Azken mendeetan inflazioak ekonomialarien artean eztabaida piztu duen arren, oraindik ez dago inflazioaren kausei buruzko eztabaidari bukaera emango dion ondoriorik. Philipsek 1958an bere kurba ospetsuaren deskribapena egin zuenean (egiatik zerbait badu ere, zabalki gezurtatua izan da), ekonomiek enpleguaren edo prezioen egonkortasuna sustatzearen artean (biak bateraezinak baitziren) aukeratu behar zutela proposatu zuen, eta horrekin eztabaidak garrantzi handiagoa hartu zuen. Hala ere, inflazioa, 1999an sortu zenetik, ez da arazo mediatikoa izan eurogunean. Azken bi urteetan munduko ekonomiarentzat erabakigarriak izan diren hainbat gertaera izan dira: pandemia, hornidura-kateko arazoak, Errusia eta Ukrainaren arteko gerra, eta, duela hilabete batzuetatik hona, inflazioa. Errentaren banaketaren eraginari eta inflazioaren inplikazioei buruzko hainbat analisi on egin direnez[1], fenomeno horren kausa deskribatzen saiatuko naiz, eta horretarako, deskribapena egitura ekonomikoarekin lotuko dut.
Zer da inflazioa? galderari erantzuna emateak ez luke zertan zaila izan. Edonork erantzun dezake, intuitiboki (eta zuzen), inflazioa prezio-mailaren igoera orokortuan datzan fenomeno ekonomikoa dela. Horrek diruaren balioa txikitzea dauka ondoriotzat, prezio-maila orokorrak gora egiten duen neurri berean diruak erosahalmena galduko baitu. Ordea, fenomeno bat identifikatzeak ez dakar berarekin haren kausak ezagutzea, ez eta zein mekanismoen bidez jarduten duen ezagutzea ere. Zerk eragiten du inflazioa? galderak ez du erantzun errazik, eta eztabaida ekonomikoan askotariko azalpenak jaso ditu [2].
Gertakari inflazionistak, egungoa barne, elkarri lotutako hainbat fenomenoren ondorio izan ohi diren arren, badira inflazioaren kausak deskribatzen ahalegintzen diren bi azalpen mota zabal.
Alde batetik, prezioen igoera orokortu bat gerta daiteke, agente ekonomikoak, beren erosahalmena handitu izanari esker, produktu berarengatik lehen baino diru kantitate handiagoa ordaintzeko prest badaude. Bestela esanda, prezioen gorakadari eskari agregatuaren hazkundeak eragiten dio, errenta maila zein zirkulazioan dagoen diru kantitatearen handitu izanak.
Beste alde batetik, produktu jakinen eskaintza ez denean nahikoa haren eskariari erantzuteko, produktu horien prezioak gora eginen du. Produktu gutxi batzuk ez, asko badira ekoizpenean arazoak dituztenak eta haien eskaintzan jaitsiera nabarmena badago, prezioen maila era orokortuan igoko da. Ekonomia bakoitzaren kausa partikularren atzean dauden kausak ulertzea eta prezioen bilakaera metaketa kapitalistaren dinamikara lotzea da gakoa. Azken finean, prezioen igoera prezio-egonkortasuna zeukaten ekonomia garatu gehienetan gertatu da, neurri handiago edo txikiagoan bada ere.
KAPITALAREN HEDAPEN GLOBALAREN EGITURA EKONOMIKOA
Duela hainbat hamarkadatatik hona, eta bereziki 90eko hamarkadatik aurrera, ekoizpen-prozesu nagusiek izaera globala hartu dute. Garraio-kostuen beherakadari eta komunikazio-teknologien gorakadari esker, enpresa batek berak bere jarduera munduko leku askotan eraman dezake aurrera. Gaur egun, industria-enpresa nagusiak beren ekoizpena etapatan banatu eta planeta osoan antolatzeko gai dira. Adibidez, iPhone telefono mugikor baten ekoizpenean mundu osoko bost kontinentetako ekoizpenean 200 enpresak baino gehiagok hartzen dute parte.
