ARGAZKIA / Joana Oliver
Eneko Carrión
@enekocarri
2024/01/02

KOLONIALISMOA ETA GERRA: XX. MENDERA ITZULERA?

Gerraz, faxismoaz eta kolonialismoaz hitz egiteak XX. mendeaz aritzea zirudien orain urte batzuk. Autoritateek bakea, desmilitarizazioa eta bizikidetza izango zituen aro berri bat aipatzen zuten mende horren amaieran. Hitz hutsak baino ez, hamarkaden joanean agerian utzi dutenak askok sinesten zuten premisa hau: “globalizazio kapitalistak ez du haren sustatzaileek agindutako bakea ekarri” [1]. Historiak frogatu digu ez dela lineala, gorabeheratsua baizik, eta gutxien espero duzunean azkartzen dela. Nire iritziz berebiziko garrantzia duen une baten lekuko gara orain, eta urte askoren buruan baino ez gara jakitun izango zein dimentsio duen. Beranduegi ez heltzea espero dut.

Hitz hutsak baino ez, hamarkaden joanean agerian utzi dutenak askok sinesten zuten premisa hau: “globalizazio kapitalistak ez du haren sustatzaileek agindutako bakea ekarri”

Ukrainako gerrak eta palestinar erresistentziak bizi garen sistema honek berez duen indarkeriazko izaera gogorarazi digute; esplotazio ekonomikoaren logika mekanismo hertsatzaileen segida luze batekin bizi da sistema honetan, Estatuan eta hark defendatzen duen legalitatean gorpuzten dena. Israel ez da inongo anomalia, ezta anakronismoa ere, sistema honen baitan hel gaitezkeen basakeriaren oroigarri bat baino ez da. Kapitalismoa gizakiaren nahien garapen logiko eta naturala omen da, tartean nagusiki askatasunarena. Eskuineko hamaika populisten ahotan ikusten dugu egun: “bizitza, askatasuna eta jabetza pribatua” aipatzen ditu, esaterako, Mileik Argentinan; konta diezaietela gezur hori palestinarrei. Marxen esanetan “kapitala poro guztietatik odola eta lokatza dariola dator mundura, oinetatik hasi eta bururaino”, eta, 150 urteren ostean, odolez betetako ibaietan dabil igeri. Erreportaje honen helburua kolonialismoaren ezaugarri ekonomikoak azaltzea da, eta Palestinaren kasuan nola gauzatzen diren zehaztea.

Geroztik denbora luzea pasa den arren, kolonialismoaren ezaugarri ekonomikoetan arreta jarrita, antzekotasun ugari aurkituko ditugu haren eta Palestina-Israel kasuaren artean. Kolonialismoaren funtsezko elementu ugarik herri jakin baten gaineko kontrol politiko eta militarrarekin dute zerikusia, baina horrez gain, ekonomiak funtsezko eginkizuna bete duela ikus dezakegu, sistema koloniala izan baitzen garapen kapitalista globala sustatu zuenetako bat. Eredu kolonialen ezaugarri nagusietako batzuk dira baliabide naturalen (meatzaritzakoak, nekazaritzakoak…) eta tokian tokiko langileen esplotazioa ‒leku askotan esklaboenaren maila berekoa‒ eta komertzioen gaineko kontrola. Baina kolonialismoa ez da bat eta bakarra izan, eredu desberdinak aurki ditzakegu eta bakoitzak ezaugarri propioak dauzka. Esate baterako, eredu horietako batean, protektoratuen ereduan hain zuzen, tokiko biztanleriak politikan parte hartzen zuen metropoliaren kontrolpeko administrazio propio batekin. Kasu horietako bi adibide izan ziren Frantziaren eta Espainiaren Marokoko protektoratua eta Britaina Handiaren Egiptoko protektoratua. Uste dut ezaugarri hau garrantzitsua dela Palestinaren kasuan, administrazio “propioa” edukitzeak ez baitu koloniaren izaera ezabatzen. 

BEGIRATU LABUR BAT IRAGANERA

Palestinar ekonomia aztertzea Israelgo Estatuaren egitura ekonomiko zein politikoa aztertzea da. Ezin da israeldarren bizitza ulertu herri palestinarrak sufritzen duen apartheid sistemarik gabe. Okupazioaren hasieretatik arpilatu ditu Israelek palestinarren baliabideak, horretarako nekazaritzarako eremuak, kokalekuak edo hainbat azpiegitura ezartzeko lur eta jabetzak konfiskatuz. Gainera, baliabide naturalen kontrola bereganatu du, hala nola meatze eta harrobiena, baita baliabide hidraulikoena ere ‒Itsaso Hilerako sarbidea‒. Munduko Bankuaren ikerketa baten arabera, C eremua deiturikoaren %68 ‒Zisjordania osoaren %60 hartzen duen eta baliabide naturaletan aberatsa den lurraldea‒ israeldar kokalekuetarako erreserbatu da, eta %1 baino gutxiago, berriz, palestinarrek erabili ahal izateko. Banaketa fisikoak okupatutako lurraldean hainbat ekonomia sortzea eragin du. Mapa honek argi erakusten du Zisjordaniako lurralde antolamendua zein konplexua den.

