1905eko iraultzak inpaktu propioa izan zuen Finlandian. XIX. mendearen hasieran Inperio Tsaristaren parte izatera igaro arren (Fredrikshamn Itunaren bitartez), Finlandiak nolabaiteko autonomia politikoa izan zuen errusiar administrazioaren antolaketa-ereduaren baitan, besteak beste parlamentu, armada propio eta txanpon propioa. Edonola ere, XIX. mendearen amaieran, Alejandro II.ak iritziz aldatu, eta Finlandiaren errusifikazioaren aldeko apustu politikoa egin zuen; aipatutako autonomia erlatiboari erasotu zion, ordura arte finlandiar gobernuari behin-behinean emandako zenbait eskumen kendu zion (parlamentuaren eskumenak murriztu egin ziren), eta Finlandiako botere egituren errusifikazioa bultzatu zuen. Funtzionarioak errusieraz jakitera behartu zituen; alkateak, probintzietako gobernadoreak eta poliziak kargugabetu eta postu horietan errusiar herritarrak jarri; finlandiar tropak errusiar armadaren baitan integratu zituen; eta Bobrikov jeneral errusiar nazionalista izendatu zuen Finlandiako gobernadore. Halaber, kanpaina politiko horrek adar errepresiboa izan zuen bere baitan. Eskubide zibil eta politiko batzuk kolpean ezabatu zituen gobernu zentralak, hala nola adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea. 1899. urtean tsarrak Finlandiaren autonomia politikoaren ezabapena dekretatu zuen. Itotasun erregimen horrek abagune ezin hobea ireki zuen Finlandian errusiar gobernu tsaristaren aurkako sentimendu bat zabaltzeko, gako nazionalistetan gauzatu zena.
XIII. mendean Suediak Finlandia kolonizatu zuenetik, bi espazio nagusi bereizi ziren finlandiar gizartearen baitan. Elite finlandiarrek, Suediaren botere egituretan integratuta zeudenek, posizio horren arabera ulertzen zuten beren naziotasuna. Kontrara, finlandiar herri xeheak ohitura propioagoekin jarraitu zuen, nolabait esateko. XIX. mendean nazionalismo finlandiarraren goraldi bat izan zen, suediar eta errusiar nazionalismoen aurka garatu zena. Dena den, testuinguruaren xehetasunak tarteko, nazionalismo birfundatu horrek nazionalismo suediarrarekin bat egin zuen aipatutako errusifikazio prozesu horren hastapenetan (anexioaz geroztik gertatu zen hori, baina bereziki prozesuaren areagotze fasean).
XX. mendearen hastapenetan, testuingurua aldatzen hasi zen. Errusiar Inperioaren kontraesanak gero eta indartsuagoak bilakatu ziren, baita haiekiko kontrakotasuna adierazten zuten indar politikoak ere. AEBra besteak beste kausa ekonomikoengatik emigratutako finlandiarrek inportatu zuten teoria sozialista herrialdera. XIX. mendearen amaieratik, Finlandiako sozialdemokraziak hazkunde nabarmena izan zuen Errusian zein munduan garatzen ari zen testuinguruaren ondorioz, masa-alderdi bilakatzeraino (1903an eratu zen formalki, Erfurteko programa inspirazio hartuta). Masa izaera horrek, garai hartako alderdi sozialdemokrata askorenak bezala, instituzio propioen sare zabal batean zuen oinarria, lan kulturalerako operazio base izango zena (bi munduen teoriarekiko koherentzian garatu zen SDPren jardunbidea). Hala ere, kontuan hartu beharra da alderdi horrek izaera parlamentarioa zuela nagusiki. Sozialismoranzko trantsizio baketsua ortzi-mugan, estrategia parlamentarioan murgildu zen, are alderdi liberalarekin zenbait harreman garatzeraino.