Fenomeno honi, kapitalaren mundu mailako zabaltzeari, alegia, ekoizpenaren zatiketa gehitu behar zaio. Kontua ez da bakarrik kapitalak munduan hedatzeko duen joera; horretaz gain, errentagarritasunaren maximizazioa lortzeko helburuz, ekoizpena etapatan zatitzen du. iPhonearen adibidera itzuliz, haren ekoizpena hainbat prozesuren arteko konbinazioaren ondorio da. Labur-labur esanda, diseinua Kalifornian egiten dela esan genezake, mikrotxipen ekoizpenerako behar den kobaltoa Kongon ateratzen da, kamera Taiwanen ekoizten dute, audio-ekipoa Austinen, kondentsadore elektronikoak Japonian, eta azkenik, Txinan muntatzen da.
iPhonearena adibide arrunt bat besterik ez bada ere, industria- eta finantza-adar anitzetan ematen den mundu mailako deslokalizazio eta zatiketa erakusteko balio digu; errentagarritasuna handitzea ahalbidetzen duen heinean, ekoizpena etapa desberdinetan zatitzen eta deslokalizatzen da, prezio hobeetan, eta horrenbestez, irabazi altuagoekin.
Ekoizpena mundu mailan zabaldu izanak eta mundu osoan zehar sakabanatutako ekoizpen-etapa desberdinak integratu izanak bi fenomeno ekarri ditu: ekonomia desberdinen arteko lotura handiagoa, eta horren ondorioz, herrialde bateko edo sektore ekonomiko zehatz bateko gertakari batek ondorio zuzenak izatea ekonomia globalean. Bestetik, sare horretan parte hartzen duten eragile guztien artean koordinaziorako premia handiagoa sortzen da. Koordinazio horrek ez du soilik logistikoa izan behar (hornidurari, garraioari eta nazioarteko merkataritzari lotutakoa[3]), ekonomikoa ere izan behar du, hau da, oreka handia behar da sektore baten eskaintzaren eta gainerako sektoreen eskariaren artean, desproportzionaltasun-arazoak saihestu nahi badira.
MERKATUA, MEKANISMO ERREGULATZAILEA
Ikusi dugunez, ekonomia kapitalistaren garapenak ekoizpen-prozesuen artikulazio eta koordinazio gero eta handiagoa eskatzen du. Hala ere, horrek berak, aldi berean, zaurgarritasun handiagoa eragiten du ekonomia globalaren ordenan.
Ekonomia kapitalistaren erregulatzaileak, merkatuak, antolaketa espontaneo bat sortzen du, kapital indibidual bakoitzak bere irabazia maximizatzeko helburuz hartutako erabakien emaitza. Merkatuak ez dionez jarraitzen gizakiek egindako diseinu kontziente eta planifikatu bati, etengabe dago asalduren eta desordenaren menpe[4]. Horren arrazoia zera da, haren izaera ez-deliberatua lehian oinarritzen dela, eta errentagarritasuna handitzea duela helburu bakar[5]. Horregatik, shock baten aurrean, endogenoa (2008ko finantza-eztanda, adibidez) zein exogenoa (birusaren agerpena eta horren ondoriozko pandemia, kasu), jarduera ekonomikoa berrantolatzeko gaitasuna era guztietako desproportzionaltasun eta desoreken mende dago[6].
Zentzu horretan, pandemiak aurrekaririk gabeko eskaintza-shock bat ekarri zuen: gelditu egin zen munduko ekoizpenaren zati handi bat. Eskasiak ez zuen osasun-produktuetan soilik eragina izan (horien eskaria nabarmen handitu zen pandemia zela eta), baizik eta eskarian aldaketa handirik jaso ez zuten produktuetan ere bai.
Munduko energia-ekoizpena ekonomia oro har jaitsi izanarekin batera jaitsi zen; hala ere, industria-jarduera eta salgaien garraioa berrartzeak energia-hornidura handia behar du. Petrolio-ekoizpenak oraindik ez ditu 2019ko balioak berreskuratu eta energia berriztagarrien iturriak behar energetikoak asetzetik urruti daude. Hala, lantegietan zein garraioan ekoizpen-mailaren eta energia eskariaren arteko desorekak egoteak energiaren prezioa igotzea dakar.