Okupazioaren hasieretatik arpilatu ditu Israelek palestinarren baliabideak, horretarako nekazaritzarako eremuak, kokalekuak edo hainbat azpiegitura ezartzeko lur eta jabetzak konfiskatuz

Palestinar lurraldeen berdintasun eta autogestioaren irudi faltsu moduko batekin konbentzitzen saiatu diren arren, gertatzen ari dena erabateko genozidioa da izatez. 1993an Osloko Akordioak sinatu zirenetik, nazioarteko dohaintza-emaileek 50.000 milioi dolarreko inbertsioa egin dute Palestinar Lurralde Okupatuentzako kanpo-laguntzetan. Eredu horretako Mendebaldeko arkitektoek baieztatzen zutenez, politika horiek ziren palestinarrak garapenari dagokionez Israelen “pare” kokatzea lortuko zuten konponbidea, eta behin bi estatu demokratiko liberal edukita bata bestearen alboan, israeldarra eta palestinarra, posible izango zen eskualdean bakea mantentzea. Era berean, horrek palestinarren gain utzi zuen bakea eraikitzearen zama; aldez aurretik, gainera, aldaketa batzuk inposatu zizkieten garapen-estandar zalantzagarri batzuk bete zitzaten, Israeldik gertuen zeuden Mendebaldeko aliatuek definituak. Hau da, kanpo-laguntzen finantziazio hori palestinar erresistentzia diziplinatu, isilarazi eta desaktibatzeko mekanismoa izan da. 1994an Palestinaren Askapenerako Erakundeak eta Israelgo gobernuak Parisko Protokoloa sinatu zuten, Kairoko Akordioarekin eta Osloko II. Akordorioarekin bat egin zuena. “Kontratuzko akordioa” ezarri zen harreman ekonomikoak formalizatzeko, zeinak aurretik Israelek aldebakarrez ezarriak baitzituen Zisjordaniarako eta Gazako Zerrendarako, bost urteko aldi iragankorrearako. Nahiz eta finantziazioa Palestinako Aginte Nazional erdiautonomoa eta autogobernu mugatudun palestinar instituzioak eratzeko erabili, hala nola osasun eta hezkuntza kontuetakoak, ez laguntzak ezta Osloko prozesuak ere ez zituen palestinarrak askatasun eta autodeterminaziora hurbildu. Gatazka hau ez aipatzeak eta haren kausak alde batera uzteak eta Israel etno-estatu genozidaren existentziak berak sendotu egiten du status-quoaren bortizkeria. Horri, gainera, Osloren laguntza gehitu behar zaio, haren egiturak, berez, Israelek okupazioaren kostuak berdintzeko eta palestinar lurraldearen kolonizazioaren mantenua diruz hornitzeko balio baitu. [2]

Hau da, kanpo-laguntzen finantziazio hori palestinar erresistentzia diziplinatu, isilarazi eta desaktibatzeko mekanismoa izan da

2016ko Merkataritza eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziako txosten baten arabera, Israelek palestinar esportazioen %85 jaso du berriki eta palestinar inportazioen “%70 baino gehiago ordezkatzen zuen”. Eremuko komertzioaren kontrola da hori, argi eta garbi. 

Hau izan zen Parisko Akordioaren ustezko helburua:

“Palestinaren ekonomia indartzeko zimenduak finkatu eta hark bere lehentasun zein garapen egitasmoak finkatzeko eskubidea izatea”. Protokoloaren beste helburuetako bat bi alderdien harremanetarako “oinarri ekonomiko sendo bat” ezartzea da, ekonomiaren arloa ‘elkarren arteko harremanetan giltzarri’ izango delako ustetik abiatuta. 

Osloko Akordioek Palestinaren eta Israelen ekonomiaren arteko bateratasuna hitzeman zuten arren, hiru hamarkadaren ostean, agerian geratu da promesa horien faltsukeria. Bi ekonomiak urrundu egin dira eta Palestinako per capita BPG Israelen %8 baino ez da. Ez dago aipatu beharrik Israelen hazkunde horren euskarria palestinarren esplotazioa dela.