XIX. mendearen amaieratik, Finlandiako sozialdemokraziak hazkunde nabarmena izan zuen Errusian zein munduan garatzen ari zen testuinguruaren ondorioz, masa-alderdi bilakatzeraino
Testuinguru hartan, 1905eko iraultzaren oihartzuna heldu zen Finlandiara. Mende hasiera hartan Europa mailako alderdi sozialdemokratak hartzen ari ziren norabidearen kontrara, Alderdi Sozialdemokrata erradikalizatu egin zen Finlandian. Horrez gain, Alderdi Sozialdemokratari zein haren inguruan orbitatzen zuten sindikatu eta bestelako eragileei bultzada handia eman zieten aipatutako baldintza objektiboek. Greba orokor baten deialdia egin zuen langile mugimenduak, eta finlandiar herriaren (eta haren ordezkari politiko askotarikoen) babesa lortu zuen. Iraultzaren fase haren produktu behinena “Azaroko Manifestua” izan zen. Tsarraren erabaki haren bitartez, Finlandiak autonomia politiko erlatiboa bereganatu zuen berriro ere, eta sistema parlamentario baten baitan antolatu zuen bere sistema politikoa.
Horrek bi ondorio politiko nagusi izan zituen. Alde batetik, langile masa zabalak iraultzaren aldera ekarri zituen. Errusiatik zetozen haizeen berotasunari harrera ona egin zien finlandiar herriak, eta ordura arte nazionalismo finlandiarrak bereganatua zuen espazio politikoa kolorez aldatu zen, gatazka sozialaren ardatza norabidez aldatu zen heinean. Ordea, abagune berriak eragin handia izan zuen baldintza politikoetan, Alderdi Sozialdemokrataren ameskeria demokratiko parlamentarioak sakontzea eragin baitzuen aldi berean. Ameskeria edo ilusio horren arabera antagonismo soziala bideragarria zenez parte-hartze parlamentarioaren bidetik, ordutik aurrera taktika politikoaren modalitatea aldatzearen aldeko apustua egin zuen sozialdemokraziak. Lehen faktorearen, hau da, langile masak iraultzaren alde lerratzearen itsasbeherak hauspotu egin zuen, gainera, sineskeria hori. 1907rako, alderdiak 100.000 langile zituen (biztanle bakoitzeko militante kopuru handiena zuen alderdia izan zen garai hartan) eta, bide horretan, 1916. urterako, herrialde bateko parlamentuan gehiengoa lortu zuen lehen alderdi sozialdemokrata izan zen. Historiaren gorabeherek, alabaina, arrazoia edo pisua ematen zioten lehen faktoreari, une hartan behintzat. Tsarrak egindako iraultza-osteko kontzesio horiek ibilbide laburra izan zuten, eta 1908. urterako Finlandia errusifikazio fase berri batean sartu zen.
Horrek bi ondorio politiko nagusi izan zituen. Alde batetik, langile masa zabalak iraultzaren aldera ekarri zituen. Ordura arte nazionalismo finlandiarrak bereganatua zuen espazio politikoa kolorez aldatu zen, gatazka sozialaren ardatza norabidez aldatu zen heinean. Alderdi Sozialdemokrataren ameskeria demokratiko parlamentarioak sakontzea eragin baitzuen
Bitarte horretan, Lehen Mundu Gerra hasi zen. Hamarkada luzez nazioartean garatutako kontraesanek nazio-estatuen mugekin topo egin zuten, eta ordura arte inoiz ezagutu gabeko gatazka beliko batean murgildu zen munduaren zati zabal bat. Gatazka hark ondorio ekonomiko eta sozial sakonak utzi zituen bertan zuzenki edo zeharka parte hartu zuten herrialdeetan. Finlandiaren kasua ez da zentzu horretan desberdina. Herrialdeak oztopoak topatu zituen aurreko mendeko 70eko hamarkadaz geroztik izaten ari zen garapen industrialaren bidean. Nazioarteko merkataritza-fluxuen funtzionamendu normala apurtu egin zen, lan kaleratze masiboak izan ziren ekonomiaren desoreka orokorraren ondorioz eta oinarrizko baliabideen eskasia nagusitu zen. Baldintza orokor horiek osatu zuten Urriko Iraultzaren testuinguru orokorra, eta testuinguru hori kolpatzera zetorren iraultza.