Energiaz gain, 2011tik prezio baxuen ziklo batetik zetozen lehengaien prezioak ere nabarmen egin du gora. Gariaren, artoaren edo olioaren moduko nekazaritza-produktuen prezioak nabarmen igo dira, eta aldi berean, erabilera industrialeko metalek, litioak, nikelak edo aluminioak, kasu, % 35etik gorako igoerak izan dituzte bi hilabetetan. Ezin dugu ahaztu lehengaiak mugimendu finantzario sendoetara lotutako produktuak direla, eta mugimenduok produktuon hegakortasuna handitzeaz gain, prezioetan aldaketa sakonagoak eragiten dituela. Egoera honetan, ez da harritzekoa Bloomberg Commodity Index-ak, lehengai-prezioaren burtsako kotizazioen erreferentzia-indizeak, gora egin izana 2020ko udatik aurrera, eta horrekin errekor historikoak hautsi izana. Hala, energia-enpresa handiak zein lehengaiekin jarduten duen kapital finantzarioa dira inflazioaren onuradun nagusiak.
Halere, prezioen igoera orokortu egin da mundu mailako ekonomian: pasa den maiatzean euroguneko urteko inflazioa % 8,1ra iritsi zen. Estatu Batuetan % 8,8ra heldu zen apirilean; Txilen, Latinoamerikako ekonomia egonkorrenetako bat izaki, % 9,4ra ailegatu zen; eta 20 ekonomia handienen taldean urtetik urterako batezbesteko inflazioa % 7,9koa izan zen. Gaur egungo inflazioa, beraz, mundu mailan gertatzen den fenomenoa da, ekonomia bakoitzaren ezaugarrien araberako intentsitatea badu ere.
Aipatu bezala, energiaren prezioa bereziki garrantzitsua da egungo inflazioa azaltzeko, baita Espainiako merkatuaren kasuan ere. Espainiako ekonomiako kontsumoaren prezio desberdinen arteko aldakuntzari erreparatuz, argi ikus dezakegu: Kontsumoko Prezioen Indizeko (prezio-mailaren adierazle nagusia) erosketa-saskia osatzen duten ondasun gehienen prezioa ia ez zen igo 2021eko maiatzaren eta 2022ko maiatzaren artean, eta Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak elektrizitate, gas eta bestelako erregaien prezio agregatuan urte batetik bestera % 36,5ko igoera erregistratu zuen. Bistan denez, igoera horrek eragin zuzena izan du bestelako ondasun eta zerbitzuetan, norbere erabilerarako autoak (urtetik urterako prezioa % 19,1 igo zen 2021eko maiatzetik) edo elikagai freskoak (% 11,2 igo ziren), kasu. Labur esanda, aurtengo maiatzeko kontsumoko prezioak % 8,7 igo ziren aurreko urteko maiatzaren aldean; zifra altua da, bereziki 2008ko krisiaren hasieratik 2021aren erdialdera arte eurogunean prezio-maila ia ez dela aldatu kontuan hartuta (% 0 eta % 3ko balioen artean ibili da).
Edonola ere, Espainiako ekonomiak % 6,5eko inflazioarekin itxi zuen 2021a; soldatek, bitartean, gutxi gorabehera % 1,5 egin zuten gora, hitzarmenen bidez. Ikusi dugun moduan, inflazioa ez da inongo erabaki kontzientetatik jaiotzen, eta langileen bizi-baldintzak erasotzeko helburutik ere ez; izan ere, ez ditu sektore gutxi kolpatuko kostuen igoera nabarmenak. Aldiz, behin inflazioa sorturik, hura kapital-harremanean berrantolaketa bat aurrera eramateko aitzakia teknikotzat hartzen da. Iaz, soldata gehienen erosahalmena % 5 inguru jaitsi zen, eta aurreikuspenek joera horri horrek jarraituko duela diote: intentsitatea apaltzen badoa ere, inflazioarekin eta soldatei beren horretan eusteko neurriekin jarraituko dugu, seguraski, 2023ko hasierara arte. Azken batean, inflazioak errentaren birbanaketa bat eragiten du, eta hor irabazleak eta galtzaileak daude. Baina, nahiz eta, beren soldata erreala murrizten ikusiko duten aldetik, kaltetu nagusiak langileen gehiengoa izan, ezin da esan kapitalak, oro har, inflaziotik etekinak ateratzen dituenik. Horrela, prezioen igoera irabazi-marjinak mantentzeko kapitalaren berezko lehia-tentsioaren emaitza gisa uler dezakegu.
