehen kasu dokumentatua izan zen Can Dimonikoa, 2016ko apirilean hustutako eraikin bat, hain zuzen ere. Hasiera batean, bertan behera utzitako finka handi bat zirudien, Bartzelonako Gracia auzoaren erdigunean degradazio-prozesu betean zegoena. Baina hiriko barruti horrek alokairuaren prezioan urtez urte izandako bilakaerari erreparatzen badiogu, igoera nabarmenenarekin egiten dugu topo. 2017ko otsailean, adibidez, %22,1eko gorakada izatera heldu zen, aurreko urteko hilabete berdinarekin alderatuz gero (6). Gainera, prezioen eskala 2010etik 2020ra jarrita, 2016 inguruan ikus daiteke alokairuaren prezioaren igoera esponentzialena, Desokuparen sorreraren urte berdinean.

Can Dimoniko desalojora itzulita, Desokupak eraikina legez kanpo hustu eta hurrengo egunean, Norvet higiezinen agentziak proiektu berri bat iragarri zuen: 45 eta 100 metro karratu arteko zortzi apartamentu, teknologia adimendunarekin, igerilekuarekin eta lorategiarekin. Alokairuen prezioak gora egiten duen testuinguruan, higiezinen sektoreko inbertsore espekulatzaileei errentagarriak ez diren bizilagunak ahalik eta azkarren kanporatzea interesatzen zaiela ondoriozta daiteke. Horra hor Desokuparen funtzioa, alegia, merkatuaren fluktuazio koiunturalen abiaduran molda ezin daitezkeen lege erreformen hutsuneak betetzea, burgesia monopolistaren mesedetan.

Horra hor Desokuparen funtzioa, alegia, merkatuaren fluktuazio koiunturalen abiaduran molda ezin daitezkeen lege erreformen hutsuneak betetzea, burgesia monopolistaren mesedetan

ESKUAK

Talka-indar handia galdegiten duen jarduera da Desokuparena. Horretarako, arte martzialetan, segurtasun pribatuan edota paramilitarismoan aritutako pertsonak hautatu eta kontratatzen dituzte. Estevek berak ere, hein batean, profil hori betetzen duen arren, badira ezaugarri horiek nagusiak baino modu nabarmenagoan biltzen dituztenak, faxistak tarteko. Ernesto Navas Palacin boxealaria (7), adibidez, etxe-kaleratzeetan aritu izan den gizonetako bat da. Hitleriar Gaztediaren besokoa darama tatuaturik ezkerreko besoan, eta sabelean, berriz, Rudolf Hess Hitlerren ordezkari militar eta Alderdi Naziko goi-karguaren izena. 2000ko hamarkada hasieran zenbait eraso faxista egitea leporatu izan diote, hain zuzen, komunista gazteei labanarekin eraso egitea. Navasek boxeo-gimnasio batean egin zuen topo Estevekin eta Jivko Ivanovekin. Azken hori ere Desokupako mertzenarioen artean dago, eta Europa Ekialdeko hainbat milizia ultraeskuindarretako kide izan da, antza (8).

ERREFERENTZIAK

1. metropoliabierta.com/informacion-municipal/sucesos/desokupa-policia-desajolos-desahucios_28256_102.html

2. desokupa.com

3. youtube.com/watch?v=EwIU6DWlpmk

4. stopdesokupa.noblogs.org/desokupa/empreses-vinculades

5. diagonalperiodico.net/global/32047-aliados-desokupa-em-la-sombra.html

6. idealista.com/sala-de-prensa/informes-precio-vivienda/alquiler/cataluna/barcelona-provincia/barcelona/gracia/historico

7. stopdesokupa.noblogs.org/desokupa/ernesto-navas-palacin

8. stopdesokupa.noblogs.org/desokupa/jivko-ivanov

EZ DAGO IRUZKINIK