Gertakizun horiek pasarte berri bat ireki zuten Finlandia iraultzailearen kontakizunean. Otsaileko iraultzak ezustean harrapatu zuen Finlandia. Berehalakoan, errusiar ofizialak zein aparatu burokratikoko kideak kanporatu zituzten, lurzoru finlandiarrean aurkitzen ziren errusiar armadako kideek Petrogradeko sobietaren aldeko posizioa hartu zuten, eta polizia finlandiarra deseginda, herri milizia baten eraketaren aldeko apustua abiarazi zuten. Iraultzaren desbideraketa hark, halaber, aukera berri bat ireki zuen alderdi sozialdemokratako adar erradikalarentzat. SDPk, gertakarien eboluzioaren eraginez, boltxebikeen aldeko postura garatu zuen, nahiz eta lehenagotik zetorren posizio hori. SDPk boltxebikeen aldeko postura garau zuen, haiek zirelako gatazka sozialaren ordezkaritza politiko orokorra eta autodeterminazioaren aldeko indar politiko nagusia. Gerra-testuinguru batetik nolabaiteko gatazka sozialeko testuinguru bat sortzearen hipotesiak Finlandian ere presentzia eskuratu zuen horrela. Hala ere, alderdiaren baitan ez zen homogeneotasun garbirik egon apustu iraultzailearen harira (ez prozesu iraultzailearen nolakotasun orokorrari dagokionez, ez eta aspektu partikularrei dagokienez ere, adibidez gerrarekiko aurkakotasunari dagokionez), eta alderdiaren baitako hausturak balizko iraultza baten ilusioa zapuztu zuen. Edozelan ere, Errusiar Inperioaren baitako testuinguru politikoaren eraginez, langile antolakuntzak izugarrizko hazkunde fasea izan zuen maila kuantitatibo zein kualitatiboan (momentuan momentuko proposamen politiko taktikoek eragin handia izan zuten horretan, Zimmerwaldeko mugimendura batzeak edo nekazaritza-erreformak, kasu). Paraleloki, burgesia finlandiarrak ere bere burua armatzeari ekin zion, langile ofentsiba horri aurre egiteko asmoz.
Hala ere, alderdiaren baitan ez zen homogeneotasun garbirik egon apustu iraultzailearen harira (ez prozesu iraultzailearen nolakotasun orokorrari dagokionez, ez eta aspektu partikularrei dagokienez ere, adibidez gerrarekiko aurkakotasunari dagokionez)
Otsaileko Iraultzaren eraginez, Errusiar Inperioaren barne politikako zenbait kontu ez ezik, Finlandiaren egoera ere aldatu egin zen. Behin-behineko gobernuak zenbait aldaketa aurrera eramateko promesak mahaigaineratu zituen, nahiz eta ez zen haiek erabat betetzera inoiz ailegatu. Gainera, batetik, testuinguru orokorrak okerrera egiten jarraitu zuen, hornidura-arazoak izan ziren Finlandian eta gosea hedatu zen. Bestetik, autodeterminazioaren aldeko borroka hauspotu zen berriro ere, espektro politiko zabal baten baitan gorpuztuta (ezkerreko alderdiek Finlandiaren balizko independentzia estatu sozialistaren eraikuntzarako aurrerapauso moduan proiektatu zuten; kontserbadoreek eta liberalek, aldiz, burgesia atzerritarrarekiko botere kuotak handitzeko modu bezala). Kaosa nazioartean, kaosa Errusian, kaosa Finlandian. Egoerak eztanda egiten jarraitzeko baldintzak emanak zeuden, berriro ere.
Abagunearen gorabeherak tarteko, uda aldera beste inflexio puntu bat ezagutu zuen prozesuak. SDPk, parlamentuan zuen gehiengoa probestuz, Finlandiaren autonomia-maila handitzearen apustua mahaigaineratu zuen (barne politikari lotutako kontu guztiak parlamentuaren esku uztea). Gobernu zentrala, hala ere, ez zegoen prest horrelakorik onartzeko. Kerenskiren mehatxua aitzakiatzat hartuta, parlamentua disolbatu zuten liberalek eta kontserbadoreek, eta hurrengo hauteskundeetan gehiengoa lortu. Gertakari horrek ordura arte horrenbesteko sineskortasunez mantendutako taktika parlamentarioaren bideragarritasuna zalantzan jartzera eraman zituen sozialdemokratak, are parlamentua uzteraino. Posizio aldaketa horren eskutik, gainera, aurrerapauso gehiago eman ziren boltxebikeekiko gerturapen prozesuan.