Akordio horiek guztiak Israelgo Estatuaren izaera genozida ezkutatzen duten maskarak baino ez dira: etengabeko hedapena eta palestinar herriaren garbiketa etnikoa ahalbidetzen duten adabakiak, israeldarren ekonomia indartzen laguntzen dutenak. Agerian uzten dituzte palestinar sektore jakin batzuen promesa faltsuak eta nazioarteko hainbat erakundek bultzatutako bide “baketsuaren” eraginkortasunik eza. Israelek herri palestinarrari inposatzen dizkion zigor eta murrizketak egunerotasunaren parte izan dira, baina 2007az geroztik Hamas Gazako Zerrendan garrantzia irabazten hasi izanak gogortu egin ditu kontrolerako eta menderakuntzarako politikak, zeina garrantzitsua baita gaur egungo egoera ulertzeko.

PALESTINAREN EKONOMIA GAUR EGUN

Okupazioak itxuraldatu egiten du ekonomia, eta palestinarrei miseriazko bizi eredua inposatu. Palestinan bizitzeak segurtasunik ez izatea esan nahi du. Kokalekuek hedatuz jarraitu zuten eta 2021ean Mendebaldeko Ibarreko palestinar ondasunen eraispenak azken bost urteetako handienak izan ziren. Baldintza sozioekonomikoek okerrera egin zuten, elikagaiekiko segurtasunik ezak gora egin, langabeziak altua izaten jarraitu zuen eta familien herena pobreziaren atalasea gainditu ezinik geratu zen. Kontu handiz hartu behar dira datuak, etengabeko indarkeriak eta segurtasunik ezak aldaketa estatistiko nabarmenak eragiten baitituzte. Esate baterako, 2021eko maiatzean operazio militar garrantzitsu bat egin zuten Gazan, eta kalte larriak eragin zituen azpiegitura ordurako kolpatuetan. Urte horretan bertan, lan-indarraren erdia baino gehiago langabezian zegoen, %83k gutxieneko soldata baino gutxiago jasotzen zuen eta biztanleriaren %60 pobre gisa sailkatuta zegoen.

2022an Gazan bizitzeak munduan biztanle gehien zituen espazioetako batean konfinatuta bizitzea esan nahi zuen, askotan elektrizitaterik gabe eta ur garbia ezin eskuratu, edo estolderia-sistema aproposik batere gabe. Horrek berekin dakar pobre izateko probabilitatea %65ekoa izatea, eta etsipenak jota biztanleria aktiboa alde batera uztekoa, %41ekoa. Pobrezia handitu egin zen, eta, ondorioz, biztanleen %40k laguntza humanitarioa behar izan zuen. Palestinar guztien %24 eguneko 5,5 dolarrekin bizi da, eta Gazako biztanleen %70 elikagaien segurtasunik gabe bizi da Munduko Elikadura Programaren txostenaren arabera. Mundu mailako elikagaien eta energiaren prezioen gorakadarekin, familia pobreenek era neurrigabean sufritzen dute, euren gastu osoaren zati handi bat elikagaiak baitira. Horrek eragiten du palestinarrak laguntza humanitarioaren beharrean egotea eta, horrez gain, kolonoen kokalekuetan baldintza penagarrietan lan egitera behartuta ikustea euren burua. Baldintza egokiak direla erakusten saiatzen diren arren, errealitateak garbi erakusten du Israel aprobetxatu egiten dela Palestina jarri duen egoeraz eskulanagatik nabarmen gutxiago ordaintzeko. 2022an, Zisjordaniako langile palestinarren %22,5ek Israelen edo kokalekuetan lan egiten zuen, batez besteko gutxieneko soldata altuagoa da bertan. Hala ere, bitartekarien eta beste kostu batzuen ordainsariek soldata gordinaren %44 osatzen dute, batez besteko soldata nazionalaren gaineko prima deuseztatuz. Bestalde, jasotako laguntzaren bilakaerari ere erreparatu behar zaio, lehenago dohaintzen laguntza apartheiden politikaren ondorio larriak arintzeko erabili baitzen. Dena den, 2022an, Palestinako gobernuak soilik 250 milioi dolar jaso zituen dohaintza-emaileen aurrekontu-laguntza moduan eta 300 milioi dolar garapenerako proiektuentzat. Horrek beherakada handia dakar: 2008an guztira 2.000 milioi dolarretik edo BPGren %27 izatetik 2022an BPGren %3 baino gutxiago izatera igaro da.