INFLAZIOARI EMANDAKO ERANTZUNA ETA PROPOSAMEN POLITIKOAK
Europako Banku Zentrala, prezioen egonkortasunari eustea helburu nagusitzat duena, eta Estatuko beste erakunde batzuk prezioen igoerari aurre egiteko hainbat jardunbide aztertzen ari dira. Hainbat urtez Europako ekonomia interes-tasa oso baxuen, kreditu-igoeraren eta zor publiko eta pribatuaren erosketaren bidez suspertzea bilatzen zuten politiken ondotik, EBZk bere politika eraldatuko du, ekonomia «gehiegi ez bizkortzeko», inflazioa txikitu dadin.
Egia esanda, EBZ dilema baten aurrean da. Alde batetik, gastuaren igoera sustatzen eta zorpetzea errazten duen politika monetario hedakorrarekin jarraitu ahal luke, baina horrek inflazioaren arazoa areagotuko luke eta denboran luzatuko. Bestalde, bere politika alda dezake, interes-tasak igotzera (duela 11 urtetik ez dira aldatu), zorpetzeari mugak jartzera eta gastu fiskalaren gaineko diziplina ezartzera begira. Kontua da diru-politika murriztaile batek nekez eragin dezakeela jatorria eskaintzaren shockean duen inflazioa geldiaraztea (tasen igoerak nola handitu dezake energia-ekoizpena edo nola konpon ditzake hornidura-kate globaleko arazoak, jarduera ekonomiko osoa moteldu gabe?).
Hala, tasen igoerak (kreditua garestitzea dakar) eta estatuek egiten dituzten zor-erosketak gutxitzeak inflazioaren eragina gutxituko luke, euroguneko kreditua eta kontsumoa murriztuko lukeelako; 2008ko krisiaren hasieratik gune ekonomiko horrek nabarmen txikitu ditu bere hazkunde-tasak eta hurrengo urteetara begira egindako aurreikuspenek orain arteko joerari eutsiko diotela adierazi dute[7]. Gainera, arrozoi berberengatik, inflazioari ahalik eta azkarren aurre egitea proposatuko lukeen politika murriztaileek arrisku larria ekarriko liekete enpresa zonbiei, hots, soilik kreditu merkeari eta finantzaketarako erraztasun handiei esker bizirauten duten eta azken urteotan presentzia handitu duten konpainia ez-errentagarriei.
Oraingoz, EBZK baieztatu du ez duela estatuen zor gehiagorik erosiko[8] eta tasen igoerarekin hasiko dela[9] datorren uztailetik aurrera. Finantza-merkatuak igoera horiei aurreratzen ari dira, eta euroguneko estatuen zor publikoaren etekinak (interesak) balio maximoetan daude 2015a ezkero. Inflazioaren aurkako balizko politikei dagokienez, estatuen finantzaketarako gaitasuna oso mugatua izango da. Berebiziko garrantzia hartzen du horrek, soldata-eremuan ez ezik, bestelako esparruetan ere langileen bizi-baldintzei eraso eginen zaiela adierazten baitu; estatu-erakundeek gaitasun txikiagoa izanen dute gizarte osoa beren baitan integratzeko osasunean, gizarte-babesean eta bestelako prestazio ekonomikoetan egindako gastuaren bidez. Halaber, tasen etorkizuneko igoera nabarmentzen hasia da kredituen prezioaren igoeran, hala nola hipoteketan, eta horrek etxebizitzaren moduko funtsezko ondasun bat eskuratzeko gaitasuna murrizten du.