Dena dela, luzaroan egosten ibili ondoren, urrian gertatu zen baldintza horien eztanda definitiboa. Errusian jazotako iraultzak inpaktu zuzena izan zuen Finlandian. Gobernu zentralaren figura ezabatzearekin batera, finlandiar elite lokalek ordura arteko babesa galdu zuten. Polizia ofizialaren figura de facto ez zen existitzen. Haren ordez, herritarrek osatutako miliziak gorpuztu ziren han eta hemen. Burgesia finlandiarrak bereari ekin zion, eta Guardia Nazionala fundatzeari ekin zion (nekazari eta ikasleek osatutako konposizioa zuen gehienbat). Sozialdemokraziak gauza bera egin zuen Guardia Gorriarekin. Prozesu horren eskutik, garaiotan Finlandian aurkitzen ziren soldaduek Iraultza Boltxebikearen aldeko posizioa hartu zuten Alderdi Boltxebikearen babesaz. Paraleloki, langile protestak loratu ziren herrialdean zehar. Alabaina, kasu horretan sozialdemokraziak zapaldu zuen prozesuaren balazta; izan ere, superstizio parlamentarioaren irauteak zalantzan eragin zien momentua egokia ote zen.
Horiek horrela izanik ere, langile masek grebara jotzea erabaki zuten (garai hartako finlandiar langileriaren ia %80), eta greba horrek azkar batean bilakatu zuen faktore kuantitatiboa kualitatibo. Masa iraultzaile haren bultzadak kutsatu egin zituen alderdi sozialdemokrataren baitako ezkerreko sektoreak, eta, grebak aurrera egin ahala, zenbait eraikin estrategikoren okupazioa eta mandatari burgesen atxiloketak eraman zituzten aurrera Guardia Gorriaren laguntzaz (hau beren-beregi hiriguneetan gertatu zen, landa-inguneetan guardia nazionalek, indar kontrairaultzaileen miliziak, indar korrelazio positiboa baitzuten). Nolabaiteko botere bikoitzeko egoera bat zabaldu zuen Finlandian greba horrek: boterea hartzearen inguruko norgehiagoka sortu zen, status quoaren eta iraultzaren arteko talka bat, eta bietako batek baino ezin zuen iraun. Alderdi Sozialdemokratak bere aletxoa jarri zuen prozesuaren fase horretan. Finlandian bizi zen krisi egoerari aurre egiteko, larrialdiko programa bat argitaratu zuten, indarrean egon zena langileria boterera iritsi arte. Zalantzan jartzekoa da, ordea, SDPk nola ulertzen zuen ekarpen horren izaera, zuzendaritza sozialdemokratak bere burua behartuta ikusi baitzuen baldintza subjektiboen gordintasuna maila diskurtsiboan pibotatzera. Iraultza gauzatzeko momentua beti zen beranduago, edo bestela esanda, itxarotea zen, haien ustez, iraultza egiteko modu eraginkorrena. Ez da harritzekoa. Horixe izan baitzen garaiko pentsamendu ofiziala.