Bizi- eta lan-baldintza negargarri horiek, aldi berean, Israelentzat onuragarri dira. Baliabide naturalen jabe egitea, eskulan merkea izan eta bere mesedetan komertzioa kontrolatzea estatu sionistaren garapen ekonomikoan lagungarri izan dira. Israelgo estatistika bulego nagusiaren arabera (CBS), Israel bigarren dago per capita hazkundeari dagokionez Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) osatzen duten herrialdeen artean; Irlanda baino ez dauka aurretik. Gainera, Giza Garapenaren Indizeak adierazi bezala, nahiko bizi-maila ona du [3]. Hori guztia Palestinan inposatutako erregimen kolonialari esker da.

ONDORIOAK ETA ESTATUAREN PAPERA

Palestinar herrian eragindako ondorioez gain, nahikoa argi baitaude, gatazka honek dagoeneko geldirik dagoen mundu mailako ekonomian izan dezakeen inpaktu globalari erreparatu behar diogu. Eskualdean tentsio militarrek gora egiten badute, merkatu energetikoan eragin handia izan dezake, batez ere Iran tartean sartuz gero. Gogora dezagun herrialde hori aipatzean petrolio gordinaren eskaintzaren %3 hartzen duela. Are garrantzitsuagoa, Iranen kontrolpean dago Ormuzko itsasartea. Itsasbide horretatik igarotzen dira Irak, Kuwait, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuetako petrolioa eta Qatarko gasa; hain justu, petrolio gordinaren mundu mailako eskaintzaren %20 (itsabideetatik salerosten denaren %30) eta Gas Natural Likidotuaren (GNL) %25 hartzen dituzte, hurrenez hurren.

Ezin dugu ahaztu garrantzi handiko beste gatazka batean murgilduta ere bagaudela; Ukrainako gerrari buruz ari naiz. Hainbat adituk energia krisi baten arriskua aipatzen dute, petrolio gordinaren shocka gas naturalarena baino zabalago hedatzen baita, gasak garraioari eragiten baitio, eta hark, era berean, beste lehengai batzuk ere garraiatzen baititu. Bestalde, aintzakotzat hartu beharrekoa da Covid osteko gorakada edo errebote-efektua desagertzen ari dela. Halako ezaugarriak dituen krisi baten inpaktua erraldoia izango litzateke eta ordaindu ezinezko zor handiak sortuko lirateke hegoalde globalean, baina Europan ere sumatuko litzateke eragina. Kontuan hartzekoa da Europak energiaren mendekotasun handia duela, kontsumitzen duen petrolioaren %90 baino gehiago inportatzen baitu. Era berean, Ukrainako gerrak %25 murriztu ditu mundu mailako petrolio erreserbak. Energiaren Nazioarteko Erakundeak erabili egin ditu erreserba horiek eta Estatu Batuek ere erreserba estrategikoak erabili dituzte gasolinaren prezioa murrizteko agintaldiaren erdiko hauteskundeetan fokua jarrita.

Gerren intentsitatea igotzeko aukera edo hornigai eta zorren beste krisi bat erronka berria da estatu kapitalisten gobernantza ereduarentzat [4]. Gobernatzeko moduen mutazio baten lekuko izaten ari gara, zeinari estatuen norabide aldaketa autoritario deitu izan baitzaio. Metaketa-krisiak eta hortik jaiotzen diren adarrek–klimaren edo gerren adarrak, esaterako– mahai gainean jarri dute Estatuaren zeregina bizitza ekonomikoaren zuzendari gisa (Estatu Batuetako Bidenomics politika adibidez), baina baita barne-politikan (pobreen gaineko kontrola) zein kanpo-politikan ere (migrazioak eta gerrak). Estatuaren izaera hertsatzailea gogortzen aritzea funtsezko elementua da politika komunistarako. Gure etsaia datorrenerako prestatzen ari da.

Gerren intentsitatea igotzeko aukera edo hornigai eta zorren beste krisi bat erronka berria da estatu kapitalisten gobernantza-ereduarentzat

ERREFERENTZIAK

[1] Callinicos, A. (2023) Hacia una nueva era de guerra y revolución

[2] Tartir, A. (2023) Cómo la ayuda occidental activa el colonialismo de IsraelHemen kontsultatua: https://vientosur.info/como-la-ayuda-occidental-activa-el-colonialismo-de-israel/

[3] Economía palestina: las alternativas al Protocolo de París

[4] Ilias Alami, Jack Copley y Alexis Moraitis (2023) La «perversa trinidad» del capitalismo tardío: gobernar en una era de estancamiento, humanidad sobrante y colapso medioambiental.

EZ DAGO IRUZKINIK