EBZren maniobrez gain, gobernuak ere urrats batzuk eman ditu horren bueltan. Litro bakoitzeko emandako 20 zentimoko hobariaren moduko neurrien arazoa zera da, ez daudela inflazioaren kausak konpontzera bideraturik, baizik eta bere sintomak arintzera. Prezioz igo diren ondasun jakin batzuk erosteko subsidio puntualak diren heinean, inflazioaren aurkako gobernuaren neurriak errentak Estatutik sektore oso zehatzetara transferitzera mugatzen dira, izan alokairuko etxebizitzen jabeetara edo erregaien banatzaileetara. Baldintza horietan, inflaziorako epe luzerako irtenbide bakarra, halabeharrez, ekonomia kapitalistaren arrazionaltasunetik, hots, errentagarritasunaren eta lehiaren eskakizunetatik, askatzetik igarotzen da. Ordea, indar-metaketaren nazioarteko prozesu baten baitan baino ezin da hori ulertu, zeinak antolaketa ekonomiko kapitalistaren erakundeekin amaitzea ahalbidetuko duen. Horrekin guztiarekin, baieztatu dezakegu ekonomia orekatu eta demokratikoki planifikatua izateko bide bakarra, ekoizpenaren erabakiak kapitalaren metaketa despotikoak bideratuko ez dituena, gizartearen beharrak asetzea beste irizpiderik ez duten harreman ekonomikoak sortzeko oinarriak ezartzea dela.
ERREFERENTZIAK
1 Youtuben eskuragarri dagoen bideo honetako elkarrizketa Mario del Rosalekin: GEDAR LANGILE KAZETA. BURDIN HESIA | Soldataren gainbehera #BH07.
2 Inflazioari buruzko ikuspegi desberdinen errepaso entretenigarria hemen: Sampedro, J. L., & Berzosa, C. (2012). La inflación (al alcance de los ministros). Debate.
3 Mundu mailako koordinazio logistiko faltaren adibide paradigmatikoa da hornidura-kate globalen krisia, erdieroaleen gisako intsumoen eskasia eragin zuena. Honen inplikazioetan sakontzeko: Pinna, A. M., & Lodi, L. (2021). Trade and global value chains at the time of COVID-19. The International Spectator, 56(1), 92-110.
4 Hala ere, badirudi ekonomia konbentzionalak, sintesi neokeynesiarrean oinarrituak, errealitatea ukatzen duela esaten duenean ekonomiak, berez, oreka orokorrerako (prezio, ekoizpen-maila eta errenta egonkorrak eta ez-borondatezko langabeziarik gabeko egoera ekonomikorako) joera duela.
5 Merkatuak erregulatzaile ekonomiko gisa duen eginkizunari buruzko deskribapen zabalagoa hemen: Nieto, M. (2017). Información, mercado y cálculo económico. Una crítica a la escuela austríaca. En Cockshott, P. y Nieto, M (2017). Ciber-comunismo: planificación económica, computadoras y democracia. Trotta.
6 Michael Heinrich-ek honen adibide argi bat ematen du bere Crítica de la Economía Política liburuan (224. orr., 2018ko edizioa, Guillermo Escolar argitaletxea.). Dioenez, BMW markaren ekoizpen-planak krisi baten erdian handitu ziren, akziodunen batzarreko presidentearen arabera merkatuan auto gehiegi zeudelako, baina oso gutxi zirelako BMW markakoak.
7 Ekonomia-adierazle askok etortzear legokeen geldialdi ekonomiko orokorra iradokitzen dute. Adibidez, El S&P 500 se desploma un 4 % en su mayor caída diaria en dos años (2022ko maiatzaren 18) testuak, eleconomista.es-en argitaratuak. Aurreikuspen ekonomikoei buruzko informazio gehiago: Espainiako Bankua (2022), Proyecciones macroeconómicas de la economía española (2022-2024).
8 Europako Banku Zentrala. 2022ko ekainaren 9ko prentsaurrekoa (ecb.europa.eu)
9 Blanco Moro, V. Los economistas se creen las 3 alzas de tipos del BCE que adelanta el mercado (2022ko maiatzaren 17) eleconomista.es
HEMEN ARGITARATUA