Nolabaiteko botere bikoitzeko egoera bat zabaldu zuen Finlandian greba horrek: boterea hartzearen inguruko norgehiagoka sortu zen, status quoaren eta iraultzaren arteko talka bat, eta bietako batek baino ezin zuen iraun
Oasi iraultzaile horren itxurakeria edo izaera engainagarria, ordea, esplizitu bilakatu zen, moderatuek prozesuaren gidaritza hartu, eta atzera botatzea erabaki baitzuten Helsinkiko greba-kontseiluak botere hartzearen alde aldarrikatutako apustua. Edozelan ere, garai hartan konstantea izan zen zuzendaritza politikoaren euste lanaren eta langile masen bultzada iraultzailearen arteko tentsioa; bi indar horien arteko pultsua ez zen, ordea, horren sinpleki lerratu zuzendaritza moderatuaren aldera. Iraultza prozesuak aurrera egin zuen. Urtarrilean Gerra Zibila abiatu zen, eta Finlandia bi zona politikotan banatu zuen. Alde batean, langile masak, nazioarteko zein maila nazionaleko azken urteetako borroka luzean hoztutakoak. Bestean, burgesia, bere tresna eta arma propioekin, aipatutako Guardia Nazionalak indartzera etorri baitzen Guardia Zuriaren konstituzio eta instituzionalizazio prozesua. Hiri nagusiak gorriz tindatu ziren, landa-ingunea zuriz. Haizeak, kasu horretan, bandera zuriaren alde egin zuen putz, ordea. Urrian iraultzaren berme bezala jardun zuten soldadu errusiarrak Errusian zeuden honezkero, Guardia Gorrien ofizialitatea ez zegoen bereziki trebatuta auzi militarretan, indar gorrien baitan izaera nazionalistako tentsioak zeuden, gaitasun armamentistikoaren alorrean Errusiarekiko mendekotasun handia zuten. Indar gorrien ahuldadearen aurrean, kontrara, indar kontrairaultzaileak txanponaren beste aldea izan ziren alderdi gehienetan. Gainera, finlandiar erreakzioak Alemaniaren laguntza jaso zuen. 1918ko maiatzerako, indar kontrairaultzaileek eskuratu zuten garaipena. Sozialistentzat, porrota errepresio-bolada sakon baten eskutik etorri zen. Gobernuak, bestelako taldeen laguntzaz, 80.000 sozialista inguru atxilotu zituen, haietako batzuk erail, eta kontzentrazio esparruetara bidaliko dira beste hainbat. Hainbat sozialistak Errusiara egin behar izan zuten ihes. Ordena berrezarri zen Finlandian.
Gerra Zibilaren ondorio nagusia, edonola ere, potentzia iraultzailearen aukera-baldintzen ezabapena izan zen. Hein batean, erresistentziaren ezabapen fisikoak eman zion horri bide, baina langile mugimenduaren baitako desadostasunek ere izan zuten zeresanik prozesu honen baitan. Luzaroan alderdi sozialdemokrataren baitan joera politiko ezberdinak elkarrekin bizi izan ziren arren (horrek eragina izan zuen prozesuaren linealtasun faltan eta haren abiaduraren, nolakotasunaren eta intentsitatearen bariazioetan), iraultza prozesuaren garapena etetean, apurketa gertatu zen alderdiaren baitan. Aldi berean, Alemaniaren meneko monarkia bilakatu zen Finlandia (gerra bukatuta sortu zen senatuan, monarkikoek zuten gehiengoa, eta hori gerrak iraun bitartean jasotako laguntzaren faktura ere bazen neurri batean), erreakzioaren errealizazio politiko behinena, azken urteetako bolada iraultzaileak utzitako txingarrak itzaltzeaz arduratu zena. Kolpe errepresiboaren eskutik, gainera, errezel lodi bat bota zen Finlandian historiaren kontakizunaren alorrean.
Gerra Zibilaren ondorio nagusia, edonola ere, potentzia iraultzailearen aukera-baldintzen ezabapena izan zen. Hein batean, erresistentziaren ezabapen fisikoak eman zion horri bide, baina langile mugimenduaren baitako desadostasunek ere izan zuten zeresanik prozesu honen baitan
Nazioarteko jazotako gertakizunek Finlandiaren oreka kolokan jarri zuten berriro ere. Inperio Zentralek errendizioa aurkeztu zuten Ententearen aurrean. Alemaniako egoera ezegonkorrak (gerraren gorabeherak eta tentsio iraultzailea tarteko) beste aldaketa batzuk eragin zituen Finlandian. Alemaniar tropek alde egin zuten herrialdetik, eta Federiko printzeak tronua utzi zuen. Aldaketa horien ondorioz, Finlandia errepublika independente bilakatu zen, Ententeko herrialdeen eredu politikoari jarraituz eta AEBren eta Britainia Handiaren oniritziaren babespean. Herrialdeak lehenagotik bizi zuen krisialdiaren inguruan, gauza gutxi. Ekonomiak, lehenagotik egoera kaskarrean zegoenak, izugarrizko kolpea jaso zuen Gerra Zibilean, eta, haren ondotik, Finlandiar ekonomiak, Alemaniarekiko menpekotasunaren eraginez, hamarkada erdi inguru behar izan zuen hala moduz errekuperatzeko.
Testuinguru horretan, indar politiko moderatuek hartu zuten Finlandiaren lema. Alde bateko zein besteko moderatuek, garaiaren sen iraultzaileari entzungor eginez, Finlandiak behinola galdutako ongizatea berreraikitzeko konpromisoa oinarri hartuta egin zuten lan. Ordena nazionala iraganeko notekin berreraikitzen saiatu ziren. Horrela adierazten dute, gainera, gerrarteko garaian zehar gobernatu zuten gobernuen konposizioek. Hori ez zen inolaz ere salbuespena, Europako hango eta hemengo gobernuak kolore ezberdinetako nota itzalduek okupatu baitzituzten. Neurri batean, gerrarteko garaiaren lehen hamarkada (gutxi asko) demokrazia liberalen garaia izan zen, I. Munduko Gerran garaile irten ziren herrialdeetan behintzat. Alabaina, faxismoaren askotariko adierek bereganatu zuten, neurri batean, garaiko protagonismo politikoa. Gerran galtzaile izan ziren, gerraren ondorioek galerak ekarri zizkieten edo gerra ondoren galduta aurkitzen ziren herrialdeetan sekulako garapena izan zuten tendentzia kontrairaultzaileek. Alemanian, Italian eta Espainian, besteak beste, demostratu zuten haiek zirela tresna eraginkorrena ordena bat ezartzeko.
Testuinguru horretan, indar politiko moderatuek hartu zuten Finlandiaren lema. Alde bateko zein besteko moderatuek, garaiaren sen iraultzaileari entzungor eginez, Finlandiak behinola galdutako ongizatea berreraikitzeko konpromisoa oinarri hartuta egin zuten lan. Ordena nazionala iraganeko notekin berreraikitzen saiatu ziren
Zentzu horretan ere, Finlandia ez zen inolako oasia izan nazioarteko testuinguruari dagokionez. Gerrarteko garaiaren ezaugarri behinenek beren isla propioa izan zuten herrialde eskandinaviar horretan ere. Finlandia, Europako beste herrialde asko bezala, krisi ekonomiko sakon batean sartu zen, eta horrek ezegonkortasun politiko eta sozial larria ekarri zituen. Harreman sinbiotikoa izan zuten krisi ekonomikoak eta krisi politiko eta sozialak, eta, egoera bideratzeko, beharrezkoa izan zen alde batetik zein bestetik bultza egitea, elementu bakoitzak bestea era egokian askatzeko gakoak gordetzen baititu. Finlandiako kasu partikularra ulertzeko, kontuan hartu behar da Gerra Zibilaren osteko errepresioak izan zuen izaera duala. Orainaldian gauzatzen zen errepresio horrek iraganera begiratzen zuen alde batetik, urte luzez garatuz joan zen prozesua kolpetik mozteko helburuz. Baina, bestetik, etorkizunean pausatzen zuen begirada, hain justu, langile antolakuntzaren oinarriak errotik ezabatzean etorkizunera begirako perspektiba iraultzailea ezabatzen baitzuen. Ordea, langile antolakuntzaren garapenak ere izaera bikoitza izan zuen. Iraultza antolatzeko eta garatzeko perspektiban eman zituen aurrerapausoak, baina bide horren baitan, baldintzak ezarri zituen etsaiaren aurrerapausoen kontentziorako. Gobernu finlandiarrak garbiketa-lan horietan jarritako enpeinuak abagune aproposa eraiki zuen iniziatiba politiko kontrairaultzailearen garapenerako eta ezarpenerako. Gerraosteko sistema politiko hori sistema parlamentarioaren izaera tranpatiaren adibide bat besterik ez da: parte hartze politiko unibertsalaren teatralizazioa. Egitasmo hori, noski, era egokiagoan gauzatu zen aurkari edo etsai politikoa ekuaziotik atera ondoren.
Gerraosteko sistema politiko hori sistema parlamentarioaren izaera tranpatiaren adibide bat besterik ez da: parte hartze politiko unibertsalaren teatralizazioa. Egitasmo hori, noski, era egokiagoan gauzatu zen aurkari edo etsai politikoa ekuaziotik atera ondoren
Finlandiaren kasuan, nolanahi ere, agenda politiko kontrairaultzailearen bide-orria ez zen alderdi faxisten bidetik joan. Gerraosteko garbiketa era eraginkorrean gauzatuta, gatazka politikoaren gaineko errelatoa inposatuta, Finlandiaren proiektu nazionalaren garapen fase berrirako oinarriak jarrita, burgesia finlandiarrak bazuen tresna nahikorik koordenada liberaletan mantentzeko ordena. Kontuan hartzekoa da, gainera, gerra zibilaren esperientziak beta eman ziola burgesiari kontraesan antzeztuak alde batera utzi eta, iraultzaren mehatxuaren aurrean, bloke unitario erreal moduan gorpuzteko. Finlandiako errealitate partikular horretatik jaio zen estatuak, zentzu horretan, faxismoak eskaintzen zituen bermeak modu “naturalean” barne hartzeko gaitasuna izan zuen. Erregimen parlamentarioa izan zen formalki, eta parte hartzearen unibertsaltasun faltsu horretan oinarritu zen haien gobernantzaren gakoa. Erregimen demokratikoa izan zen, baina izaera autoritariokoa. Gerra Zibilaren gertutasun historikoak eta Sobietar Batasunaren gertutasun geografiko eta politikoak lehen lerroan jarri zuen tendentzia iraultzaile oro zapaltzearen zeregina. Gerrarteko garaian zehar, beraz, nazionalismo sutsuak eta antikomunismoak batu zituen alde bateko zein besteko indar politikoak (langile mugimenduaren antolakuntzaren espresio guztien aurkako jarrera oldarkor moduan ulertuta antikomunismoa, hau da haren zentzu zabalenean). Izaera kontserbadoreko gobernu bat izateaz gain, eskumen ugari eman zizkion Konstituzioak Finlandiako presidenteari; estatuburua izateaz gain, armadaren burua ere izan zen; eta eskumen zabalak zituen kanpo zein barne politikan.
Faxismoa ez nagusitu izanak ez du esan nahi, ordea, horrelakorik ez zenik egon. 1929an Lapua Mugimendua sortu zen Finlandian. Eskuin muturreko alderdi nazionalista bat zen. Gerra Zibilaren testuinguruan sortutako eskuadra antokomunisten garapenetik sortu zen alderdi hori. Hasiera batean, Finlandiako zenbait gunetan mugimendu komunista ematen ari zen aurrerapausoei oztopo moduan sortu zen, baina momentu batetik aurrera izaera paramilitarreko talde bilakatu zen, eta, urte batzuk pasa eta gero, alderdi moduan fundatzeko saltoa eman zuen. Gobernatzera heldu ez zen arren, aipatu behar da sekulako eraginkortasuna izan zuela aipatutako indar iraultzaileen ezabaketa-lanetan, zehazki liberal eta kontserbadoreen lan zikina egiten, beste hainbeste herrialdetan bezala. Alderdi horrek, iraupen laburra izan zuen arren, gobernuko alderdientzat eraginkortasun handia izan zuen bizi zen artean.
ONDORIO BATZUK
Lehen Mundu Gerraren inguruko hamarkadetan historia parez pare egon zen zabalik. Testuinguruaren gordintasunak garapenerako aukera ezberdinak gorde zituen bere baitan. Alde batean historiaren norabide kapitalista; nazio-estatuen babespean jarduten zuten kapitalen arteko lehian idatzia zegoen, eta hamarkada batzuen buruan nazioarteko gatazka belikoan egin zuen eztanda. Bestean, bide-orri iraultzailea; saiakera-forman garatu zen, tokian tokiko espezifikotasun eta berezitasunekin. Finlandiaren kasua testuinguru horretan txertatzen da, eta, zentzu horretan, organismo politiko zehatzetan gorpuzten diren bi aukera horien arteko talkan idazten da haren historia ere, noski. Edonola ere, talka horren kontakizuna bataren eta bestearen asmatze eta akatsetatik abiatzen da, eta Finlandia ez zen egitate honetatik libre egon.
Zentzu horretan, abagune iraultzaileak bere momentua izan zuen Finlandian, baina tamalez ez zuen lortu bi tendentzia historikoen arteko pultsua irabaztea. Zaila da seinalatzen zehazki zerk egin zuen huts, baina, nolanahi ere, garbi dago bi indarren arteko talka dagoenean beharrezkoa dela bi aldeei behatzea. Kasu honetan, alde baten ahultasun organizatiboak bestearen indarguneekin egin zuen talka, eta masa iraultzaileak prozesuaren ateetan geratu ziren, trabatuta. Finlandiako Alderdi Sozialdemokrataren posizio politikoak sekulako zeresana izan zuen horretan; izan ere, apustu iraultzailea aurrera eramaten ari ziren langile masei eskua eman beharrean, prozesu iraultzailearen oztopo nagusi bilakatu zen haren puntu determinanteetan. Gatazka soziala baretzeko eta hura oreka-puntuetara bideratzeko obsesio konstanteak potentzialtasun iraultzailearen aurka egin zuen behin eta berriro.
Finlandiako Alderdi Sozialdemokrataren posizio politikoak sekulako zeresana izan zuen horretan. Gatazka soziala baretzeko eta hura oreka-puntuetara bideratzeko obsesio konstanteak potentzialtasun iraultzailearen aurka egin zuen behin eta berriro
Gerrarteko testuinguruari dagokionez, bi elementu nagusi azpimarratu behar dira. Hasiera batean bestelako planik egon ez arren, azkenerako errepublika demokratiko moduan osatu zen Finlandia. Horrek ez zion, edozelan ere, izaera kontserbadore eta autoritarioko herrialde bat izatea galarazi. Gerra amaitu zen momentutik aurrera, garbi geratu zen zein zen gobernu horrek iraultzarekiko eta iraultzaileekiko izango zuen jarrera, eta, neurri batean, printzipio berberen baitan garatu zuen bere jardunbidea hurrengo urteetan zehar ere. Potentzia iraultzailea zanpatzea izan zen gobernu finlandiarraren lehentasuna, eta beharrezko medioak erabili zituen horretarako. Nolanahi ere, garaiaren ezaugarri bezala uler genezake hori. Azken finean, iraultzaren potentzialtasunak zeharkatutako garaia izan zen XX. mendearen lehen erdialdea, eta, zentzu horretan, iraultzaren eta kontrairaultzaren arteko talka konstantean garatu zen, gertakari partikularretan eta lekuan lekuko prozesu askoren atzean ezkutatzen den prozesu sakona baita. Testuinguru horretan txertatzen da faxismoaren papera. Finlandiaren kasuan faxistak estatuaren gidaritza eskuratzera heldu ez ziren arren, neurri eta jardunbide autoritarioak eta antikomunismo sutsuak (faxismoaren baitako elementu moduan), bai eta alderdi faxistek ere, rol berezia izan zuten aipatutako gatazka horretan. Finlandian, ordea, ordena parametro “demokratikoetan” ezartzeko gaitasunak bigarren planoan utzi zuen faxismo antolatua, eta bestelako jardunbide batzuetarako erreserbatu. Antzeko zerbait gertatu izan da bestelako esperientzia historiko batzuetan ere: faxismoa gobernura heldu aurretik, edo heltzera iritsi ez arren, lekuan lekuko gobernuentzat funtzionalak izan dira bateko zein besteko mugimendu faxistak.
Testuinguru horretan txertatzen da faxismoaren papera. Finlandiaren kasuan faxistak estatuaren gidaritza eskuratzera heldu ez ziren arren, neurri eta jardunbide autoritarioak eta antikomunismo sutsuak (faxismoaren baitako elementu moduan), bai eta alderdi faxistek ere, rol berezia izan zuten aipatutako gatazka horretan
HEMEN ARGITARATUA